Askotariko kulturen eta oihalen esentzia
Marka: Xarlem Creations / Larraitz Lopez eta Maialen Astigarraga
Jolas gisa hasi zen, baina, hamahiru urteren ostean, Xarlem Creations ogibide ere badute Larraitz Lopezek eta Maialen Astigarragak. “Etxean beti ikusi ditugu ama eta amona eskulanak egiten, josten… Kuriositatea betidanik izan dugu biok”, diote sortzaileek.
“Bitxiak, oihalezko produktuak eta udaberri eta uda sasoirako ezkontzetarako produktuak ditugu: burukoak, apain-orraziak… Lagunak gara eta bidaiatzea gustuko dugu. Bidaietan herrietako kultura eta oihalak kuxkuxeatzea atsegin dugu; izan ere, gure afizioak batzen dira”, aitortu dute. Gizonezkoentzako kamisetak ere egiten dituzte; diote esparru hori gehiago zabaltzea dutela jomuga.
‘Pop up’ filosofia
Online izaera duen proiektua izan arren, denda fisikoa zabaldu berri dute, Elgoibarren. “Jendeak esaten zigun aurrez aurre ikusi nahi zituela gure produktuak. Pop up dendak zabaltzen genituen, baina orain, gure denda dugu. Erraza muntatzeko eta ondoren desmuntatzeko. Gabonetarako bi hilabetez zabalduko dugu”.