Aritz Erkiaga: “Kantxa barruan jende berria behar da”
Zesta-puntaren iraultzaren aurpegietako bat da Aritz Erkiaga. Iazko denboraldian, partiduen %83 irabazi zituen eta ligako pilotari onenaren aginte makila eskuratu zuen. Hamahiru txapel jantzi ditu bederatzi atzelarirekin eta hasi berri den denboraldian dena emateko gogoz dago. Kameraz kanpo aitortu digu ez dela entrenatzen. Eta, haren emaitzak ikusita, behar ere ez. 37 urte dituen arren, ez du erretiroan pentsatzen eta ikuskizuna ematen jarraitu nahi du Euskal Herriko kantxetan..
Aritz Erkiaga, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko!
Winter Series bete-betean gaude eta zeu zara, beste behin ere, faboritoetako bat; zelan daramazu hori?
Faboritoak kantxan erakutsi behar du. Badakigu hemen bikote oso gogorrak daudela; akats batekin kanpoan gera zaitezke. Ligaxka oso gogorra daukagu, eta ea finalerdietan lan ona egiten dugun!
Zu zeu gogor sentitzen zara?
Bai. Urtea luzea izaten da. Martxoan izaten da hilabete erdi-oporrak hartzen ditudana, gero irailean ere bai. Udako denboraldia bukatu eta gero, Durangokolauko finalera bitartean atsedentxo bat hartzen dugu eta gero Winter-erako gogoz egoten naiz. Entseguak egin, lagunarekin ondo konpondu. Hori da garrantzitsuena: bikote bat egin eta bai kantxa barruan eta kanpoan ondo konpondu, ze hau bikote baten lana da; batek ondo egin baina besteak ez badu ondo egiten, ez gara urrun helduko.
Beharrezkoa da, ezta? Konexio hori izatea bikotekidearekin.
Bai, eta kanpoan ere ondo konpontzea. Ez da bakarrik partidura joan eta bi ordu horietan ondo konpontzea. Kanpoan ere berba asko egin, taktikak…: “Zelan zaude?”; “Zer nahi duzu nik egitea?”; “Zer nahi dut zuk egitea?” Harremana beti da ona; berba asko egitea, behintzat, oso garrantzitsua da.
Ez duzue zuek aukeratzen norekin jokatu, ezta?
Ez. Ondo legoke, baina ez. Egia esan, lan horretan [Iñaki] Goikoetxea dago, mundu hau ondo ezagutzen duena. Badaki zer eskatzen duen jendeak: lehiakortasuna. Aurten Winter-en formatua ere aldatu da, finalerdietan ligaxka bat dago, hori ere jendeak nahi duen gauza bat da. Eta haren lana garrantzitsua da.
Ematen du boom bat dagoela zesta-puntaren inguruan; nola daramazu hori?
Ondo. Dania itxi zenean begira nola geunden denok; negarrez ia-ia, Ameriketako bizitza amaitu zelako. Eta bai eragin digu. Ez da bakarrik “Ameriketakoa itxi da eta berriro hona dator ze Winter-a hasi da.” Hemen Euskal Herrian publikoa berriro ere frontoietara doa, eta izugarria da. Bonuak ere 15 minutuan saldu ziren; 1.200 bonu izan ziren eta diru asko balio zuten. Jendea gogoz dago, ezta? Baina itxiera hark berri txar bat ere ekarri zuen: Ameriketakoa itxi zen, eta guk beti esaten dugu han ikasi dugula. Han egunero jokatzen genuen, diruaren truke; ez bagenuen ondo jokatzen ez genuen dirurik irabazten. Han ikasi egiten da. Hemen gazteek gaur egun duten hutsunea hori dela uste dut. Hemen astean bi bider entrenatuta ez da hain erraza profesionaletara heltzea edo asko ikastea. Hutsune hori bai igartzen da. Baina itxiera hark zer ekarri duen hona, publiko aldetik eta kalean zelan berba egiten den, oso ona izan da.
Modako kirola da momentu honetan.
Bai, eta, momentuz, oso ondo dabil Eraman enpresa hau dena kudeatzen. Ez da erraza. Ze askotan izaten da urtebeteko arrakasta, baina gero hurrengo urtean ez duzu berdina egiten; agian, gehiegi jartzen duzu eta jendea nekatu egiten da… Ez da erraza. Ematen du: “Dena ondo doa eta hau erraza da. Ipini partidu bat eta beteko duzu.” Ez da horrela. Eta, momentuz, behintzat, ondo ari dira lan egiten, eta horrela jarraitu dezala!
Eta zer uste duzu zuk egin behar dela erakargarritasun hori mantentzeko?
Denetarik. Kantxa barruan, jende berria. Gazteek ausardiaz jokatzea. Hau, azken finean, ikuskizun bat da. Frontoian dauden denek goza dezaten nahi duzu, eta pozik irtetea eta etxera doazenean esatea: “Ondo pasatu dut”. Horretarako, ikuskizuna eman behar dugu. Eta ikusleek gazteak ikustea, eta ez beti izen berak ikusten egotea. Orduan, hori bai dela garrantzitsua, nire ustez. Frontoira hurbiltzen den jendeak gozatzen du, jai giroa egoten da. Lehengo hiru eta lau orduko partiduak luze egiten dira gaur egun. Ohitu gara partidu bat ikustera edo bi, asko jota, eta nik pentsatzen dut hori ere arrakastatsua dela, arina izatea.
Itxura ere aldatu da, ezta? Ameriketako Estatu Batuetako estetika hori ekarri da hona.
Bai. Hasieran aldaketa guztiak gogorrak izaten dira. Lehenengo egunean ez dituzu onartzen. 35 tantora barik, orain setetara jokatzen da. Denetariko iritziak daude, baina iritzi orokorra da asmatu egin dela. Kantxa barruan ez ezik, kanpoan ere jende berria behar da. Zaleek ere gazteak izan behar dute, haiek kirola ulertzea falta da, haiek erakarri behar dira, eta arrakasta nik uste dut hortik doala.
Frontoi gehiago sartu beharko lirateke zirkuituan?
Ez da erraza. Frontoi luzea behar duzu zestan jokatzeko, eta frontoi luzeak Euskal Herrian ez daude asko. Agian, ligan sartu beharko lirateke Durango, Hondarribia, Donostia eta horiek, baina pausoka-pausoka. Ezin dira erre urtebetean frontoi guztiak eta gero… Egutegia ere oso betea egiten baduzu, gero jendea ez doa denetara. Ez dago hainbeste publiko, hainbeste partidu jokatzeko.
“Gauza asko aldatu behar dira; zestagile gutxi daude eta umeak geroz eta gehiago“
Aritz, frontoi faboritorik baduzu?
Hori izaten da irabazten duzuna. Galtzen duzuna ez zaizu gustatzen. Aspaldian Gernikan nabil gustura. Frontoi handia da eta errematatzeko leku asko daude. Gero, Donibane Lohizune ere gustatzen zait. Han turismora begira dago gehiago, baina betetzen da. Eta horixe. Normalean, irabazten duzun lekua eta publikoa dagoena.
Eta imajinatzen dut Ispasterko frontoia ere berezia izango dela zuretzat. Bertakoa zara. Han hasi zinen jokatzen?
Pilotak botatzen bai. Gero, eskolan, Ispasterren partidu batzuk jokatzen genituen eta gero Lekeitioko zesta eskolan ikasita. Baina Ispasterkoan oraindik ere ordu asko sartzen ditut semeekin, ilobekin, lagunekin, eta hori ere berezia da.
Noiz hasi zinen zu zestan jokatzen?
8 bat urtegaz. Anaia daukat, 5 urte zaharragoa, eta hura ni baino lehenago hasi zen. Hura Lekeitioko zesta eskolan zegoenean, neuk ere Lekeition eman nuen izena.
Eta? Engantxatu egin zintuen kirolak?
Bai. Ez naiz izan inoiz lehengo profesionalak jarraitu izan dituen pilotari bat edo 14 urterekin ametsa izan duena Ameriketara joateko. Ez. Partiduak jokatu, lagunekin ibili, entrenatu eta eguneroko bizitza egin.
Eta noiz esan zenuen… “Nik kirol honetatik bizi nahi dut”?
Ez dut izan horrelako unerik. Lehengo partiduetara ere ez nintzen asko joaten, lehen profesionalak zirenak ikustera. Ez nekien askorik Ameriketako bizitzaz, nire anaia joan arte. Gaztetan irabazten genuenean ere, ez nekien saria ona izan zitekeela eta Ameriketara joan ahal nintzela. Egun batetik bestera etorri da.
Berez etorri den zerbait izan da!
Bai.
2007an izan zen zure debuta, Markinan, Markinako Unibertsitatean. Nola gogoratzen duzu une berezi hura?
Ba, justu haren aurretik izan nuen Miamirako kontratua. Eta aukera hura izan nuenean, oso pozik hartu nuen Markinan debuta, lagun handi batekin, Iñaki Goitiarekin… Oso egun ona. Gero, anaia zegoen Miamin jokatzen, eta Miamiko frontoiari eskaera egin zion. Han denboraldiak hasten ziren urtarrilean eta uztailean. Eta galdetu zuen ea uztailean joan ordez irailean joan ahal nintzen, hemen debutatu eta hemengo bi hilabeteak egiteko. Horren guztiaren oroitzapena daukat, eta, gainera, anaia pixka bat izorratu nuen. Irailean hemen zegoen oporretan, Antzaretara joateko asmoz, baina nirekin bueltatzeko, niri laguntzeko eta Miami niri erakusteko irailaren 1ean joan behar izan zuen.
Antzara barik geratu zen.
Bai.
Aritz, eta nolakoa izan zen momentu hura? Ispastertik Floridara, Miami bezalako hiri batera. Han agertu zinen. Nolakoa izan zen aldaketa hura?
Handia. Ni ordura arte Ispastertik irten gabe nintzen. Bilbora joan eta galdu egiten nintzen! Baina laguntza handia izan nuen, anaiak pila bat lagundu zidan. Eta gero, bertara heldutakoan gogoratzen naiz dena desberdina zela: autoa, karneta nola atera, norbere autoa eraman behar da karneta ateratzera… Beste mundu bat da, baina laguntza handia izan nuen eta seguru laguntza hura gabe asko sufrituko nuela.
“Miamin apustu bat zinen, zenbaki bat, eta ez zegoen errespeturik”
Pozik zeunden han?
Hasieran ez. Niri kostatu egiten zait lagunak egitea, hurbiltzea, berba egiten hastea ezezagunekin… Gehiago joaten nintzen alboko frontoira, Daniara, han ezagun gehiago izaten nituelako. Miamin historikoki pilotari zaharragoak egoten ziren, Danian beti gazteagoak. Eta ni 20 urterekin gehiago hurbiltzen nintzen Daniako frontoira. Baina gero ohitu egiten zara. Ikusten duzu hori dela nahi duzuna, zestan jokatzea, eta han ikasten da egunero jokatzen. Eta pentsatzeko modua aldatzen duzu: hemen lagunak aparkatu egin behar dituzu eta han beste bizitza bat hasi eta aurrera begiratu.
Han apustuka jokatzen zen. Presioa zegoen?
Presioa, norberak. Publikoak ez, ze ez zegoen ia inor ikusten.
Ez?
Ez. 2007an igartzen zen: zapatu-domeketan joaten zen jende pixka bat, baina aste barruan inor ere ez zen joaten. Eta geroz eta gutxiago. Orduan, presio hori norberarena zen. Heldu nintzenean ez hainbeste. Baina aurretik bai izaten zen, kontratua emaitzen araberakoa zelako. Ni heldu nintzenean diru gehiago eskatzeko balio zuten emaitzek, baina kalera botatzeko ez zuten balio. Beraz, presioa enpresaren aldetik ez zegoen. Nork bere buruari ipinita bai: “Irabazten badut goiko mailara noa.” Hori bai.
Ibilbide gorabeheratsua izan du zesta-puntak Ameriketako Estatu Batuetan. Zeuk esan duzu publikoan jende askorik ez zela ikusten. Orduan, zer gertatu da? Euskal Herritik puztuta geneukan Floridako zesta-puntaren kontu hori? Glorifikatuta?
80ko hamarkadan bai, aktoreak bezala bizi ziren. Oso ezagunak ziren eta diru asko irabazten zuten. Gero, azkenengo urteetan, egia esan, zesta-punta bizirik egon da kasinoengatik. Floridan lege bat zegoen: kasinoek zesta-punta, txakur lasterketak edo zaldi lasterketak izan behar zituzten. Eta lege hark izan gaitu bizirik. Lege hura aldatu zenean, ez gintuztenean behar, etxera bidali gintuzten. Bertan zaudenean zaila da ikustea zer gertatzen den. Kanpotik errazago ikusten dira gauzak. Baina izan da amaiera bat, argi zegoena.
Ze ezberdintasun daude Miamiko publikoaren eta Euskal Herriko publikoaren artean?
Miamin zenbaki bat zinen. Apustu bat zinen eta edozer esaten zuten. Ez zegoen errespeturik.
Ez? Zer esaten zuten?
Esan ezin diren gauzak. Gauza oso txarrak entzunda nago, eta errespeturik ez zegoen. Batzuetan, bidaltzen zenuen segurtasunekoa esatera publikokoei hori ezin dela esan edo kanpora ateratzeko. Baina, azkenean, hain zegoen hilda kirola, segurtasunik ere ez zen egoten. Eta hemen ezberdina da. Hemen jendea ikuskizunera doa. Gaur egun ez dago apusturik, eta hori ere hobea da publikoarentzako. Ez dago urduritasun hori eta ikuskizunarekin gozatzera zoaz. Eta hemen lasaiago jokatzen dugu.
Irribarrea ateratzen zaizu!
Bai. Politagoa da. Han txalo bat ere ez zenuen entzuten.
Han bitxia zen. Kasino batera sartzen zinen, gurutzatzen zenituen makina txanponjale horietakoak eta gero zegoen frontoia. Esaten zenuen: “Baina nolatan frontoi bat hemen!”.
Bai. Apustu bat zinen. Zenbaki bat. Eta kiniela baten pertsona batek esaten zizun: “Munduko onena zara!” Eta hurrengo kinielan pertsona berak: “Munduko txarrena zara!” Orduan, zenbaki bat bakarrik izate horrekin askotan salto egiten zenuen, eta kontrola galdu.
Zergatik erabaki zenuen Euskal Herrira itzultzea?
Ez nuen erabaki. Bota egin ninduten. Zesta-punta amaitu zen eta lau hilabetera murriztu zuten denboraldia. Baina ezin ziren biak egin. Ezin zenuen han etxe bat mantendu lau hilabeteko soldatarekin eta hemen beste zortzi hilabetez bizi. Hemen lana ezin zenuen topatu, hango lau hilabeteak zeneuzkalako… Ume bat neukan sasoi hartan, eta gero, han familiagaz bizitzeko ez zitzaidan gustatzen. Gaztetan oso ondo bizi ginen, zestan jokatu eta kitto. Baina gero, ume bat jaio zen, nagusia han jaio zen, Miamin, eta hango bizitza familiarekin ez zitzaidan gustatzen. Auzokorik ere ez genuen ezagutzen, beti umea kontrolatuta izan behar duzu, beldurragatik, ze inor ez duzu ezagutzen… Eta orain hemen nagoela ez naiz Miamiz oroitzen ezertarako. Ez dut faltan igartzen ezertarako.
Daniako frontoia aipatu duzu. Zu Euskal Herrian zeunden frontoi hura itxi zenean. Zelan bizi izan zenuen zuk itxiera hura Euskal Herritik?
Ba, txarto. Hemen ere ez zegoen ezer. Bi hilabeteko denboraldia egoten zen hemen, uztailean eta abuztuan. Eta jende gaztearentzako ematen zuen amaitu zela zesta-punta. Zergatik da eskupilota hain ezaguna? Telebistan ikusten dituzulako, eta nahi duzu izan Laso edo Altuna. Eta Ameriketako erreferentzia hori amaituko zen zestalarientzat. Eta, ba, triste, ze pentsatzen genuen hemen ere amaituko zela. Eta gerokoak gauza asko aldatu ditu.
Eta orain? Hona etorrita eta ikusita bultzada bat izan duela kirolak, zelan ikusten duzu zesta-puntaren etorkizuna?
Lehen baino mila bider hobeto, baina ondo-ondo ere ez dago. Ez dago perfekto. Gauza asko daude hobetzeko. Ez da egun batetik bestera aldatzen, gauza asko aldatu behar dira eta denbora eramaten du. Zestagile gutxi daude eta umeak gero eta gehiago. Zestan jokatzeko leku askorik ez dago eta ordutegiak ere murriztu dira. Durangon irakasten dut nik eta 40 minutuko entrenamenduak ditugu, ezin delako gehiago egin ume guztiak sartzeko. Orduan, gauza asko aldatu behar dira. Astean 40 minutuko bi entrenamendurekin ez duzu askorik ikasiko. Bide luzea da eta ez da egun batetik bestera aldatuko. Baina bai, badaude aldatzeko gauza asko.
Zer esaten dizute entrenatzen dituzun umeek?
Ba… “atzo txarto jokatu zenuen”… Baina gustura. Gazteak ikustea geroz eta gehiago datozela, hori ilusioa da. Ondo pasatzen daudela, orain arte ezagutu ez duten kirol bat egitera datozela, eta ez umeak bakarrik. Lehengo astean izena eman zuen 16 urteko batek. Edozein adinetako umeak datoz, eta hori gauza ona da. Bai neska, bai mutil.
Inguru sendoa duzu zuk, Aritz. Aita, ama, semeak, frontoian egoten dira. Herrikoak ere bai. Ze polita, ezta? Ze, agian, gaztea zarenean eta hasten zaudenean babes hori izatea normala izaten da, baina gero, jendea nekatu egiten da. Zure kasuan, ez. Zure kasuan, hor egoten da inguru guztia.
Bai. Herri txikia da Ispaster, eta, egia esan, mundu guztiak segitzen nau. Eta eskertzen da kalera irten eta komentatzea: “Hau txarto, hau ondo”; “Ikusi zaitut telebistan”… Polita izaten da. Azken finean, entretenitzeko gaude, jendeak ondo pasatzeko. Esaten didate: “Sufritu egin dut zurekin, e!”. Eta nik: “Bueno, lasai”. Polita da jendearen begietan egotea.
Nor izan da zure erreferentea?
Ameriketako bizitzan, anaia. Anaiak lagundu dit asko. Gero, zestan, Goiko-k [Iñaki Osa Goikoetxea] ere lagundu dit. Gaztetan, Lekeitioko entrenatzailea, Fausto, izan zen gehien lagundu zidana. Gero, Berriatuako eskolan ikasi dut partiduak jokatzen ni baino hobeen kontra, hor ikasten da. Eta gero, Miamin perfekzionatu egin nuen. Eta kirol munduan, Goikoetxea izango da harreman gehien dudana; harekin ikasi egin dut eta laguna ere bada.
Kanpotik ikusita, hoztasuna transmititzen duzu, nahiko hotza zara. Baina batzuetan ikusi zaitugu partiduetan berotuta. Zelan kudeatzen dituzu emozio horiek?
Bai; ikasi egin behar da. Amorruak ezin zaitu irabazi. Lasai egon behar duzu. Ezin duzu pentsatu zer gertatu den, pentsatu behar duzu zer egingo duzun hurrengo tantoan. Eta hori da, nire ustez, garrantzitsuena: lasai egotea, hurrengo puntuan pentsatu, ez pentsatu zer egin duzun ondo edo txarto. Eta lasaitasun hori pentsatzen dut garrantzitsua dela, ez bakarrik zestan, baizik eta denean. Lasai egon eta aurrera begiratu!
Zure aita Matematika irakaslea da. Ona zara zu matematiketan?
Ez. Ondoen hori egiten dut, matematika; baina ona… Kar, kar, kar.
Baina, agian, frontoiko estrategia horiek prestatzeko…
Bai, bai. Eta gero, emaitzek ere laguntzen dute. Konfiantza izatea. Ez da bakarrik ona izan edo txarra izan. Gauzak ondo doazenean dena da politagoa, dena da errazagoa, konfiantzarekin zoaz, baina burua argi izatea oso garrantzitsua da.
Partiduen ostean jokaldiak errepasatzen egoten zaren horietakoa zara?
Bai, asko. Bai ondo egiten ditudanak eta bai txarto egiten ditudanak. Ondo egiten ditudanak gustatzen zait ikustea, ze hori errepikatzeko gauza berak egin behar dituzu. Landu baduzu tantoa era batera eta emaitza ona eman badizu, ba, egin hori. Eta txarto egiten dituzunak ere bai: “Hori ez dut egin behar”; “Zer pasatu da?”. Ze ez da azkenengo emaitza. Ez da nola egin duzun akatsa, baizik eta zerk eraman zaituen akats hori egitera.
Lehen esan duzu semea ere aritzen dela zestan jokatzen. Ze aholku ematen diozu?
Ez diot aholkurik ematen. Esaten diot hark nahi duena egiteko. Ez diot presiorik sartu nahi. Zestan dabil jaio zenetik ia-ia, Donibane-Lohizunen kartoizko zesta bat ematen zuten eta harekin ibiltzen zen. Baina oraindik ere txikiegia da. Esaten diot: “Zer nahi duzu, ikasi edo ondo pasatu?”. Biak daude ondo. “Ondo pasatu nahi baduzu, jarraitu. Ikasi nahi baduzu, bai behar da diziplina pixka bat, eta gogor egin behar da.” Baina ondo pasatu nahi badu, ez da ezer gertatzen.
Baina zu alboan izango zaitu.
Bai. Berriatuko zesta eskolan dabil, eta joaten naiz, ikusten dut eta ez diot ezer esaten. Frustratzen bada, bai esaten diot: “Zergatik frustratu zara? Ikasi nahi duzu ez frustratzeko?”. Oraindik 8 urte ditu eta txikia da. Beste hainbat urte ditu ondo pasatzeko edo ikasteko.
37 urte dituzu. Inoiz pentsatu duzu erretiroan?
Ez. Espero dut urrun egotea, osasunak laguntzea. Ez dut denboraldi guztia egiten. Bi hilabete-edo jai hartzen ditut urtean. Geroz eta zaharragoa, denboraldia dosifikatu egin behar da. Ezin da 20 urte zenituenean bezala ibili. Eta hori bai egiten dut: pixka bat gehiago pentsatu epe luzera gaurkotasunean baino.
Eta B planik baduzu erretiratzen zarenerako?
Ez. Aprobetxatu. Egia esan, zortea daukat honetara dedikatzen naizela. Ez da goizeko seietan fabrikara joan behar dudala eta gero entrenatu. Orduan, horrek ere laguntzen du hau luzeagoa izan dadin.
Noiz arte?
Orain momentuan ez dakit. Gero, agian, hasten banaiz partidu guztiak galtzen, ba, esango dut: “Nekatu naiz dena galtzeaz”. Eta, agian, datorren urtean utzi egingo dut. Ez dakit. Egunerokoa gozatu, ikusi gorputzak zer esaten duen, jokoak… Kantxa barruan ez banago ikuskizuna ematen, zertarako nabil? Orduan, ez dakigunez noiz helduko den momentu hori, ba, eutsi arte.
Ikusten da gozatzen duzula zesta-puntarekin, eta jendeak ere gozatzen du zu ikusita. Beraz, luzaro jarraitu! Aritz Erkiaga, eskerrik asko, benetan, gurekin egotearren.
Eskerrik asko zuei!