Anti-‘woke’

Eneko Barberena

“Hemen ezin da ezer esan”. Normalean, hori esaten duen jendeak mikrofono bat eskuan esan ohi du, telebistan edota irratian, sare sozialetako influencer-en baten txokoan, edota, modurik xumeena aipatze aldera, idatzizko prentsa kolaborazio batean.

Harrigarria da noraino gauden Amerikako Estatu Batuek kolonizatuta. Hango pentsamenduaren printzak iristen zaizkigu, hango molde eta manerak, eta, woke zer den ulertu orduko, prozesatu behar dute gure garun nekatuek anti-woke izatea dela arima askeen patu zilegi bakarra.

Beti zentro politikoan eta librepentsalari gisa kokatzen den horri mesfidati begiratzea komeni da ‘zentro-muturra’ ere existitzen delako, maiz, beste gordea politiko baten maskara gisa. Zer den halakotan gordetzen dena? Interes propioak batzuetan, interes lurtarrak kasu sinpleenetan, konfesaezinak diren interes espiritualak beste batzuetan.

Eztabaidagai polita litzateke hau, plano akademikoan ez ezik eztabaida publikoan intelektualki jorratzekoa, ez balitz gure bizitzentzat arriskutsua anti-woke jarrera. Eta bai, Jonathan Coek maisuki deskribatzen du, bere El corazón de Inglaterra nobelan, Ingalaterrako labour-aren hondamendiaren eta Brexitaren garaipenaren atzean dagoena: progresismoaren sermoikeria, begirada hiritar orojakilea, nagusitasun intelektualaren poz arriskutsua… Aztertu sare sozialetan han eta hemen nolakoak esan diren Mercosur akordioaren aurka protestan aritu diren nekazariengatik. Ni izutua geratu naiz askoren sinplekeria intelektualarekin -nekazari guztiak eskuin muturreko dira egun- eta protesten atzean dagoen kexa ikusteko itsutasunarekin. Salatu beharra dago progresismoaren, edo wokismoaren, nahiago baduzue, aje hori.

Eta, salaketak salaketa, anti-woke jarrera hori, globalizazioaren galtzaileen identitatearen belarrientzat horren gustagarria den musika hori, faxismoaren Troiako zaldia dela deritzot. Klima aldaketaren aurka ari direnak, aktibista transfeministak edota bestelako militanteak barregarri uzteak ez du askatasun liberala ekarriko, totalitarismo eguneratua baizik.

“Hemen ezin da ezer esan” diotenei erantzun behar zaie: “Hori zure iritzia da”. Gerra danborrak entzuten dira boterearen bulego anpulutsuetan; ez gutxietsi pandereta bat eskuetan dutelarik giroa nahasten duten bufoiak, infanteriaren lehen lerroa baitira.