Antton Telleria: “Umoregintzan topatu dut nire kantxa”
Antton Telleria saltsa askotako perrexila da. Tolosar umorezale eta umoristarekin hitz egiten aritu gara irratiaz, telebistaz eta bakarrizketez, besteak beste.
Antton Telleria, ongi etorri…
Oso ohikoa da akats hori, baina hasteko modu polita da. Horrela hasi genezake elkarrizketa, ezta? Lehenengo t bustiarekin jendeari gorputzak eskatzen diona da bigarrena ere bustitzea. Antton Telleria. Polita da, gustatzen zait.
Ongi etorri TTAPera!
Antton Ttelleria, ongi etorri TTAPera.
Nork esango du aho-korapilo hau?
Mila esker, zer politta! Bueno, polita esango dut; izan ere, baliatu nahiko nuke gaurko elkarrizketa C2ko ahozko azterketa praktikatzeko. Are gehiago, beharbada, elkarrizketa erakutsiko diet aztertzaileei, ea horrekin… TTAP! Saiatuko naiz euskara batu garbian hitz egiten.
Nola aurkeztuko zaitut? Aurkezle, komunikatzaile, umorista…
Umorista gustatzen zait. Esatari lanetan, bai irratian eta baita telebistan ere, hasiera-hasieratik izan dut umorerako joera eta gogoa.
Txikitatik izan zara artista?
Elkarrizketak egiten dizkizutenean aukera ematen dizute autogogoeta egiteko, sekula zeure buruari egingo ez zenizkiokeen galderei erantzuteko. Eta jabetu nintzen umetan izan nintzela beldurtia, kezkatia eta beti bigarren plano batean egotekoa. Baina, adibidez, mahai-inguru bat edo elkarrizketa bat baliatzen nituen kolpe txiki bat botatzeko. Hori zen nire ekarpentxoa. Nire izaerak asko eraman nau erne egon, entzun eta une batean kolpe txiki bat botatzera. Eta jendeak barre egiten bazuen, beldurra jaitsi eta onespena sentitzen nuen.
Telebista eta irrati zaleak izan zarete etxean, ezta?
Bai, betidanik. Gurasoak biak izan dira euskaltegiko irakasleak eta testuinguru idiliko batean jaioak gara. Gainera, Euskal Telebistaren oso bueltakoak ziren, irratiarena ere bai, txiste-kaseteena ere bai… Aitak Miramonen Txirri, Mirri eta Txiribitonentzat gidoiak idazten zituen eta cameo batzuk ere egiten zituen. Kike Amonarriz ere oso bueltakoa da… Lapiko hori ondo beteta geneukan.
Ikus-entzunezko ikasketak egin zenituen.
Bai, zer egin ez dakitenek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten dutelako. Ikasketak bukatu eta oraindik zer egin ez dakite. Nik, zortez, unibertsitatean bukatu eta praktikak egiteko aukera izan nuen eta horrek lanbiderako eta gaur egungo jardunerako lotura eman zidan. Eta, noski, anaiak ere bidea zabaldu zidan. Behobia-Donostia lasterketan bidea zabaltzea falta zaio!
Anaia zaharragoak Ikus-entzunezko ikasketak egin eta gero irratian hasteak gertukoa gertukoago egiten du…
Ez hori bakarrik. Hor badut psikologoarekin lantzeko zerbait. Anaia zesta-puntan jokatzen hasi zen eta ni ere bai. Hark batxilergoa letretatik egin zuen eta nik ere bai. Ikus-entzunezko ikasketak egin zituen eta nik ere bai. Irratian hasi zen eta ni ere bai… Izaera gutxi daukadala ondorioztatu dezakegu. Beldurti izatearen izaera horretan ere berme txiki bat dago “beste norbaitek bide hori hasi badu, beharbada, haren atzetik abiatuko naiz” pentsatzen duzunean. Batxilergoan zer ikasi nahi duzun galdetzen dizutenean, nituen abilezia apur horiei begiratu nien eta Ikus-entzunezko ikasketak doitzen zitzaizkidala pentsatu nuen. Esan bezala, jendaurrean hizketan ez nintzen beldurtzen, adibidez. Askok hori drama bezala bizi dute eta hezkuntza sistemak ere esku hartu beharko luke gai horretan. Jendaurrean nagoenean, jendearen begiradak beldurra baino gehiago babesa ematen dit. “Nirekin daude”, pentsatzen dut, edo “ea nirekin dauden! Saiatuko naiz neureganatzen”.
Praktikak Gazteanegiten hasi zinen.
Bai. Umorista bokazioa banuen, baina ez nuen uste hori nire lanbidetik bideratu nezakeenik. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi berritan, uste nuen kazetari serioa izan behar nuela. Euskadi Irratian bekadun izateko izena eman nuen, baina Gaztean hartu ninduten. Eta nik Euskadi Irratira joan nahi nuen; pertsona errespetatua izan nahi nuen. Pentsa ze akats izan zitekeen hori –errespetu osoz Euskadi Irratiari–. Orain, Euskadi Irratian kolaborazioak egiten ditut, baina umoretik. Eta umorearena lanbide bat izan zitekeela deskubritu nuen Gaztean. Izan ere, Gaztean musikaz gain entretenimendua egiten da. Hor deskubritu nuen umorea ez zela zaletasun bat bakarrik, zerbait gehiago baizik.
“Jendaurreko begiradak babesa ematen dit”
Dida programan zabiltza anaiarekin.
Bai, hor ere bai. Julenekin Akabo bakea saioa aurkezten nuen, eta gero, goizerako saltoa egin genuen. Geroztik, sei urte pasa dira…
Binomio ona egiten duzuen seinale…
Antza, hala izango da. Orduko koordinatzailea, Jon Lamarka, konturatu zen beharbada biak elkartuta zerbait ondo egingo genuela. Eta gero, telebistara eraman zuten formula hori, Gure kasa-n.
Nolako jauzia izan zen irratitik telebistara joatea?
Polita. Oso memento aproposean iritsi zen, gainera. Akabo bakea egiten ari ginela ere telebistara eramateko eskaintzaren bat iritsi zitzaigun, baina garai hartan ez nuen ikusten neure burua telebistan, irratian hasiberria nintzelako. Eta nahiko ondo egonkortuta nengoenean etorri zen Gure kasa-rako saltoa. Uste dut oso aproposa dela prozesua ordena horretan egitea, zeren irratian aritzeko hitz egin behar duzu, eta, ahal dela, ondo. Irratiak trebatzen zaitu asko hitz egitera. Oinarri hori oso finkatuta duzunean telebistara salto egitea egokiagoa da, zeren telebistan konturatzen zara eskuak dituzula, eta sekulakoak direla eta ez dakizula non sartu. Eta shock horri gehitu behar badiozu, gainera, zer esan ez dakizula, pentsatu zenbat lan pilatzen zaizkizun! Nik, gutxienez, hizketan nora jo ez dakidanean, badakit bide batetik ez bada bestetik helduko naizela. Hori bermatuta banuen, eta anaiaren babesean, gainera, goxo-goxo. Plato batera bakarrik sartu edo anaia aldamenean duzula sartzea desberdintasun handia da eta asko eskertzen da.
Orain, anaiarik gabe zaude Mihiluzen, baina Ilaskirekin. Eta Kikeren ordezko.
Arreba batekin eta osabaren lekua betetzen!
Zer pentsatu zenuen Mihiluze aurkeztea proposatu zizutenean?
Sekulako bonba izan zen. Telefonoz esan zidatenean garrasi egin nuen. Eskaintza polita, atsegina eta heltzeko modukoa zela pentsatu nuen. Aurretik lehiaketaren formatuak erakartzen ninduen, behin lehiaketaren arauak ongi finkatuta dituzunean hortik aurrera oso atsegina izaten delako lehiakideekin jolas egitea. Gure kasa-ngonbidatu bat geneukanean oso kontzentratuta egon behar zenuen harengan. Erne egon behar duzu. Mihiluze-nbadakigu lehiaketak nola funtzionatzen duen, eta, beraz, jolastera goaz. Segituan eman nuen baiezkoa.
Ikusleek aspaldidanik espero zuten Mihiluze bueltatzea.
Argi geratu zen jendeak albistea oso gogo onez hartu zuela eta mimo handiz gogoratzen zuten saio bat zela.
Zer moduz Ilaskirekin?
Bikotea sortu beharra dago. Gure kasa-n anaiok sortuta geneukan bezala, Mihiluze saioansortu beharra zegoen. Ilaskik lehendik ezagutzen zuen Mihiluze, baina niretzat berria zen testuingurua. Abuztu erdialdean hasi ginen lanean. Ni Eivissan nengoen, eta hegazkin bat hartu nuen oporretatik zuzenean hurrengo egunean lehenbiziko probekin hasteko. Hasiera batean, denok alerta samar geunden, baina harrigarriki azkar elkarri hartu genion tamaina. Lehenengo probak egin eta gero, Bilboko Aste Nagusira joan ginen parranda egitera eta hor urte guztirako lekua hartu genuen. Lortu dugu elkarrekin oso gustura aritzea.
Telebistak ezagunago egin zaitu?
Aldaketa handiagoa izan zen Gure kasa-n hasi ginenean. Irratian bakarrik aritzetik irratian eta telebistan aritzerako aldaketa nabarmendu nuen. Baina orain ez dut hainbesteko aldaketarik sumatu. Jendeak pentsatzen du: “Berriz ere hemen dabil Antton”. Izan ere, Gure kasa bukatu zenetik, eta tarteka bada ere, agertu naiz telebistan: Barrelibrean, Biba zuek-en,… Beraz, jendeak esan duena da: “Hor ere badago!”.
Aukeratzekotan, irratia ala telebista?
Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta ondo daude. Askotan egin digute galdera hau eta pentsatu dut oraingoan analogia batekin erantzungo dudala, pilota munduarekin alderatuz. Irratian aritzea lau eta erdian jokatzea bezalakoa da. Izan ere, kantxa mugatu egiten da, baina jokatzeko modu guztiak eta zentzumen guztiak ondo zorroztu behar dituzu. Irratian bakarrik hitz egin dezakezu; orduan, hitz egite horretan trebatu beharra daukazu eta esaten duzun horrek izan behar du ahalik eta zorrotzena. Telebistan ere bai, baina hor kantxa osoa duzu. Hitz egiteaz gain, gorputza ere erabiltzen duzulako eta keinu bidez ere komunikatzen ari zarelako. Niri biak gustatzen zaizkit. Ez zaidana gustatzen da irratian oso goiz jaiki behar izaten dugula eta telebistan lanean hasteko beste aktibazio bat eskatzen duela, denbora gehiago. Bortitzagoa da hasteko memento hori.
“Hasieran, kazetari serioa izan nahi nuen”
Zure ibilbide guztia euskaraz egin duzu.
Ez da erabaki bat izan, besterik ez baitut ezagutu. Hain natural jaso duzunean zer egingo duzu, ba? Ez dut deseraiki behar izan eta desikasi eta beste bide batzuk hartu. Hala jaso dut eta hala jarraitzen dut. Nik esaten dut bakarrizketak euskaraz egiten ditudala gaztelaniaz ez dakidalako!
Gaztelaniaz lan egingo zenuke?
Erdarak asko gustatzen zaizkit. Lisboan egin nuen Erasmusa eta hizkuntza berrietan aritzea eta nor bere burua lekuz kanpo sentitzea oso ariketa polita da. Duela gutxi tipo batek esan zidan ea noizbait egingo ote nuen lan gaztelaniaz Madrilen. Badirudi hori salto kualitatiboa dela, eta izango da, akaso, kuantitatiboa. Baditugu barneratuta txikitasun batzuk. Baina, bestalde, Madrilera joan eta han zerbait egitea… hori sekulako esperientzia izango litzateke. Kuriositatea piztu zidan.
Nekatutak bakarrizketa sortu zenuen; nola?
Pilotaren metaforarekin jarraituz, hemen topatu dut nire kantxa, nire frontoi perfektua. Stand-up comedy egitea, komedia zuzenean egitea. Batzen ditu lehen aipatutako guztiak: esan behar duzuna ondo zorroztu behar duzu, baina keinuek ere sekulako garrantzia dute eta, gainera, publikoaren mementoko erantzuna gehitzen diozu. Uste dut hori gaindiezina dela. Gogoan dut garai batean Andreu Buenafuenteren bakarrizketak zein gustura entzuten nituen. 13-14 urte nituen eta fijatzen nintzen “ahotsarekin hau egin du, edo zer aurpegi jarri duen…”.
Pandemia iritsi eta esan nuen, “edo erotu egingo naiz edo hasiko naiz zerbait praktikoa egiten”. Eta hor erabaki nuen hasiko nintzela idazten bakarrizketa bat izan zitekeena. Gero, hortik Barrelibrea sortu zen; gero, ea beste nonbait egingo nuen galdetzen hasi ziren, eta halaxe hasi nintzen lehendabiziko urratsak egiten. Nire desira zen emanaldi txiki asko egitea, baina, hemen aparteko eszenarik ez dagoenez, bakarrizketa luzeagoa idaztea pentsatu nuen eta halaxe pasa nituen hilabete batzuk. Eta horrela sortu zen Nekatutak.
Zergatik Nekatutak?
Sekulako grazia egiten zidan. Ikusten nuen umorean zuzentasunerako joera bat bazegoela eta sekulako grazia egiten zidan izenburua gaizki jartzeak. Bateren bati alergia eragingo dio, baina gustatzen zait alergia eragitea.
Bakarrizketak egitea ere gogorra izan daiteke, ezta?
Irratian ari ginela, ordurako esaten ziguten txorakeriak esateagatik ordaintzen gintuztela, eta hori gaindituta daukat. Hasieran, sumindu egiten nintzen: “Jende horrek jakingo balu zenbat denbora pasatzen dudan gidoiak idazten!”. Baina gero, jende horrekin aliatu egiten zara eta arrazoia ematen diezu. Kaotiko samarra izan zen ikuskizunaren estreinaldia, lehen aldian, beharbada, erantzuna oso ona delako eta hurrengoan txarra. Eta konturatzen zara ondorioak epe luzera atera behar dituzula. Baina, pixkanaka, egonkortzen zoaz eta onak izan diren emanaldiekin gozatzen duzu eta onak izan ez direnekin zaildu eta ofizioa zer den ikasten duzu.
Beste bakarrizketa bat prestatzen ari zara?
Bai. Baina komiko handiek dioten bezala, ez dauka batere zentzurik bakarrizketa bat kolpean etxean idazteak. Termometroa falta zaizu. Ingurukoen iritzia badaukazu, baina publiko errealarena ez. Gustatuko litzaidake hurrengo bakarrizketa idazteko prozesu hori jendaurrekoagoa izatea. Eta inguruko jende askorekin hitz egiten ari naiz ea sortu ditzakegun emanaldi informalagoak probaleku bezala.