Azpimarrak

Eneko Barberena

Hauria agraït una nota. Pol Guasch idazle gazte katalanaren Relíquia lanaren aurreneko esaldia da, arkatzaren puntaz orrialdea zeharkatu arte azpimarratu nahiko nukeena. Hura indarra hura, zelako hasiera, aitaren suizidioari buruzko lan bati ohore egiten diona. Ohar bat eskertuko nuke. Liburuen hasiera batzuk magikoak dira.

Alabaina, ez dut halakorik egin, ez baitzait gustatzen liburuak markatzea. Eta askotan pentsatu izan dut horri buruz, nire liburuak markatzeko arbuioari buruz, batez ere, idazleak irakurtzen ditudanean esanaz haien idazkera hobetzeko ze ona izan den liburuak estudiatzea; hau da, liburuetan azpimarrak eta oharrak behar beste paratzea.

Nire portaera akaso literarioki etxekaltea azaltzeko aurreneko hipotesia izan liteke baten nagikeriak eta irakurtzeko toki/postura egoki faltaren konbinazioak naramatela orriak aratz mantentzera. Ohean etzanda zaudela irakurtzea, ordu txikiak eskaintzea jarduera horri, arkatzek mesanotxetik desagertzeko duten tema… arrazoi sendoak dira nire ekintza falta justifikatzeko.

Bigarren hipotesia da nahikoa zaharra naizela, Wallapop aurrekoa, alegia; eta, garai hartan, behar ez zena ez zen ez saltzen ez zaborretara botatzen. Hala, oinordetzan jaso nituen ikastolako testuliburu guztiak, eta oso kontziente nintzen, askotan errepikatzen baitzidaten, jaso nituen bezain ondo laga behar nituela. Hori dela eta, suerta zitekeen liburuen ertzak tolestea, majo betetako motxiletan bidaiatu behar izateagatik; baina ariketak egin gabe geratzen ziren, ez bazen aparteko orrietan; ipuinak, azpimarratu gabe; eta marrazkien mihise, liburu ertzen partez, zurezko mahaiak ziren.

Bitxia da, nire ikasketa apunteak kolore festa bat direlako. Dena xehe azpimarratzen dut, badut baita ere kolore metodo bat testuaren garrantzia sailkatzeko azpimarra bidez. Uste dut Zuzenbide karrerako totxoak barneratzeko autodefentsa mekanismo bat izan zela. Baina egia da joera dudala marjinalia-rako, baita lanean nagoelarik ere: boligrafoa eskuan irakurtzen ditut dirulaguntza deialdiak, txostenak eta abarrak.

Bukatzeko, onar dezadan porrota. Ahalegindu izan naiz liburuak zikintzen, baina asko kostatzen zait, ezin dut. Eta, akaso, ezintasun horrek ematen dit indarra hau salatzeko: liburutegi publikoetako liburuak azpimarratzen dituzuen horiek heriotza zigorrarekiko nire kontrakotasuna birplanteatzera naramazue. Zuen oharrak ez dira uste duzuen bezain garrantzitsuak, jakizue. Txispun.