Begoña Del Teso: “Galtzaileen eta iruzurtien aldekoa naiz” 

Begoña del Teso, ongi etorri TTAPera.

Mila esker.

Elkarrizketa hau film bateko lehen eszena balitz, uretan hasiko litzateke?

Bai. Norbait igerilekuko uraren gainean ikusten da, hilda. Hori ezinbestekoa da; izan ere, horrela hasten da Sunset boulevard pelikula, Gloria Swanson aktorearen pelikula. Filmean bera zinema mutuko diva handia izandakoa da, eta igerilekuan hilda agertzen da bere gidoigilea eta idazkaria, baina denok dakigu bere gigoloa dela. Niri ura gustatzen zait, hildakoak gustatzen zaizkit, eta diva zahartuak izugarri gustatzen zaizkit. Ni pelikula horretako diva zaharkitua izango nintzateke. 

Kazetari eta zinema-kritikari bezala ezagutzen zaitugu, baina ikasketez itzultzailea zara.

Bueno, balizko edo ustezko itzultzailea. Euskaldun berri zaharra naiz, eta une batean sentitu nuen hobetu egin behar nuela nire euskaldun berritasun edo berrikeria. Eta ausardia osoz sartu nintzen itzultzaileen eskolan. Han aurkitu nituen goi-mailako irakasle guztiak: Zabaleta anaiak, Koro Navarro, Lurdes Auzmendi, Xabier Mendiguren… Eta ni euskara aldetik txarrena nintzen, alde handiarekin, baina gaztelaniak salbatu ninduen eta lehen lana ETBn aurkitu zidaten, gaztelaniazko azpitituluak jartzen. Gau-eskoletako garaietakoa naiz. Maila bat gainditzen zenuenean, beheko mailetako irakasle bihurtzen zinen. Eta ni ere irakasle bihurtu nintzen horrela. Irakasleen lehenengo bilerara joan nintzenean, nire lankide guztiak goierritarrak ziren, eta hikaz hasi ziren hitz egiten. Bat-batean, “joango nauk” entzun nuen eta pentsatu nuen hilko nintzela. Trantsitibo eta intrantsitiboa? Joango naiz, joan dut… Zer arraio da joango nauk? 

Eta nola bihurtu zinen kazetari eta zinema-kritikari?

Deia egunkariak Donostia Zinemaldirako zinema-kritikari bat behar zuen, eta, gainera, Gipuzkoako edizioa ireki behar zuen. Lagun batek proposatu ninduen eta han sartu nintzen. Bertara Diputazioko ordezkariak hurbiltzen zirela ikusi nuenean, neure burua aurkeztu nuen Foru Aldundiko itzultzaile izateko. Baina hori lortzeko probak hurbiltzen hasi zirenean, Deia-ko zuzendariari esan nion ez nuela nahi. Eta berak esan zidan: “Ba, hor duzu orrialdea. Betetzen baduzu egunero, zuretzat”. Garai hartan denok nahi genuen zinema ikusteko pasea eduki. Eta lehen aipatu dudan lagun horrek beste lagun bati eskaini zion pasea. Eta nik esan nion horrelako zerbait berriro egiten bazuen hil egingo nauela. Eta horregatik eman zion Deia-ko zuzendariari nire izena. Beraz, zinemaren esparruan sartzeko arrazoia ez zen izan balio nuelako, Deia-k kritikari bat behar zuelako eta irailean geundelako baizik.

“Berandu samar iritsi nintzen zinemara”

Zein pelikulari buruz idatzi zenuen lehenbiziko aldian?

El honor de los Prizzi (Prizzi’s Honor) filmari buruz idatzi nuen, Angelica Hustonekin, eta bere aitak zuzendutakoa. Noski, kritika ona egin nuen. Orain, zuzendariaren ibilbideaz-eta hitz egiten hasten zara, baina hasieran polita zela esaten nuen. Bigarren kritika La corte del faraón pelikulari buruzkoa egin nuen eta izugarrizko kritika ona egin nion. Hurrengo goizean amarekin kafetegi batera joan nintzen gosaltzera eta barraren amaieratik batek esan zidan: “¿Cómo se te ocurre poner bien esa película?” (nola bururatzen zaizu pelikula horren kritika ona egitea?). Susto ikaragarria hartu nuen. 

Ohitu zara geroztik kritika horietara?

Bai, bai. 

Zein izan zen liluratu zintuen lehen pelikula?

Ni berandu samar iritsi nintzen zinemara. Cinema Paradiso pelikulan gertatzen denaren antzik ez. Hau da, nik ez nuen aita zinemako proiekzionista; are gehiago, nik aitarik ez nuen. Zinemara joaten nintzen bakoitzean negarrez bukatzen nuen, eta ama beldurtu egiten zen, jende guztia guri begira zegoelako; beraz, erabaki zuen ez nintzela zinemara joango 18 urte bete arte. Baina horrela galdetuta, liluratu nauen pelikula Eduardo manostijeras (Edward Scissorhands) izan da. 

Kritika egin zenion?

Ez dut gogoan, baina badakit El diario vasco-ko zinema-kritikariari deitu niola esateko ikaragarria zela. Eta esango nuke antzeko sentsazioa izan dudala Sirat filmarekin. 

Motorzalea zara; Easy Rider bezala? 

Bai, Easy Rider gustatzen zait, baina ni ez naiz batere Harley Davidson zalea. Meritua dute, oso soinu polita dute, baina ez dute batere potentziarik. Niri motoaren potentzia gustatzen zait. Abiadura ere bai, baina potentzia, zerbait duzula hankartean sentitzea, hori gustatzen zait. Gainera, ni beti galtzaileen eta iruzurtien aldekoa naiz. Harley Davidsonek gerra izan zuen Indian motoekin, eta mementu batean Indian irabaztekotan zegoen, baina Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuetako Gobernuak Harley Davidson hautatu zuen gerrarako. Eta orduan, Indianek nahitaez atzera egin behar izan zuen. Orain, berriro berpizten ari da. Eta ni beti izan naiz Indian zalea. Harley Davidsoni aitortzen diot duen kondaira guztia, eta soinua; denak saiatu baitira soinu hori imitatzen.

Zein ibilbide duzu gustuko Euskal Herrian motoan egiteko?

Euskal Herriko mendateak igotzea… eta jaistea! Eta, ahal bada, moto klasiko britainiar batean. 

“Motoaren potentzia gustatzen zait”

Zure izaerarekin bat egiten dute motoek…

Genetikoki datorkidan zerbait da. Ama aitarekin maitemindu zen aita munizipala zelako eta motoa zuelako, Lube bat, Luis Bejarano. Gasteizen egindako moto bat zen, baina jende guztiak deitzen zion “la última basura española”. Ama Txofreko zezen-plazaren ondoan bizi zen eta nobioak zirenean aitak esaten zion: “Pasako naiz bila eta igoko gara plazara”. Eta nire amak erantzuten zion: “Ez, pasako zara ordubete lehenago, emango didazu buelta bat motoan eta gero plazara joango gara”. 

Ez da erraza kritikaria izatea… ez daukazue fama onik, orokorrean. Pelikuletan agertzen diren beste izaki batzuek ez dute fama onik izaten: banpiroek.

Banpiroek fama ona dute! 

Zergatik zara hain banpiro-zalea?

Banpiroa izaki fantastikorik ederrenetakoa da. Sexyena. Banpiroak badaki eboluzionatzen. Hau da, ez da banpiro bera orain dela mende batekoa edo gaur egungoa. Adibiderako, Sinners pelikula hasten da XX. mendeko 30eko hamarkadan. Hor agertzen diren banpiroak europarrak dira, nahiz eta pelikula AEBetako hegoaldean gertatu), eta pelikula bukatzen da gaur egunean, banpiro horiek berak rap-abeslari bihurtuta. 

Zein da pelikuletako banpirorik onena?

Egia esateko, denak. Alde batetik, klasikoa asko gustatzen zait, kapaduna. Baina eboluzioari kasu eginez, gaur egungoak zoragarriak dira.

Zer hartzen duzu kontuan pelikula bat kritikatzeko orduan?

Lelokeria bat da esatea, baina kritika guztiak subjektiboak dira. Kontua da zure subjektibotasun hori sostengatu behar duzula objektibotasun batean. Nik banpiroen pelikula guztiak ondo jarriko nituzke, baina badakit askotan ezinezkoa dela. Aurkitu behar dut helduleku bat. Pelikula hau gustatzen zait. Zergatik? Nola defendatuko dut? Izan daiteke musika, izan daiteke oso ondo egokitzen dela gaur egungo egoerari… Nik aktoreei ez diet hainbeste erreparatzen. Heldulekuak aurkitu behar dituzu defendatzeko edo kontra egiteko. Denek ondo jarri badute eta zuri ez bazaizu gustatu eta prest bazaude gaizki jartzeko, jakin egin behar duzu zeri heldu. Erabaki hori zure eskuetan dago. Hitzek ematen dizute helduleku hori.

“Zezenak nire mapa genetikoan daude”

Politikoki zuzena ez da gaur egun zezenak gustatzea, baina zuri asko gustatzen zaizkizu.

Baina oso iraultzailea da! Politikoki zuzena da “zezen gaixoa” esatea. Ez dut nahi muturreko eskuindarren esku uztea nik horrenbeste maite dudan gauza bat. Badakit zer esaten duten animalistek. Beste batzuek diote zezenak Euskal Herrian hasi zirela. Horrelako istiluetan ez naiz sartuko. Azpeitira ez naiz joaten hainbeste, baina Zestoara eta Debara bai. Eta norbaitek esaten duenean zezenak espainiarren kontu bat direla, mindu egiten nau. Nire pasioa da. Donostiako zezen-plaza inguruan jaio nintzen, txikitan polizia eta lapurretara jolastu beharrean zezenak eta toreroetara jolasten ginen. Nire mapa genetikoan daude zezenak. Eta bestetik, heriotza heroikoak gustatzen zaizkit. Niretzat ere nahiko nuke. Jendeak pentsatzen du zezenak ez direla hiltzen, edota Portugalen ez dituztela hiltzen. Eta bai, hiltzen dituzte toreatu eta gero, baina hiltegian. Baina, noski, heriotza heroiko horrek exijitzen du zezen suharra eta torero fin bat. Benetako sarraskiak ikusi izan ditut plazetan. Niri gustatzen zait ikustea nola zezenak onartzen duen bere heriotza. Baina oso zaila da azaltzea, eta badakit jende pila bat kontra dagoela. Eta badakit ere pentsatzen dutela gauza bera direla zezena eta chihuahua, baina ez naiz sartuko horretan. Nik zezenak gustuko ditut, zezen suharrak; batez ere, Mihurak. Totemikoak dira, Jainkoak dira. 

Ongi bukatzen diren istorioak edo tristeak gustatzen zaizkizu gehiago?

Pena handia ematen dit zerbait salbatzeagatik, edo politikoki zuzena izateagatik, historiak eskatzen zuen bukaera jartzen ez diotenean. Horrek zentzurik txarrean erotzen nau. Tragedia beti dut nahiago, baina beti istorioak exijitzen duen bukaera baldin badu. Eta publikoari gustatzen ez bazaio, hor konpon!