Bea Egizabal: “Bakarrizketetan aurkitu dut nire tokia

Bea Egizabal era askotara aurkeztu dezakegu: ipuin-kontalaria, clown-a, bakarrizketaria… Harekin aritu gara beraren ibilbideaz, sudur gorriaren indarraz eta umoreaz hitz egiteko, besteak beste.

Bea Egizabal Ollokiegi, ongi etorri TTAPera.

Mila esker, Idoia.

20 urte daramatzazu ipuin-kontaketan; nola hasi zen maitasun-harreman hori?

Txikitatik gustatzen zitzaidan antzerkia egitea. Gaztetan, Lasarte-Orian talde-feminista sortu zen eta hango antzerki tailerrean eman nuen izena. Clown tailerra antolatu zuten, baina une hartan ez ninduen erakarri. Ez zitzaizkidan pailazoak askorik gustatzen, egia esan. Gero, Arrasatera joan nintzen ikastera, eta, han nengoela, ipuin-ikastaro batera joan nintzen Antzuolara. Ikastaro hura Oihulari Klownek antolatzen zuen eta asko gustatu zitzaidan ipuin-kontaketa. Handik denbora batera, Oihulari Klowneko Rakel Imazek deitu ninduen, Irungo liburutegian aritu behar zuen ipuin-kontalariak ezin zuela joan eta haren ordez saioa ea nik egin nezakeen galdetuz. Baiezkoa eman eta horrelaxe hasi nintzen ipuinak kontatzen.

Nola sentitu zinen?

Lehendabiziko ipuinak Lasarte-Oriako La Casa gaztetxeko bazkari batean kontatu nituen, makarra guztien aurrean. Eta han pilo bat harritu nintzen, jende guztia adi-adi egon zelako. Une hartan konturatu nintzen zerbait berezia zela ipuin-kontaketarena. Umeekin hasi nintzenean, zoragarria izan zen!

Zein da, zure ustez, ipuin bat ongi kontatzeko gakoa?

Buruan irudiez osatutako kontakizuna argi izatea. Behin eta berriro ipuina kontatzen duzunean, irudi horiek gero eta xehetasun gehiago izaten dituzte eta horrek asko aberasten du kontakizuna. Baina oinarria argi izan behar duzu.

Sudur gorria ere Arrasaten lanean zeundela topatu zenuen, ezta?

Garai hartan, Arrasateko Lagun Aron nenbilen lanean, tximinietako kutsadura aztertzen, Mary Poppins bezala! Oihulari Klownek beste ikastaro trinko bat atera zuen Brinkolan eta izena eman nuen. Oporretan egotea bezala izan zen, zoragarria. Bertan jantzi nuen lehendabiziko aldiz sudur gorria eta, zalantzarik gabe, nire bizitzako inflexio-puntuetako bat izan zen.
Zer ezkutatzen du sudur gorriak?

Sudur gorria maskara txikiena da. Hura jarrita porrotaren umorea aurkitu nuen. Bizitzan, orokorrean, gauzak oker egitea gaizki ikusia dago, baina clown-ean alderantzizkoa da: sudur gorria jarri eta zenbat eta gauza erridikuluagoa, orduan eta barre gehiago eragiten duzu. Ez-perfekzio horrek leku bat aurkitu zuen nigan.

Umoreari ere une hartan eman zenion garrantzi berezia?

Anaia zaharrago bat daukat eta umorea erabiltzea biziraupen teknika bat izan da! Nire zorigaitzak kontatzeko erabili izan dut beti umorea. Arazo bat baldin badut eta ezin baldin badut umoretik kontatu, alarmak pizten zaizkit, zerbait larria gertatzen ari den seinale baita. Umoreak arazoetatik kanpo jartzeko gaitasuna ematen dit. Baina umorea lanbide bezala izatearena ez nuen, inondik inora, espero. Brinkolako ikastaro hura egin ondoren, Virginia Imaz Circo del Soletik bueltatu zen eta talde bat osatu zuen tailerretako jendearekin. Bertan hasi nintzen formatzen eta ikaragarria izan zen, bat-batean Oihulari Klownen nengoelako antzezten! Izugarrizko oparia izan zen; izan ere, zuk ehunka tailer egin ditzakezu, baina gero jendaurrean egoteko aukerarik ez baduzu, bidea egitea ez da erraza. Talde baten babesean egiteak, ordea, bidea asko erraztu zidan.

“Umoreak arazoetatik kanpo jartzeko gaitasuna ematen dit”

Umorea feminismoarekin txirikordatzen duzu…

Bai; Lasarte-Oriako talde feministan uztartu ziren biak lehenbiziko aldiz. Baina Oihulari Klownekin tailerrak egiten hasi nintzenean, sudur gorria, umorea eta feminismoa lotu ziren. Ordurako, Virginia Imazek lan asko egiten zuen feminismoan eta harekin ikasi nuen gauzarik garrantzitsuena klownkusioak izan ziren. Virginiak jardunaldi pila batera eramaten gintuen laguntzaile, ikasteko. Horregatik lotu izan dut beti umorea feminismoarekin.

Ipuin-kontalaritza, clown-a, feminismoa… eta ondoren, Erradikalak gara ikuskizuna sortu zenuten Ane Labakak eta biok.

Oihulari Klown utzi eta nire kabuz hasi nintzen bidea egiten. Une hartan, batez ere, ipuingintzan zentratu nintzen, haurrentzako saioak egiten; izan ere, helduentzako ipuin-saioak ez dira hain ohikoak. Publikoa ez dago ohituta. Ipar Euskal Herrian tradizio handiagoa dute, baina Hego Euskal Herrian, oso gutxi. Baina nik asko disfrutatzen nituen helduentzako saio gutxi haiek. Ane Labaka eta biok lasartearrak gara eta txikitatik ipuinak kontatu dizkiot. Talde feministan elkartu ginen eta bertan aipatu genuen noizbait elkarrekin zerbait egin behar genuela. Lasarte-Orian udaberriko bertso-saioa egiten da urtero eta beste arte diziplina batzuekin uztartzen da –musika, dantza…–. Urte hartan saioa bakarrizketekin uztartu nahi zuten eta bertso-saioa gidatzeko deitu ninduten. Ordura arte, behin baino gehiagotan deitzen ninduten bakarrizketak egiteko, baina nik ezezkoa ematen nien, ipuin-kontaketa ez delako berdina. Baina kasu hartan, herrigintza zenez, animatu egin nintzen eta oso-oso eroso sentitu nintzen bakarrizketak egiten. Esperientzia hura ikusita, Ane Labakak eta biok pentsatu genuen handik tiraka zerbait egin genezakeela. Eta horrela sortu zen Erradikalak gara. Oso argi genuen bakoitzak beretik egin behar genuela. Eta ikaragarria izan da.

Bost urteko ibilbide oparoa izan da, ezta?

Bai. Bigarren ikuskizuna prestatzeak presio handiagoa eragin zigun, aurrekoak oso ongi funtzionatu zuelako. Baina bigarren saioa egin eta ikusi genuen hark ere funtzionatuko zuela. Nire ibilbide profesionalean beste inflexio-puntu bat izan da. Deskubritu nuen bakarrik hizketan kontatu nahi nituen gauzak kontatu nitzakeela nahi nuen moduan. Nire zatia arintasunetik egiten nuen, jolasetik, eta gero, Aneren bertsoetan sakontasuna zegoen. Kontraste hori izan da, nire ustez, arrakastaren gakoa, emozioen gorabehera hori.

Bakarrizketan zaude erosoen orain?

Ipuin-kontalaritza, sudur gorria eta bakarrizketak kontuan hartzen baditugu, ni ez naiz ezertan purua. Kontalaritzarako clownegia naiz eta clown-arentzako gehiegi hitz egiten dut. Bakarrizketa da, nolabait, hau guztia uztartzeko bidea eman didana.

Magma mía ikuskizuna sortu duzu.

Euskaraldiaren lehen edizioan euskarari buruzko hainbat bakarrizketa egin nituen eta han asko zaildu nintzen, nahiz eta gaia kanpotik jarri zidaten. Magma Mia-n nik aukeratu dut gaia eta nik nahi dudan bezala egiten dut. Kontalaritzatik nator eta hor dagoeneko ohituta nago bakarrik aritzera; bai eta klownkusioetan ere. Bakarrizketarena ez da izan izugarrizko aldaketa alde horretatik. Hori bai, Erradikalak gara/ginen-ek Euskal Herri osoko txoko askotara iristeko aukera eman dit, baita izen bat ere. Beraz, orain ez naiz hutsetik abiatzen, badaukat ibilbide bat.

“Ez naiz aritzen emakumeentzat, baina, era berean, bai”

Hartzaileen ikuspuntutik badago desberdintasunik clown-a egiterakoan edo bakarrizketa bat?

Clown-a, batez ere, jardunaldietan egiten dut eta hor publikoa gatibu dago. Hau da, hitzaldi askoren ondotik bat-batean ni agertzen naiz, ordura arte ikusi eta entzun duten dena haustera. Jendeak behar izaten du barre egitea hainbeste hausnarketaren ondotik. Gainera, egun osoan erabili dituzten erreferente komun horiekin barre eginarazten ari zara eta horrek oso ondo funtzionatzen du. Bakarrizketetan publikoa zerbait ikustera etorri da propio, eta zerbait eman behar diezu.

Nola egiten zaio aurre publiko hotzari?

Publiko onak lanaren erdia egiten dizu. Hotzagoa denean, berriz, neure buruari esaten diot badakidala momentu batzuetan barre egingo dutela, bai edo bai. Saio gehienetan egoten da pertsona bat oso serio dagoena, eta nire helburua izaten da hari barre eginaraztea. Hori bihurtzen da saio horretako helburu, eta irribarre txiki bat ikusten diozunean… izugarrizko poza ematen du. Saio hotzek zailtzeko asko balio dute.

Emakumeak etortzen dira zu ikustera, batez ere, ezta?

Kultur publikoaren gehiengoa emakumeok osatzen dugu. Nik ez dut egiten emakumeentzat, eta, era berean, egiten dut. Munduan dudan nire esperientzia kontatu nahi dut, emakume gorputz batetik eta, nolabait, feminitatea onartu duen tokitik. Honetaz egin nahi dut barre; beraz, nor aurkituko da identifikatuago gai hauekin? Emakumeak. Nire saiora emakumeak bakarrik etortzen badira, primeran. Amorru handiagoa ematen dit gure umorea emakumeentzat dela esaten dutenean. Zergatik orduan ez dute esaten gizonen umorea gizonentzat dela? Gizon patriarkalentzat, zehazki. 

Baduzu betetzear geratzen zaizun ametsik?

Ez naiz bereziki ameslaria, baina 25 urterekin ez nuen une honetan nagoen egoera amestu ere egingo. Hau da egin nezakeen hoberena!