Antxoa-sasoikoak

Javier Arrieta Idiakez

Udaberria antxoa-sasoia izaten da. Historiak hori diosku, behinik behin. Gauzak aldatzen doaz, ordea. Dagoeneko, ez dago data zehatzeko kosterarik, ezta antxoa barra-barra ere. Geldialdi biologikoa ezagutu genuen duela urte batzuk. Antxoa gure kostaldetik desagertuko ote da?

Bateko eta besteko arrazoiak, gero eta itsasontzi gutxiago dago gurean. Bertoko arrantzalerik ere apenas geratzen den.

Erbestetik datoz itsasontzi ugari: Galiziatik, Asturiasetik nahiz Kantabriatik. Arrantzaleak, urrunagotik, Afrikatik nahiz Hego Ameriketatik asko.

Hala ere, portu batzuetan, suma daiteke antxoak berarekin dakarren bizitasuna eta poza. Oraindik ere, antxoak dirua uzten du herrian.

Garai batean, neguko zorrak antxoa-diruarekin ordaintzen ziren. Arrantzale gazteak ere pozik ibiltzen ziren, potxokua, ardao-dirua edo amari ez emana zeritzonarekin, hots, poltsikorako diruarekin.

Horregatik, ez zen harritzekoa Aste Santuko ohitura: ontzi-jabe askok Ama Doloretakoaren arropak zeramatzan orratz buru beltzak eskatzen zituzten, treinetan jarri eta kostera ona izateko.

Oraindik badira kontserba-fabrikak antxoa-xerrak latetan sartzen dituztenak. Erabat feminizatutako sektorea izaten jarraitzen du, eta lan-baldintzak hobetzearen aldeko aldarria entzun daiteke hainbat herritan.

Nasa gainean ikus daitezke emakume batzuk treinak konpontzen. Galtzen ari den ogibidea da, nahiz eta lortu dituzten eskubide batzuk, Gizarte Segurantzarenak kasu.

Badoakiguna eta badatorkiguna kontatzeko izan gaitezela, sasoian saikoari eutsiz.