Aritz Galarraga: “Bada ordua gizonok feminismora batzeko”

Generoa ezaugarri kulturalen multzo bat da, jokabide eta identitate patroiei buruzkoa, zeinetan oinarritzen den gizonen eta emakumeen arteko bereizketa soziala. Generoa ez da ez finkoa ez berezkoa, eraikuntza soziokultural bat baizik, denboran zehar aldatuz joan dena eta aldatu egin daitekeena. Baina zerk egiten gaitu gizon, zerk emakume? Nola eraikitzen eta elikatzen da patriarkatua sostengatzen duen maskulinitate hegemonikoa? Generoarena gure garaiko galdera garrantzitsuena dela atzemanda, Aritz Galarragak (Hondarribia, 1980) ispiluaren aurrean jarri du bere burua, eta Izan gizona liburuan bilakatu du egindako ariketa, hein handi batean memoria ariketa bat izan dena, aldi berean. Lantoki berri duen Nafarroako Unibertsitate Publikoko atarian bildu gara harekin.
Aritz Galarraga, ongi etorri TTAPera; eta, kasu honetan, ongi etorri Iruñera ere, hemen baikaude, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), zure etxe berrian.
Mila esker, Miren, ongi-etorriagatik. Ilusio berezia egiten dit hemen biltzeak, hain justu lanpostu berria lortu dudalako hemen, NUPen, hainbat urtean etxetik kanpo ibili ondoren. Etxera bueltatzeko modu bat dela esango nuke, eta ezin kontentuago nago.
Nola daramazu itzulera?
Ongi, ez baita izaten ari oso gogorra. Pixkanaka egiten ari naizen itzulera bat da. Ongi hartua izan naiz. Testuingurua ere bada nik bilatzen nuen zerbait: lasaiagoa, txikiagoa, eskala humanoagokoa… Hautaketa ona egin dudanaren sentsazioarekin nago.
Hasi gaitezen izenburutik, badu eta bere garrantzia. Izan gizona deitu diozu, eta ez Gizona izan.
Izenburua ez da, agian, munduko komertzialena, besteak beste “gizon” kontzeptua agertzen delako hor, baina, ongi diozun bezala, Izan gizona jarri nahi nion hain justu badelako gurean eta aspaldian gizontasuna ulertzeko modu zehatz bat, modu hegemoniko bat, neurri batean inposatu izan zaiguna gizon guztioi. Beraz, nik gizontasuna ulertzen dut ez gauza aske eta norberak aukeratzen duen zerbait bezala, baizik eta sozialki inposatua zaigun eredu bat bezala. Gizona izan edo beste izenburu afirmatibo eta aseptikoagoen aldean, Izan gizona agindu bezala ulertzen da, hain justu agintzen zaigulako gizon izateko modu hori.
Teoria feministatik aspaldidanik adierazi da generoa eraikitako zerbait dela. Hala uste duzu, beraz?
Bai, Simon de Beauvoirrek esan zuen, eta ongi esan ere, emakume bat ez dela sortzen baizik eta emakume bilakatzen dela, eta ni konbentzituta nago gizon bat ere ez dela gizon jaiotzen, ez garela genetikoki programatuak izan garen bezain ergelak izateko, eta konstrukto sozial bat dela. Gizarteak, instituzio desberdinen bitartez, gizonezko bakoitzari inposatzen dion rol bat dela. Liburuan egiten dudana da, hein batean, instituzio horiek zeintzuk diren zehazten saiatu, eta nola eramaten duten aurrera inposaketa hori. Azterketa horrekin, irakurleari gonbidapen bat egiten zaio mekanismo horiek zalantzan jarri eta buelta emateko.
Zerk eraman zaitu liburu hau idaztera?
Ez da galdera erraza, ze ez dakizu oso ondo liburu bat noiz hasten den zure buruan eraikitzen. Baina nik uste dut, generoaren gaiari dagokionez, generoarena badela gure garaiko galderarik inportanteenetako bat. Hau da, beste garai batzuekin konparatuta, orain, generoaren eztabaida erdigunean dago, eta gauza asko itzulipurdikatzera etorri da gainera, orain artean nahiko segurutzat geneuzkan gauza asko eta askori buelta ematera. Galdera hori norberak bere buruari egitea ere ezinbestekoa iruditzen zait, eta nik ere sentitu dut behar hori, pertsonalki eta idazle bezala, nire gizontasuna aztertzekoa, ni naizen gizon hau nola iritsi den hori izatera. Liburuan datoz azterketa horren emaitzak edo zuk diozun ispilu horrek itzuli didan irudia.
“Euskal abertzaletasunaren parte handi bat oso kontu maskulinoa izan da”
Ariketa zaila suertatu zaizu ispilu horren aurrean jarri eta zure burua aztertzea? Izan ere, tarteka sumatzen da gogortasun hori liburuan…
Izan daiteke, baina nik literatura ez dut beste modu batera ulertzen. Ez denbora-pasa, ez tarte atsegin… Literaturak zerbait mugiarazi behar dit nire baitan, eta, zeozer hori ez badit mugiarazten, ez du balio. Hori irakurle bezala. Autore bezala ere, ni-a fama txarra duen kontzeptu bat da, egozentrismoarekin lotzen dugulako. Baina uste dut halakorik ez dagoela nire kasuan. Ez dut nitaz hitz egin behar nire egoa asetzeko, baina, aldiz, iruditzen zait badela aztergai interesgarri bat. Hau da, gaizki ezagututa ere, seguru asko norbere burua izanen da ongien ezagutzen dugun gauza mundu honetan. Eta interesgarria da, diozun ispilu horren irudiaren aurrean harridura edo jakin-mina sortzen didalako ariketa horrek.
Ni-aren literatura emakumezkoek sortutako literaturarekin lotu izan da, eta, ondorioz, bigarren maila batera eramana…
Erabat ados. Alde batetik, lotzen delako egozentrismoarekin eta nork bere zilborra begiratzearekin. Baina, gero, egia da ni-arekin lotutako genero literarioak lotu izan direla emakumeek idatzitako literaturarekin. Ari gara egunerokoez, autobiografiez, memoriez… Askotan, espazio pribatuarekin lotu izan diren generoak izan direnez, emakumeei egotzi izan zaizkie, eta, horregatik ere, itzaletan geratu izan dira. Horien erreibindikazio bat ere badago liburuan.
Ez da egiten duzun lehenengo memoria ariketa literarioa hauxe. Eta jakin badakigu memoria tranpatia izan daitekeela, ezta?
Bai. Hau da, generoaren inguruko hausnarketa bat da liburua, autobiografia oinarri duena, baina egia da beste kontu batzuk ere ateratzen direla. Eta bat da memoriarena. Zergatik gogoratzen dugu gogoratzen duguna? Eta, akaso, inportanteagoa, zergatik ez ditugu gauza batzuk gogoratzen? Zentzu horretan, memoria bera ia fikziozko genero bat gehiago balitz bezala ikusten dut. Absurdoa iruditzen zait pentsatzea memoriak egiten duena dela gauzak gertatu bezala erreproduzitzea. Julian Barnes idazle ingelesarekin bat nator erraten duenean memoriak lotura gehiago duela irudimenarekin, gertakariekin baino. Hortik badu liburuak, atzera begirako liburu bat delako. Oroitzera jarri naiz, baina, hasieratik, jolasaren arauak argi utzita: ez dela, derrigor, benetan gertatu den bezala, baizik eta nik orain gogoratzen dudan bezala.
Liburua haurtzaroarekin abiatzen da, argazki zehatz batetik, eta familia den instituzio horretatik. Hor hasten dira generoaren lehenengo zimenduak ezartzen?
Bai, eta egia da teoriko batzuek-eta aipatu izan dutela, segun eta zein familia egokitu zaizun, genero rolak egon daitezkeela markatuago edo ez hainbeste. Baina egia da, zorterik onena izanda ere, familiak genero aldea markatzen duela nabarmen. Hala ere, gero, zalantza gutxiago dago hurrengo instituzioarekin, eskolarekin. Nahiz eta gauza asko aldatu diren azken urteotan, egia da gaur egunean neska-mutil paperak ondo banatuta daudela. Hor sartzen zarenean, bai ala bai, familian gutxi asko libratu bazara ere, ia ez dago eskapatzeko biderik.
Eta, gainera, ez ginen egon generoaren arabera banatutako eskoletan…
Bai, nik uste dut eskolan bete-betean ematen dela gizonen eta emakumezkoen arteko harreman hori. Gezurra dirudi, zuk haur bat ikusi dezakezu gauza oso birjin bat bezala, zure gustura moldea dezakezun zerbait bezala, baina, noski… hala da, baina instituzio sozial horiek moldatzen dute, ez familia nuklearrak. Eskolan bertan harremanak izateko modu horiek hasten dira finkatzen, gero helduaroan ematen diren harreman motak gertatzeko behar direnak. Eskola bateko patioan sartzearekin bakarrik ikus dezakezu nesken eta mutilen arteko segregazioa, zentralitatea nola hartzen duten mutilek patioan, neskak nola hasten diren bestelako interakzioak hartzen elkarren artean…
Maitasunaren kapituluan ere sartzen gara hemen. Heterosexualitatea ere bada eraikitzen den zerbait?
Esanen nuke baietz eta ezetz aldi berean. Hor sartzen direlako gauza arrazionalak ez diren kontu asko. Harreman afektiboez ari bagara, giza eraikuntzei ez ezik beste kontu batzuei ere erreparatu beharko geniekeela uste dut: desirarena edo grinarena da bat, adibidez, pertsona bati bertze jende batek sortzen dizkion sentimenduena. Zailagoa da definitzen eta zailagoa da hausnartzen horren gainean. Armairutik ateratze bat egiten dut liburuan horren kontura: publikoki deklaratzen naiz heterosexual. Badakit ez dudala meritu handirik, ze horregatik ez naiz jazarria izan eta ez naiz jazarria izango etorkizunean, baina heterosexualitatearen halako deserrugabetze bat egin nahi nuen. Hau da, ez dut uste pertsona batek beste generoarekiko sentimenduak izatea, berez, txarra denik. Beste gauza bat da heterosexualitatea hartu izan dela patriarkatuaren ardatz bezala, harekin lotu izan dela eta lotzen dugula. Heterosexual asko eta asko patriarkatuzaleak dira. Eta hori da nik seinalatu eta kritikatu nahi izan dudana liburuan. Azkenean, desira kontrolaezina da, ez da arrazionalizatu edo erabaki dezakezun zerbait.
“Gizontasun feminista bat pentsatzeko eta aurrera eramateko garaia da”
Goazen akaso genero-eraikuntzaren erakusle handienetako bat denaren bueltan solas egitera: futbola. Ba ote dago, kirolaren alorrean, futbola baino makineria handiagorik, generoaren eraikuntzan?
Gizontasun modu bat eraikitzerako orduan, futbola, eta kirola oro har, oso kontu eraginkorra eta kohesionatzailea da. Orain, kirolean emakumeen presentzia askoz ere handiagoa da, eta hori ondo dago, baina ez ote diren emakumeak ere sartzen ari oso egitura maskulinizatuetan… Ikusten ari gara nola, orain, emakume futbolariak, zelaian bertan, errepikatzen ari diren futbol maskulinoaren eredu berdina, zaleei dagokienez, adibidez. Kirola bera ulertzeko beste modu batzuk daudela uste dut, baita futbola ere, eta, momentu batean, pertsonen arteko harremanak errazteko bide izan daiteke.
Musikaz ere mintzatzen zara liburuan. Zu eta biok garai bertsukoak gara, garai batekoak non euskal musikan kasik gizonezko erreferenteak soilik genituen, musika gogorraren garaikoak. Baina, gizontasun eta maskulinitate hegemoniko guzti horren artean, figura bat agertzen da: Kurt Cobain. Zein izan zen zugan izan zuen eragina?
Egia da, gure belaunaldiaren kasuan, atera zirela halako figura batzuk musika eredu hegemoniko eta maskulino hori zalantzan jartzera etorri zirenak, eta Kurt Cobain izan zen horietako bat. Nahiz eta gero ere egia den garaiaren semea ere izan zela, eta pixka bat sakontzen eta arakatzen hasten zarenean ikusten duzun gizon horiek ere egin zituztela egin behar ez ziren gauzak. Baina kulturalki, eta, zehatzago, musikalki, alternatiba bat eskaini ziguten, arnasa hartzeko beste bide bat izan ziren.
Kontzienteki hautatutako erreferente bat zen? Edo gerora hausnartutako zerbait?
Seguru asko, ez. Inkontzienteki hartzen duzu, eta, gero, denborarekin, konturatzen zara agian horregatik ere izan zela, beste eredu bat proposatzen zutelako. Kurt Cobain diot, baina Baztan-Bidasoako biztanleek zortea izan genuen, maila lokalagoan ere bestelako ereduak hurbil izan genituelako, Beti Mugan taldea, adibidez.
Beste meloi bat irekitzen duzu liburuan. Bi izen propio: Patxi Ezkiaga eta La Salle.
Bai. Patxi Ezkiaga nire, gure, irakasle izan zen institutu garaian, lau urtez izan genuen irakasle bezala, tutore bezala ere bai, eta, pertsonalki, erreferente bezala ere. Ez dakienarentzat, Ezkiaga idazlea izan zen, poeta izan zen, bazuen bere lekutxoa euskal literaturaren munduan, eta garai hartan literaturan interesatuta geunden gazteentzat erreferente izan zen. Hainbeste, hil zenean, 2018an, Berria-n heriotza-ohar bat idaztea eskatu zidatela, eta, noski, nik testu laudoriotsu bat idatzi nuela. Handik gutxira jakin genuen idazle eta poeta izateaz gain, pederasta bat ere izan zela. Orduan jakin genuen alde atsegin horren atzean bazegoela alde ilunago bat. Zer gertatzen da? Ni alde ilun horretaz libratu nintzela mutila nintzelako; eta hori esatea oso gogorra da, kosta egiten zait. Pederasta konkretu horri neskak gustatzen zitzaizkiolako, eta ez mutilak. Horregatik bakarrik libratu nintzen. Drama horren beste partea da, nolabait, ni neu ere, mutila izateagatik, ez nintzela kontziente izan, nire aurrean, nire inguruko neskez abusatzen zuen pederasta bat neukala. Hau da, nik ez nuen ezer ikusi, edo ez dut gogoratzen ezer ikusi nuenik; ez nekien ezer, edo hori gogoratzen dut behintzat. Horrek maila pertsonalean halako ezinegon bat sortu dit, handia. Nola da posible lau urtean ia egunerokoan harekin bizi ondoren ezer ez ikustea, jakitea, eta, ondorioz, ezer ez egitea? Ondorio bezala, esan dezakegu memoriak ere generoa duela, neska banintz oso ongi gogoratuko nuelako hori.
Soldaduskaz ere hausnartzen duzu liburuan. Bada beste instituzio garrantzitsu bat, noski. Eta, liburuan, lotura bat ere egiten duzu gure herriak izan duen azken gatazka handiarekin, borroka armatuarekin.
Ni adin kontu batengatik libratu nintzen soldaduska egiteaz, baina egia da zauri hori pixka bat oinordetzan jaso nuela. Liburuan aipatzen dut osaba baten esperientzia, soldaduska egin eta esperientzia traumatikoa izan zuen osabarena. Aipatzen dut nola erabiltzen zen soldaduska gizontasun eredu hori indartzeko. Esan ere egiten zen soldaduskak “gizon egingo” zintuela. Ni libratu nintzen soldaduska hartatik, baina egia da aukera ere izan nuela beste armada batean parte hartzeko. Izan ere, gure herrian, tristeki, ezagutu ditugu armada bat baino gehiago: alde batetik, espainiarra eta frantziarra zeuden, eta, bestetik, euskal askapenerako mugimenduaren baitan egon ziren erakunde armatuak, gure kasuan, ETA. Garai batean, ETAko militantzia ere oinarritzen zen beste soldaduska horretan, eta, hain zuzen ere, animatzen zen jendea soldaduska egitera esperientzia hartzeko armaren erabileran eta abar, adibidez. Uste dut, baita ere, euskal abertzaletasunaren parte handi bat oso kontu maskulinoa izan dela, ez bakarrik ETAko esparruan, baita borrokari dagokionez ere. Indarkeriari indarkeriarekin erantzutearena, adibidez. Halako kontuek, niri behintzat, gogorarazten dizkidate maskulinotasunaren alderik ilunenak, nik neuk niretzako nahiko ez nituzkeenak. Zorionez, beste fase batean gaude, eta badirudi kontu horiek desagertzear daudela, baina, kasu, gerra hotsak entzuten dira eta.
Oldarraldi faxista betean gaude, eta egia da maskulinitate hegemonikoaren aldeko diskurtsoek indarra hartu dutela gazteen artean, sare sozialetan… Mugimendu feministatik eskatu da, esplizituki, gizonek urrats bat eman dezaten. Bada garaia?
Bai, seguru aski garai guztiak dira onak ariketa hori egiteko. Baina bai, garai aproposa da. Gizonezkook gehiago begiratu beharko genioke ispilu horri, ikusiz zein irudi bueltatzen digun. Eta irudi horrek gustatzen ez zaizkigun gauzak bueltatzen badizkigu, aldatu beharko genituzke. Uste dut badela ordua gizonezkook feminismora batzeko, inolako zalantzarik gabe. Gizontasun feminista bat pentsatzeko eta aurrera eramateko garaia dela uste dut. Bitxia da nola ez dugun orain arte egin. Feminismoa izango da gure garaiko iraultzarik handienetako bat, ez bada handiena, eta nola gizonezkook bazter egin diogun edo bazter batera jarri garen… Kontziente izanik zein den gure lekua eta gure papera, noski umiltasun erabatekoaz eta autokritika izpiritu sakon batekin, parte hartu behar dugu, eta uste dut badela garaia aurrerapauso bat emateko. Ariketa xume horrekin, hori bera egin nahi izan dut. Esperientzia propiotik abiatuta, baina beste gizonezko batzuei baliagarri edo lagungarri suertatzeko ilusioarekin.