Aste honetako errezeta: Bonboi-izoztuak

OSAGAIAK
· Txokolatea (%85etik gorakoa bada, hobe)
· Jogurta (kokozkoak zapore exotikoa ematen dio)
· Kakahuete-krema
· Mugurdiak
· Koko-olio koilarakadatxoa


PLATERAREN PRESTAKETA

1.

Txokolatea urtuko dugu mikrouhin labean bi minutuz, eta, jarraian, koko-olio koilarakadatxoa gehitu eta ondo nahastu.

2.

Silikonazko molde baten txokolatea banatu sukaldeko pintzelarekin. Txokolate-geruza oparoa jarri, bonboiak ateratzerakoan apur ez daitezen.

3.

Behin zulotxo guztiak beteta izozkailuan sartu behar da, 20 minutuz gutxienez, lehenengo geruza gogor gera dadin.

4.

Behin txokolatea gogortuta, jogurt koilarakada bana banatu zulotxo bakoitzean, eta, horren gainean, kakahuete-krema gehitu. Kakahuete zatitxoak dituen krema erabiltzea gomendatzen dizuet.

5.

Bonboien barrualdea amaitzeko, mugurdiak jarri behar dira (kontuan izan batzuk txikiak direla eta beste batzuk handiak; norberaren moldearen tamainaren arabera aukeratzea da egokiena).

6.

Amaitzeko, berriro, txokolatea eta koko-olioa urtu eta bonboiak txokolatez estali. Eskuzabala izan azken txokolate geruza honekin, ateratzerakoan beheko aldea izango baita.

7.

Gau osoa (edo 8 orduz) izozkailuan utzi, eta gero, bonboiak prest egongo dira moldetik ateratzeko. Momentuan guztiak jan behar ez badituzu, sartu kristalezko ontzi baten eta izozkailuan gorde, hurrengora arte.