Aritz Ibañez: “Euskal dantza gure ez-berbazko hizkuntza da”
Aritz Ibañez Lusarreta (Iruñea, 1983). Linkedin sareko profilean hitzez hitz “dantzaria eta kazetaria” dela dio, eta hurrenkera hori ez da ausazkoa: “Menostutako jarduera bat goretsi nahi izan dut”. Hogeita hiru urte daramatza 75 urte egin berri dituen Iruñeko Duguna dantza taldeko zuzendari lanetan. Epe horretan, genero markarik gabeko errepertorio berria sortu dute, XXI. mendeko komunitatearen beharrei eta balioei erantzuteko. TTAPek Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko ikastetxe publikoko patioan egin dio elkarrizketa; udal dantza taldeak lehen entseguak egin zituen lekuan, hain justu ere.
ELKARRIZKETA
Duguna dantza taldeak Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko ikastetxe publiko honetan egin zituen lehen entseguak.
Hasiera batean, dantzarako toki nahiko prekarioetan, dantzarako prestatuak ez ziren tokietan egiten zituzten entseguak udal dantzariek: ikastetxe honetako pasabideetan, udaltzainen aparkalekuan, suhiltzaileen parkean. Dantza taldean sartu nintzenean, nik ere hemen egin nituen lehen entseguak. Toki berezia da hau guretako.
Harrigarriki, taldea 1949an sortu zuten, frankismo bete-betean; nondik nora?
Ez dakigu oso ongi. Badakigu 1949an udalbatzaren akordioa egin zutela, erabaki zuena udal dantza taldea sortzea, baina horraino heltzeko zer hitz egin eta egin zuten ez dakigu. Badakigu bazela Iruñeko Orfeoiko jende bat dantza talde bat sortzeko asmoa zuena. Pentsatzekoa da Udalean ere izanen zirela zinegotzi batzuk sentsibilitate bat izanen zutenak hemengo kulturarekiko. Zazpi urte lehenago, txistularien eta gaitarien banda sortu zuten. Baina dantza taldea zehazki zergatik sortu zuten ez dakigu ongi. Guretako ere harrigarria da falangistaz eta karlistaz betetako Udal batek euskal dantza talde bat sortzea. Gainera, kasu berezia da, Euskal Herrian ez baita beste hiribururik dantza talde bat daukana udalaren menpe.
Hasi eta berehala, iruindarrontzat ikonikoa den udal dantzari jantzia sortu zuten Francis Bartolozzik eta Pedro Lozano de Sotesek; nahikoa collage berezia egin zuten.
Gaur egunetik begiratuta, asmatu egin zutela uste dut, gero guk geuk antzeko irizpideak erabili baititugu beste jantzi batzuk sortzeko. Hasieran, gizonezkoak bakarrik ateratzen ziren Udalaren segizioetan. Emakumeek bestelako emanaldiak egiten zituzten. Gizonezkoen jantzi hura garaiko bi diseinatzailek, bi margolarik, sortu zuten. Jaka Erronkarikoa da: galtza motzak Otsagabiako dantzarienak dira, baina apaingarriak Luzaideko edo Nafarroa Behereko dantzarienak. Txapinak Zuberoako maskaradetakoak dira. Makila eta txapela, Lesakakoak. Beraz, batez ere, Nafarroa Garaiko elementuak erabili zituzten, baina baita Nafarroa Beherekoak eta Zuberokoak ere, collagea egiteko, eta hori da egun ere Udalaren ekitaldi ofizialetan erabiltzen duguna.
Zein zen hasiera haietako errepertorioa?
Hasieran, kasik ez zuten errepertoriorik. Urrian erabaki zuen Udalak dantza taldea sortzea, eta, hilabete geroago, Done Saturdi egunean, dantza egin zuten lehendabiziko aldiz. Hemengo txistularien kale dantzaldietan trebezia pixka bat zeukatenak sartu ziren, Orfeoiko zenbait kide, haien lagunak… Done Saturdi eguneko prozesio hartan sartu ziren lau urrats ikasita egun hartarako. Errepertorioa ondotik heldu zen, garaiotan ohikoak ziren dantza moldeekin: Otsagabiako dantzak, Luzaideko dantzen halako suit moduko bat, Leitzako ingurutxoa, neskek sagar dantza, arku dantza. Horiek izan ziren hasmenta hartakoak.
Taldea sortu eta berehala, 1951n, dantza, musika eta antzerkia uztartuz ikuskizun bat egin zuten, Duguna, gerora taldeari izena emanen ziona.
Dantza taldea sortu eta urte eta erdira egin zuten, bai. Udal dantza taldeak, Santa Zezilia Orkestrak, Orfeoiko kantari batzuek eta Udal Txistulari Bandak parte hartu zuten. Patxi Ardanazek, dantza taldeko garaiko zuzendariak, zuzendu zuen ikuskizuna. Garaiko idazleek egin zituzten testuak: Jose Maria Iribarrenek, Jose Maria Luzaidek, Fernando Remachak, Aita Donostiaren partiturekin. Garai hartan ohikoak ziren halako ballet folklorikoak. 20ko hamarkadan errusiar balletak heldu ziren hona, eta izugarrizko flasha izan zen hemengo jendearendako. 50eko hamarkadan oraindik mantentzen zen lilura hura. Udal dantza taldeak halako bat egin nahi izan zuen. Espresuki oholtzarako prestaturiko ikuskizuna izan zen, dantza estilizatuagoarekin. Euskal Herriko antzokirik garrantzitsuenetan eman zen. Egia da horrek taldeari halako ospe bat eman ziola.
70eko hamarkadan, Argia taldeak euskal dantzei halako astindua eman zien; horrek zuen taldean ere eraginik izan zuen. Gerraren ondotik, halako eten bat gertatu zen transmisioan. Ballet haiek eraldatu egin zuten herrietan nola dantzatzen zen. Hirietako dantza taldeetan dantzakera manierista bat gailendu zen. Argiak gogoeta egin zuen: hemen zer ari gara? Europara bidaiatu zuten eta ikusi zuten beste toki batzuetan nola dantzatzen zuten. Esate baterako, Txekoslovakian. Nahiz eta ballet kutsua izan, nola zegoen haien dantza askoz lotuago herrietan egiten zen dantzakera hari. Izugarrizko landa-lana egin zuten. Herrietara joan ziren eta galtzear zeuden errepertorioak ikasi zituzten, baita galtzear ez egonda ere horren ezagunak ez zirenak. Eta dantza mota ere bai, soilagoa, naturalagoa eta, agian, indartsuagoa. Hori hartu eta eszenara eraman zuten. Euskal Herriko dantza talde askorendako hori beste flash bat izan zen: “Gu ohituta geunden beste modu batez dantzatzera, eta hauek ze indarrez egiten duten”. Euskal Herri osoko dantza taldeak igo ziren olatu hartara. Gure dantza taldeari ere eragin zion olatu hark. Filosofia aldatu zen. Dantzak berreskuratzen hasi ziren. Kultur komisioak sortu ziren, herrietara joan eta ikerketa lan hori egiteko.
.
“Errepertorio berria sortzerakoan argi genuen XXI. mendeko beharrei erantzuteko ezin zuela genero markarik izan“
1977an, ikurrina zabaldu zuten Iruñeko udaletxeko balkoian, eta jarraian udal dantza taldea ikurrina erabiltzen hasi zen. Alderdi Sozialista agintean izan zen bitartean tira-birak izan ziren. UPN boterera heldu zelarik, aldiz, soka hautsi zen.
UPNk alkatetza lortu zuenean, lehen helburuetako bat izan zen ikurrina desagerraraztea ekitaldi ofizial haietatik. Udaletxeko balkoitik jada desagertua zen, jakina.
Chourraut alkateak dantza taldearekin harremanak eten zituen.
Eten bakarrik ez, Udalak taldea desagertutzat eman zuen, ez zela gehiago existitzen erabaki zuen. Dantzariak elkartu ziren eta ibilbide hari jarraipena ematea erabaki zuten. Beste elkarte bat eratu zuten, dantzari berberekin baina Udaletik aparte. Orduan hartu zuten Duguna izena. Guk orain esaten duguna da 75 urte dituen edozein elkartek, edozein pertsonak, gorabehera asko izaten dituela; are gehiago, erakunde publiko batekin harreman organikoa badu. Dantza talde honi egokitu zaio hamaika gauza egin behar izatea, edo egitea deliberatzea.
EAJ-EA, UPN-CDN, Batasuna-Aralar, AEK-IKA… Zuek ere zatiketa bizi izan zenuten taldeko dantzarien artean, ikurrina bazterrean utzirik Udalarekin harremana berreskuratu zenutelarik.
Urte latz samarrak izan ziren talde barruan eta kanpoan. Jende askok babesa emana zion dantza taldeari 80ko hamarkada bukaera hartan, eta traizionaturik sentitu ziren. Taldetik atera zen Idoia Sarak oso ongi azaltzen du: harendako oso latza izan zen, baina taldean geratu zirenendako berdin latza izanen zela argi du. Nik barrutik hala bizi izan nuen. Nik konprenitzen dut jende batek taldearekiko halako sentsazioa eduki izana. Baina hor mila kontu sartzen dira. Adibidez, familia kontuak. Garai haietako zenbait dantzarik izanak zituzten haien gurasoak taldean. Haientzako ildo bat bertan behera uztea zen.
Pragmatismotik ere bazuen: gaitz osoaren eta gaitz erdiaren artean hautatzea.
Dantzari bakoitzak taldea uzteko edo taldean segitzeko bere arrazoiak izanen zituen. Ez ziren adostutako ideia batzuk. Bakoitzak bere sentipenetatik egin zuen, bere biografiatik.
2001ean zuzendaritza hartu zenuen eta 2007an taldearen transformazioari ekin zenioten; nola?
Ikusten hasiak ginen Euskal Herriko beste hainbat lekutan ari zirela halako prozesuetan. Adibidez, Iruñean, San Lorenzoko dantzanteak sortuak ziren garai hartan, sortuak zituzten dantza batzuk hemengo festa oso jakin batean emateko, San Lorenzo karrikako festetan emateko. Eibarren Kezka Dantza taldeak horrelako prozesua egina zuen. Guk Euskal Herri osoko dantzak ematen genituen eta geure buruari galdetu genion ea horrekin zer ekarpen egiten genuen: Luzaideko dantzak luzaidarrek hobeki ematen dituzte, Otsagabiakoak berdin, Zuberokoak berdin. Zer zentzu du guk egiten dugun horrek? Segur aski, bilatu izan bagenu zentzua topatuko genukeen, baina beste ildo bat jorratzea erabaki genuen. Iruñeko Udalak dantza talde hau sortu bazuen Iruñeko festetan ari zedin, eta dantzak ez bazaizkigu tradizioz heldu, nahiz eta hiri honek dantza tradizio luzea izan duen, zergatik ez da zilegi izanen dantza horiek sor ditzagun? Eta horretan jarri ginen. Garai haietan hasiak ginen Argiarekin zuzenean elkarlanean, haien ikuskizunetan parte hartzen. Laguntza eskatu genien eta bide hartatik erabaki genuen ordura arteko ildoa aldatzea.
“Emakumeek euskal dantzetan eremuak irabazi ahala, gizonezkoak taldeetatik alde egiten ari dira”
Inoiz irakurri dizut errepertorio berria osatzeko tenorean, Jesus Ramosek Iruñeko XVI. eta XX. mende arteko dantzen inguruan egindako ikerketa hitzak izan zirela, eta Argiak esaldiak osatu ahal izateko gramatika jarri zuela.
Jesus Ramosen lanak leihoak ireki zituen, eta argia Argiarekin sartu zen. Fosilaren metafora ere erabili izan dugu. Mendian fosil bat topatzen dugunean, barraskilo itxurako fosil bat ikusten dugunean, egiazki haren falta ikusten dugu, harrian dagoena barraskiloak utzitako hutsunea da. Hori ginen gu. Guk bagenuen testuinguru oso egoki bat, festa batzuk, eta dantzarientzako espresuki sortutako gune bat, baina barraskiloa faltan genuen; hau da, dantzak. Jesus Ramosek bere lanetan kontatutako guztitik tiraka sortzen hasi ginen. Eta Argiako lagunekin ikasi genuen halako sormen prozesu bat nola egin. Haiekin abiatu ginen. Hasieran, eskutik helduta. Eta gero, ume txikiak bezala, hazten gindoazen heinean eskua askatu ziguten, eta gero, sorkuntzak gure kabuz egin ditugu.
Ezpata dantza eta beste hainbat dantza sortu dituzue, Iruñeko jaiegun nagusietarako. Baina errituala ez ezik funtzio soziala ere aintzat hartu duzue eta Euskarak 365 egun ekimenerako soka dantza ondu zenuten.
Soka dantza hori, berez, ezpata dantzan ere egiten dugu, baina iruditzen zait ahaztu zaigula pixka bat kalean dantzatzea. Askotan, uzten ditugu bertsoak bertsolariendako, kantuak kantariendako, antzerkia antzerkilariendako, profesionalak baitira. Baina lehen ez zen hala. Lehen, jendeak karrikan dantzatzen zuen eta bizitzaren parte bat zen, ez kultur produkzio bat. Oraindik, agian, ez gaude horretan. Baina ikusten genuen Iruñean bazirela ekimen batzuk zeinetan dantzak ekarpena egin zezakeen; bereziki, errepertorio jakin batzuen bitartez. Soka dantzan 200 pertsona biltzen badituzu eskuetatik helduta, borobil zentrokideetan, hor ikusten den irudi hori iruditzen zait oso indar handikoa dela, eta balio duela.
Euskalgintzaren Kontseiluaren protesta batean dantzatu zenuten berriki.
Bai, adibidez.
Soka dantza metafora moduan ere erabili duzue, 75. urteurrenaren inguruan: Duguna soka dantza erraldoi bat ei da.
Edozein talde izan daiteke soka dantza erraldoi bat. Guk irudi hori erabili dugu eta soka dantza baten bitartez eman genien hasiera urteurreneko ospakizunei. Belaunaldi bakoitzak ondokoari zerbait eman dio. Eta ondokotik ere zerbait hartu du. Eman eta jaso. Kontua ez da norabide bakarrekoa. Ez da soilik edadetuak gazteari ematea. Momentu batzuetan, belaunaldiek elkar ikusten dute eta harreman horretan denek jasotzen dute zerbait. Hirurogeita hamabost urteko transmisio hori nolabait irudikatzeko iruditzen zitzaigun soka dantzaren irudi hori polita izan zitekeela. Maite Mutuberria ilustratzaileari gure ideia kontatu genion eta modu zoragarrian irudikatu zuen afixan.
Zuen belaunaldiaren ekarpen garrantzitsuenetako bat generoaren alorrean egin duzue: 2007tik hona sortu duzuen errepertorioan zein jantzietan ez dago genero markarik.
Garai bakoitzak bere errepertorioa behar du. Eta errepertorio horrek garai horretara egokitu behar du. Historian izan dira beste une batzuk zeinetan izan diren halako iraultza txikiak. Argiarena aipatu dugu lehen. Gehiago izan dira. Egun, XXI. mendearen laurdena pasa dugunean, oraindik ari gara duela 60 urteko ildoetatik dantzatzen. Garai haietan finkatu ziren errepertorioekin eta dantzarien banaketa haiekin. Pentsatu genuen dantza berriak sortu behar bagenituen izan behar zutela XXI. mendekoak, egungo funtzioei erantzunen zietenak, egungo gure ikusmoldeen araberakoak.
Tradizioaren ikuspegi hori duzu: tradizioak ez dira finko eta zurrunak, baizik eta malguak, unean uneko gizartearen beharren eta baloreen arabera aldatzen direnak.
Niretako hori da tradizioa, bestela argazki estatiko bat besterik ez da, lehen aipatu dugun fosil hori. Edo aldatzen duzu edo gainean goroldioa pilatzen zaizu.
Baita zolda ere: zenbait lekutan, generoaren inguruko aldaketek sekulako tira-birak eragin dituzte. Iruñean, aldiz, ez; zergatik?
Ez genuelako aspalditik zetorren tradizio bat gure motxilan. Jende batek lotzen ditu aspalditik datorren tradizio bat eta hori nola gauzatu izan den gauza bera balira bezala. Ez zait iruditzen hala denik. Gauza bat da dantza eta beste bat dantza hori nork, noiz eta nola ematen duen. Toki askotan zuk aipatu dituzun gatazkak izan dira. Beste leku batzuetan, aldiz, ez. Prozesua nola landu den ere badu bere garrantzia. Gurean ez zen arazorik izan neskak prozesioan parte hartzen hasi zirenean, agian lehenagotik neskak jada bazirelako Pamplonesa udal musika bandan, baita gaitarienean ere. Gu ez ginen lehenak izan.
Euskal dantzetan, zenbait lekutan, emakumeek eremuak irabazi ahala gizonezkoek alde egin dute; hemen halakorik gertatu al da?
Gertatzen ari da, bai. Uste genuen ezetz eta zorte handia genuela horregatik. Agian, gurean beste leku batzuetan baino mantsoago gertatzen ari da, baina gertatzen ari da. Eta ez dantzan bakarrik. Literaturan ari direnei galdetuta, halakoak kontatu dizkidate, eta abesbatzetan, eta kultur jardueretan, eta medikuntzan. Sentsibilizatuta bazaude halako gauzekin, toki askotan gertatzen dela ikusten duzu. Guk eutsi diogu pixka bat. Gure taldean %60 dira neskak eta %40 mutilak, helduen taldean. Txikietan datuak ez dira batere horiek. %80 eta %20 izan daitezke.
.
“Erakundeek neskak kirola egitera bultzatzen dituzte, baina ez dituzte mutilak dantzara bideratzen”
Arazoa gero eta handiagoa omen.
Arazoa? Nondik begiratzen diozun. Ez dakit arazoa den ere. Beste garai batzuetan denak gizonezkoak ziren eta hor ez zen arazorik ikusten. Horregatik ere iruditzen zait interesgarria genero bereizketarik gabeko beste garai bat. Dantzak ez dira galduko. Askotan, emakumezkoak izan dira gizonezkoendako ziren dantzak salbatu dituztenak. Nire ustez, arazoa da dantza izan dela partekatutako eremu bat eta uzten ari zaiola partekatutako eremu izateari. Hori penagarria da, iruditzen zaidalako jardun eder bat dela, badituena balio eder asko. Gizartearen beste toki batzuetan ikusten diren jarrera batzuk gurean ez ditut ikusten. Polita da halako eremu partekatu bat edukitzea. Eta galtzen ari da.
Dantzari txiki kopuru handixkoa daukazue Dugunan.
Hirurogeita hamar bat dauzkagu, bai.
Eskasia, akaso, Iruñeko gainontzeko dantza taldeetan?
Ez dut oso ongi ezagutzen dantza talde txikien egoera. Esanen nuke orokorra dela. Gero eta haur gutxiago jaiotzen da. Gero eta eskaintza handiagoa dago eskolaz kanpoko jardueretan. Eta erakundeetatik gazteria bultzatzen dute kirola egitera, emakumeak bultzatzen dituzte kirola egitera, baina beste norabidean ez da egiten, ez zaie mutilei esaten dantza egitera joan daitezela. Ez dakit nondik joanen diren hemendik aurrerako bideak. Nik esaten ahal dut hemendik eta bost urtera arteko etorkizuna gutxi gorabehera bermatuta ikusten dudala, baina hortik aurrera kosta egiten zait imajinatzea zer izan ote daitekeen.
Noiz eta zergatik hasi zinen zu dantzan?
Gurasoek behartuta; kar-kar-kar. Aipatzen ari nintzen horren kontrako kasua naiz ni. Nik saskibaloian jokatu nahi nuen eta ongi samar aritzen omen nintzen. Ikastolako irakaslea saskibaloi entrenatzailea zen talde batean. Fitxatu nahi izan ninduen, baina gurasoek ezetz esan zuten eta dantzan segitzeko esan zidaten. 7 urterekin hasi nintzen dantzatzen, Udal Ikastolan, Amaiur ikastolako dantza taldean. Gure irakasle bat Dugunako dantzaria zen eta han genbiltzan batzuei pasa nahi genuen galdetu zigun. Ia konturatu gabe izan zen guztia. Une batean bai jabetu nintzen dantza niretako zer garrantzitsua zen. Sei hilabetez geldi egon behar izan nuen eta itxitako katua ematen nuen, paretetatik igotzen nintzen.
Zuzendari ere konturatu gabe? Kargu horretan ordu asko eta dirurik batere ez.
Bai. Gure aurreko zuzendaria adinean gora zihoan eta, azkenean, lan kontuengatik zuzendaritza utzi behar izan zuen. Trantsiziozko bi urte izan ziren. Halako batean, gure aitzineko zuzendariak esan zuen nik hartu beharko nukeela zuzendaritza. Kargua gainera etorri zitzaidan. Egia da dantza jadanik gustatzen zitzaidala eta banuela interesa eta jakin-mina han eta hemen zer dantzatzen zen ezagutzeko. Berehala galdetu nuen: hemen zer egin dezakegu? Eta hasi nintzen nire ezjakintasun hartan bidea egiten, poliki-poliki.
Elkarrizketa prestatzeko zure Linkedin-eko profila ikusi dut. Dantzaria eta kazetaria zarela dio; ez dut uste hurrenkera hori ausazkoa denik.
Gaurko gizartean menostua den jarduera bat goratze aldera jarri dut horrela. Kazetaritza ikasi nuen, kazetaritzan lan egin izan nuen eta oraindik ere gustatzen zait eta egiten ditut nire gauzatxoak, baina nik neure burua hitz bakarrean definitu beharko banu dantzari hitza erabiliko nuke.
Egun kazetaritzan egiten dituzun lanak dantzari buruzkoak dira, Dantza.eus atarikoak; han irakurri nizun euskal dantza euskaldunon ez-berbazko hizkuntza dela.
Euskara gure berbazko hizkuntza den bezala. Gure mugitzeko manera euskal dantza da. Hizkuntza bat da. Ez da nire asmakizuna. Beste batzuei entzundakoa da eta neure egindakoa. Beste toki batzuetako ikertzaile eta antropologoek esan izan dute. Komunikaziorako modu bat da, gorputzen bitartez egiten dena. Duela gutxi, Greziako dantzen ikastaro bat egin genuen eta hor konturatu gara geure dantzen oinarriak eta Greziakoenak antzekoak direla, menperatuta eta argi izanda elkar ulertzen ahal dugula euskaldunok eta greziarrok dantzaren bitartez. Hori ezagutzea eta zaintzea inportantea da.
Jakin aldizkarian irakurri nizun euskal dantza badela herrigintzarako, kulturgintzarako eta euskalgintzarako tresna ezin hobea.
Izan ere, zenbat jende aritzen da dantza taldeetan? Askotan, ez gara konturatzen. Euskalgintzak probestuko balitu, dantza taldeak izan litezke aurrera atera nahi ditugun gauzen bideratzaile. Interesgarria litzateke. Dantza taldeek jende asko hurbildu dute euskarara. Dantza taldeetan euskararekiko atxikimendu bat duen jendea ari da. Euskaraz egiten dugu dantza.
Dantza egiterik ez badago, ezta zure iraultza, edo herrigintza.
Bada bai. Nik horrela esanen nuke. Dantzan bada komunitatean harremanak egiteko oso modu ederra. Medikuntzan esaten dute dantzan ari garenean serotonina askatzen dugula eta horrek geure ongizaterako balio duela. Eta, gainera, ongizate hori partekatua denean biderkatu egiten dela.
Zein heinean izan da iraultza Iruñean Iruinkokoa, Iruñeko inauteri euskalduna? Dugunak parte-hartze garrantzitsua izan du horretan.
Iraultza… ez dakit nik. Antropologoak galdezka etortzen dira, ea zer egin dugun. Baina Iruinkokoa iraultza izan bada, gaizki gabiltza. Azkenean, plagio bat da. Libertimenduak Nafarroa Beherean eta Lapurdin existitzen dira. Ez zen horren ohikoa hirigune batean horrelako zerbait ematea.
Baina oso sinergia interesgarriak sortu ditu.
Hortik zer sortu den interesgarria da, ez dut kontrakorik esanen, baina bere neurrian. Kanpotik jende asko etortzen da galdezka. Nire ustez, interesgarria litzateke beste toki batzuetan ere ausartuko balira halakoak egitera. Ez Iruinkoko bat edo libertimendu bat, baina bai arte diziplina ezberdinak ukitzen dituzten halako proiektuak eta irauteko bokazioa dutenak, ez momentu baterako egindakoak.
Zer da dantza zuretzako?
Hasteko, niretzako, plazera. Eta plazer partekatua izateak biderkatzen du. Eta, gainera, ildo bati jarraipena emateko modu bat, berritzeko, berregokitzeko, egungo belaunaldiei egungo maneretan emateko modu bat.