Arantza Gallastegi: “Penagarria da, baina epaileak beti gara figura txarrak”
Iberdrola Ligan, emakumezkoen futboleko mailarik gorenean, epaile lanetan dihardu Arantza Gallastegi galdakoztarrak. Futbolari ohia ere bada, eta, hori dela eta, orain epaileen lana hobeto ulertzen duela aitortu du Gallastegik. Azkue Fundazioaren egoitzan elkarrizketatu du epailea Aiert Arieta-araunabeñak.
Arantza Gallastegi, futbol munduan Gallastegi Perez bezala ezagunagoa. Zergatik erabiltzen dira bi abizenak epaileak deitzeko?
Duela gutxi jakin dut. Lehen, abizen bakarra erabiltzen omen zen, baina epaile batek Franco zuen abizena, eta, antza, hanka-sartze handi baten ostean, egunkari bateko azalean Franco la lía titularra jarri zuten. Ordutik hasi ziren bi abizenak erabiltzen.
Istorio erreala da?
Guztiz erreala.
Nola sentitzen da epaile bat bere kide batek –duela aste batzuk, Muskizen– partidu batean zehar entzun dituen irainengatik eta autoan jasan dituen kalteengatik futbola uztea erabaki duela jakinda?
Pena handiz hartzen da horrelako albiste bat. Beti gara gu futbolaren elementu negatiboa. Aurrelari batek gol erraz bat huts egiten badu, ez da ezer gertatzen, baina epaile batek ez badu penalti bat adierazten, “marikoia!”, “putasemea!”… denetik esaten digute. Ez dut arbitro hori ezagutzen, baina lankidea dut eta pena ematen dit. Nik, zorionez, ez dut horrelakorik bizi izan.
Zuk ez, baina uste duzu emakume arbitroak gehiago iraintzen dituztela ala horrelako astakeriak esaten dituenarentzat berdin dio gizona edo emakumea izan?
Berdin dio. Agian, gaur egun, emakume bati horrelakoak esateak lotsa gehiago ematen die. Lehen, ohikoa zen “zoaz sukaldera!” eta antzekoak entzutea, baina gaur egun, futbol zelaietara emakume gehiago joaten dira, eta gizonei erreparoa ematen die euren emazteen aurrean astakeriak esateak.
Eta jokalarien tratua zuekiko nolakoa da? Gizonen eta emakumeen partidak zuzentzen dituzu. Tratua bera da batzuekin eta besteekin?
Ez; emakumeak okerrago portatzen dira gurekin gizonak baino. Konfiantzagatik dela uste dut. Gizonak altuagoak dira, indartsuagoak… eta kohibitu egiten dira, baina neskak neskekin txarrago portatzen dira.
Lehen esan duzu arbitroa beti dagoela jomugan. Zalerik ez daukan aktore bakarra da futbol zelai barruan. Zerk erakartzen zaitu orduan?
Ez dakit. Futbola beste ikuspegi batekin ikusteko hasi nintzen. Jokalaria nintzenean, sarritan esaten nuen: “Baina nola ez du epaileak hori ikusi?”. Ba, orain, ni naiz neure buruari “nola ez dut ikusi?” galdetzen diona.
Zer behar da epaile on bat izateko? Pertsonalitatea seguru, lehen aipatu ditugun egoerak eramaten jakiteko…
Duda gabe. Eta, horrez gain, konfiantza handia norberarengan, eta azkartasuna. Irtenbideak azkar bilatu behar ditugu, partidua ez dadin kaos bilakatu. Fisikoki ere ondo egon behar duzu, noski.
Jokalariekin distantzia mantentzekoa zara ala eurekin hitz egitea nahiago duzu?
Gustatzen zain beraiekin hitz egitea. Pertsona bezala ikus nazatela. Argi dago ez gaudela maila berean, baina saiatzen naiz alde hori ahalik eta txikiena izan dadin.
Eta partidu aurretik eta ondoren? Nolakoa da tratua?
Partiduaren aurretik, tratua normala da, elkar agurtu eta ezer gutxi gehiago. Amaitu ondoren… segun eta partidua nola joan den.
Sarritan esan ohi da arbitroak jokalari frustratuak direla. Epaile hasten direla ez dutelako futbolari izateko balio. Zure kasua da?
Ez. Bi urtez egon nintzen jokalari, entrenatzaile eta epaile lanak uztartzen. Kontua da bat aukeratzeko unea iritsi zela eta arbitrajea aukeratu nuela, baina jokalari izan nintzen azken urtean Arratian jokatu nuen Bigarren Mailan eta Euskal Selekzioarekin ere joaten nintzen; beraz, ez da nire kasua.
Zein postutan aritzen zinen?
Lateral postuan, hegalean.
Egur asko ematen zenuen?
Alderantziz. Jaso egiten nuen.
Eta protestatu?
Onartzen dut hasieran baietz; kar, kar, kar.Gero, ez. Baina hasieran, bai. Asko, gainera.
Jokalari eta entrenatzaile izateak epaile bezala futbola hobeto ulertzeko balio izan dizu?
Futbola baino gehiago, jokalariak hobeto ulertzeko. Oso urduri gerturatzen zaizkizu, eta epaileak pultsazioak jaisten eta egoera lasaitzen jakin behar du. Bestela, oso zaila da.
Zergatik aukeratu behar izan zenuen jokalari eta epaile izatearen artean?
Bizkaiko Arbitroen Batzordeak esan zidan mutilen lurralde mailako Lehen Mailan epaile aritzeko ezin nuela jokalari fitxa edukitzen jarraitu. Arbitrajearen alde egin nuen apustu eta pixkanaka gora egin dut.
Duela zenbat urte izan zen hori?
Duela hiru urte.
Hiru urteren buruan Iberdrola ligara iritsi zara, emakumeen futbolaren maila gorenera. Oso igoera azkarra da, ezta?
Ez pentsa. Hasi nintzenean ez zegoen epailerik eta errazagoa zen gora egitea. Lehenengo urtean ez nintzen gorengo mailara igo, oso lagun ditudan bi epaile bizkaitar igo ziren, baina nik ez nuen lortu. Hurrengo urtean bai, eta oso pozik nago.
Zer behar da epaile bezala mailetan gora egiteko?
Hasteko, zuzentzen dituzun partiduak ondo egitea.
Aztertzaileak dauzkazue harmailetan?
Emakumezkoen lehenengo mailan beti, eta gizonezkoen partiduetan batzuetan. Guk ez dakigu noiz datozen. Aztertzaile horren notaz aparte, azterketa teorikoak eta proba fisikoak ere gainditu behar dira.
“Jokalariekin hitz egitea gustuko dut, epailearen atzean pertsona bat dagoela ikus dezaten”
Zer eratako proba fisikoak?
Nik bi proba mota dauzkat, Bizkaiko Federazioarenak eta Espainiakoarenak. Bietan 40 metroko sei esprint egin behar ditugu. Gizonezkoen partiduak zuzentzeko denbora tope bat daukagu eta emakumeen ligarako muga hori apur bat altuagoa da. Horretaz aparte, Bizkaian interval bat gainditu behar dugu eta Madrilen yoyo-aren proba.
Beraz, fisikoki oso ondo prestatuta egon behar duzue, eta horrek dedikazio handia eskatzen du. Egia da 19 urte zenituenetik ez duzula parrandarik egin?
Egia da, baina denboraldian zehar. Uda uda da eta oporrak opor. Ez dut gezurrik esango, udan bakarren bat egin dut, baina denboraldian zehar ez naiz inoiz ateratzen.
Prestaketa teknikoari dagokionez, seminarioak egiten dituzue denboraldia hasi aurretik. Zertarako?
Urtero araudi aldaketa dago. VAR sistema sartzen dela, edo ateko sakeetan baloia area barruan ukitu daitekeela… Horrelakoak azaltzeko izaten dira seminario horiek, baina, batez ere, taldea egiteko. Nire kide batzuk Sevillan bizi dira, beste batzuk Bartzelonan… elkarrekin egoteko eta piña egiteko balio dute.
VAR sistema aipatu duzunez, zer iruditzen zaizu lehen bi urte hauetako aplikazioa?
Nire ustez, ona izaten ari da. Beti dago hobetzeko zerbait, bi denboraldi bakarrik daramatzagu, eta denbora behar da, baina hasi gara emaitza batzuk ikusten. Jokoz kanpo sartutako golak, adibidez, ez dira izaten. Hori ez da jokaldi gris bat. Jokoz kanpo da edo ez, eta hori hobetu egin da. Penaltien kasuan, interpretazioa sartzen da tartean eta hori zailagoa da.
Zer esango zenioke futbolak grazia galdu duela dioenari? Pikareska jokoaren parte dela uste duenari?
Justuagoa dela orain. Lehen, Real Madrilen edo Bartzelonaren alde erratzen ginela leporatzen ziguten. Orain, hori ez dago, eta justu kontrakoagatik kexatzen dira. Beti egongo da kexatzen den jendea.
Lehen, zure buruari meritu apur bat kendu diozu, Lehen Mailara iristea erraza zela esanez, baina nazioarteko partidu baterako aukeratu zintuzten, Bordelen, Frantziaren eta Serbiaren arteko partidu baterako. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Laugarren epaile bezala egon nintzen, baina izugarrizko esperientzia izan zen. Hogeita hamar mila ikusle baino gehiago, izugarrizko giroa… Gainera, emaitzak ere lagundu zuen, Frantziak 6-0 irabazi zuen.
Eta gizonen futbolean ere historia egin duzu. Zeu izan zara bi marrazain emakumerekin Ohorezko Mailako partidu bat zuzendu duen lehen emakumea…
Erandioren eta Bermeoren artekoa, bai. Niretzat, beste partidu bat izan zen. Ez dut atsegin hori albistea izatea. Hiru emakume ginen, baina, azken batean, hiru epaile, besterik ez. Egia da historikoa izan zela, eta harrotasunez hartzen dut, azpitik datozenei bidea zabaltzen ari garelako, baina ez zait gustatzen hori berri bat izatea.
Goazen, orduan, seguru berezia izan zen partidu batekin. Zure lehenbizikoa. Zer gogoratzen duzu?
Zuazon izan zen, Barakaldon. Ez naiz taldeekin gogoratzen, baina benjaminak ziren, ume txikiak. Eta hori izan da nire gurasoak zelaira etorri diren aurreneko eta azken aldia.
Zergatik?
Ez dakit. Urduri jartzen direlako, nire ustez. Etxetik ikusten naute, telebistaz, baina zelaira ez datoz.
Jakinda eurak etxetik ikusten ari direla, lehen zatian jokaldi polemiko bat badago, galdetu egiten diezu atsedenaldian?
Nire VAR sistema dira; kar, kar, kar. Normalean, ez, ez diet galdetzen. Oso argia izan bada, erratu naizen susmoa badaukat, bai, baina gero, ez diot nire buruari buelta gehiegirik ematen. Erratu banaiz, erratu naiz eta kitto.
Eta jakinda erratu egin zarela, ez zaizu konpentsatzeko gogorik etortzen?
Ez. Birritan hanka sartzea litzateke hori. Behin sartuta nahikoa. Bigarren zatia partidu berri bat bezala hartzen dut.
Konfidentziekin hasi garenez, beti izan dudan beste kuriositate bat. Zer esaten da pinganillo-etatik? Asko hitz egiten duzue?
Epailearen arabera. Niri, adibidez, asko gustatzen zait hitz egitea, baina beste batzuei, berriz, ez. Nahiago dute isiltasuna mantendu eta soilik baloia area ingurura iristen denean elkarrizketa izan laguntzaileekin.
Beti dira gauza teknikoak? Bestelako komentariorik ez?
Bueno, batzuetan, bai; kar, kar, kar. Baina, normalean, “falta izan da” edo “erne area barruan, bultzaka ari dira”… Horrelako komentarioak izaten dira.
Hurrengo asteburuan zuzendu behar dituzun taldeen partiduak ikusten dituzu?
Emakumeen ligan bai. Plataforma bat daukagu partiduak ikusteko, eta, batez ere, jokalarien jarrera aztertzeko erabiltzen dut nik. Nork ematen duen egur gehiago, nork hitz egiten duen gehiago… horrelako gauzak jakiteak partidua hobeto aurrera eramateko balio digu.
Baina horrek ez dizkizu aurreiritziak sortzen?
Ez. Jokalariari “ezagutzen zaitut, lasai ibili” esateko balio du. Jokalari polemikoekin egiten dugu askotan; izenetik deitzen diegu, “aiba, ezagutzen nau” pentsa dezan.
Eta funtzionatzen du?
Batzuekin; kar, kar, kar. Normalean, bai.
Emakumeen futbola bizitzen ari den boom-a epaileen artea ere nabari da?
Gure esfortzu mailak handiagoa izan behar du. Taldeak diru asko ari dira sartzen eta gure lanak askoz hobea izan behar du. Igo egin da exijentzia. Fisikoki gehiago eskatzen digute. Jokalariak profesionalak dira, fin-finak, azkarragoak, teknikoki hobeak. Gu ondo prestaturik ez bagaude, ez gara jokaldiak behar bezala ikustera iristen.
Eta exijentzia hori zuen lan baldintzekin bat dator?
Egia esan, gaur egun, gure lan exijentzia asteburukoa da. Hemen bi partidu zuzendu ordez bat Huelvan izan daitekeela, hori da diferentzia. Momentuz, ni unibertsitatean nabil eta ez zait biak uztartzea zaila iruditzen. Lanean ari direnek, agian, zailtasun handiagoak dituzte, egun libreak eskatu behar dituztelako, baina denborarekin hobetuko da, akaso.
Eta kopuru aldetik? Lehen, oso gutxi zineten eta beharra zegoen. Orain, gehiago zarete?
Bai. Ni hasi nintzenean Bizkaian 15 neska ginela uste dut. Orain, 38 inguru gaudela uste dut.
Zer dauka hobetzeko emakumeen arbitrajeak?
Fisikoki hobeto egotea. Hori da gizonekin daukagun desberdintasun handiena. Eurak beti daude fisikoki gu baino hobeto, baina entrenamenduekin asko hobetu dezakegu.
Epaile izateaz aparte, zer gehiago da Arantza Gallastegi?
Unibertsitateko ikaslea. Jarduera Fisikoa eta Kirol Zientziak, eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza ari naiz ikasten. Beti nago kirolari lotuta.
Eta zer beste afizio dituzu? Huelvara arbitratzera zoazenean, esaterako, zer eramaten duzu deskonektatzeko?
Bidaia horietara ezer gutxi, oso bidaia motzak dira. Hegazkina hartu, hotelera iritsi, lo egin, partidua zuzendu eta etxera buelta. Ez dago gehiagorako astirik. Baina, bestela, mendira joatea asko gustatzen zait, eta baita lagunekin egotea ere. Asteburuetan ezin dudanez, astelehenetan eurekin zerbait hartzea atsegin dut. Gertuko jendeaz inguratzea. Familiaz eta lagunez.
Partidu aurreko erritualik bai?
Mania bat daukat: txistua beti kamisetaren kolorekoa eramatea. Beltza izan ezik. Kasu horretan, txistu grisa edo arrosa erabiltzen dut.
Zer dela eta?
Ez dakit, baina osorik beltzez joatea ez zait gustatzen.
Noizko, Bundesligan bezala, emakume bat gizonen Lehen Mailako partidua zuzentzen?
Tira, badago bat Bigarren B mailan. Denbora kontua da. Gauzak ondo egitearen poderioz iritsiko da. Marta Huerta dauka izena. Oso gaztea da oraindik, 29 urte baino ez ditu. Eta bada Lehen Mailan marrazain aritu izan den beste bat ere, Guadalupe. Gaztea eta oso ona da. Bagoaz pixkanaka urratsak egiten.
Zeure burua Lehen Mailan ikusten duzu?
Gazteegia naiz oraindik. Bide oso luzea daukat aurretik. Nik Cholo Simeoneren ikuspegi bera daukat, partiduz partidu joatea. Epaile baten etsai nagusia bere burua da eta horregatik nahiago dut hurrengo partidua ondo ateratzen saiatu, egindako akatsak aztertu, beti dagoelako akatsen bat, eta hurrengorako hobetu.
Zein da hobetu beharreko akats hori?
Gehiegi hitz egiten dudala. Jokalari batzuek ondo hartzen dute, baina beste batzuek, ez. Eta, horretaz aparte, jokatzen uztea gustatzen zaidala. Oso falta garbia izan behar du nik jokoa gelditzeko, eta hori segun eta ze taldek, handiek bereziki, ez dute gustuko. Nahiago dute kontaktu txikiena ere adieraztea.
Ingalaterran arbitratzeko estilo egokia…
Eta Italiarako ere bai; kar, kar, kar. Baina hemen aritzea tokatu zaigu…
Azkena. Partiduz partidu joanda baina epaile lanak utzi aurretik bete beharreko helbururen bat?
Ez. Nire helburua gauzak ondo egitea da, eta partidua amaitutakoan, akatsen bat egin badut ere, jokalariek ni ulertzea. Epaile izateaz gain, pertsona naizela ikustea. Ordu eta erdiz epaile naizen arren, zelaitik kanpo Arantza naizela, besterik ez.