Antzerkia

Itxaso Paya Ruiz

Txikitatik antzerkia ohikoa izan da nire bizitzan. Amak askotan errepikatzen zigun Shakespearek esandakoa: “Mundua antzoki bat da eta gu aktoreak”. Gauetan txakurra paseatzera joaten zen eta jolasean geratzen ginen neba-arrebok bitartean. Etxera bueltatzean ohera sartzen nintzen ziztu bizian eta lokartuaren papera antzezten nuen. Hura izan zen nire lehenbiziko paper protagonistetako bat, loti ederrarena.

Antzerkia maite nuen eta kontua ez zen umeen jolas batean geratu, helduentzako jolas ere bihurtu zen, joko. Herriko antzerki eskolan egin nituen lehen urrats ofizialak –Euskal Herrian garai hartan egin zitezkeen ofizialenak–, eta ikastaroak ere egin nituen, batzuk: klown, antzerki musikala, bikoizketa, kantua, dantza, ADEL, gidoilaritza… Ikus-entzunezko Komunikazioa ere ikasi nuen, badaezpada. Horrela nire burua prestatzen ari nintzen oholtza aurreko zein atzeko lanak egin ahal izateko, autosufizientea izateko. Eta Eskerrak bideari doinuak irratian.

Profesionalki EITBko telesail ospetsu batekin ekin nion nire karrerari antzezle gisa, telebistan. Ondoren, antzerkia iritsi zen, eszena, teatroa –Lipusek esaten duen bezala–, eta, honekin batera, galaxia oso bat. Antzerki eskolako lagunek antzezlanak egin ohi zituzten Bilboko Hacerian, eta ohitura ederra bilakatu zen asteroko zita. Gerora haien antzerki konpainian –Yonunka– sartzeko aukera eman zidaten eta urte zoriontsuak izan ziren haiek. Algortako Hezetasun auzoko elizpea uzten zigun sakristauak entseatzeko, eta ni 60ko hamarkadako antzerki independentea sortzen zuen talde bat izango bagina bezala sentitzen nintzen tarteka –Cuéntame telesaileko Inesen eragina–. Ostean, beste proiektu batzuk etorri ziren, beste entseatzeko leku batzuk eta beste sakristaurik ere. Ederra bai, baina… bizitzeko beste?

Euskal Herrian euskal antzerkitik bizitzea (ia) ezinezkoa da. Datu ofizialek erakusten dute Euskal Herrian –Hegoaldean– antzerkia krisi bikoitza pairatzen ari dela: alde batetik, bertaratze txikia eta diru-sarrera publikoen eta pribatuen murrizketa; eta, bestetik, aktoreek beren artearekin bizimodua ateratzea zailtzen duten lan baldintzak. Iparraldean politika berritzaileak eta kultura-industriaren egonkortasun handiagoa nabarmentzen badira ere, antzerkigile ezagun batek salatu berri du euskarazko antzerkiak plazak galdu dituela bertan. Hego Euskal Herrian inbertsiorik eta egiturazko laguntzarik ezak egoera ekonomiko ahulean mantentzen ditu eragileak. Eta bere arteari esker bizi daitekeen euskal musikari bakarrenetako batek dion bezala: gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude.

Euskal Herrian antzerkitik bizitzea ia ezinezkoa bada ere, antzerkia bizirik mantentzea izan daiteke gakoetako bat, eta horretarako formula magikorik ba omen da. A) Finantzaketa eta babes instituzionala: antzerki proiektuak arrakastaz garatzeko ezinbesteko laguntza ekonomiko eta administratiboa. Honek sormen prozesua eta antzezlanen kalitatea bermatzen lagunduko du, gainera. B) Sormen askatasuna eta berrikuntza: diru-sarreren eta babes instituzionalaren bidez jasotako baliabideak sortzaileari askatasun ekonomikoa ematen dio modu askean eta berritzailean sortzeko. D) Komunitatearen inplikazioa: komunitatearen inplikazioak kultura-esperientzia kolektiboak sustatzen ditu, antzerkia gizartearen eta kulturaren adierazle bihurtuz. Streaming plataformak primeran daude eta etxeko beroa erakargarria da, baina ezerk ez du zuzeneko emanaldi baten magia ordezkatzen. Instituzioek baldintza duinak bermatu behar dituzte eta norbanakook ere badugu bete beharreko protagonista paper bat, antzerkira joaten den herritarrarena.