Anne Lukin: “Nire musika partekatzeko dudan modua errespetatzea dut erronka”

Anne Lukin (Iruñea, 2001) musikaria da. Telebistako musika saio ospetsu batean ezagutu genuen. Ordutik hona, lanean dihardu musikaren eszenan leku bat aurkitzeko.

Kontatu, Anne, zein da zure momentua? Zer daukazu esku artean?

Oraintxe ari naiz konposatzen, bigarren diskoa prestatzen, abesti berriak eta etapa berria prestatzen. Polita izaten ari da berriro gitarrarekin topo egitea, pertsona bera izanik, baina beste bat, aldi berean.

Zer geratzen da 2020ko ‘Ot’-n euskaraz abestu zuen neskato hartatik?

Euskarak etxea izaten jarraitzen du niretzat, euskaraz kantatzea ohorea da, eta beti ilusio handia egiten didan zerbait. Dagoeneko ez ditut 18 urte, baina hori bere horretan mantentzen dela uste dut. Euskaraz abestea maite dut.

Axola dizu Akademian egon zinela gogoratzeak?

Ez, ez horixe. Une erabakigarria izan zen niretzat; txorakeria litzateke hain esperientzia garrantzitsuari uko egitea. Akademiatik irtendako artistak askotan elkartzeko modu sistematikoa eta mespretxuzkoa da, beharbada, gogaikarria egiten zaidana. Ez dugu zertan etengabe erakutsi musika egitea merezi dugula. Abestiak dira axola duten gauza bakarra.

Ordutik hona, musikan nahi izan duzuna egin duzu edo egin ahal izan duzu?

Bai, beti. Hori baldintza da niretzat: nahi nuena egin ahal izatea. Nahi nuenean. Nahi nuen moduan. Artista independentea izateak eta autoeditatzeak hain onak ez diren gauzak ditu, baina askatasun osoa ematen dit nahi dudana egiteko, eta hori da garrantzitsuena.

Hau irakurri dizugu: “Disko bat zaharkituta geratzen da bi hilabetetan”. Hori kaltegarria da musika ona sortzeko orduan?
Kontsumo-erritmoaren ondorioz, sortzeko modua desberdina da, epe jakin batzuei lotuago, sareei lotuago, eta abestiak entzuteko modu askoz ere azkarragoa, azalekoagoa. Ni neu, askotan, presionatuta sentitzen naiz erritmo frenetiko eta zorrotz hau jarraitzeko. Eta uste dut ezinbestean eragiten digula sortzeko orduan. Niretzat erronka da nire denborak eta nire musika partekatzeko modua errespetatzea.

Zahara, Miss Cafeina, Berri Txarrak, The Crab Apples… luxuzko aitabitxiak izan dira. Norekin kantatu nahiko zenuke edo norentzat konposatu nahiko zenuke?
Silvana Estrada, Tulsa, Rufus T Firefly, Russian Red… Azkenaldian, emakumeekin; batez ere, emakumeekin. Gure artean sortzen den konpainia- eta ulermen-magia horrek asko inspiratzen nau.

Zure ahotsak eraman zaitu indie mundura?
Entzun dudan eta gustatzen zaidan musika gehiena indiea izan da beti. Uste dut inkontzienteki abestiak egiterakoan edo inguruko taldea aukeratzerakoan, indie munduak hartu ninduela.

Batzuek diote: “Sare sozialetan ez bazaude, ez zara existitzen”. Ados zaude?
Sareak ezinbesteko tresna bihurtu dira norberaren proiektua ezagutarazteko, eta haien garrantzia eta zeregina gero eta erabakigarriagoa da. Niri neuri kosta egiten zait, denbora asko eman dut haiekin borrokan, baina uste dut egin dezakedan gauzarik onena ahalik eta modurik dibertigarrienean eta neureenean komunikatzea dela.

Oso gaztea zara oraindik eta amets asko izango dituzu betetzeko; zein litzateke amets izar hori?
Nire ametsik handiena bizitza osoa musikan eman ahal izatea litzateke. Abestiak egiten jarraitu nahi dut, agertokietan jotzen jarraitu nahi dut, nire musikarekin bidaiatu nahi dut. Ekoizten ere ikasi nahiko nuke.