Arima: “Agertokia sentitzen dut nire etxea dela”

Musikari arima jartzen dion abeslaria da Arima. Txikitatik ezagutzen dugu elkar; beti kantuan eta dantzan ibiltzen zen ikastolako pasilloetan, kuadrillako bazkarietan zein herriko festetan. ETBko Ztanda talent showa irabazi zuen, eta sariaren dirua bere ametsa egia bihurtzeko erabiliko du: ondo bidean, abenduan kaleratuko du bakarkako diskoa, eta elektronika, soula eta musika afroa uztartuko ditu, berezkoa duen estiloa defendatuz. Izan ere, inor epel uzten ez duen artista horietakoa da Arima. Musika dario arimatik.

Arima, ongi etorri TTAP-era!

Eskerrik asko!

Ezagutzen gaituztenek badakite, beraz, kontatuko dugu lagunak garela, kuadrillakoak. Eta aitortu behar dizut ilusio berezia egiten didala elkarrizketa honek, sekula ez zaitudalako elkarrizketatu eta beti izan dugulako gogoa. Beraz, eskerrik asko, benetan.

Zuei!

Bakarkako ibilbidea hasi berri duzu, eta duela gutxi argitaratu duzu Iparrorratza kantua. Nola sentitzen zara?

Iparrorratza oso berezia da. Gustatzen zait oso desberdina delako; orain arte egin dudanaren aldean, oso bestelakoa da. Orduan, gustatu zait, eta harrera polita izan du.

Erritmo eta doinu ezberdinak ditu, eta 90eko hamarkadako ukitu bat ere badauka. Nola definituko zenuke zuk?

Hori da elektronika, EDM deitzen da. Aspaldi, Rihannak atera zuen disko bat rollo horrekin, eta niri pila bat gustatzen zait. Egia da dena gustatzen zaidala –eta zuk badakizu–, baina EDM pila bat gustatzen zait, eta uste dut jendeari ere heltzen zaiola.

Aldaketa bat eman nahi izan duzu?

Bai. Ni neu izan gura izan dut. Disko bat atera nahi dut abenduaren azkenetan, neu izan gura dut, eta, ahal dudan heinean, izango naiz, ukitzen ditudan musika genero guztiekin.

Musika da zure iparrorratza?

Musika, bai, noski, hori da barruan daramadana.

Eta nola daramazu bakarka kantatze hori? Orain arte, beti egon zara bikoteka edo pixka bat taldean. Eta, orain, Arima, zeu bakarrik.

Gogoa nuen, kristoren gogoa nuen. Eta jendeak ere eskatzen zidan: “Egin behar duzu zeuk bakarrik”. Eta, nik: “Bai, egingo dut, egingo dut”. Baina egia da ez dudala argi eduki nondik jo, eta, azkenean, esan dut: “Eramaten utziko naiz!”

Eta nola doa prozesua?

Oso ondo. Nire ekoizleak lehenengoan ulertzen nau, eta niretzat hori oso garrantzitsua da. 

Reggaetoia ez nuke kantatuko; ez nau deskribatzen

Kontatu nolakoa izaten den zure sormen prozesu hori, ze, artista bakoitzak bere sormen prozesua izaten du. Batzuek musika egiten dute lehenengo; beste batzuek, letra. Nolakoa da zure prozesua?

Batzuetan izaten da musika lehenengo, eta beste batzuetan letra. Baina egia da idazten dudala pila bat, eta esaten dudala: “Kantu honi sartuko nioke elektronika”, edo: “Hau soul izatea nahi dut”. Hori izaten da plazaratu nahi dudan emozioaren arabera; horrek eramaten nau. Eta, askotan, melodia ere neuk egiten dut, eta, gero, erakusten diot ekoizleari, Jagoba Ormaetxeari, eta berak lehenengoan ulertzen nau.

Nolakoak izaten dira kantu bat argitaratu aurreko orduak? Nola bizi duzu zuk hori?

Urduritasunez, agian, ez. Ez da urduritasuna, da gogoa: “Nola hartuko dute?”

Artistak jakiten du ze kantuk funtzionatuko duen eta zeinek ez?

Jakin, jakin, ez da jakiten, baina izaten duzu ideia apur bat. Esaten duzu: “Honek pentsatzen dut publiko gehiago hartuko duela”. Bai.

Aurretik beste kantu bat ere atera zenuen, Leire Martinezekin. Nola bizi zan zenuen hori?

Leirerekin atera nuen kantuarekin amets bat bete nuen. Esan nuen: “Ostras, Leirerekin daukat abesti bat!”

Edonork ezin du esan hori, e!

Ez, ez, ez. Leire, gainera, oso jatorra da, eta erraza egin zitzaidan berarekin abesti bat ateratzea.

Baina hor ez zara zu bakarrik. Beste pertsona batekin ari zara, beste artista batekin, ezaguna da, bere estiloa eta bere lan egiteko modua dauzka, eta hori uztartu egin behar da.

Bai, baina oso ondo ulertu genuen elkar. Nik bere ibilbidea segitu dut, eta berak neurea, era batera, ze Ztanda-n egon ginen batera, berak ere jakin zuen ni nondik noan, nola abesten dudan… Oso ondo ulertu genuen batak bestea.

Eta zenbat kantu egin dituzu, honezkero?

Eginda dauzkat, baina ez aterata, oraindik. Lau bat eginda daude, baina gehiago falta zaizkit. Diskoan zazpi edo joango dira.

Eta nondik etortzen zaizu zuri inspirazioa?

Inspirazioa, leku guztietatik. Autobusean noa, adibidez, eta esaldiak etortzen zaizkit burura; orduan, idatzi egin behar ditut mugikorrean edo aukera dudan lekuan.  

Ahal ditudan ordu guztiak eskaintzen dizkiot musikari”

Zer aurkituko dugu disko horretan?

Aurkituko duzue Arima, goitik behera; ni neu. Eramaten utzi naiz, eta egongo da elektronika, egongo da afro apur bat, egongo da soula. Neu deskribatzen nauen musika mota, azken finean.

Bai, zeren ikusita zer dagoen euskal musikaren panoraman, oso artista ezberdina zara, gustatzen zaizkizun erritmo horiengatik, ezta?

Bai, hori horrela da. Egia da jendeak gehiago entzuten dituela trap eta halakoak, eta gustatzen zaidala baita ere, baina ez dut uste deskribatzen nauenik.

Reggaetoia ez zenuke kantatuko.

Ez, ez, ez; hori, ez. Errespetatzen dut, e; baina, ez.

Ez doa zurekin.

Ez, ez.

Zaila da musikatik bizitzea?

Bai. Zaila da, era batera. Kontaktuak eduki behar dituzu. Edozein ofiziotan behar dituzu kontaktuak, mailaz igotzeko apur bat. Beraz, zaila bada. Lan egin behar da.

Baina bide horretan zoaz.

Bai, bai, bide horretan noa, eta, tira, heltzen naizenera arte.

Bueno, zure hasieretara joango gara. Nik beti gogoratzen zaitut edo kantuan, edo oholtza gainean, edo kuadrillan abesten. Noiz jakin zenuen musikatik bizi nahi zenuela, edo musika zela zure ametsa?

Betidanik. Betidanik. Txikitatik abesten dut, dantza egiten dut… musikak pila bat hunkitzen nau, betidanik. Badago jendea txikitatik dakiena zertan egin nahi duen lan; eta beste batzuk, berriz, topatu ez dutenak, oraindik. Bada, nik betidanik jakin dut. Ezagutzen gara, eta ikusi duzu nire ibilbidea. Egia da, baita ere, eskertu behar dudala daukadan kuadrilla, beti jarraitu nauelako abestiekin. Koruan ibili gara gehienok, eta asko abesten dugu batera.

Bai. Musika beti egon da hor.

Musika, beti.

Eta momenturen batean esan duzu: Amets zailegia da, ez dut lortuko”.

Bai, bai. Askotan makalaldia izaten duzu, eta esaten duzu: “Puf, egin dudan guztia, eta ikusten da?” Baina, gero, hurrengo egunean esaten duzu: “Benga, aurrera, heltzen naizenera arte”. Barruan daramat, eta, neu naizenez, ezin diot utzi neu izateari.

Azkenean, ez da amets bat, zure izateko modua da.

Neure izateko modua da. 

Ztanda’-k baino ilusio gehiago egin zidan Gernika osoaren aurrean Gatiburekin kantatzeak”

Orduan, ez da borrokatzen ari zarela zerbait lortzeko. Zugan dago.

Bai horixe. Halaxe da.

Kontatu pixkatxo bat nolakoa izan den zure ibilbidea, ezagutzen ez zaituztenentzat.

Ia 20 urte daramatzat musika munduan, ofizialki. 22 urterekin atera nuen disko bat, beste mutil batekin. Izan zen hip hop rolloa, soul apur bat ere bazuen… eta lehenengo pausoak izan ziren horiek. Kontzertuetan, neure burua oholtza gainean ikusita, jendeak nola hartzen ninduen… esaten nuen: “Jendeari gustatzen zaio, e!” Eta, gero, utzi egin genuen; ama izan nintzen eta geldialdi bat egin nuen, ze ama izatea eta musika egitea, gaur egun, ez da erraza. Gero, esan nuen: “Zerbait egin behar dut”. Beti egon naiz abestiak idazten, gitarrarekin… Pandemian ere egiten nuen ordubeteko saio bat, eta jendeari asko gustatzen zitzaion, sare sozialetan pila bat jende hasi zitzaidan jarraitzen… Ondoren, hasi nintzen kolaborazioak egiten, eta izan zen Brick Pacorekin, afro estiloan. Baina ez nuen topatzen guztiz neure burua. Esaten nuen: “Hau ez da nahi dudana”, eta Ztanda-n sartu nintzen. Ztanda irabazi nuenean, hori izan zen kolofoia! Esan nuen: “Beti eduki dut honetara dedikatzeko pentsamendua, eta orain erabat daukat”. Hortik aurrera, etorri da Leire Martinezekin egindako abestia, eta, orain, disko honen sormenean nabil.

Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu musikari?

Ahal ditudan guztiak! Askotan, lanean nagoenean ere musikan pentsatzen nago: “Ai ama, gero hau idatziko dut, esaldi hau oso ona da”, eta mugikorrean idazten dut, geroko. Edo, kotxean noala, etortzen zaizkit esaldiak eta audioan jartzen ditut, gero abesti bat egiteko. Denbora guztian.

Beraz, ez da lan bat zuretzat.

Ez, ez.

Ztanda aipatu duzu, askok ezagutuko zaituzte Ztanda-tik. Ezagutzen ez duenarentzat, Ztanda da ETBko Operación Triunfo estiloko talent show bat. Espoilerra egin duzu, irabazi egin zenuen, baina goazen hasieretara. Esan zenuen: “Casting bat dago, castingera joango naiz”. Nola izan zen hori?

Ez dakit izena nola eman nuen ere! Lagun batek esan zidan: “Hau ikusi dut, eman izena”. Gero, zurekin hitz egin nuen, zuk ere bota zenidan, eta esan nizun: “Bai, apuntatu naiz”. Eta, hala, joan nintzen castingera. Presentziala izan zen, Bilbon, San Mames aurrean. Abestu nuen eta esan nuen: “Uste dut gustatu zaiela”. Pila bat denbora hartu zuten fasea igaro genuen edo ez esateko, amaiezina egin zitzaidan! Gero, esan zidaten baietz eta beste casting bat izango nuela, eta bigarren casting horrek ezustean hartu gintuen guztiok. Izan zen, Bilbon izan zen hori ere, laneko arroparekin joan nintzen… eta han zeuden epaimahaikideak: Kiliki Frexko, Alex Sardui eta Klara Mendizabal. Leire Martinez ez zegoen. Eta esan nuen: “Hauek daudela hemen! Ai ama, ai ama”. Tira, abestu genuen, lehenengoa izan nintzen castingean, eta momentuan bertan esan zidaten baietz, sartzen nintzela. Esperientzia itzela izan zen! Gero, hasi zen Ztanda, bi hilabete eta erdi inguru iraun zuen, eta oso ondo pasatu genuen.

Baina, azkenean, lana ere bai. Zuk irakasle moduan egiten duzu lan, eta, aldi berean, programa horretarako zure kantuak prestatu behar zenituen, entseguak egin… Pixka bat zoramena izan zen…

Bai. Lana egokitu behar izan nuen horretara, eta ez zen izan erraza. Donostiara joaten ginen astean bi bider, joan eta etorri, ostegunetan gala izaten zen eta oso berandu iristen nintzen etxera, hurrengo egunean lanera… Baina pozik, pozik ibili nintzen.

Nola gogoratzen duzu lehenengo emanaldi hura?

Lehenengo emankizuna izan zen duo bat, eta ondo joan zen, ez nintzen jarri urduri. Baina ikusten nituenean epaimahaikideak eserita, esaten nuen: “Ai ama, hau zer da? Hau serioa da!” Telebistan, gainera. Baina ondo ibili nintzen, erraz.

Erraza egin zitzaizun?

Bai, erraza, benetan. Pozik egon nintzen. Gogoratzen dut zeuk esan zenidala, gainera: “Inoiz baino pozago ikusten zaitut!” Eta egia da.

Agian, hainbeste urte eta gero, ikusten zenuelako zure unea iristen ari zela.

Aurrerapauso bat izan zen.

Eta, hor, astez aste, joan zinen gala batzuk irabazten. Eta beti ez da erraza, ze kantu asko beraiek aukeratzen dituzte zuentzat, agian ez dira zure estilokoak, baina zure estiloa jarri behar diezu.

Abesti guztiak beraiek aukeratzen zituzten. Guk egin genuen erreprodukzio zerrenda bat, baina hortik ematen ziguten nahi zutena. Erraza izan zen, nik gustura hartzen nituelako, baina batzuk urduriago egoten ziren. Izan daiteke adin kontua, esperientzia kontua… izan ere, nagusiena nintzen ni, eta, ibilbide bat eginda izaten baduzu, igarri egiten da.

Eta finalera iritsi zinen!

Finalera! Bua, bua, bua. Gogoan dut hamar bat edo baginela, ilaran jarrita, finalera ze bost pasatzen ziren jakiteko zain… Baten izena esan zuten, lehenengo, eta nik pentsatzen nuen: “Hurrengoa ni, ezta?” Eta bai, halaxe izan zen. Baina urduri nengoen, ze telebista da, eta zuk pentsatzen duzu ondo zoazela, baina ez dakizu jendeak nola hartuko zaituen.

Azkenean, telebistan showa ere badagoela, dena ez dela musika.

Hori da.

Baina iritsi zinen finalera, eta, hor, tokatu zitzaizun dena ematea!

Ba, bai, horrelaxe. Eta, gainera, denbora gutxi izan genuen ikasteko. Ze Adeleren kantuak badakizkit, baina ikasi egin behar dituzu show bat emateko, dena kontrolpean izan behar duzu, dantza, hara joan, gero hona… Baina esan nuen: “Egingo dut!” Eta, bai, egin nuen.

Hor ez zenuen zalantzarik izan.

Zalantza bat ere ez. Mundu honetan, azkenean, diru pila bat gastatzen da, hori horrela da; baina egia da, aldi berean, gauzak ondo egiten aritzearen sentsazioa duzula.

Eta nahi duzun moduan egiten ari zarela, ezta?

Hori, hori, hori.

Azken batean, autoekoizpenak horiek ematen ditu. Alde batetik, zailtasunak daude, zuk finantzatu behar duzulako; baina, beste alde batetik, erabakiak zuk har ditzakezu.

Eta ordaintzen ari zara zuk nahi duzun zerbait.

Nire diskoan ni neu izan nahi dut”

Ztanda-n egon ostean, aukera berriak ireki zitzaizkizun. Adibidez, Gatibuk Gernikan eman zuen azken kontzertuan, aukera izan zenuen oholtza gainean kantatzeko. Jende pila bat zegoen publikoan. Nola bizi izan zenuen hori?

Niretzako Ztanda izan da aurrerapauso bat itzela, gauza asko ikasi ditut telebistan. Baina Gatiburekin abestea, Gernikan, ametsa. Hasi nintzenean, pentsatzen nuen: “Gatiburekin noizbait abestu behar dut”. Ezagutzen dugu elkar, gainera, lagunak gara, baina ez zidaten inoiz ezer esaten. Eta nik pentsatzen nuen: “Ea zerbait esaten didaten”. Eta ezer ere ez. Baina, bat batean, Haimarrek esan zidan: “Arima, hau eta hau pentsatu dugu”. Eta bua, hori izan zen… Ztanda-k baino ilusio gehiago egin zidan!

Bai, e?

Gernika guztiaren aurrean abestea, behingoz!

Gernika guztiaren aurrean, gure talde kuttunetako batekin, agur esateko kontzertuan… berezia izan zen.

Eta isil-isilik egon nintzen; ez zenekiten hor egongo nintzela!

Kuadrillako bazkaria izan genuen, etorri zinen bazkaltzera, gero desagertu egin zinen ezer esan Gabe… Zurrumurruak bazeuden gure artean, eta, halako batean, oholtza gainean agertu zinen!

Hotzikara eragiten dit oraindik! Niretzako oso garrantzitsua izan zen.

Inflexio puntu bat. Eta, gainera, hainbeste sinistu zuten zugan, ez zenuela bakarrik Gatibu kantatu.

Nancy Sinatraren kantu bat jarri zidaten, Bang, bang, eta esan nuen: “Hemen luzitu egin behar naiz!” Haimar, gitarrarekin, eta ni neu ginen. Haien azkenengo diskoan nago, gainera! Zer gehiago behar dut?

Esan dugu oholtza gainean egon zinela jende pila baten aurrean. Zer sentitzen duzu agertoki gainean zaudenean?

Nik agertoki gainean sentitzen dudana da nire etxea dela. Nik ez dut urduritasunik sentitzen. Horra irten nahi izaten dut, zeren egia da, geroz eta jende gehiago egon, orduan eta gutxiago konturatzen zarela nor dagoen. Jende gutxi dagoenean esaten duzu: “Hau hara begira dago, bestea ez dago entzuten…”, adiago zaude. Baina jende asko dagoenean, pasada bat da, orduantxe egiten duzu distira.

Gainera, nik uste dut oholtza betetzen duten artista horietakoa zarela, ze mugitzeko trebezia ere baduzu, eta publikoak asko eskertzen du hori.

Bai, nik uste dut gustatzen zaizuna egiten duzunean, igarri egiten dela.

Zuk prestatuta izaten dituzu koreografiak?

Normalean, naturala izaten da. Badaude kasu batzuk, abesti bat asko entzun bada, adibidez, esaten dudana: “Hemen zerbait ezberdina egingo dut, jendearekin geratzeko”. Baina, normalean, naturala izaten da.

Nola ikusten duzu euskal musikagintzaren panorama?

Nik uste dut falta dela. Errespetatzen ditut reggaetoia, trapa eta orain eramaten den guztia, ze autotune asko ere badago. Baina uste dut kalitatezko zuzenekoak falta direla. Egin daiteke reggetoia eta kalitatezko zuzeneko bat, ez naiz sartuko generoan, baina bai falta dela zerbait ezberdinagoa: soula sartzea, pop gehiago… Nik uste dut behar direla emakumezkoak ere, eta baita nagusiagoak ere. Beti gaztetxoak dabiltza, eta oso ondo, nik denak maite ditut, baina nagusitxoagoak ere behar dira, ze horrek ematen du beste gauza bat.

Orain modan jarri da kontzertu handiak egitea, ikuskizunak. Eztabaida dago horren inguruan, zuk ze iritzi duzu?

Ondo ikusten ditut, beharrezkoak dira. Ez dakit kontzertuetarako lehen adinako joera dagoen orain; esango nuke lehen asko joaten ginela kontzertuetara, aldiz, orain, ez dut uste gazteak asko joaten direnik, sentsazio hori daukat. Beraz, ondo ikusten ditut.

Aldaketa bat ere badago, bai musika estiloan, bai ikuskizunak egiterako orduan. Lehen, bazirudien, kontzertuetan, taldeek kantatu soilik egiten zutela; orain, berriz, jantziak asko zaintzen dituzte, pantailak eta bestelako elementu batzuk sartzen dituzte… Beharrezkoa da?

Bai. Garrantzitsua da bilakaerarekin bat egitea. Irudia zaintzeak jantzi egiten du agertokia. Ados nago.

Nortzuk dira zure erreferenteak musika munduan?

Asko ditut, baina, denen gainetik, Michael Jackson dago niretzat; ez dakit bere mailako beste inor egon den, ezta orain dagoen ere. Nathy Peluso ere asko gustatzen zait, oso emakume boteretsua da, eta behar dira halakoak. Oso gustuko dut Teddy Swims ere. Eta, nola ez, Whitney Houston, Mariah Carey… horiek denak ere bai.

Eta zuk nola deskribatuko zenuke Arima? Ezagutzen ez zaituenarentzat nor da Arima? Nola deskribatuko zenuke zeure burua?

Ez da erraza, e. Arima, berak esaten duena. Arima da arimatik ateratzen dudan guztia, ni neu. Eta, orduan, saiatzen naiz, nire abestietan, bai letrarekin eta bai musika estiloarekin, neu izaten. Nik uste dut hori dela jendearengana iristeko modua.

Abenduan kaleratuko duzu diskoa.

Bai, abendu aldera.

Badauka izenik?

Oraindik, ez. Esaten da izenburua dela ipintzen den azkena , eta egia da. Lan guztia amaitzen dudanean, esango dut: “Hauxe da”.

Bide horretan zaude oraindik, kantuak sortzen?

Falta zaizkit beste hiru edo.

Baina ilusioz eta gogoz zaude.

Gogotsu, gogotsu.

Nola uste duzu hartuko duela diskoa jendeak?

Nik uste dut jende askok duela gogoa nire bakarkako disko bat izateko. Gainera, uztailaren 3an, kontzertu bat eskainiko dut Gernikan, Neguetxean, eta disko osoa aurkeztuko dut. Agian, horrekin ere, gogoa piztuko dugu. Baina uste dut ondo hartuko duela jendeak.

Lan handia egiten ari zara.

Bai, eta hori igartzen da.

Baina irribarrea ez duzu galtzen. Beraz, ikusten da benetan maite duzuna egiten ari zarela. Non ikusten duzu zure burua etorkizunean? Musikatik bizitzen?

Honetan gabiltzan guztiok daukagu amets hori. Beraz, bai, ikusten dut nire burua honetatik bizitzen. Egia da ate batzuk zabaldu behar direla, eta lan oso konstantea dela; une oro, egon behar zara hortxe, eta ezin zara jausi.

Burua gogor izan behar da, ezta?

Bai, hori horrela da.

Norbere buruarengan sinetsi, eta aurrera beti.

Ez da erraza, askotan, eta, mundu honetan, gutxiago. Baina egia da sare ona daukadala inguruan, eta beti daukadala jendea esaten: “Baietz, baietz, ahal duzula!”

Eta zuk zer esaten diozu zeure buruari?

Nik sinesten dut neure buruarengan, baina egia da, batzuetan, sartzen direla duda horiek.

Baina hor jarraitzen duzu.

Bai, azkenean, gehiago ahal du sinesteak.

Ba, jarraituko dugu zure ibilbidea. Zorterik onena opa dizut, Arima! Eta eskerrik asko, elkarrizketa honengatik.

Eskerrik asko!