Asier Zugadi: “Diskoa egiten hasi nintzenean 30 urteetako krisian murgilduta nengoen”

Iparragirre Rock elkartean batu gara Asier Zugadi Zuga (Gernika, 1994) artistarekin, elkarrizketarako. 2025. urte bukaeran kaleratu zuen Zugak Zimeltzeaz izeneko bere azken lana, eta, besteak beste, bere musikaz, euskal musikaren panoramaz eta Iparragirre elkartearen garrantziaz hitz egiteko aukera izan du TTAP aldizkariak harekin.

Asier Zugadi, ongi etorri TTAPera!

Aupa, kaixo!

Bakarlari moduan ibiltzen zara, Zuga da zure proiektuaren izena; konta egiguzu zein musika mota egiten duzun.

Duela urte gutxi sortu nuen proiektua da Zuga. Talde batzuetan ibili izan naiz, baina, inertziagatik edo talde batzuk uzten joan ahala, zerbait pertsonalagoa sortzeko gogotik jaio zen Zuga. Pop kutsuko kantak egiten ditut, nahiko intimoak, beti esperientzia pertsonaletatik datozen letrekin. Normalean, bakarlari moduan aritzen naiz, baina, beste batzuetan, taldekide batzuekin ere ibiltzen naiz; tokiaren arabera moldatzen naiz.

Tokiaren arabera, gauza bereziak egiten saiatzen zara, beraz?

Bai. Ez da erraza izaten, baina, normalean, tabernetan askotan jotzen dugunez, batzuetan, gitarra akustikoarekin eta ahotsarekin nahikoa izaten da. Tokia handiagoa bada edo kalean jotzen badugu, bateria sartzen dugu, normalean. Saiatzen gara formatu ezberdinak lantzen.

Tokiaren arabera, publikoaren arreta bereganatzea ere zailagoa izango da, ezta?

Duela lau urte bakarkako proiektuarekin hasi nintzenean, kontzertu guztiak antzekoak izango zirela pentsatzen nuen; gero, denborarekin, konturatu naiz tokiaren eta giroaren arabera oso ezberdinak direla. Agian tristea da esatea, baina jo izan dugu ehun lagun egonda ere gu entzuten inor egon ez den tabernaren baten. Egunak, tabernak, giroak… asko baldintzatzen dute. Eta, batzuetan, abenturara joaten gara horrelako tokietara. Sorpresa politak ere eraman izan ditugu onerako, e!

Letrak esperientzia pertsonaletan oinarrituta idazten dituzula aipatu duzu. Garrantzitsuak dira letrak zuretzat…

Bai. Ez dut formula jakinik, baina saiatzen naiz kantetan letra askorik ez sartzen. Esaldi bakoitza zukutzea gustatzen zait, eta horrekin eta musikarekin jolastea. Metaforak erabiltzea ere gustuko dut, baina letrak ulergarriak izatea da helburu nagusietako bat.

Eta esperientzia pertsonal horiek kontatzea erraza da zuretzat?

Hasieran, ez nintzen konturatzen. Orrialde zuri baten aurrean jartzen nintzen eta ez zitzaidan irteten. Zimeltzeaz diskoko letrak, adibidez, beste abesti prototipo batzuetatik ekarri ditut. Frankenstein bat bailiran egin ditut, zatiak aprobetxatuz, zerbait biribilagoa egiteko helburuarekin. Eta asko ikasi dut ibilbide horretan. Abesti pila bat egitera jartzen nintzen, eta, agian, ikusten nuen “gutxieneko kalitate” bat ez zutela. Apurka, puzzleak osatzen joan naiz, Zimeltzeaz diskoari begira.

Zergatik izen hori, Zimeltzeaz?

Berez, zahartzeaz esateko modu suabe bat izango litzateke. Diskoa egiten hasi nintzenean, 30 urteetako krisi horretan murgilduta nengoen. Hori modu poetiko baten zukutu nahi izan nuen. Eta zahartzeaz hitza ez zen ondo geratzen. Sortu dugun iruditegi guztia, Angela Lopez ilustratzailearekin batera, zimeltze prozesu horri begira egin dugu. Kantek zahartzearen prozesu hori guztiori, trantsizio hori, kontatzen dute, baina zerbait polita eta beharrezkoa izango balitz bezala.

Dramarik gabe, ezta?

Hori da. Azken baten, onartzea. Denok zimeltzen gara, loreak zimeltzen diren bezala. Prozesu horren zati polita ere badago, beraz. Etapa guztiek dute zerbait ona edo erakargarria.

Eta ze motatako kantak aurkitu ditzakegu disko horretan?

Denetarik, kar-kar. Binilo formatuan kaleratu dugu diskoa, eta hamabi abestiz osatuta dago. Diskoaren lehenengo zatia, A aldea, baikorragoa eta poperoagoa dela esango nuke; letrak ulergarriagoak dira, eta perkusio gehiago sartu dugu, orokorrean. B aldea, berriz, tristeagoa da. Hori bai dela B aldea, propio esanda, kar-kar.

Euskal eszenan gero eta zailagoa da talde txikiekin publikoa erakartzea

Letrei horrenbeste garrantzia emanda… letrak sortzen dituzu aurrena?

Apur bat bitxia da… Unai Markina da nirekin ibiltzen den bateria-jolea, eta, egunaren arabera, abesti alaiak edo tristeak egiten ditugu, kar-kar. Perkusiorik eta produkzio handirik sartzen ez badiogu, tristerantz joaten da kanta, normalean; horietan, letrak eginda egoten dira lehenagotik. Besteetan, dibertigarriagoak izan daitezkeenetan, melodia erakargarri bat sortzen dugu, eta, gero, letra jartzen diogu. Egia esan, apur bat sinplea ematen du, baina horrela da gure sormen prozesua.

Eta inspirazioa non bilatzen duzu, Asier?

Ez dakit… Gazteagoa nintzenean, hardcore, metal edo talde alternatibo gehiago entzuten nituen. Gaur egun, indie estiloa hobeto ezagutzen ari naiz. Inoiz erakarri ez nauen estilo bat da, baina zimeltzen nagoelako izango da, gero eta gehiago ezagutzen ari naiz. Gure proiektuan, melodiak txertatzera begira, lagundu digun musika estiloa izan da.

Zaila da, gaur egun, ateak zabaltzea musikaren munduan?

Baietz iruditzen zait. Gure proposamena, gure egitasmoa, ez da inoiz egon zerbait handia egitera begira. Iaz, udan, dozena bat kontzertu eman genituen, eta horietatik hamar kalean izan ziren, agertokirik eta produkzio handirik gabe. Egia da, baita ere, horren bila joan garela. Baina proiektuek zailtasunak dituzte bizirauteko, errentagarritasun ekonomiko aldetik. Kontzertuak egiten ditugu, baina, errentagarritasunari begira, proiektua beste esfera batera eramateko arazoak ditugu. Beste esfera batera eramateak suposatzen du bideoklip landuagoak egitea, mailing-a, kartelak ere lantzea, denbora gehiago bideratzea proiektura…

Zergatik da horren zaila?

Iparragirre Rock elkarteko kide bezala, 15 urte daramatzagu toki honetan; aurretik, beste toki baten ere izan zen. Apustu garrantzitsua egin genuen zerbait handiagoa egiteko, herriko taldeek entseatzeko lokal gehiago izan zitzaten, eta bertako musika eszena hauspotzeko. Talde handiak etortzen dira, baina txikientzat ere beti dugu lekua; dauden kartel guztietan saiatzen gara bertako taldeak sartzen. Kartelek erakargarritasuna izatea da helburuetako bat, eta publikoa etortzea, noski. Baina, euskal eszena honetan, gaur egun, gero eta zailagoa da publikoa erakartzea talde txikiekin. Talde txikiei plaza bat eskainita ere, publikoaren erantzunak behera egin du. Jendea ez da etortzen ezagutzen ez dituen taldeak ikustera. Eta 100-200 pertsona biltzeko, kartelak erakargarriagoak egin behar ditugu. Adibidez, Iparragirrek eta kontzertuak ematen dituzten taldeek errentagarritasun ekonomikoa izateko arazoak izaten ditugu. Oso zaila da.

Aurreratu duzu zerbait, baina noiz sortu zen Iparragirre, eta zergatik?

2000. urte hasieran sortu zen entseatzeko lokal falta aldarrikatzeko, baina hasierako elkartea Gernikako poligonoko beste eraikin baten zegoen. Kanpaina ezberdinak egin ziren lokalak aldarrikatzeko, udaletxeak ez zuen jaramonik egin, eta lokal horiek era autonomo baten sortzea erabaki zen. Hasierakoak txikiak ziren, eta lokal gehiago behar genituela konturatu ginen. Proiektu txiki hori alde batera utzi eta handiagoa zen espazio hau sortu zen. Dena hutsik zegoen hasieran, eta, agertokiaz eta aisialdirako guneaz gain, zortzi lokal sortu genituen; bakoitzean bi-hiru taldek entseatzen dute, gaur egun. Busturialdeko eta inguruko taldeak erakartzeko eta entseatzeko tokia eskaintzeko ahalmena lortu dugu.

Eta zer eman dizue zuei horrek guztiak?

Arnasgune bat. Ez da bakarrik entseatzeko lokal bat izatea, baizik eta taldeen arteko harremanak sortzea. Gernikarrei eskaintza kultural bat ematen diegu, eta, ekonomikoki, auto-elikatzeko modu bat ere bada.

Iruditegia lantzeko baliabideak dituenak plaza hobeak eta entzule gehiago ditu”

Nola ikusten duzu euskal musikaren eszena?

Nire esperientzia pertsonala da, baina iruditzen zait makroaren aldeko apustua egiten ari direla. Mitoaroa edo ETS bezalako proiektuen aldeko apustu handia egiten ari dira, baita jaialdi handien aldeko apustua ere. Eta txikiagoak diren edota neguan zehar kontzertuak antolatzen ibiltzen garen Iparragirre bezalako aretoak ez gara lehentasunezkoak publikoarentzat. Denboraldi baten, Zea Mays, Lukiek, Belako, Mikosis eta horrelako taldeak izan ditzakegu hemen. Baina talde horiek guztiak jaialdi handietan ere ikusten ditu publikoak egun bakarrean, edo hiru egunetan. Ulertu dezaket nerabe batek esatea: “Talde horiek guztiak ikusi nituen Euskal Herria Zuzenean jaialdian, Azkena Rocken edo BBK Liven. Beraz, zertarako etorriko naiz astero Iparragirrera?”. Nire ustez, jaialdi handi horiek duten beste alde negatibo bat da, publiko hori kendu egiten digute-eta.

Ematen du, gainera, musika egitea ez dela nahikoa; show-a eskaini behar da, eta beste mota bateko elementuak sartu behar dira kontzertuetan. Ze iritzi duzu horren inguruan?

Iruditzen zait, pandemiaren aurretik, talde handi zein txikientzat, musika zela %60 eta iruditegi guztia %40. Balantza horri buelta eman zaio. Musikak ez du horren plano zentralik, gaur egun. Egitasmo handiak antolatzea, iruditegi guztia lantzea, estetika lantzea, eszenografia lantzea, bideoklipak egitea… musika bera baino garrantzitsuagoa da, gaur egun. Musika begietatik kontsumitzen dugu orain, eta ez horrenbeste soinutik. Makroak musika eredu hori elikatzen du, azken finean. Iruditegi hori guztia lantzeko baliabideak dituenak plaza hobeak eta entzule gehiago izango ditu. Entzuleek hori eskatzen dute. Amaierarik ez duen zirkulua da.

Eta horrek kalte egiten dio, zure ustez, euskal kulturari?

Kaltea baino, txikien eta handien arteko harremana lausotu egiten du. Lehen, euskal eszenan, futbolean bezala, mailak egon baziren –lehen maila, bigarren maila…–, gaur egun, jauzia askoz nabarmenagoa da goikoen eta behekoen artean. Edo goi-goian zaude edo behe-behean zaude. Eta goiko esfera horretara heltzeko lehen baino baliabide askoz gehiago behar dituzu.

Esango zenuke, musika eszenak hartu duen bidearen aurrean, Iparragirre erresistentzia dela?

Bai. Guk musika eredu alternatibo bat hauspotzeko egiten dugu egiten duguna. Eta gure plaza hau makro horietara heltzen ez diren taldeei eskaintzen diegu. Iparragirrek badu militantzia kulturaletik, beraz. Txandak boluntario moduan egiten ditugu, euskal musika eszena hauspotzeko helburuarekin.

Zure proiektura itzulita, Zuga, abesti berriak prestatzen ari zara, ezta?

Bai. Aurten kanta berri batzuk ateratzeko asmoa dugu. Ikusita, gainera, algoritmoari kantak banaka ateratzea gustatzen zaiola, lan berria osotasunean aurkeztu gabe, abestiak banaka aurkezten joango gara, bakoitza bere azal bereziarekin. Josu de Goñi argazkilariarekin lan egiten dut iruditegiari begira. Argazkilaritza analogikotik eratorritako lanak dira, analogikotasun puntu hori ematea ere garrantzitsua delako guretzat.