Argitzeraino
Bero saparik gabe ere eguzkiak goia jotzen duen aroak geratzeko eta kobatik irteteko dei egiten du. Badago tarteari opor deitzen dionik ere.
Zer izango ote du hotz-zaleenak ere uda amaitzean datorren urtekoari begira jartzen dituen sasoiak?
Edozer balio du sargoria zein hozkirria dakarren udan, besaulki eta bulegoen erosotasunetik atera, eta plazerera uzteko garaia. Hil hauetan jotzen dute gogorren beti suma ezin daitezkeen izpiek, bai eta barrenak askatzeko beharrizana erakusten duten herrietako jai-txinpartek ere.
Lainoen apetetara utzita lotsatzen den eguzkiak badu, ordea, beti dakarren oparia: argia. Gura beste argi, agerian garbitu barik geratuko diren bekatuei gogoz eta aldartez ekitera garamatzaten gau laburrak.
Laburrak bezain oparoak, baina, goiko argiak atseden hartzen duenetan ere, txinpartek badutelako kalea hartzerik uda-sasoian. Soinean beharrezkoak diren arropak baino ez ditugula, senari barra librea uzten diogu muineko irrintziak askatuak izan daitezen. Gure benetako geu gara orduan.
Txinpartek, libertimenduak eta bero-zartadek hozkirri handienak besteko dardarak eragin diezazkigukete. Udak neguan onegiak izanagatik garamatza gaiztakeriara.
Hitzak: Gontzal Carrasco