Baionako txokolate mingotsa
Ezaguna denez, Baionako txokolateak Frantziako errege-erreginak liluratu zituen XVII. mendean. Baina hiriari hain ospe handia ematen zioten txokolategileek eguzkia jarri baino lehen irten behar zuten harresietatik, ez zituztelako hiritartzat onartzen: juduak ziren. Bertakoak baina juduak. Espainia, Portugal eta Nafarroatik egotzitako sefardien ondorengoak ziren, Amerikarekin merkataritza-sareak mantentzeko Baionako portura bizitzera etorritakoak, eta mende bat baino gehiago zeramaten kakaoa eta espeziak ekartzen Europako txokolaterik onena egiteko. Santizpiritu auzoan bizi behar zuten derrigorrez, Aturri ibaiaren beste aldean.
Baionako kristauek txokolatearen formula kopiatu zieten eta 1725ean juduei eurea saltzeko debekua ezarri zieten. Hamaika auziren ondoren, neurria bertan behera utzi zuten 1761ean. Santizpiritun 3.500 judu bizi izan ziren garai batean, Baionako biztanleen laurdena, baina nazien jazarpenaren, deportazioaren eta sarraskiaren ondoren, berrehun eskas gelditu ziren inguruotan. Haien artean jaio zen 1948an Bernard Abraham, Miarritze eta Baionako komunitate juduaren ordezkaria gaur egun. Kezkatuta dago gorroto mezuak zabaltzen dituzten politikarien gorakadarekin, Baionako hilerri juduko hilobiak irainekin pintatu eta profanatu dituztelako azkenaldian, sinagogan etengabeko zaintza poliziala behar dutelako. “Geure burua erabat babesteko modu bakarra ezkutatzea litzateke, baina ezin dugu porrot hori onartu”. Lapurdiko komunitate judua gero eta zaharragoa eta urriagoa da. Abrahamek ez du dramarik egiten desagerpenaren ideiarekin: “Bizitzak aurrera egingo luke. Hori bai: Baiona eta Europa osatu duten kulturetako bat galduko genuke, ekarpen handia egin eta leku askotan suntsitu zutena. Garenaren zati bat desagertuko litzateke”.