Txopet proiektua

Andoni Barinaga-Rementeriak (bateria), Iñigo Guemes Wemes-ek (baxua) eta Jon Fernandezek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Bilboko Txopet taldea. Iaz, Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen hirukoteak.

Nola sortu zenuten taldea?

Ikastola berean ikasi ondoren harremana izaten jarraitu genuen. Beste talde batzuk izan eta gero (Keniama, Godoys), entsegu-lokal berean kointziditu genuen, eta pandemia ostean, Jonek ekarri zituen ideia batzuk landu ondoren, taldea sortzea erabaki genuen.

Zein musika mota jorratzen duzue?

Orokorrean, melodiei begira popa, baina zuzenekoetan askoz ere zikinagoak garela esan dezakegu. Ez diegu soinu berriei ukorik egiten, autotunea erabiltzeko beldurrik gabe, eta atmosfera desberdinak bilatzen ditugu. Gure kontzertu batean musika mota asko nabaritzen dira.

Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi duzue. 2023an BBK Liven jaialdian joko duzue…

BBK Liveko kontzertuaren inguruan ez dugu askorik pentsatu; ia seguru, urduri ez jartzearren…. Baina ilusio handia egiten digula argi daukagu, gogo handiz gaude!

Zuen lehen EP edo LPak argia ikusiko du 2023an?

Bai! Oraindik ez dugu ezer esan, baina maiatzean izango dela esan dezakegu. Zazpi abestiko disko fisikoa kaleratuko dugu. Oso-oso pozik gaude bizi izan dugun sorkuntza-prozesuarekin eta izan ditugun bidelagun guztiekin; batez ere, Urtzi Izarekin –diskoaren produktorea– eta Julen Alberdirekin –diskoaren diseinugilea–.

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

Hainbat ditugu eta sasoiaren arabera aldatu egiten direla uste dugu. Egia da hiruren artean gustu musikal desberdinak daudela, baina, batez ere, hemengo talde amankomunak ditugu: Vulk, Merina Gris, Nize, Ezezez, Lukiek…

Kontzerturik baduzue hurrengo hilabeteetan?

Bai! Bihar, martxoak 25, Zorrotzako gaztetxean egongo gara, Etxekalte

taldearekin batera; apirilaren 21ean, Orioko Etxeluze gaztetxean egongo gara,

TOC taldearekin batera; maiatzaren 6an, Bergarako kartzela zaharrean

egongo gara, Los Sanchos taldearekin batera; eta uztailean, BBK Live jaialdian egongo gara, Bilbon.

egongo gara, Bilbon.Bai! Bihar, martxoak 25 Zorrotzako gaztetxean egongo gara Etxekalte taldearekin batera; apirilaren 21ean Orioko Etxeluze gaztetxean egongo gara TOC taldearekin batera; maiatzaren 6an Bergarako Kartzela Zaharrean egongo gara Los Sanchos taldearekin batera; eta uztailean BBK Live jaialdian egongo gara, Bilbon.