Bea Sever: “Aniztasunean bizitzen jakiteak aberastuko gaitu”
Sexologoa eta kazetaria izateaz gain, Naizen Euskal Herriko Adin Txikiko Transexualen Familien Elkarteko bozeramailea da Bea Sever. Aniztasuna aldarrikatzen du, zakila duten neskak eta alua duten mutilak daudela ozen esateko: “transexualitatea ez da haur horrek edo pertsona horrek buruan daukan arazo bat, baizik eta gure begiradan dagoen arazoa da”.
Azken urtean Naizen elkarteak ikusgarritasun handia lortu du. Nola bizi duzue?
Gure sorrera Chrysallis elkartearen ordezkaritza gisa sortu zen. Hasiera batean, Chrysallis Euskal Herria ginen, zortzi familia. Ordezkaritza gisa lan hori utzi eta Naizen bezala sortu ginen; bide berriari ekin genionean, Chrysallis elkartearekin lortutako guztia ez ote genuen galduko beldur ginen. Orduan, indar handia jarri genuen gure aldarrikapena izenarekin lotzen, lan asko egin dugu. Oso pozik gaude komunikabideek eta gizartean, berriz ere, lagundu egin gaituztelako. Oihartzun handia lortu dugu, eta gaur egun, Naizen izen entzuna da.
Adingabe transexualen familien elkartea da Naizen; familiek osatzen duzue?
Oso familia anitzek osatzen dugu. Elkartean, gizartean bezala, ia iritzi politiko guztietako familiak, eredu guztietako familiak, bi amakoak, ama bakarra, aita bakarra, seme-alaba asko dituztenak, harrerakoak ere baditugu… Mota guztietako familiek osatzen dugu elkartea, sinesmen ezberdinetako familiak ditugu… Horrek ematen digu bizitzan inoiz topatuko ez zenukeen batekin eskuz esku lanean ibiltzea. Aniztasuna aldarrikatzen dugu, gure seme-alabek aniztasunera ekarri gaituzte.
Naizen elkartea duela urtebete sortu zen, Chrysallis elkartetik, baina, azkenean, helburu bera du?
Gure seme-alabek egiten dutena guk ere egin dugu. Gure seme-alabek, batzuetan, izena aldatzen dute, baina pertsona bera dira, guk gauza bera egin dugu. Izena, itxura eta logoa aldatu dugu, baina jende bera gara, helburu berarekin. Gure seme-alaben errealitatea gizarteratzea, horren berri ematea, euren eskubideak aldarrikatzea eta, batez ere, familien arteko babes sarea sortzea da gure helburua. Errealitate honetara iristen zarenean, hasiera batean aurreiritzi asko ditugu transexualitateari lotuta; batez ere, lehengo belaunaldietako pertsonek bizi izan dituztenak bizitzei lotuta; beraz, familia asko beldur handiekin iritsi gara. Babesa topatzen dugu, ni hor egon naiz, eta begira gaur egun ze ondo gauden. Hemen nahi baduzu, egizu negar, hemen laguntzeko gaude.
Ezjakintasun asko egon da… Zuen lanak argia ekarri du?
Gai honen inguruan ezjakintasun handia dago. Euskal Herrian jarrera oso positiboa da, jakiteko gogoa dago, edo, behintzat, onartu edo normalizatuta dago eremu ia guztietan. Estatuko beste leku batzuetan baino gehiago, Bartzelona bat kenduta. Adibidez, Bilbon Valladolidetik etorritako familia bat daukagu eta kristoren aldea igarri dute. Baina egia da beste belaunaldi batzuetan ukazioaren ondorioz bizi behar izan duten errealitatea dela, eta baditugu estereotipo batzuk hor sartuta daudela. Egia esan, transexualitatea betidanik existitu izan da kultura guztietan, garai historiko guztietan, haurren transexualitateari buruz ez da ezer aipatu 2012-2013 urte arte. 2013an lehen aldiz estatuko komunikabide batean, Andaluziako telebistan, gaia agertu zen. Urte hartan sortu zen Chrysallis, Estatu mailako lehendabiziko elkartea; beraz, sei urte pasatu dira. Nerabe askok esaten digute: “Nik banekien zerbait gertatzen zitzaidala, baina ez nekien zer zen, ez nuelako errealitate honen berri; orduan, ezin nuen identifikatu sentitzen nuena”. Ez baldin badago zure imajinarioan, ezin duzu identifikatu. Orduan, gizartean zabaldu izanak lagundu izan du asko. Nik neuk pentsatzen dut, nire semeak ematen zizkidan pistak hain argiak ziren, eta ezin nuen identifikatu, ez nekielako hori posiblea zenik. Gaur egun, familiei errazago egiten zaie, behintzat, esatea agian hau izango da.
Zuk, Bea, horrela bizi izan duzu? Lehenengo, ukazioa dator, ezin ulertu?
Nik nahasten nuen genero portaera ez normatiboarekin . Nik uste nuen alaba mari mutila nuela. Hasieran, harro nengoen; begira, nire alabak estereotipoak baztertzen ditu. Baina nahiz eta nik kasu egiten nion gauza guztiekin, arropa berak nahi zuena, ilea moztu… inoiz ez zen nahikoa. Beti marrazki bizidunetan edo ipuinetan pertsonaia maskulinoekin identifikatzen zen, estereotipoetara joaten zuen, dena zen borrokak, futbola… seinale asko ematen zituen, baina inoiz ez zuen esan “ni mutila naiz”. Nik oso argi utzi niolako ezinezkoa zela hori, baina esaten zuen: “Nagusitan izango naiz mutila”. Egun batean, esan nion berdin zela neska ala mutila izatea, denak garela pertsonak; beraz, esan zidan: “Ez zait berdin, ez nauzue ikusten”. Orduan konturatu nintzen, ez nekien zelan, baina mutila zela. Eta esan nion: “Bale, honaino, mutila zara, arrazoia daukazu”. Negarrez hasi zen, eta eskerrak eman zizkidan. Hortik aurrera bukatu zen dena berarentzat eta guretzat hasi zen. Egia da, beraz, ez zuenez ikusgarri egin behar, ez zuen demostratu behar mutila zela. Orduan, utzi zuen futbola, neskekin jolasten hasi zen, ez zuen arrosa kolorea gorrotatzen… aldaketa handia eman zuen. Ez zuen estereotiporik behar ikusgarri egiteko, eta lasaitu egin zen. Garai hartan hau existitzen zela jakin izan banu, ez nituzkeen horrenbeste urte itxarongo.
Familia bakoitzak bizi izan duen esperientzia hori Naizen elkarteko beste gurasoekin konpartitzea oso aberasgarria izango da.
Bai. Hilean behin, astearteetan, elkar puntua egiten dugu, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Hara, batez ere, familia berriak biltzen dira, beterano batzuk ere batzen dira, beste batzuk beti joaten dira. Hau oso ondo dago, adibidez, nerabeen kasuan, bat-batean joaten dira esanez: “Nireak inoiz ez du seinalerik eman. Oso neska femeninoa zen eta bat-batean esaten digu mutila dela; nola da posible? Eta beti dago norbait esaten duena: “Gureak berdin egin du, prozesu bera”. Zuk beti pentsatzen duzu zure kasua ez dela besteak bezala eta beti dago norbait kasu oso antzekoa izan duena. Arreta telefonora familia berri bat gerturatzen denean, saiatzen naiz harremanetan jartzen antzeko historia daukan norbaitekin. Euren artean hitz egin dezaten, ea beren historia baliagarria den, eta babes hori oso garrantzitsua da.
Naizen sortu zenetik ia 100 familiak osatzen duzue elkartea?
Aste honetan 130 gainditu ditugu.
Oso denbora gutxian handitu da; horrek esan nahi du beti existitu izan dela, baina ez dugu jakin zer gertatzen zitzaien?
Batez ere, nerabe asko agertzen ari da. Oso garrantzitsua da testuingurua izatea, jakitea errealitate hori hor dagoela. Eskola batean formazioa egiten da eta kasu gehiago agertzen dira. Gaia geletan landu egiten da eta norbaitek esaten du: “Hara, hori da niri gertatzen zaidana”. Askotan, herri batean kasu bat agertzen da eta jarraian beste bat.
Aipatu duzu eskola. Orain arte, familian geratzen denaz hitz egin dugu, baina haur hori gizartean bizi da, eskolara doa, eta hor, Naizenetik ere eskari batzuk izango dituzue?
Ezberdintasun handia dago nerabeen eta haurren artean. Txikiak direnean familia eta eskola ondo badaude, haurra oso ondo dago. Eskolarako, Eusko Jaurlaritzak protokolo bat dauka, Berdindu eskolaren bitartez, Nafarroako Gobernuak ere bai, Elkarbizitza atalean. Kasu bat agertzen denean, eskolara doaz eta formazioa ematen dute irakasleentzat. Gai hau ez da lantzen ez irakasle-eskolan, ez psikologian; beraz, oso garrantzitsua da formakuntza. Medikuntzan psikiatrian patologia bezala ikasten da. Baina orain, Osasunaren Mundu Erakundeak patologietatik atera du; beraz, ez dakit hor irakatsiko den. Baina hau ez da inon ikasten. Beraz, irakasleek asko eskatzen dute, ez daukate formaziorik, kasuren bat agertzen denean Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hori dauka, formazioa ematen zaie, eta gero, Lehen Hezkuntzan tutoreak landu dezake gelan. Gure aholkua gela guztietan lantzea izaten da. Batez ere, anai-arrebak baditu, ikusi dugu gaia lantzen denean, haurren artean beti egongo da kuriositate hori, gaia lantzen denean asko ekiditen dira erasoak. Zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta errazagoa da. DBHn tutoreak ez dira gai sentitzen gelan lantzeko, galderak sakonagoak direlako; orduan, Berdindu eskolako sexologoak joaten dira lanketa hori egiteko. Txikiekin familia eta eskola landuta, listo. Zer gertatzen da nerabeekin? Zutabe bi horietaz aparte badaudela maitasuna, nire berdinak, eta gorputza. Hor lan handia dugu, gizartearen begirada zorrotza da oraindik eta gu saiatzen gara gure diskurtsoa sakontzen; ez dago okerreko gorputzik. Teoria gauza bat da eta utopia beste bat. Hemen bizi gara, gizarte honetan. Familia bezala oreka hori neurtzen saiatzen gara, euren oreka psikologikoa, eta ahalduntze prozesuan laguntzen diegu. Tailerrak ematen ditugu euren sexualitatea onartzeko, harreman intimoak lantzeko, euren gorputza onartzeko. Badakigu askok nahi izango dituztela hormonak; gero, kirurgiak ez hainbestek, oso gutxik, eta gero eta gutxiagok. Ez bazaituzte ukatzen daukazunagatik, ez duzu arazorik. Ikusten ari gara txikien belaunaldiarekin ez dutela nerabeek dituzte arazoak genitalekin. Genitalak ez dira kaletik ikusten; beste gauza bat da mutil gazteek bularrarekin duten arazoa. Nahiz eta eurek ondo bizi, esaten dute: “Ez naute mutil bezala tratatuko horrelako bularrarekin”. Honek guztiak ezinegona sortzen du. Osasun alorrean ere badugu lanketa; orain arte, psikiatriatik sartzen zen gaia.
“Gure seme-alabek aniztasunera ekarri gaituzte”
Aldaketa nabarmena legean despatologizazioaren bitartez.
Ekaik bere buruz beste egin zuenean, Osakidetzatik aldaketak beharrezkoak zirela esan ziguten. Orduan lortu genuen psikiatria ataletik endokrinologia atalera pasatzea. Hori sinbolikoki guretzako garrantzitsua zen. Gero, baliabide gehiago jartzea; azken finean, zortzi familia ginen eta orain 130 inguru gara. Hirugarren eskaria psikiatria kentzea izan da. Hor eurek bazeukaten marra gorri bat, ez zuten hori onartuko, baina bai lortu genuen hitzordu bakarra jartzea bestelako patologiak baztertzeko. Hortik aurrera endokrinologia atalean jarraitzea. Beti ez da horrela, oraindik baditugu gauzak lotzeko, lanean gaude, jarrera ona da alde bietatik, espero dugu eredu hau aldatzen joatea. Une honetan kontuan izan behar da nondik gatozen eta aldaketa handiak izan direla. Gorputza aldatzen hasten denean, ez dute ondo bizi, une horretan badute aukera blokeatzaileak hartzeko, eten egiten du gorputzaren garapena. Kenduz gero jarraitzen du eta bigarren fasea, nahi izanez gero, izango litzateke pubertaro hori egitea kontrako bidean; hau da, zure gorputzak testosteronak sortzen ditu, hori blokeatzea eta estrogenoak hartzea, modu artifizial batean; orduan, pubertaro hori femeninoan egingo duzu, eta ez maskulinoan. Niri pena ematen dit nire semeak; nahi izango nuke nire semeak ez galtzea haurdun geratzeko aukera. Pentsatzen dudalako 30 urterekin atzera begiratu eta pentsa dezakeela: “Ze pena esperientzia hori galdu dudala”. Berak esaten du seme-alaba izateko modu asko daudela eta bera ez dagoela prest, bere erabakia da. Nahiz eta erabaki oso garrantzitsuak diren hain adin txikian hartzeko, azkenean euren oreka psikologikoa ere jokoan dago, ikusita zer-nolako suizidio saiakera tasa daukagun. Ez da jokoan ibiltzeko kontu bat.
Ekairen suizidioak alarmak piztu zituen?
Bai, eta begira nondik gatozen. Beste belaunaldietan suizidio tasa %42 zen, ukatzen zitzaielako, orain ikusten dugu nola hasi diren gure haurrak poz-pozik. Tartean geratu zaizkigu nerabeak.
Nerabeentzat talde bat sortu duzue; ez da adin erraza…
Bai; batzuk oso ondo daude eta beste batzuk ez hain ondo. Maitasuna, gorputza eta nire berdinak lantzen direnez, Ekairena gertatu eta gero “Gu” bat sortzea pentsatu genuen. Gero, bakoitzak bere lagunak ditu, ez izateko ghetto bat. Niri gertatzen zaidana zuei ere gertatzen zaizue, eta ikustea besteak nola dauden. Hasieratik nahiko ondo joan dela ikusi dugu. Batzuen artean egin dira loturak; gainera, eurek ezagutu dituzte beste gazte batzuk ez dutela gurasoen babesik; orduan, horientzat garrantzitsua da. Guk ezin dugu esku hartu hor adin txikikoak direlako, baina euren artean sortu dituzte loturak eta badute esparru seguru bat. Hilean behin ekintzak egiten ditugu: batzuetan, gauza ludikoak, eta beste batzuetan, formakuntza.
Chrysallis elkarteak aurrera eramandako kanpaina Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak, mugarria izan zen gai hau ezagutarazteko, hedabideetan berba egiteko, zuei hitza emateko eta zuen errealitatea ezagutzeko?
Ez genekien nola ulertarazi hau aniztasun kontua dela. Badira aldaka zabalak dituzten gizonezkoak, badira ahots grabea duten emakumeak… aniztasuna da nagusi, naturak aniztasuna sortzen du. Aniztasun horren guztian badira gure seme-alabak bezalakoak, eta badirela bulbadun emakumeak… denetarik dago. Gizartean ulertzen ez zena; orduan, neska da edo mutila da. Hau ez da nahi kontu bat. Hau mutila da, baina genital hauek ditu, zelan ulertarazi hori… Iruditu zitzaigun indartsua zela genitalei buruz hitz egitea. Ausartu ginen eta, gutxienez, lortu dugu zenbait sektore ultragenitali buruz hitz egitea.
Izugarrizko zalaparta sortu zen kanpaina horrekin, hedabide guztietan atera zen.
Bai, BBC katetik eta CNN katetik deitu gintuzten, baita Portugalgo telebistatik.
Kanpainak gaia lehen planora ekarri zuen?
Helburua begirada aldatzea zen. Ez da haur horrek edo pertsona horrek buruan daukan arazo bat, baizik eta gure begiradan dagoen arazoa. Pertsonak genitalen arabera klasifikatzen ditugu, eta hori ez dago ondo. Egia da etiketak behar ditugula gure burua eraikitzeko, baina etiketa horiek guk geuk jarri behar ditugu. Etiketak barrutik jartzen dira: kanpotik norbaitek esan dezake, “zu emakumea zara” edo “zu pertsona zara”, baina zuk zeuk eraiki behar duzu zure burua, zuretzako koherenteena den modu batean. Munduan kokatzeko modu koherenteenean.
Naizen elkarteak ze erronka ditu?
Legearen aldaketarekin jarraitzeko asmoa dugu; lantaldea osatuta dugu. 2012ko legea aitzindaria izan zen, garai hartan oso leku gutxitan zegoen transexualitate legea, baina garai hartan ez zegoen adingabekorik; beraz, zaharkitua geratu da. Lanean ari gara Eusko Jaurlaritzarekin aldatzeko, sakontzeko eta, batez ere, osasun arloa hobetzeko, gehiago despatologizatzeko. Ildo beretik jarraituko dugu, gazteekin euren onarpena lantzen. Gizarteratzen gure errealitatea. Oraindik ere ezjakintasun handia dago, “neska izan nahi duen mutila” entzuten dugu. Ez da nahi bat, baizik eta horrelakoak direla. Guk jendearen babesa sentitu dugu. Ez da gure seme-alabei dagokien kontua; azken finean, ezberdina onartzen duen gizarte batean nik neuk benetan autentikoagoa izateko aukera izango dut.
Aurten bozgorailu ederra izan duzu, zu zeu Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zarelako. Pregoiak badu bere pisua, hau esan zenuen: “Berdin zaigu Mari Jaiak gona azpian duenak”, baina pregoilariak lehen egunean eta azken egunean du protagonismoa, eta Mari Jaia erre aurretik esandakoa ere gogora ekarri nahi dut: “Badakit zer duen Mari Jaiak gona azpian, herri bat”. Esaldi horrekin argi utzi nahi izan zenuen auzi hau denona dela?
Gizarteak aniztasunean bizitzen jakiten duenean aberastu ahalko gara elkarren artean. Ezberdintasunean elkarbizitza da gakoa. Hori erakutsi digute gure seme-alabek. Denak garela ezberdinak, eta, hala ere, elkarbizitzen ikasi behar dugu. Bestela, ez goaz inora.
Teoria erraza da, baina gero, egunerokoan bizi behar da.
Eurentzat guretzat baino errazagoa da. Guk beti esaten dugu, gorrotoa etortzen denean gure seme-alaben maitasunaren bitartez eraikitzen dugu. Leku askotan daude gizartea aldarazi duten amen elkarteak.