Antegu: Bitxi koloretsuak

Antegu Meatzaldean (Bizkaia) sorturiko osagarrien marka da. Markaren izena sortzailearen izen propiotik dator: Andrea Tejedor Gutierrez. Txikitatik maite izan du eskulanak egitea: zeramika, margotzea, objektuak berritzea, jostea… Urteetan zehar, denbora-pasa pila bat probatu ditu, baina belarritakoak egitea du gustukoen.

Hasieran, berarentzako egiten zituen; gero, familia eta lagunentzat sortzen hasi zen. Jarraian, Instagram kontua ireki zuen, eta hala hasi zen beste pertsona batzuentzat belarritakoak egiten, baita pertsonalizatuak ere.

Buztin polimerikoa protagonista

Askotariko belarritakoak sortzeko, kolore, forma eta testura desberdinekin jolasten du, eta egindako bitxiei lagun minen izenak jartzen dizkie. Buztin polimerikoa da erabiltzen duen material nagusia; eta, horrekin batera, altzairu herdoilgaitza, pieza metalikoentzat. Sortzaileari Instagram bidez mezu pribatua bidalita eskuratu daitezke egiten dituen belarritakoak.