Balmoral joera
Landazabal ingelesaren elementu guztiak joera bakar batean batuta. Horixe da, hain zuzen, Balmoral joera. Edo, bestela esanda, Isabel II.a erregina Balmoral gazteluan zegoenean janzten zen moduan janztea, baina ukitu modernoarekin.
Landa estetika
Balmoral estiloa landa-estetikarekin erabat lotuta dago. Lursail zabalak, uztak, etxolak eta eskoziar estilo dotorea duen gaztelua batzen ditu Balmoralek. Deskantsurako, ehizarako eta arrantzarako erabiltzen zuten Ingalaterrako erreginak eta enparauek, eta erabiltzen zuten estilismoa edo janzkera ere halakoxea izaten zen: lasaia eta erosoa, baina dotorea. Moda funtzionala, azken batean, gaur egun Erresuma Batuko mugak gainditu dituena.
Joera horretan nagusitzen diren koloreak kakiak, beixak eta berdeak dira, eta estanpatuak ere bai; bereziki, koadroak. Ehun tradizionalak dira nagusi, hala nola tweed-a, tartana eta artilea. Gainera, jantzi oso erabilgarriak nagusitzen dira; uretako botak eta beroki iragazgaitzak, esaterako.
Balmoral estiloa egunerokoan
Estilo hori landa-estetikan oinarrituta dagoen arren, erraza da gune urbanoetako egunerokora moldatzea; horretarako gakoak honako hauek dira: parka ezkoztatua, tweed-ezko txaketak, belaunak estaltzen dituzten gona koadrodunak eta belaunerainoko botak.