Animaliak

Maider Galardi

Azken asteetan orkek bi itsasontziri egin diete eraso Euskal Herriko kostaldean. Lehenago ere errespetua nien, baina beldur handiagoa sartu zait orain. Lagunartean asteko solasa izan da harrapakariena. Batek esan du orain bi aldiz pentsatuko duela Kontxako Badiatik Santa Klara uhartera igerian joan aurretik. Beste batek aitortu du izua eragiten diola ur azpian egon daitekeen edozerk, eta horregatik ez dela joaten gabarroiera ere. Niri gustatzen zait itsasoan igeri egitea, baina egia da orain estututa egingo ditudala luzeak. Elkarrizketara batu den azkenak esan du orken gainean sortuta dagoen piztia iruditeria asmakeria dela, eta, berez, ez direla horren arriskutsuak. Begiratzeko Interneten. Arrazoia du, ez da ezagutzen orken erasoengatik hildako gizakirik. Hala segitu dugu beste animalia batzuekin bilaketan. Esate baterako, marrazoek ere eragiten dute ikara, baina, egiaz, batez beste urtean hamar lagunek galtzen dute bizia marrazoengatik; eta txakurrengatik, berriz, 30.000k. Asko da, eta, halere, etxekoi ditugu zaunkalariak. Ez da kasualitatea. Hainbeste pelikulatan ikusi dugu marrazoa deabrututa, zaila egiten zaigu bestelakorik imajinatzea. Eta alderantziz, hain gurea sentitzen dugu txakurra, kostatu egiten da erasokorra izan daitekeela pentsatzea, salbuespenak salbuespen. Beraz, ezagutzen duguna gurea dugu, kaltegabea; eta ezezaguna dena, berriz, basapiztia. Soziologiaren eta antropologiaren oinarrizko printzipio bat da hori, gu-a babesteko bestea seinalatzearen ezinbestekotasuna, eta, beraz, gizakien portaeran ere sekulako eragina du. 

Esate baterako, kosta egiten zaigu eraso matxistak eragiten dituen gizonezko bat gutarra dela irudikatzea. Oro har, gau beltzean kale izkinan zain dugun animalia basati bat imajinatzen dugu. Emakume bati eraso egiteko egarriz dagoena. Bestea, alegia. Kontua da erasotzaile gehienak gulakoak direla. Gutarrak, etxekoak: lehengusua, kuadrillako laguna, bikotekidea, osaba. Eta horrela, animalia, baina humanoenak, Juana Rivasen haurren aitak ia lortu du bere semea Italiara eramatea. Nahiz eta haurrak negar zotinka erregutu duen amarekin geratzeko. Gizonezko hori ez dugu orkatzat, ongi proiektatu du bere burua han eta hemengo hedabideetan, eta, asko jota, amorratutako txakur moduan eraikiko delako haren gaineko iritzi publikoa.

Bestalde, egunotan ikusi dugu nola bihurtu diren Murtziako Torre Pacheko herriko kaleak ehiza-barruti. Ehizara zihoazenak nor izan diren argi dago, baina ez nor den benetako piztia. Hara ba, ehiztaria harrapakari. Zoritxarrez, gurean ere badugu horren berri, hala Hernanin nola Irunen eta Donostian egiten ari diren segada arrazistetan. Hemen ere gauza bera: gutarrak gurearen defentsan-edo, bestea izendatzen, eta, bide batez, bestea egurtzen. Hedabideek eta sare sozialek zerikusi handia izan dute, bai, baina konplize izan nahi ez badugu, guk ere hobe genuke ingurukoen esamesei mugak jarri, zeren eta gazte migranteak ez dira orkak eta…

Baina bi hankako txakurrekin ere, kontuz.