‘Après ski’ estiloa: Menditik kalera
2025-2026ko neguan ez da eskiatu beharrik izango alpetar espirituarekin bat egiteko: après ski estiloa menditik jaitsi da, kalean indarrez kokatu eta street style-aren joerarik indartsuenetako bat bilakatzeko. Jatorri frantsesa du eta eskiatu ondoren esanahiarekin jaio zen; terminoa 50eko eta 60ko hamarkadetako Alpeetako boomarekin lotu zen. Egun, ordea, aspaldi gainditu du kirol-testuingurua: moda-kode propioa sortu du; funtzionaltasuna, beroa eta estetika retroa bateratzen ditu.
Artilezko jertseak
Bueltan dira eskian inspiratutako patroi edo grafiko nordikoak dituzten artilezko jertseak. Gorria, urdin iluna eta zuria dira kolore protagonistak, eta guztiek dute vintage kutsu nabarmena. Bestalde, neguko bota iledunak dira oinetakoen joera nagusia. Legging termikoekin, bakeroekin edo jantzi formalagoekin konbina daitezke, eta kontraste interesgarria sortzen da.
Aurpegiari marko berezia
Duela urte gutxi arte pieza erabat teknikoa zen balaclava-k modaren erdigunea hartu du. Luxuzko markek zein fast fashion-ek puntu lodiaren eta finaren bertsioak aurkeztu dituzte, eta kalean gero eta presentzia handiagoa dute. Beroa mantentzeaz gain, aurpegiari marko berezia ematen dio, eta après ski estiloko look berrien sinadura bilakatu da.
Beroki lumadunak
Ez dago après ski estilorik jaka lumadunik gabe. Denboraldi honetan, maxi modeloak izango dira nagusi: bolumen handiko jaka leunak, ehun distiratsuekin eta kolore biziekin. Hiri-estiloaren ikono bihurtu dira, eta erakusten dute erosotasuna ez dagoela estiloaren aurka.

‘Ondo eramateko’: bakeroekin, eta, kolorearen arabera, harekin bat datorren artilezko gorroarekin.

‘Ondo eramateko’: bakeroekin eta lepo luzea duen jertsearekin.

Ondo eramateko’: aurpegiari marko berezia ematen diona aukeratu.

‘Ondo eramateko’: Ilearekin edo barik, baina bakeroekin.