Bassaberen ‘Mara-mara’abestia

Nhil eta Txit Karramarro taldeetako gitarra-jotzaile Peio Uribetxebarria Bassabe proiektuan murgilduta dago. Hasieran argitaratutako instrumentalen ondoren, La Txama taldearekin batera sortutako Mara-mara izan da azkena.
Nondik nora sortu da Mara-mara abestiko kolaborazioa?
La Txama asko jarraitu dudan taldea izan da, sortu zenetik; asko gustatzen zaizkit korrido mexikarrak. Aretxabaletako Andramaixetara etorri ziren 2025ean. Ni, asanbladako kide moduan, musika taldeen harreraren arduraduna izaten naiz, eta, La Txamakoak etorri zirenean, beste batzuekin batera, ni izan nintzen eurekin egon zena. Harreman ona sortu genuen, hasi ziren sare sozialetan ni jarraitzen, eta, urrian, Segak izeneko kantua argitaratu nuenean, idatzi zidaten esanez korrido bat egin behar genuela. Abeslariak idatzi zidan, eta hortik hasi zen.
Orain arte instrumentalak bakarrik argitaratu dituzu Bassabe izenpean, zergatik orain letra eta instrumentala uztartzen dituen kantua?
La Txamarekin kolaborazioa egiterakoan, argi izan genuen abestiak hitzak eta ahotsa izango zituela. Iruditu zitzaigun polita izango zela euren ahotsei gure instrumentala gehitzea.
Zer nolako harrera izan du kantuak?
Harrera ona izan du. Ez nuke esango beste munduko ezer izan denik, oraingoz, behintzat. Baina, bai, jendeari gustatu zaio, eta gu ere oso pozik gelditu gara emaitzarekin. Berezia izan da guretzat.
Oso estilo propioa dute kantuek. Bassaberen identitatea definituta dagoela esango zenuke?
Ez, ez nuke esango. Bost kantu besterik ez ditugu egin, eta hasiberriak gara. Estilo berriak ezagutu ahala, gustatzen zaigu estilo horien influentziak gure kantuetan erabiltzea.
Aurrerantzean, ze bide hartuko du Bassabe proiektuak?
Asko gozatu dugu kantu hau egiten; alegia, hitzak dituen kantua sortzen. Abesti instrumental batzuk argitaratzeko prest daude, baina, aurrerantzean, gerta daiteke ahotsak erabiltzea edo beste formatu bat bilatzea, ohiko talde baten itxura hartu dezan.