Arantxa Urretabizkaia: “Idaztea ofizio bat da, ez beste ezer”
1936ko gerra galdu zutenen seme-alabak lanean hasi zirenean, hortxe atera zen euskara kobazulotik. Arantxa Urretabizkaia bidegileetakoa da. Maria Merce Marçal poeta gogoan, aurtengo Abbadia sariak errebelde izateko lau arrazoi ditu.
Ongi etorria, Arantxa.
Eskerrik asko.
TTAP zer den ondotxo dakizu, hedabide berriaren aurkezpen ekitaldian izan zinelako. Hemen bertan, Donostiako Keller gunean. TTAPeko kolaboratzailea zara, gainera.
Bai, nola edo hala, bai.
Prentsa idatzian eta irratian urte luzez lanean. Zer-nolako harremana duzu kazetaritzari loturiko hedabide eta sare digital berriekin?
Sare digital berriekin ezer gutxi, egia esan. Geroz eta gehiago, egunkariak bertan begiratzen ditut. Ez ditut egunero erosten, baina sareak, batzuetan, ezinbestekoak dira lanerako. Daturen bat behar izanez gero, horra jotzen duzu. Facebook eta horrelakoei ez diet neurria harrapatzen, ez dakit zergatik nik egun batean egiten dudanak izan behar duen interesa inorentzat.
Facebook eta antzekotan bazabiltza? Ala kontua sortuta eduki bai, baina ez dituzu erabiltzen?
Facebooken banago, ezinezkoa zaidalako bestela besteen Facebook atarietan sartu. Halabeharrez nago bertan.
Sari ezberdinak jaso izan dituzu zure ibilbide osoan zehar: Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Euskadi Saria, Espainiako Kritika Saria bere garaian… eta Abbadia saria jaso duzu. Zer da sariaren berri izan zenuenean burutik pasa zitzaizuna?
Eskerrak eman nituen, lehenik eta behin. Harriduraz hartu nuen. Egona naiz aurreko urte batzuetan epaimahaian, eta ez nuen sekula pentsatuko saria jasotzea tokatuko zitzaidanik.
Bigarren gauza, eta saria jasotzeko beharrik ez dut horretaz jabetzeko, zahartu egin naizela da. Zahartzaroaren seinale izaten dira horrelako sariak.
Ibilbide bat saritzen baita, horixe nabarmendu dute. Kazetariaren tokian jarrita, tentazioa hortxe dago: iraganera begirako aipamenez beteriko elkarrizketa egitea… Abbadia saria jasoko duen Arantxa Urretabizkaiaren baitan zenbat Arantxa Urretabizkaia daude?
Ui… asko, espero dut! Inoiz esaten didate bi, eta neronek erantzuten diet: bi bakarrik? Asko. Gutako edonork pertsona asko ditu bere baitan. Desberdinak gara egoten garen pertsonaren arabera. Ez gara pertsona bera semearekin hitz egiten dugunean, adiskide min batekin edo ezezagun batekin.
Ez diot asko erreparatzen horri. Oso hurbilekoek esan izan didate ez dudala nire burua ondo ezagutzen, eta ziurrenik egia da, baina ez dut interes handirik. Hainbeste jende interesgarri dago munduan ezagutzeko… nire buruan arakatzeari ez diot interesik aurkitzen.
Lotura egon badago, baina 1972an poesiak idazten dituen Arantxa Urretabizkaia hura eta gaur egungoa bakarra da, baina, era berean, bi dira.
Bai. Argazkietan gertatzen da. Inoiz esaten didate: “Hau zu zara!”. Eta esaten dut: “Hau nintzen!”. Beste bat naiz orain. Idazkerari buruz ofizio gehiago daukat, dudarik gabe. Azken batean, idaztea ofizio bat da, ez da beste ezer. Jardunean ikasten den zerbait da. Nik txikitan uste nuen idazteko, eta neuk nahiko txikitatik idazlea izan nahi nuen, zerutik edo auskalo nondik eroritako grazia behar zela. Baina gero, ikasi nuen ez zela horrela, afizio bat dela. Gero, ofizio horretan, aparta edo arrunta zaren… hori beste kontu bat da.
Abenduaren 14ra arte zabalik dago Anoeta estadioko Ernest Lluch kultur etxean Lur argitaletxearen atzera begirako erakusketa. Bertan irakurritakoagatik, Kultura apaizen esku soilik ez uzteko izan omen zen argitaletxea abian jartzeko arrazoietakoa.
Lehenengo argitaletxe laikoa ginela esaten genuen, apaizekin zerikusirik ez zuena. Gutxi gorabehera, halaxe zen. Erakusketan agertzen den esaldi horrekin ez genuen adierazten, ez zen hainbeste ukazioa, baizik eta “guk ere egin dezakegu” moduko bat.
Demagun TTAPeko elkarrizketa hau irakurri, entzun edo ikusiko duena 23 urteko pertsona dela. Gazte horri esaldi hori bere dimentsio osoan ulertzea kosta egingo zaio, baina orain dela oso gutxi arte apaizak indar handia zuen. Txikitan gogoan dut auzoko apaiza etxez etxe ibiltzen zela. Komunitatea egiten ari zirela argudiatuko zuten, baina bazen kontrola ezartzeko modu bat.
Gure etxean helduak oso elizkoiak ziren. Elizak esaten zuena ez zen eztabaidatzen. Gainera, garai hartan agintean zegoen mundu politikoa etxeko atea ixten zen momentuan bukatzen zen. Francok ez zuen eragina etxe barruan, baina Elizak bai! Elizari ez zitzaion aterik ixten.
Elizak ametsetaraino luzatzen zuen bere eragina. Ez zegoen aterik Elizarengandik defendatzeko.
Euskal kulturgintzan ere oso sartuta zegoen…
Baita euskal kulturgintzan ere. Nire belaunaldiko gehienak, noski, gizonezkoak ziren. Eta gehiengo zabala apaizak edo apaiz izandakoak ziren. Orain, idazle gehienak irakasleak dira, maila batekoak edo bestelakoak. Orduan, apaizak.
Zuen balioa nabarmentzen denean, zeuk nolabait garrantzia kendu nahi diozu zure buruari…
Ez, ez diot nire buruari gezurrezko garrantzirik jarri nahi. Beti izan naiz oso irakurzalea. Gure amaren esanetan, gehiegi. Nik betidanik idatzi ditut emakumeak idatzitako liburuak. Ez zen gauza arraroa emakume batek liburu bat idaztea. Ez zitzaidan iruditu beste munduko ezer egiten ari nintzenik.
Euskaraz, ordea, bai.
Ez nekien. Ez nekien zein gutxi ginen. Eta ez nekien Zergatik panpox? idazterakoan hura izango zela emakume batek idatzitako lehen eleberria euskaraz. Ezjakintasunak salbatu ninduen; norbaitek esan izan balit zertan ari nintzen sartzen, agian ez nintzen ausartuko.
Baina ez da nire buruari garrantzia kentzea. Azkenean, nik liburu bat kaleratzen dudanean eta hartzen ditudan arriskuez pentsatzen badut, beti gauza bera diot: hau da liburu apal bat hizkuntza apal batean idatzia. Kitto.
“Gure zerumuga ez zen Madril, Paris baizik”
Denbora asko pasa da, baina niri 1969ko irudi bat datorkit burura. Udako arratsalde batean azken agurra eman zioten Rikardo Arregiri. Gabriel Arestik parte hartu zuen, Artze anaiek txalaparta jo zuten… Atxagak oso ondo jaso zuen hura Argia-n. Pentsa, berrogeita hamar urte pasa dira eta garai hartako literatura, musika, euskararen batasuna… Gaurko eguna ezin da garai hura gabe ulertu.
Gerra galdu zutenen seme-alabok lanean hasi ginenean, hor atera zen euskal kultura kobazulotik. Baina esan beharra dago –ni familia abertzale batean sortua naiz– orduko hartan ez zegoen ondo ikusia gauza horietan jardutea. Zeren eta Franco bizirik zegoen oraindik, eta saltsatan sartzea zen.
“Kontuz” entzun behar zenuten, maiz.
Bai. “Kontuz”. Euskaraz idazten hasi behar zenuela esan eta ez zen erraza “animo!” esango zizun norbait aurkitzea. “Kontuz” izaten zen esaten zizuten lehenengo gauza. Franco betiko izango zela zirudien, eta oraindik sei urte gelditzen zitzaizkion.
Pasarte bat irakurriko dut: “Maiz gure artean entzuten dugu gurasoak euskaraz egiten baldin badute… euskara biziko dela. Baina ez gaitezen engainatu, hori ez da egia. Egunero gure zineak, gure periodikoak, hitz batean esateko, gure gizartea euskaldun izatera iristen ez den bitartean alferrikakoa da pentsatzea gure hizkuntza zaharra eta gauza guzti horiek borondate on huts batez biziko direla. Ez. Gure problemak behar bezala sendatu nahi baldin baditugu, argi eta garbi eman diezaiogun aurpegi gure problemari eta gure errealitateari”. Euskaltzalea ahalduntzeko deia da, 1966koa. Rikardo Arregirena.
Alfabetatzean garrantzi handikoa izan zen Rikardo Arregi. Niretzat eta nire belaunaldiko gehienentzat euskara etxeko zerbait zen, eta ahozko zerbait zen. Euskara kontuetan, eta baita emakumeen eta gizonen arteko eskubideen berdintasun kontuetan, urte hauetan eman den pausoa katakunbatik argitara ateratzea bezala izan da. Itsutuko ginateke, baldin eta pauso osoa kolpetik egingo balitz. Ez da kolpetik egin. Aldaketa izugarria da. Horrek ez du esan nahi oraindik hutsuneak eta ahuleziak ez daudenik.
Nik nire haurtzaroari begiratzen diot, eta zer zen hori? Donostia batean, ez nabil Barakaldon esaten ari. Aldaketa izugarria da.
Beste ahalduntze batzuez hitz egitera pasako gara. XX. mendeko poesia kaieretan zure poesia liburu bat aurki daiteke, 2000. urteko ediziokoa. Poesia horiek Euskal Literatura 72 liburu kolektiboaren barruan zeuden, eta Koldo Izagirre editoreak sarreran zera dio: Liburu garrantzitsu bat beste liburu batetan itota galtzea, gurean bakarrik gertatu da. Liburua argitaratzeko ez al zen lehenago unea aurkitu?
Nik ez nuen argitaratu nahi. Klandestinitate osoan idatzi nuen, eta aurkeztu nuen inori ezer esan gabe. Eta inori da, inori ez. Aurkeztu nuen sariketa batera, eta irabazi zuen. Baina nik ez nuen argitaratu nahi. Taldeak argitaratzera behartu ninduen.
Etxean ere ez zenuen esan.
A, ez! Une hartan nuen mutil-lagunari biharamunean deitu nion eta zera eskatu nion: “Har ezazu periodikoa eta begiratu halako orria”. Begiratu eta esan zuen: “Hara! Zure izen eta abizen bera!”. Eta neronek: “Ez, ez!”.
Poesia hori atera zitzaidan, baina nik Arestik egiten zuena egin nahi nuen. Beste gauza bat atera zitzaidan.
Liburu modura argitaratzeko poesiak dira.
Beno, izango da. Nire lehenengo lana da… ez naiz atzera begira jartzen, ez ditut berrirakurtzen.
Editoreak, ordea, zera dio: “Denboraren joanak higatu gabe iraun duten obra bakanetako bat dela”.
Beno, tira, eskerrik asko Koldo Izagirreri.
Ez nuen argitaratu nahi, taldeak behartu ninduen.
Elkarrizketa prestatzeko irakurri ditut poesia haietako batzuk: San Pedro bezperako koplak 1 edota Nireetakoak dira. Euskara eta feminismoa aldarrikatzeko garaiotan, ikusten dut arrasto bat. 1972an idatzitakoak badira ere!
Nik ordurako Simon de Beauvoir ezagutzen nuen. Guk ez genuen literaturan Madrilera begiratzen, guk Parisera begiratzen genuen. Gure zerumuga Paris zen. Frantziako literatura garaikidea, eta Simon de Beauvoir, Sartre eta horiek guztiak ezagutzen genituen. Momentu horretan ez nuen feministatzat hartzen, hartu nuen kontzientzia hori ni bezala pentsatzen zuten emakumeak aurkitu nituenean. Hori, gutxi gorabehera, Franco hil aurretik gertatu zen.
Abbadia sarian aipatzeko asmoa badut. Badago poeta katalan bat, hil zen, Maria Merce Marçal izenekoa. Badu poema bat, Itxaro Bordak itzuli zuena. Gutxi gorabehera, honelaxe dio: Hiru dohain zor dizkiot bizitzari. Emakume jaio izana, klase apal batean jaio izana eta kultura zapaldu batean jaio izana. Hiru arrazoi errebelde izateko.
Lorea Agirreren eta Idurre Eskisabelen Trikua esnatu da (Lisipe) liburuaren abiapuntua horixe da.
Berrogeita sei urte zituela hil zen. Hil izan ez balitz, jakingo zuen badagoela laugarren arrazoi bat errebelde izateko. Eta hori zahartzaroa da.
Baina berak hiru horiek aipatu zituen, eta nik hiru horiek nituen!
Salda Badago jardunaldietan, irratian gogora ekarri zenuen oso aktibista gutxi elkartzen zineten garai hura, 80ko hamarkadan. Orain, feminismoak pluralean daudela esan genezake, korronte ezberdinak… Askotarikoa eta indartsua da mugimendua.
1977ko lehen jardunaldietan izan nintzen, Leioan egin zirenak. Datuak bilatzen ahalegindu naiz, baina ez ditut topatu. Memoriak esaten dit ez ginela ehun izango. Eta, orain, Durangoko jardunaldietan hiru mila ginen. Horrek zerbait esan nahi du.
Azken urte hauetan marea gora bat dator, seguru nago halakoren batean mareak behera egingo duela. Baina mareak behera eginda ere, itsasoa hor egongo da.
Bidean ikasia Hondarribiko Alardea hizpide duen liburua idatzi zenuen. Katakunbetatik argitara ateratzea aipatu duzu lehentxeago, eta liburu honen harira maiz denbora aldagai modura aipatu izan duzu. Denbora gakoetakoa da liburua osatzeko garaian.
Eta argitaratzeko ausardia ere denbora behar izan nuen. 70 urte bete behar nituen, eta Hondarribiko berdintasunaren aldeko borroka hark 25. Nik ez nuen alde egin nahi liburu hori idatzi gabe. Liburu hori nire buruari zor nion.
Orain gauza baretu da, baina urte haietan guztietan kalean… nik istripu deitzen nion. Istripu bat nuen bakoitzean, zeinean norbait oldartzen zitzaidan edo irainka hasten zenean… nik mantra bezala esaten nion nire buruari; isilean, noski: “Nik zuk ez daukazun tresna bat daukat eta nik kontatuko dut. Eta zuk ezingo duzu kontatu”.
Nire buruari zor nion, eta pentsatu nuen ezingo nuela beste hogei urtez utzi. Agian, ez nintzelako idazteko gai izango. Beste inori ez, e! Nire buruari zor nion.
Denboran aurrera eginez, aste hauetako lerroburuetakoa honako hau da: Alarde tradizionaleko gazte talde batek adierazi du emakumeek Hondarribiko desfilean parte hartzeko eskubidea dutela. Argia-n irakurri genuen.
Gazteak dira, gainera, gehienak. Jaizkibel Konpainian bagenekien bazegoela jendea beste konpainietan Jaizkibel onartuko lukeena. Baina horiek ere denbora behar izan dute azaleratzeko, eta aurtengo udazkenean azaldu dira. Eta horrekin frogatu dute ez dela egia Alarde Tradizionalak defendatzen dutenek eta haien alde egiten duten agintariek esaten dutena: herriaren gehiengo osoa Alarde Tradizionalaren alde dagoela eta kontra lau txoro, gaizto, feminista, bazterreko eta ozpindu daudela.
Guk bagenekien ez zela egia, eta gazte hauek hori frogatu dute.
Garrantzitsua da horrelakoak gertatzea. Ikustear dago noraino iritsiko den.
Bai, ikusiko dugu zer eragin duen. Baina, bai, garrantzitsua da, tesi ofiziala baztertzen duelako. Lehenengo agirian diote, gainera, sinatzeko prest legokeen jende gehiago badagoela. Baina oraindik ere jendeak beldurra duela. Hori onartzea ere ez da gutxi.
Kontrol sozial handia, zerorrek ere pairatu izan duzuna.
Bai.
Arantxa, amaitzear gaude. Sariak sarituari aztoramendua ekarri ohi dio: hedabideetatik deiak… zuk nahiago duzu zure egunerokoan, zure lantxoetan bizi.
Ez! Nik ahal diren sari guztiak jaso nahi ditut. Eta sari horiek berarekin dirua baldin badakarte, oraindik ere hobeto.
Sarien alde, konplexurik gabe.
Bat ere ez!
Ados! Jarrai ezazu lanean, sari gehiago lortzen. Plazer bat izan da, eskerrik asko.
Zuei.