Asier Illarramendi: “Fama ez zait gustatzen, lotsa pixka bat ematen dit”
Donostiako Keler egoitzan elkarrizketatu du Sara Gandarak Realeko Asier Illarramendi mutrikuarra. Xabi Prietok futbola utzi ostean, hura da talde txuri-urdineko kapitaina.
Asier Illarramendi, zer moduz?
Ondo. [Barre]
Prest zaude elkarrizketa honetarako?
Ea ze galdera mota botatzen dituzun!
Errazak, beti errazak.
Ikusiko dugu.
Euskal Selekzioarekin jokatu duzu duela gutxi. Handia izango da euskal futbolari batentzat Euskal Selekzioaren familia izatea.
Bai, polita. Gainera, azken oroitzapena, San Mamesen duela bi urte, nahi baino tristeago joan zen, jende asko ez zen animatu. Guk ere tristura hori eduki genuen, baina aurrekoan jende gehiago joan zen, giro polita egon zen eta, azkenean ere, pozgarria Euskal Selekzioarekin jokatzea partidu bat, eta ea aurrerantzean gehiago dauden eta zer edo zer hobea lortzen den.
San Mameskoa aipatu berri duzu; duela bi urte, Tunisiaren kontra, garaipena bai, baina pixka bat hotz San Mames, Mendizorrotza aurten ez bezala.
Ni txikitan joaten nintzen ikustera eta oroitzapen polita neukan, estadio osoa beteta, sekulako giroa, bai kalean, bai estadioan, bai gero… eta aurrekoan San Mamesera joan ginenean, ba, hori, ez zegoen giro handirik, aulki asko hutsik… guk ere bagenuen tristura hori. Azkenean, jendearen erantzuna ez zen izan oso ona. Aurrez, Esaitek lan oso ona egin du, baina, eurak kenduta, ikusi zen ez zegoela erantzun handirik, eta, oraingoan, giro polita egon da, eta pozik.
Venezuela mendean hatu bai, baina Munduko Txapelketan sartzeko ahaleginetan da eta lanak eman zizkizuen.
Nik uste dut ondo hasi ginela; atsedenaldira banakoarekin joan ginen, bigarren zatian ere ondo hasi ginen eta lortu genuen aldea, eta irabaztea ere bai. Guk ere urtean zehar ez dugu elkarrekin entrenatzen eta entrenamendu bat eginda oso ondo joan zela uste dut, jakinda, hori, behin bakarrik entrenatu garela, eta, azkenean, pozik giroarekin, partiduarekin eta denarekin.
Garaipena euskal derbian ere. Zer sentitzen da betiko aurkaria mendean hartzen duzunean?
Pozik amaitu genuen. Liga hasiera honetan denok izan dugu dudaren bat edo beste ekipoaren inguruan, ez ditugu lortu oso emaitza onak eta nik uste dut partida horretara bi taldeak iritsi ginela duda batzuekin, guk, geure jokoarekin; eta derbitik indartuta atera gara. Azkenean, etxetik kanpo irabaztea ez da erraza, San Mamesen irabaztea ez da erraza, eta, egia esan, 1-3koarekin gustura bueltatu ginen etxera.
Zer moduzko entrenatzailea da Garitano?
Ona, ona. Gertukoa, hemengo jokalariak gara eta gertutasuna gustatzen zaigu eta nik uste dut lehenengo egunetik jende guztiarekin harreman ona egin duela. Hasieran, berarekin moldatzea kostatu egin zaigu; izan ere, azken hiru urteetan beste ideia batekin egon gara futbolean eta pixka bat kostatu zaigu, baina ea hemendik aurrera hobetu egiten den kontua.
Azkenean, ez da erraza izango lantalde bat kudeatzea, denek klubaren alde egin dezaten.
Bera Leganestik prestatzaile fisikoarekin bakarrik etorri da, bere lantaldea berria da, berak ere besteak ez zituen ezagutzen, eta, azkenean, pieza guztiak elkartzea ez da oso erraza, ez berarentzat, ez inorentzat ere. Guretzat ere dena berria da, eta berria den dena hartzea kostatu egiten da pixka bat. Ea hemendik aurrera gorantz goazen eta ondo joaten den dena.
Kapitaina zaren heinean, zeure ardura ere bada lantalde hori kudeatzea.
Saiatzen gara; kar, kar. Azken bi urte hauetan aldagelan pisu handia zeukan jendea joan da edo futbola laga du, eta, egia esan, eta nahi eta oso zaharrak ez izan, bagara aldagelako beteranoenak, eta, jakinda gazte asko dagoela ekipoan, laguntzea tokatzen da, eta aurrera egitea.
Nola bizi izan dituzu Xabi Prietoren eta Imanol Agirretxeren agurrak?
Xabirena bagenekien, lehenago edo geroago… eta, gainera, jakinda aurreko urtean zalantza batzuk bazituela, bagenekien, gutxi gorabehera, azkeneko denboraldia izango zela aurreko urtekoa. Berarekin disfrutatzea tokatu zait, urte asko pasatu ditut berarekin, gauza asko ikasi ditut berarengandik eta eskerrak ematea besterik ez zait tokatzen. Sekulako tipoa da, eta laguna ere bai. Aurrekoan egon ginen Euskal Selekzioaren partiduan, atsedenaldian omenaldia egin zioten, pixka bat egon ginen… Laguna, bai Xabi, eta baita Imanol ere. Imanolena, egia esan, jokoz kanpo harrapatu gintuen. Azkenean, azken bi urteak ez ditu oso onak igaro, lesioak tarteko. Aurten, denboraldi-aurrean ondo hasi da eta bat-batean beste lesio hori, eta berarentzat ez zen erraza, hasi eta berriro gelditu… Azkenean, pozik laga du futbola, ikusi du zer lortu duen, zein maitasun eraman duen, eta bera pozik badoa, ba, gu ere bai.
Jokalari profesional batentzat, ikustea buruak bai baina gorputzak ez duela erantzuten… gogorra izan behar du horrek.
Bai; denoi gertatzen zaigu hori. Azkenean, burua gauza bat da, eta gorputzak aski da esaten duenean, aski da esaten du. Urtean zehar eta urteetan zehar partidu asko jokatzen ditugu, eta, nahiz eta buruak segitu nahi, gorputzak ez badu erantzuten, ezin da. Berak lasai laga du, pozik amaitu duela esan du, eta gu ere pozik, beragatik.
Batzuk joan dira, beste batzuk etorri. Zure ardura ere bada gainerakoek berriak ondo hartzea; esate baterako, Theo Hernandez bat edo Sandro bat.
Nik uste dut hemengo jendeak beste kultura bat duela. Inportantea dena da kanpoko jendea ona izatea, aldagelan ondo integratzea, eta, alde horretatik, nahiz eta hemengo jendea beste era batekoa izan, aldagela oso ona daukagula uste dut, kanpoko jendea oso ondo hartzen dugula aldagelan, eta seguru nago eurak ere gustura daudela gurekin.
Horrela ematen du sare sozialetan halako txioak ikusten ditugunean, emaitza onak, giro ona…; izan ere, emaitza onak izatea osasuntsua da buruarentzat.
Emaitza onek dena ekartzen dute: giro ona, poztasuna… eta hori egunerokotasunean igartzen da. Azkenean, ez da berdina Zubietara joan eta entrenatzea egunero, jakinda asteburuan irabazi egin behar dela edo gaizki pasatu duzula. Azkenean, inportanteena da irabaztea, emaitza onak lortzea eta poztasun hori egunerokotasunean mantentzea.
Zubieta aipatuta, zale asko joaten da zuen entrenamenduak ikustera? Zaleen babesa sentitzen duzue?
Egunerokotasunean zale batzuk hurbiltzen dira. Gero, entrenamendu guztiak ez dira izaten ateak irekita; askotan entrenatzen gara harmailarik edota aterperik ez duen zelai batean, eta hemen egiten duen euri guztiarekin, ez da erraza izaten, baina erortzen denak animatu egiten du pixka bat.
Nola hasi zen zure harremana Realarekin?
Bosgarren mailan nengoela, lagunekin jokatzen nuen, Elgoibarren hasi nintzen, eta orduan jaso nuen lehenengo deia. Entrenatzera etorri nintzen. Alebina nintzen orduan; urtebete zaharragoekin izan nintzen, eta lehen entrenamendu hartan ez ninduten hartu. Azkenean, urtebete zaharragoekin, zaila da. Hurrengo urtean deitu zidaten berriz; orduan, seigarren mailan nengoen. Canal Plus-eko torneorako izan zen. Eta, ordutik hona, bertan.
Denbora oro ez, etenalditxo bat egon baitzen Real Madrilen jokatzeko. Nola gogoratzen duzu aro hura?
Niretzako, ikasteko garai bat izan zen. Bizitza osoan Mutrikun, herri txiki batean, pare bat urte egin nituen kanpoan, eta, azkenean, beste ikuspuntu bat izateko denaren inguruan, munduaren inguruan, zer pasatzen den hemendik kanpo, oso baliagarria izan zait bizitzan. Gauza asko ikasi ditut, eta, nik esaten dudan bezala, gauzak ondo doazenean ez zara pentsatzen hasten, eta gaizki doazenean bai hasten zara pentsatzen. Gaizki, gaizki… Gustatuko zitzaidan gehiago jokatzea, baina, niretzako, esperientzia aberasgarria izan da zentzu guztietan. Ematen du ez dudala ondo pasatu, baina bi urte pozgarriak izan dira niretzako.
Badakizu zer daukadan gogoan zure aurkezpenetik? Zure lagun guztiak Bernabeuko palkoan. Zer da hori?
Babes inportantea izan zen. Gogoratzen naiz hurrengo egunean, dena ofizial egin zenean, ni, beti bezala, Mutrikuko hondartzara joan nintzela. Lagunak bertan elkartzen gara, Mutrikun denok gara ezagunak. Jendea komentatzen hasi zen noiz zen aurkezpena, eta joan ahal ziren; itxuraz, jende askok joan nahi zuen ikustera. Autobusa jarri genuen, eta han agertu ziren Madrilen.
“Liga hasieran denok izan dugu dudaren bat taldearen inguruan”
Nesken futbola segitzen duzu?
Bai, bai.
Neskek beti erakutsi behar izan dute gehiago, eta, nahiz eta urratsak egin diren, bidea luzea da.
Bidea luzea da. Nik uste dut azken urteetan pauso inportanteak eman direla nesken arloari buruz. Ikusita nola zegoen, urte honetan pauso asko eta inportanteak eman direla. Bai, egia da nesken futboletik mutilen futbolera salto handia dagoela oraindik, baina, azken urteetan emandako pausoak ikusita, ea aurrerantzean horrela segitzen duen eta distantzia hori mozten joaten den.
Ikusi duzu nesken partidarik Zubietan?
Azkenean, ez ditut ikusi; aurrekoan ikusi nuen derbia, telebistan eman zutelako baina, egia esan, Zubietara ez naiz joan askorik.
Duela aste batzuk, polemika bat egon da, kazetari batek esan duelako futbolariek ezin dutela gauez altxatu seme-alabak zaintzeko, atseden hartu behar dutelako. Nik uste dut denok egin behar dugula denetik, nahiz eta profesionalak izan.
Bai; egia esan, ez naiz jabetu zer gertatu den…
Profesionalek ezin dutela gauez altxatu umeak zaintzeko, atseden hartu behar dutelako.
Niri ez zait pasatu oraindik! Ez dakit… baina nire taldekoak ikusten ditut, batzuk aita izan dira, nekatuta iristen direnak, edo gaizki lo eginda, baina, azkenean, denek, bai aitak, bai amak, hartu behar dugu parte horretan, horrelaxe pasatzen da, eta biek hartu behar dute ardura.
Bizitza horrelakoa da, ez da inor hilko bere seme-alabak zaintzeagatik.
Ez, ez, ez… baina niri gustatuko litzaidake partiduetara ondo lo eginda joatea, baina azkenean semea edo alaba biona da eta biok egin behar dugu lana.
Nola uztartzen duzu zure betiko bizitza, lagunekin, Mutrikun, futbol profesionalarekin?
Egunerokotasunean, lagunekin asko egoten naiz. Pena da guk asteburuetan ditugula partidak, eta orduantxe zaindu behar dugu gehien. Eta eurek, normalean, astean zehar lan eta asteburuetan jai, baina astean zehar ere nahiko denbora daukagu u arratsaldeetan egoteko eta gauzak egiteko, aprobetxatzeko, eta nahiz eta edade edo gaztetasunean egon eta beste gauza batzuk egin nahi, beti ezin da egin; ahal denean aprobetxatzen dugu.
Zerbait galtzen ari zaren sentsazioa duzu?
Ez, ez, ni pozik nago daukadan bizitzarekin. Azkenean, egia da lagunek asteburuetan dutela denbora libre gehien eta nik, aste barruan. Planak egiteko ez da erraza, baina, bueno, hau nik aukeratu dut, gustura nago honekin, eta, egia esan, futbolarien bizitza ez da oso luzea eta ahal denean aprobetxatu behar da.
Igual, gaur egun, ospera ohituta zaude baina hasieran nola eramaten zenuen hori, kalean joan eta jendeak ezagutzea, argazki bat nahi izatea?
Egia esan, ni Mutrikun asko egoten naiz, eta, Mutrikun betidanik ezagututa, ez naute askorik molestatzen. Hortik kanpo, ba, argazki bat eskatzen digute, edo sinadurak… Egia esan, ez zait gustatzen fama edo ospe hori…
Lotsarik ematen dizu?
Pixka bat, baina, hasieran, gehiago. Lehenengo urteetan, askoz gehiago. Azkenean, urte batetik bestera gauzak asko aldatzen dira eta lotsa pixka bat ematen dizu, baina denborarekin ohitzen joaten zara, eta daukaguna horixe da.
Zenbat zaintzen zara? Alegia, jakia zenbat zaintzen duzu, dieta bat segitzen duzu… nola da janariaren eta futbolaren arteko harreman hori?
Bueno, zaintzen naiz. Gehiago zaindu naitekeela, bai; gutxiago, ere bai. Azkenean, denok egiten ditugu bekatuak noizean behin, eta niri ez zait gustatzen ehuneko ehunean zaintzea… baina jakinda mundu honetan, futbolaren munduan, zaindu egin behar duzula, ahal den heinean badakigu noiz zaindu behar dugun eta noiz ez, eta horretan uste dut, gutxi gorabehera, ondo egiten dudala.
Futbolaz aparte, zein beste kirol praktikatzen duzu? Ez dakit… mendira zoaz? Edo padela?
Praktikatu, urtean zehar, askorik ez. Bai, bizikletaz ibili izan naiz, palan ere bai; azkenean, lauzpabost aste bakarrik jai… Hor ere gustatzen zait atseden hartzea; urtean zehar gorputzak nahiko matxakatuta bukatzen du. Lauzpabost aste horiek atseden hartzeko erabiltzen ditut, baina kirola gustatzen zait: bizikleta, palan egin, bai mendira joan, edo korrika egitera joan…
Eta zein iritzi duzu sare sozialen inguruan? Askotan, anonimotasuna tarteko, jendeak min egin dezake.
Jendea ez da konturatzen besteari zein min eman ahal dion. Gu, jakinda pertsona publikoak garela, horrelakoak irakurrita, azkenean, min ematen badizu… hobe da sare sozialak kendu eta parterik ez hartzea hor. Badakigu denetako jendea dagoela, eta, azkenean, ez zaie kasurik egin behar horrelako gauzei.
Oporrak atseden hartzeko aprobetxatzen dituzula esan duzu lehen, baina atentzioa ematen dit… Futbolari guztiak zaudete Eivissan? Denok ezagutzen duzue elkar? Zein giro dago han?
Ni, normalean, urtero joaten naiz, toki ederra da eta asko elkartzen gara han, egia esan. Azkenean, agurtu eta kito. Bai gaztetan bai orain, askotan batzen gara, jende asko ezagutzen dugu mundu horretan, lagun asko egin ditugu, eta, begira, hor batzen gara eta udan parrandatxoak… [Irribarre]
Lagunen oso laguna zarela esan didate. Gauza bat egia den jakin nahi dut: egia da zuk lagunei txokoa erosi zeniela eta bakoitzari giltza bat eman?
Ez, ez, hori ez da egia, gauza asko esaten dira egia ez direnak, eta hori, adibidez, ez da.
Zurrumurru asko egon ziren hor tarteko; baten batek min eman dizu?
Jendeak gauza txar asko idatzi ditzake, baina, azkenean, jakin behar da baita ere kasurik ez egiten, eta, horrek min egiten badizu, hobeto dena kentzea. Nik, egia esan, ikasi dut kasurik ez egiten eta nireari begiratzen.
Nola eramaten da Iñigo Martinez bat betiko aurkariaren taldera joatea?
Niri, pena eman zidan. Txikitatik ezagutzen dugu elkar, momentu asko pasatu ditugu batera eta Zubietatik kanpo ere batera egoten ginen. Aurreko egunean enteratu nintzen ni ere bai, gauez, ofizial egin aurretik, eta pena eman zidan. Jakinda zenbat denbora pasatzen dudan berarekin, pentsatzeak ez genuela horrenbeste pasako pena eman zidan. Baina bere erabakia izan zen, eta besterik ez.
Errespetatu egin behar da, hori horrela da.
Bai, bai. Ni Madrilera joan nintzenean, berari ere seguru pena asko emango ziola; ba, berdin.
Zer izango litzateke Asier Illarramendi Realeko jokalaria izango ez balitz?
Nire garaian, Irakasle ikasketak egin nituen, Lehen Hezkuntza, baina, egia esan, aukeratu nuen hemen Donostian egin zitekeen karrera bat, jakinda goizetan entrenamendua nuela eta ezin izango nintzela klaseetara joan… Zerbait izan nahi nuen, eta horixe ikasi nuen. Nik uste dut fisioterapia mundu hori gehiago gustatzen zaidala, eta hori ikasiko nuke.
Non ikusten duzu etorkizuna?
Ez dut pentsatu.
Gaztea zara…
Gaztea bai, baina bagoaz gorantz. Baina bueno, ez dakit futbolean ikusten dudan neure burua. Azkenean, gaztetatik, futbolean denbora luzea… Egia esan, partidu asko ez ditut ikusten eta mundu horretan segituko nukeen ez dakit; agian, hemendik bost urtera ez dut hau esango, baina orain momentuan pentsatzen dut atseden bat emango niokeela futbolari.
Futbolari profesionalek dena daukazue. Ikasketak garrantzitsuak dira, ezta?
Niri, txikitatik, amak beti esan dit: futbolean egin nahi baduzu, ikasi ere ikasi behar duzu. Behintzat, nik ikasi dut zerbait, eta baditut nire gauzak, eta nik uste dut uztartu daitekeela. Azkenean, goizean daukagu entrenamendua, baina nik uste dut arratsaldeetan nahiko denbora daukagula ikasteko. Nekatuta egongo zara, baina, denbora badaukazu eta nahi izanez gero, ahal duzu. Taldean badaude gazteago batzuk ikasten dabiltzanak, eta ikusten dut ahal dela egin. Nik nire garaian egin nuen egin beharrekoa. Gehiago ikasi dezakedala? Bai, baina, azkenean, hori atera nuen, eta, gero, futbolean egonda, ez dut gehiagorik egin.
Zein musika mota entzuten du Asier Illarramendik? Autoan zoazela, zer jartzen duzu?
Euskal musika asko entzuten dut. Berri Txarrak, Gatibu… Berri Txarrak txikitatik entzun dut eta asko gustatzen zait. SIA ere bai, En Tol Sarmiento… Gehienbat, horiexek.
Gaztetxoak Zubietan ikusten dituzu. Batzuk talde nagusira iritsiko dira, beste batzuk ez. Zer esango zenieke horren inguruan?
Orain inportanteena disfrutatzea eta lagunak egitea dela. Nik adibidez, futbol munduan lagun asko egin ditut eta horrekin geratzen naiz. Horrekin ere asko disfrutatzen da.
Denbora agortu zaigu. Eskerrik asko Asier, gurekin izateagatik, eta zorte on.
Bai, eskerrik asko.