Badoa Biden, ez doaz besteak
Ez naiz aditua AEBetako politikan, eta ez naiz ausartzen esatera nor den zinez bestea baino hobea. Egiaz, hobea-ktestuinguru honetan zer esan nahi duen ere ez dakit. Tira, denok bezala izutzen nau Trumpek, eta gogoratzen dut Berria-ko nazioarteko sailean lanean nengoela bera presidente izatera ailegatu zenean, arratsaldeak aurrera egin ahala teletipoak eguneratzerakoan izaten genuen urduritasuna. Oroitzen dut sailkide bat esanaz: “Txio kolpean eguneko agenda aldatzeko gaitasuna du tipo honek”. Eta txio kolpean ez, baina tiro kolpeak biratu zuen medioen fokua beregana azaroan izango diren hauteskundeen aurrekanpainan. Baina bestea ere ez da atzean geratu, eta berak bai, txio kolpean, gutun baten irudiarekin berreskuratu du azken denboran galduta zuen kontrola: Biden badoa, bere gaitasunen gainean egin den espekulazioaren ondotik.
Gauza asko esan daitezke uztail erdialdeko gertakari kateaz, eta ziur agerkari honetako beste zenbait kolaboratzailek hobeto azalduko luketela. Adibidez, Kamala Harris benetan al da aurrerakoiagoa? Termino horietan hitz egin al dezakegu AEBetako politikaz ari garenean? Feminismotik zein da Harrisen hautagaitzaren gaineko irakurketa? Txirikordatzen ausartzen ez naizen hari solte gehiegi.
Kontua da thriller politikoaren itxura izan duten egun horiek lagunekin oporretan harrapatu nautela, eta normalean ez dugun denbora librea fantasiarako aprobetxatu dugula. Sartu gara gure House of Cards, Succesion eta Borgen partikularrean, eta irudikatu dugu nolakoak izan diren Bidenen azken asteak. Amore emanda, badoa, zioten hainbat titularrek. Zer-nolako presioa jasan du lehen lerroa uzteko? Ados, 80 urtetik gora ditu. Ados, inkestek sekulako beherakada ematen zioten. Ados, bere lapsusekin itxura kaskarra eman du. Ados, presidentearen atzean botere faktiko oso indartsuak daude. Baina COVIDa duela esan, eta sare sozialetako mezu batez agurtu du ibilbide politiko publikoa.
Gure irudimenak beste zoko batzuetara eraman gaitu ondoren. Imajinatzen dituzue gure euskal kultur politika sistemako gizon helduak, jada diskurtsoz eta jarreraz desfasatuak eszenatokitik, atriletik jaisten, etxean gordetzen eta beren ibilbide publikoari uko egiten? A zer-nolako fantasia! —Barka, asmakeria esan nahi nuen—. Halakorik nekez ikusiko dugu, oraingoz. Hor da lehendakari ohi bat Baskezdakitzer fundazioaren zuzendari nagusi, han-hemengo ohorezko lehendakari postuak, oholtza gainak utzi eta hamarkada batzuetara itzultzen diren artistak… Badoazela eman arren, bat-batean berriro hankatxoa erakusten dutenak…
Badakit, badakit… ez iezadazue bronkarik bota. Ezin dut konparatu AEBak bezalako potentzia mundial bat gure euskal komunitate subalterno eta nimiñoarekin. Badakit, halaber, egingo banu, erantzun beharko nukeela: “Beraz, zein da hemengo Kamala Harris pseudofeminista fake-a?”. Esango zenidakete: “Beraz, emakumea bada, eta, gainera, arrazalizatua, berdin da euskaraz ez badu egiten, bere burua kapitalismoari saltzen badio edo, okerrago, gu denok kapitalismora bagaramatza?”.
Eta nik esango dizuet: “Ez zaudete prest eztabaida horretarako fokua nork duen eta tokia zergatik uzten ez duen, edo tronuari hagin eta azkazalez zergatik heltzen dion hausnartzen ez dugun bitartean”. Gero, gerokoak.