Aria taldea

Pop musika jorratzen du Aria taldeak, eta, lanean denbora luzez aritu ostean, dagoeneko kaleratu dute haien lehenengo diskoa: Urdin.

Urdin izeneko diskoa kaleratuko duzue. Zer eskainiko du diskoak?
Zazpi kanta aurkitu ahal izango dituzue diskoan, euren artean ezberdinak direnak. Diskoa lantzen denbora dezente eman dugu; sortutako lehen kantak baditu dagoeneko hiru urte, eta kanta “gazteenak” ia urtebete. Bertan, emozio ugari ageri direla esango nuke: haserrea, amorrua, maitasuna, desira… Eta, letretan ez ezik, uste dut melodietan ere nabari dela, edo hori espero dut. Kanta gozoak dira, sentiberak, eta, ondorioz, diskoa ere halakoa dela uste dut.

Zein musika estilo jorratuko duzue diskoan?
Pop musika egiten dugu guk. Diskoan, ukitu elektronikoak gehitu dizkiegu melodiei. Domenico Gargano ekoizlearekin egin dugu lan, eta bere esentzia gehitu die abestiei, azken finean. Pop barruan, uste dugu kanta bakoitzak bere norabidea hartzen duela. Adibidez, azken kantak bals batera eramango gaitu. Nire konposatzeko modua urteetan zehar aldatu bada ere, letrek garrantzi handia izaten jarraitzen dute; edozein kantautorerentzat bezala, imajinatzen dut. Urte hasieran, taldea sortu genuen, eta 2023an zehar osatzen joan gara, baina kantak oraindik bakarlari gisa nenbilenean sortutakoak dira, eta estiloa, hortaz, kantautoreenetik gertu dago.

Zein hizkuntzatan abesten duzue?
Abesti guztiak euskaraz dira baina badugu bat, lehen singlea dena, Anime perdute izenekoa, euskaraz eta italieraz dena. Italiera erabili izana ez da kasualitatea. Abestiak Mediterraneoko krisia du mintzagai, eta errefuxiatuei laguntza ukatzen diotenei kritika bat da, ironikoki, euren ikuspegitik kontatua. Ni Sizilian bizi izan nintzen, eta Aita Marik bertan misioak askotan egin izan dituela irakurri nuenean, italiera ikasten nenbilela, kanta sortu zen.

Musikari edo talderen bat izan duzue erreferentzia gisa diskoa sortzeko orduan?
Taldean bakoitzak bere erreferente eta erreferentziak ditu; nahiko gustu eta entzute-ohitura ezberdinak ditugu. Nik zehazki sortzean ez dut bereziki inor oinarritzat hartzen; kantak naturalki jaiotzen dira. Egia da betidanik entzun izan dudala musika asko, batez ere pop eta indie estiloetakoak eta kantautoreenak; hortaz, hor daude The Beatles, Vetusta Morla, Olatz Salvador, Russian Red, Oasis… Nire iruditeria musikala osatzen dute, eta ni saiatzen naiz egiten nik entzun nahiko nituzkeen abestiak.

Zein tokitan gustatuko litzaizueke kontzertu bat eskaintzea?
Amestea doakoa dela diote, ezta? Bada, Donostiako Aste Nagusian eta Victoria Eugenia antzokian zoragarria izango litzateke.