Armadunak eta armarik gabekoak

Arantxa Urretabizkaia

Jar dezagun kanpoko eredu bat, bertakoak minberagoak izan daitezkeelako. Gizon gazte bat, poliziaren osagai guztiak soin gihartsuan, armak, kasko sendoa buruan, oro har ia munduz kanpoko norbaiten itxura estralurtarra, boteretsu. Parean, adineko emakume edo gizon bat, elastiko soila soinean, motxila txikia bizkarrean, agian pankarta edo kartel bat sakelakoak libre uzten dion eskuan, aldarri bat ahoan.

Bada gizon armatuak eraso egiten dio armarik gabeko pertsonari, bortizki. Ezin jakin zer gertatzen zaion armadunari barrutik, zer sentitzen duen. Agian beldurra, agian gorrotoa, agian frustrazioa, agian pozbidea. Ez dakigu gizon armatuak nori ematen dion bozka hauteskundeetan, zer irakatsi dioten uniformea jantzi aurretik, zer nolako prestakuntza izan duen, ez dakigu zer esan dioten kalera atera aurretik, nola adierazi dioten zeintzuk diren kasu zehatz horretan arerioak.

Jakin badakigu zer egiten duen, zer nolako oldarkortasuna garatzen duen, inguruan hamaika kamera dagoela jakinda ere. Ikusi ditugu egunotan, Valentzian, musika tresna jotzen ari den manifestariaren kontra, baina ikusi izan ditugu ere horrelakoak gertuago, Hondarribian adibidez, gazte armatu gihartsua danborra zintzilik daraman emakume adinduari eraso egiten, amorruz.

Noski, gustatuko litzaiguke armadarik eta poliziarik gabeko paradisua, baina hori ametsetako munduan gelditzen da. Hemen eta orain poliziak behar ditugu. Zer nolakoak, ordea?