Asier Sarasua: “Euskal Herri osoko hegaztiak bildu nahi nituen toki batean”
Asier Sarasua Aranberri aurkeztea ez da lan erraza, geldirik egoten ez den horietakoa delako. Biologo eta filologo eibartarrarekin hainbat kontuez hitz egin dugu elkarrizketa honetan: Txoriak.eus webguneaz, euskara eta euskalkiez, Ahotsak proiektuaz eta baita Egunean behin lehiaketaz ere, besteak beste.
IDOIA TORREGARAI: Esparru desberdinak dituzu gustuko eta lan ere proiektu anitzetan egiten duzu. Hasi gaitezen biologiatik. Argi zenuen bide hori jarraitu nahi zenuela?
ASIER SARASUA: Bai eta ez. Txiki-txikitako zaletasuna bazen, baina unibertsitateko aurrematrikula egin nuenean –hiru ikasketa aukeratu behar ziren– Biologiarekin batera Ingeniaritza eta Historia hautatu nituen. Hau da, ez neukan batere argi zer egin. Baina egia da txikitatik natura-zaletasuna banuela.
Zoologian eta ekologian espezializatu zinen.
Jendea biologiara bide desberdinetatik heltzen da. Batzuek mikrobiologia edo biokimika dituzte gogoko; nire kasuan, natura-zaletasunak eraman ninduen bertara. Animaliak eta natura ditut gustuko. Lehenengo, Zoologia egin nuen; eta gero, Ekologia. Leioan hasi, Bartzelonan jarraitu, eta gero, EHUko gradu amaierako beka batekin AEBetara joan nintzen doktoretza egitera, baina ez nuen bukatu. Han laborategian aritu nintzen, basamortuko kakalardoen populazioen dinamikak aztertzen. Gero, AZTIn hiru urte lan egin nuen, berdelaren, fletanaren, antxoaren eta bakailaoaren populazio dinamikak aztertzen. Nahiz eta azken hiru urte hauetan biologian profesionalki lanean ez aritu, nik jarraitzen dut pentsatzen biologoa naizela. Nire bizitzan leku handia du biologiak.
Txoriak.eus webgunea sortu zenuen duela urte batzuk. Zergatik txoriak?
Karreran txorizale batzuk bazeuden eta haiekin zaletu nintzen ni ere. Txorizale asko egotearen arrazoia txoriak ikusteko errazak direlako da. Hau da, herpetologoa izatea zailagoa da narrastiak ikustea zailagoa delako, eta zer esanik ez muturluzearen kasuan, urte guztian, beharbada, bat bakarrik ikusiko duzulako. Hegaztiak, ostera, ikusteko errazak dira eta asko daude. Txoriak.eus Euskal Herriko hegaztien datu-base bat da, eta lurraldetasunari garrantzia eman nahi nion. Izan ere, askotan aurkitzen ditugu EAEko, Nafarroako eta Akitaniako hegaztien zerrendak, ia guztiak erdaraz. Nik Euskal Herri osoko hegaztiak bildu nahi nituen toki batean, eta oraindik lan asko dago egiteko. Proiektu honen bigarren aldea da hegaztien izenak biltzea. Horretan nabil hogeitaka urtean. Eskualdez eskualde txorien izenak galdetzen joan naiz arrantzaleei, baserritarrei eta ehiztariei. Eta batu dudan datu-base hori da Txoriak.eus-en jarri dudana: zein den txoria, non bizi den eta, batez ere, nola deitzen zaion.
Zenbat hegazti eta izen bildu dituzu bertan?
110-120 espezie daude, arruntenak, baina oraindik publikatzeko batzuk falta zaizkit. 10.000tik gora izen sarrera daude bertan, eta mila eta piko txori izen desberdin. Proiektu hau nire harrikada da. Nire bi zaletasunek eraman naute hau sortzera: natura-zaletasunak, alde batetik, eta euskarak eta euskalkiek, bestetik. Mendira joaten nintzenean eta baserritar batekin edo ehiztari batekin topo egiten nuenean, txori hura halako da eta bestea halako dela esaten zidaten, eta konturatzen nintzen izen haiek ez zirela nik liburuetan ikasitakoak. Hor konturatu nintzen lexiko zabala zegoela gai honetan eta, neurri handi batean, jaso gabe zegoela.
Zein dira Txoriak.eus-en erronkak une honetan?
Erronka elikatzen jarraitzea da. Espezie batzuk oraindik publikatu gabe ditut eta izenak ere orrazten jarraitu behar dut. Bestetik, izen berriak jaso nahi ditut, batez ere Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean, hor ez baitut bilketa handirik egin. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba gehiago landu ditut gertuago geratzen zaizkidalako, baina oraindik ere badago zer jaso.
Zergatik da hain garrantzitsua txori izen horiek guztiak jasotzea?
Ez dakit garrantzitsua den, baina nik badakit izen horietako asko dagoeneko galdu direla. Hitz horiek ezagutu dituen azken belaunaldia ia desagertu egin da. Txorien izenekin bakarrik ez, baserriko tresnen izenekin edo mendiko hainbat konturekin ere berdin gertatu da. Bizimodua erabat aldatu da eta horrekin batera bizimodu horren lexikoa ere galdu egiten da. Hori, neurri batean, naturala da, baina niretzat erakargarria zen –oraindik egin daitekeenean, behintzat– jasotzea eta publikatzea.
Gustuko duzun adibideren bat ematerik bai?
Konturatu naiz euskara batuaz txorien izenak ia inon edo inon ez dituztela erabiltzen. Duela 100 urte egindako zerrenden oinordekoak gara. Orduan, hegaztiak zerrendatu egin behar ziren, eta hori egin behar zutenek hegazti batzuk ezagutzen zituzten eta besteak ez; askotan, izenak itzuli egiten zituzten; beste batzuetan, desitxuratu… eta belaunaldiz belaunaldi izen horiek ofizialtzen joan dira. Hortxe dugu, adibidez, Ekaitz txoriaren kasua, inon ez baitzaio horrela deitzen. Arrantzaleen artean galdetzen baduzu, inork ez daki Ekaitz txoria zein den, baina horrela izendatu eta ofizialdu zen. Ez dut esaten ez denik izen hori onartu behar. Bere bidea egin du izen horrek, baina baditu beste hainbat izen erabili izan direnak: matxiplaka, milabarrika, plakatxa… eta horiek galdu egin dira edo galdu egingo dira.
Txori kuttunik baduzu?
10.000 txori espezie dago munduan; beraz, badago non aukeratu! Niretzat erakargarrienak itsaso-txoriak dira. Alde batetik, hegaztiak dira, hau da, hegan egiten dute –gizakiok ezin duguna egin–, eta, gainera, itsasoan bizi dira –guretzat ere arrotza den beste medio batean–. Lehen aipatu dudan matxiplaka txoriak, adibidez, gramo batzuk besterik ez du pisatzen eta bere bizitza erdia itsasoen egiten du 8-10 metro arteko olatu artean. Guretzat hori ezinezkoa litzateke, ez baita gure ingurune naturala.
Euskaldun guztiok omen dugu filologo bat barruan, baina zure kasuan egia da. Nola erabaki zenuen ikasketa hauek ere egitea?
Nire bizitzan urrats asko kasualitatez eman izan ditut, eta kasu honetan ere berdin gertatu zen. Gazte nintzela sortu zen euskara elkartea Eibarren eta hasieratik inplikatu nintzen bertan. Filologia ikastea oinarri teoriko batzuk jasotzeko bidea izan zen eta pazientziaz hartu nuen. Zaletasunez egin nuen zerbait izan zen.
“Ez dakit nola batua-euskalkia eztabaida oraindik sortu daitekeen”
Nondik datorkizu euskaltzaletasuna?
Berezkoa eta baita familian jasotakoa ere. Nire familiak hauxe erakutsi zidan praktikan: “Hi euskalduna haiz; beraz, euskeraz egittia dok normalena”. Gogoan dut ume nintzela nire atxitxek 70eko hamarkadako Donostia ez hain euskaldunean tabernan euskaraz hitz egiten zuela, eta besteak euskaraz ulertzen ez bazuen ere euskaraz jarraitzen zuela. Hori gaur egun ere kostatu egiten zaigu, pentsa orduan! Nik hori etxean ikusten nuen, eta horrek ere eragina izan du. Bestetik, Eibarrek herri erdalduna eta euskara txarra egiten den fama izan badu ere, duela 60. urtekoa da Toribio Etxeberriaren lana, eta ondoren etorri ziren Juan San Martin, Imanol Lazpiur, Serafin Basauri, Fernando Muniozguren… 90eko hamarkadan, euskararen inguruko hainbat jarduera eta proiektu bideratu ziren nire inguruan, gazte denboran harrapatu ninduen horrek guztiak eta bertan sartu nintzen.
Eibarkoa euskara txarra…
Oso liburu polita idatzi zuen Antxon Narbaizak gai horri buruz: Eibarko euskararen gutxiespenaren historia. Bertan kontatzen du nola XIX. mende bukaeran eta XX. hasieran gutxietsi zen Eibarko euskara. Garai hartan, Eibar gorria zen, sozialista, eta euskaraz hitz egiten zen ez Jainkoaz, baizik eta grebaz. Euskararen munduan agintzen zutenak ez ziren grebalariak, apaizak baizik. Eta hortik bideratu zuten ideia hau: Eibarko euskaldunak gorriak dira; beraz, Eibarko euskara txarra da. Oso liburu interesgarria da. Eibarko euskara beste edozein herritako euskara bezain txarra da, hemen erabiltzen diren erdarakadak Tolosan erabiltzen direnen berdinak direlako.
Batua eta euskalkia. Zer iruditzen zaizu eztabaida hau?
Ez dut ulertzen gaur egun eztabaida hori nola sortu daitekeen. Baina ez dut uste eztabaida hori euskalki-zaleek bultzatzen dutenik. Nork ez du gaur egun euskara batua onartzen? 50 urteren ondoren euskara batuak erabateko bidea egin duela iruditzen zait. Euskara batua erabat onartua dagoela uste dut toki guztietan eta jende guztiaren artean. Beti egongo dira lau gazte aurka; gazteen izaera delako arauaren kontra jotzea. Baina nork ez du euskara batua onartzen eta non ez da erabiltzen? Zein eremutan ez da onartzen? Zer publikatzen da euskara batuan ez dena? Oso bazterreko kontua da euskalkiaren erabilera gaur egun, lagun artean edo eremu oso konkretuetan. Euskarak dituen etsai guztien artean eta arazo guztien artean euskalkia sartzea guztiz lekuz kanpo ikusten dut. Iruditzen zait arazoen zerrenda horretan beste ehun sartuko nituzkeela, baina ez euskalkia.
Badihardugu euskara elkarteko lehendakari zara.
Lehendakaritza honek lan gutxi ematen du. Lehen aipatu dudan bezala, 90eko hamarkadan Deba ibar osoan bazegoen bertako hizkera jasotzeko hainbat proiektu, eta oso jende garrantzitsua zegoen horretan lanean herri desberdinetan. Helburua ez zen bakarrik euskalkia jasotzea, euskalki horrek euskara batua nola aberastu zezakeen edo zer baliabide eman zezakeen batuaren ahozkotasuna eratzeko moduak bilatzea ere. 90eko hamarkadaren amaieran, hainbat pertsona garrantzitsu zebiltzan horretan lanean: Estepan Plazaola, Koldo Zuazo, Fernando Muniozguren, Juan Martin Elexpuru… Lantalde bat osatzen hasi zen eta ondoren Badihardugu elkartea sortu zen, orain dela 20 urte. Serafin Basauri izan zen lehenengo lehendakaria eta gero ni, beste inork ez duelako nahi.
Militantzia ere aldatu da 20 urte hauetan…
Toki guztietan gertatzen da: kultur taldeetan, euskara taldeetan, kirol taldeetan… Lanean dabilen jendea duela 20 urteko jendea da. Ni aspaldi ari naiz aldarrikatzen erretiroa, baina ez dator. Beharbada, gure errua ere bada; azken batean, batzuetan, joan egin behar duzu besteren bat etortzeko.
Transmisioarena erronka handia da, ezta?
Nik uste dut baietz. Gure seme-alaben belaunaldiak euskalduna izan behar baldin badu, eurek erabaki beharko dute nahi duten ala ez eta eurek hasi beharko dute horren alde lan egiten. Ni ez naiz imajinatzen hemendik 10 urtera 60 urterekin 20 urtekoei esaten zer egin behar duten. Hor egongo gara babesa eta laguntza ematen, baina indarra eta motorra beraiek izan behar dute.
Badihardugurena da Ahotsak proiektua.
Gure denboraren eta baliabideen tarte handiena Badihardugun Euskal Herriko Ahotsak egitasmoak eramaten du. Elkartearen sorrera garaian hainbat proiektu bazeuden herri hizkerak biltzeko. Badiharduguk Eibartarren ahotan egitasmoa jarri zuen martxan Eibarko Udalarekin batera. Bertan, filosofia eta metodologia bat zehaztu genituen eta hortik sortu zen lehendabizi Deba eskualdeko Ahotsak eta gero, Euskal Herriko Ahotsak. Helburua ahozkotasunean sekulako aberastasuna duen belaunaldi baten ahotsa jasotzea zen, belaunaldi hori desagertzen ari zelako –dagoeneko desagertu dena–. Baina ez genuen bakarrik jaso eta gorde egin nahi. Ondo gorde, katalogatu eta bistaratu egin nahi genuen. 2001. urtean, oraindik Internet ume txiki bat zenean, bideoak on-line jartzea erabaki genuen. Oso kalitate txarrekoak eta oso gutxi ziren, baina erakutsi egin behar zirela uste genuen. Ezin zen hainbat proiekturekin gertatu zena gertatu; hau da, giltzapean kajoi batean gordeta utzi. Ez dauka zentzurik. Etorkizunerako gorde egin behar da, baina gaur egun ere erakutsi egin behar da. Gorde, katalogatu eta hedatzea, horiek dira gure ildoak.
Zeintzuk dira Ahotsak-en zenbakiak?
Esango nuke edozein euskaldunek duela inguruko norbait bertan grabatuta! 7.000 edo 9.000 pertsona daude bertan, orain ez naiz ondo gogoratzen. Milaka lagun grabatu dira, milaka ordu eta 100.000 bideo pasarte daude bertan.
Erantzukizun handia ez da eduki hori guztia gordetzea Badihardugurentzat?
Bai. Hori, berez, beste erakunde batek egin beharko lukeela uste dut. Baina erakunde hori ez dagoen bitartean, edo ardura hori hartzen ez duen bitartean… Guk duela 20 urte beste elkarte batzuekin batera erakundeei plangintza bat aurkeztu genien eta egingo zela esan ziguten, baina ez zuten egiten. Orduan, gu hastea erabaki genuen, denbora gure kontra zegoelako. Badiharduguren erantzukizuna da ondare hori etorkizunerako gordetzea? Gurea bezalako elkarte txiki baten ardura da? Horrek loa pixka bat kentzen digu.
Teknologia ere zure ibilbidean garrantzitsua da. Gaur egun, CodeSyntax-en lan egiten duzu eta bertan Interneten euskal komunitatea trinkotzeko hainbat proiektu martxan jartzen dituzue.
Enpresa bat gara eta gure lanak egin behar ditugu bizi ahal izateko, noski, baina urtero saiatzen gara gure ildoak direnekin –euskara, eduki libreak, software librea, partekatzea– proiektu berriak sortzen. Bertan lan egiten dugunok beste hainbat proiektutan ere parte hartzen dugu; nire kasuan, Badihardugun eta Txoriak.eus-en. Badakigu zer den elkarlanean aritzea eta euskaltzaletasunetik gatoz guztiok, eta hortik sortu ziren Sustatu web-bloga, Eibar.org-ekin lotutako euskarazko lehen blog komunitatea, Umap euskarazko Twitterren jarduna jaso eta aztertzeko behategia eta azken aldian Egunean behin lehiaketa.
Espero zenuen Egunean behin-en arrakasta?
40.000 partaide ditugu bertan [elkarrizketa hau argitaratzeko unean 60.000]. Josu Azpillaga arduradunarekin apustu txiki bat egin dut. Nik esan dut 40.000tik ezin dugula pasa, ez dagoelako hainbeste euskaldun aktibo euskarazko joko batean ibiltzeko, baina apustua galtzekotan nagoela uste dut. Garbi dago moduren batean asmatu dugula. Ez dakit non dagoen gakoa; ziurrenik, egunean partida bakar bat jolastu dezakezula. Horrela planteatu zenean, nik ez nuen oso garbi. Bakarrik partida bat? Ezin dut beste bat jokatu? Baina, tira, azkenean, egunean minutu bat soilik behar duzu eta gogoz zaude hori egiteko. Saiatu gara galderetan aniztasunean eta erreferentzialtasunean bide bat markatzen.