Arruntak izateko aukera
Itxaso Paya Ruiz
Aurreko batean, Bertsolari aldizkarian hilero idazten dudan blogean, Nerea Ibarzabalek eta Jone Uriak elkarrekin kantatutako bertsoaldi bat hartu nuen abiapuntu. Biek aipatzen zuten sarritan bata bestearen ordezko izaten zirela plazan: bata edo bestea, ez bata eta bestea.
Pasadizo hartatik, ordezkaritzaz aritu nintzen. Emakume bertsolariak gero eta gehiago izan arren, programazioak emakumearentzako toki bakarraren logikari eutsi diezaioke. Horri lotuta daude tokenizazioa edo Pottokinaren sindromea bezalako kontzeptuak: talde batean emakume bakarra egotea nahikotzat jotzea, emakume horrek, nolabait, gainerako guztiak ordezkatuko balitu bezala. Baina gaiari bueltaka… Nor dago? Galdetzea beharrezkoa bada, zer gertatzen da nor norekin dagoen aztertzen hasten garenean?
Azken hamarkadetan, asko egin dugu aurrera emakumeen presentzia neurtzen. Kulturgintzan ere begiratzen dugu zenbat emakume dauden programazioetan, nork hartzen duen hitza, nor iristen den erabaki-guneetara, edo nola banatzen diren baliabideak eta aitortza. Neurketa horiek ezinbestekoak dira genero-arrakalak ikusarazteko. Baina zenbakiek gauza bat kontatzen digute, batez ere: nor dagoen eta nor falta den. Ez dute hain erraz erakusten bertan daudenen artean ze harreman sortzen diren.
Bertsolaritzan, bereziki interesgarria da hori, bertsoa ez baita bakarka gertatzen. Gai berari ez diogu berdin kantatzen aurrean pertsona bat edo beste dugunean. Solaskidearen hitzek, erreferentziek, umoreak, bizipenek eta bien artean sortzen den konplizitateak edo talkak erantzuna baldintzatzen dute. Horregatik, oholtzako pertsonak aldatzean, ez da kartela aldatzen bakarrik: sorkuntzarako aukerak ere aldatzen dira.
Berdintasunaren interesik handiena ez dago egitura bera beste izen batzuekin osatzean. Pertsona, esperientzia eta begirada askotarikoak elkartzeak egitura horren barruan zer sortzeko aukera zabaltzen duen ere begiratu behar dugu.
Pertsona desberdinak elkartzean, ohiko gaiak beste toki batetik landu daitezke, bestelako umoreak eta konplizitateak ager daitezke, beste gatazka batzuk sortu, edo ordura arte bazterrean egondako bizipenak erdigunera iritsi.
Baina hemen tranpa bat dago. Bi emakume elkarrekin jartzeak ez du esan nahi emakumeek berez begirada jakin bat ekarriko dutenik. Feminismoak berak erakutsi digu emakumea ez dela esperientzia bakar bat. Hor sartzen da intersekzionalitatearen ekarpena: generoak ez du gure esperientzia bere kabuz azaltzen. Adinak, klaseak, jatorriak, hizkuntzak, gorputzak edo bizi-ibilbideak ere eragiten dute munduan dugun tokian eta hura ulertzeko moduan. Eta horrek publikoari ere eragiten dio. Kulturak ez du bizi dugun mundua erakusten bakarrik; mundua irudikatzeko moduan ere eragiten du. Pertsona, harreman eta bizipen jakin batzuk behin eta berriz ikusten ditugunean, normaltzat hartzen ditugu.
Beste batzuk agertzen hasten direnean, berriz, kontagarri eta ikusgarri denaren eremua zabaltzen da. Hor dago aniztasunaren beste aberastasun bat: sortzaileei aukera gehiago irekitzeaz gain, publikoari ere erreferentzia gehiago eskaintzen dizkio.
Horregatik, itzultzen naiz Nerearen eta Joneren pasadizora. Elkarren ordezko direnean, ondoriorik agerikoena da bietako bat ez dagoela. Baina badago zenbakietan ikusten ez den beste zerbait ere: bien artean gerta zitekeena ez da gertatzen. Agian, bertsoaldi bikaina izango litzateke; agian, eztabaida interesgarri bat sortuko litzateke; agian, beste norabide batera eramango lukete gaia. Edo, agian, ez litzateke ezer berezirik gertatuko. Eta azken aukera hori ere garrantzitsua da. Berdintasuna ez baita emakumeei aparteko izateko aukera ematea. Arruntak izateko aukera ere bada.