Badaezpada, banoa

Hegaka ez bada ez noa, dio Zea Maysen kantuak, baina nik airetik baino lurretik arrastaka sentitzen dut nire idazkera, azkenaldian. Idatzi daiteke hortik: ilunetik, lokatzetik, tripetatik. Idatzi daiteke grabitatearen indarrak zapalduta, hondotik. Zamatuta egonda ere, idatzi daiteke mantso, hitzek har dezakete beste tempo eta dentsitate bat. Nahi nuke hor eroso sentitu, ideiak mastekatzeko denbora izan eta pisua baino patxada sentitu. Abeslari eta idazle asko entzun ditut hizketan hortik sortzeak duen potentzialitateaz.
Nik, ordea, oraingoz, ez dut lortu horrekin konektatzea. Beste har bat daukat barruan, arintasuna eskatzen didana, burutik ziztu bizian pasatzen zaizkidan ideietako bat hartu eta papereratzea eskatzen didana. Ez diot inori kontatu, baina idazten dudanean, gustatzen zait musika jartzea eta teklatua piano baten teklatua dela imajinatzea. Musikaren erritmoan idazten dut, eta, gehienetan, reggaetoia daukat kaskoetan.
Badakit ez naizela idazlea, hala esplikatzen dut beti: “Ez naiz idazlea, baina idaztetik bizi naiz, eta idaztea da nire lana”. Azken urteetan, gainera, ez dut egunerokoan albiste edo erreportajerik entregatu behar izan, eta itxierarengillotinatik kanpo egin ahal izan dut lan. Horrek aukera eman dit lan-erreminta zenarekin jolastu ahal izateko. Horrela ibili naiz azken urteetan, jostari eta gogotsu, gaurkotasunak ekartzen zidanaren aitzakian burura zetorkidan lehen, bigarren, hirugarren ideia arrantzatu, eta barruan dudan kronometroaren kontra idazten. Batzuetan beste batzuetan baino egokiago, eta oraindik topatu ez dudan nire ahotsaren bila, beti. Gaurkotasuna monotonoa zenean, inguruan gertatzen zenaren ehizan, ia anekdotagatik bizitzen, maiz.
TTAPeko espazio hau esperimentaziorako gune izan da azken urteetan, aukera ematen zidalako karaktereetan eta ideietan hedatzeko, zutabe batean kabituko ez zitzaidanaren beldurrik gabe. Idatzi dut futbolari buruz, gimnasioei buruz, Palestinari buruz. Kazetaritzaz eta garen erro belaunaldiaz. Hiru hilean behin, zirrara nuen nire burua zukutzeko: “Zertaz ariko naiz, Berria-n edo Euskadi Irratia-n esan dudanaz kanpo?” Zirrara ematen zidan —oraindik ematen dit— aplikazioa irekitzeak, birtualki orriak pasatzeak, elkarrizketaren bideoari play emateak. Formatu atsegina eta eskertua da, eta eskertzen dut miresten ditudan luma askoren ondoan egotea ere.
Baina orain ez nabil abil. Erritmoak jaitsi zaizkit, hamaika leiho ditut irekita, ez zait begitik azkar sartzen gai bat. Hamaika bider irakurtzen dut testua entregatu aurretik, eta ez dut esan nahi lehen axolagabea nintzenik, baina sentitzen dut intuizioak norabidetzen ninduela, eta, orain… kostata ailegatzen naiz helmugara. Pentsa, zutabe honetako lehen bi paragrafoak pretentziosoegiak iruditzen zaizkit, eta, bueltak eta bueltak emanda ere, ez dut arintasun hori topatzen.
Berandu baino lehen, banoa. Ez eskerrak eman aurretik, ordea. Jolastoki ederra izan da hau, koloretako bolen igerilekuak irentsi aurretik. Oxala, heltzen den baten bat aireztatuta eta galtzeko prest.
Ni, badaezpada, banoa.