Ania eta Yaiza Cid Foruria: “Michelin izarren ekitaldia antolatzea da gure ametsa”

Energiaz beteriko ahizpa gernikarrak dira Ania eta Yaiza Cid Foruria. Denetariko ekitaldiak antolatzen egiten dute lan, eta ostatu bat zabaldu dute. Ania ahizpa gazteena, gainera, makillatzailea eta ile-apaintzailea ere bada, eta zineman ari da lanean. Kontatu digute kostatu egin zitzaiela benetan gustatzen zaiena deskubritzea. Baina orain argi dute zer egin nahi duten, eta ukitu berezia jartzen diote euren proiektuetako bakoitzari. Neguetxea ostatuan hartu gaituzte.

Kaixo, Yaiza; kaixo, Ania.

Ania Cid: Egun on!

Yaiza Cid: Egun on, Amaia!

Gernikan gaude, Neguetxean. Toki benetan ederra da hau, baina kontatu: zer da Neguetxea?

A.C.: Ba, Neguetxea da familia-proiektu bat. Eta, horrez gain, baita ostatua, gastro-txokoa eta ekitaldiak egiteko espazio ezberdin bat ere. 

Bai? Ba, goazen ezagutzera!

A.C.: Aurrera!

Y.C.: Goazen!

A.C.: Begiratu, Amaia, hau da gure ostatua.

Ez da ohikoa bi gaztek ostatu bat zabaltzea. Zergatik erabaki zenuten hori?

Y.C.: Ikusi genuen Gernikak beharrizan bat duela eta falta zela hotel bat, lo egiteko leku bat. COVID garaian familia guztia egon ginen batuta eta proiektu honekin hasi ginen. Eta hemen gaude!

Familiako proiektua, ezta? Ze, zuek ahizpak zarete.

Y.C.: Bai, ahizpak gara. Eta ondo dago familiarekin lan egitea, baina batzuetan eztabaidak, barreak eta dena etxera! Negarrak ere bai.

Eta zenbat logela dituzue?

A.C.: Ba, zazpi logela ditugu eta bi bereziak dira. Nahi baduzu, erakutsiko dizugu bat.

Bale.

A.C.: Ederto, etorri. Begira, ba, hau da gure logela berezi bat. Berezitasuna da ohe biribila daukala. Dutxak ere bikoitzak dira.

Y.C.: Picarón; kar-kar.

A.C.: Eta garrantzi handia eman diegu argiei.

Y.C.: Egia esan, Berlindik etorri ginen eta guk buruan geneukan hotela ilun samarra izatea, beltza… Eta ikusten duzu nire amarekin eta ahizparekin nola amaitu duen! Zuri-zuri! Kar-kar.

Baina ikusten da toki berezia dela eta ukitu berezi bat daukala. Ze motatako jendea etortzen da hona?

A.C.: Ba, gehienbat, erromesak ditugu. Gure bezero printzipalak dira. 

Y.C.: Ez gaude ohituta gaur egungo erromesetara. Motxilarekin eta lokatzarekin etortzen dira, baina gaur egun motxila handiak eraman egiten dizkiete, kanpotik datoz… Nondik, gehienbat, Ania?

A.C.: Ba, gehienbat, Ameriketako Estatu Batuetatik; Australiatik ere bai.

Y.C.: Gero, Japoniakoak ere egoten dira.

A.C.: Askorik ere ez japoniarrak, baina Ameriketako Estatu Batuetakoak eta Australiakoak asko. 

Esaten da hoteletan anekdota asko egoten direla. Zer da bezeroren batekin gertatu zaizuen okerrena?

Y.C.: Ba, justu, gelan zaude. Gela hau behin topatu genuen guztiz hondatuta, txikituta. Gau zoro bat izan zen denontzat.

A.C.: Horrela ikasten da.

Baina, hala ere, hemen zaudete, ezta?

Y.C.: Bai, eta oraindik asko faltako dira horrelakoak!

Eta nola moldatzen zarete eguneroko lanarekin?

A.C.: Ostatua nik eramaten dut, batez ere, eta Yaizak ekitaldien kontua eramaten du gehiago. 

Y.C.: Egunero, antolatzen.

Noverek da zuen beste proiektua. Horri buruz hitz egiteko, nahi baduzue, goazen behera.

Y.C.: Ederto!

Esan dugu ekitaldiak, ebentoak, ere antolatzen dituzuela. Ze motatako ekitaldiak? 

Y.C.: Denetarik, egia esan. Egin ditugu kirol ekitaldiak. Gastronomikoak dira gehien gustatzen zaizkigunak eta gehien kontrolatzen ditugunak. Egiten ditugu ezkontzak, urtebetetzeak… Gure lehenengo ekitaldia hileta bat izan zen; kar-kar.

Bai? Eta hori?

Y.C.: Ba, Noverek moduan antolatu genuen lehenengo ekitaldia horixe izan zen: catering bat hileta baterako. Horrela hasi ginen, eta esan nuen: “Txarragora ezin da joan! Hortik gora”.

Noverek da zuen enpresaren izena. Eta izena bera ere berezia da.

A.C.: Bai; izena Berlinen hasi ginen pentsatzen. Eta ez dakit nola irten zen, gainera.

Y.C.: Momentu hartan egun osoa ematen genuen elkarrekin, eta esan genuen: “Ahizpak deitu behar diogu”. Hasi ginen izen baten bila, ondo geldituko zena, eta, azkenean, Noverek jarri genuen.

Ze hizkuntzatan da ahizpak?

A.C.: Hungarieraz.

Esan duzue Berlinen hasi zela proiektu hau. Berlinera joan zineten. Zuek, berez, musika ikasketak egin zenituzten, baina bizitzak beste buelta bat eman zuen zuentzat.

Y.C.: Gure ama musikaria da, eta, orduan, biolontxelista eta biolinista izatera bideratuta geunden. Baina guri musika teknoa gustatzen zitzaigun, guztiz ezberdina. Orduan, Madrilen ikasten egon nintzen lehenengo. Baina hara joan nintzen mundua jatera, eta Madrilek jan ninduen ni. Ni Gernikara itzuli nintzen eta erabaki nuen berriro sekula kanpora ez joatea. Nire ahizpa Bartzelonara joan zen; nik hasieran joan nahi nuen tokira hari utzi zioten joaten. Egoten nintzen lanean, eta Aniak Bartzelonatik: “Super ondo nabil!”. Eta ni idazkari lanak egiten. Esan nuen: “Zatozenean, Berlinera joango gara.” Eta Berlinera joan ginen; ez orain bezala Internetekin. Joan ginen herriko liburu dendara, erosi genuen Lonely Planet-en gida bat, bi maleta egin genituen hilabeterako joateko… eta nik ia 8 urte egin nituen bertan. Nire lehenengo lana komunak garbitzea izan zen; handik, platerak garbitzera; platerak garbitzetik, sukaldari laguntzaile izatera; hortik sukaldari izatera; sukaldaritik, sukaldaritza-buru izatera. 2017an lortu genuen Berlingo jatetxe onena izatea, eta gero, han hasi nintzen ekitaldien munduan, merkatu gastronomikoak egiten. Eta esan nuen: “Hori Gernikara ekarri behar dut, bai ala bai.” Eta, apurka-apurka, hona etorri ginen.

Zenbat urte daramatzazue?

Y.C.: Zortzi. 

Gainera, zuek antolatu zenuten ekitaldi bat biralizatu egin zen sare sozialetan. Hasiberriak zineten, eta Pombo ahizpetako baten despedida antolatu zenuten. Nola izan zen hori?

Y.C.: Pombotarrena baino lehenago, beste bat etorri zitzaigun. Deitu zigun Iñigo Onieva izeneko batek, eta orain famatua da, baina une hartan nik ez nekien nor zen. Eta esan zigun zortzi pertsona etorriko zirela. Eta, bat-batean, eskailerak jaisten, Tamara Falco. Ia zorabiatu egin ginen! Ez genekien zein tratu eman ere, ze, azkenean, aristokrazia da eta Espainia mailan oso famatuak dira. Eta haien lagun bat Pombo ahizpen laguna zenez, ezagutu gintuzten eta esan zuten: “Ahizpa hauek despedida antolatzea nahi dut.” Hiru Pombo ahizpak etorri ziren.

Ez dakienarentzat, influencerrak dira.

Y.C.: Espainia mailan dauden influencer garrantzitsuenak. Guretzako izan zen…

A.C.: Hor hasi ginen ezagun izaten. 

Y.C.: Gainera, ginkana bat egin genien Urdaibain. Eskerrak eman behar dizkiet egun hartan lagundu zidaten lagunei! Lur Uribarrenek traineruetan, Diego Beaskoetxeak zestan eta Julen Karrion Muruetako alkateak frontoia utzi zigun eta herri kirolak egiten jarri genituen Pombo ahizpak. Eta, azkenean, biralizatu egin zen; Eusko Jaurlaritzatik ere zoriondu gintuzten, esanez herri kirolak bultzatzen gabiltzala, eta gure enpresa horrela egin zen famatu, egia esan.

“Pombo ahizpa influencerrak herri kirolak egiten jarri genituen”

Bai, birala izan zen; leku guztietan agertu zen despedida haren albistea, eta imajinatzen dut hortik ere lan berriak etorri zirela. Zer da egin duzuen garrantzitsuena?

A.C.: Ba, Frantziako Tourra, ezta?

Y.C.: Bai, Tourra sekulakoa izan zen. Hori ez da egiten urtero, eta guri deitu ziguten VIP guneko cateringa egiteko. Eta Tourreko VIP-gunea eraman genuen, Laidan.

Eta? Nola joan zen?

Y.C.: Egia esan, antolakuntza kristorena izan zen, hura zirku hutsa zen. Baina gero, nik ez dut inoiz ikusi Tourra, eta minutu baten pastu ziren txirrindulariak! Kar-kar. Eta oso polita izan zen, esperientzia oso polita.

Zein da zuen zigilua edo marka pertsonala? Ekitaldi bat antolatzen duzuenean, zein da zuen berezitasuna?

A.C.: Gu oso gertukoak gara bezeroarekin. Asko pertsonalizatzen ditugu ekitaldiak. Eta gutxi garenez eta enpresa txikia denez, uste dut horrek egiten gaituela ezberdin.

Zenbat langile dituzue?

Y.C.: Egunerokotasunerako bost, baina ekitaldietan jende askoz gehiagok laguntzen gaitu.

A.C.: Ekitaldi handi bat bada, jendeari deitzen diogu.

Ez da erraza izango ekitaldiak antolatzea, ezta? Geroz eta gauza ezberdinagoak nahi ditu bezeroak, ala?

Y.C.: Gainera, orain, Pinterest plataformarekin jendeak pentsatzen du… Adibidez, ezkontzak antolatzen hasten garenean, jendeak Pinterest asko ikusten du eta hegazkinez heldu nahi du, baina gero, denak iristen dira autoan, eta jaisten dira eta egiten dute. Baina bai, jendeak biribila biribiltzen du.

Eta horren aurrean, norabideren bat markatzen duzue? 

A.C.: Bai. Azkenean, aholkatu egiten diegu nondik joan. Ze gauza gehiegi egitea ere ez da ona izaten. 

Y.C.: Guk baino gehiago, poltsikoak, ze jendeak nahi ditu gauza asko baina gero gauzak asko kostatzen dira eta jendea harritu ere egiten da. Zuretzat gauza bat egitea, zuretzat pertsonalizatuta, zuretzako espazio bat, eta horrek, ba, azkenean, kostu bat dauka eta horrek desanimatu egiten du jendea.

Denetarik pasatuko zitzaizuen ekitaldietan, baina zer da gertatu zaizuen txarrena?

Y.C.: Ba, txarrena uda honetan gertatu zaigu. Basque Beer-ekin egin genuen ekitaldi bat Sukarrietako BBK Kliman, eta argiaren potentziak ez zuen ematen, dena zen garagardo-makinen bidez. Hasi zen jendea iristen eta aurreko gaztelu puzgarria ikusi nuen jaisten umeak barruan zeudela. Ez zebilen garagardo-makina bat ere, ze denak dabiltza elektrizitatearekin, eta denak zeuden geldi. Jendea garagardoa eskatu eta eskatu, eta nik ez nekien non sartu ere. Ihes egitea ere bururatu zitzaidan, baina geratu egin nintzen eta konpondu egin genuen.  

Nola konpondu zenuten?

Y.C.: Lagun asko ditugu toki guztietan, eta batzuk etorri ziren, egin zizkiguten juntura batzuk eta, azkenean, hamar entxufe ezberdinekin aurrera eraman genuen ekitaldia. Baina ez dut hainbeste izerdi bota nire bizitza osoan!

Zuen lana asko da konponbideak topatzea, ezta?

Y.C.: Bai. Nik beti esaten dut: “Arazoari, konponbidea”. Ez hasi: “Arazoa daukagu, arazo daukagu”. Aldatu eta aurrera! Edozer gerta dakizuke, edonoiz.

Zenbat denbora behar izaten duzue ekitaldiak antolatzeko? 

A.C.: Ekitaldiaren arabera. Esate baterako, ezkontza baterako ia urtebete ematen dugu. Catering bat edo bazkari bat, errazago.

Yaiza, esan duzu zuri gehien gustatzen zaizkizun ekitaldiak gastronomikoak direla. 

Y.C.: Bai, ni gastronomia munduan zoro hutsa naiz. Ez naiz munduko sukaldari onena, baina jatuna, bai; kar-kar. Asko gustatzen zait jatea, asko ezagutzen dut mundu hau, eta, orduan, ekitaldi gastronomikoak egitea gustatzen zaigu, bihotzarekin egiten ditugu. Eta gure inguruan jendea daukagunez kanpoan bizi izan dena eta jatekoarekin ibiltzen dena, eurei esker eta eurek erakutsi digutenari esker ekitaldi gastronomiko oso ezberdinak egiten ditugu, jendeari produktu ezberdina eskaintzeko. 

Lan asko dago mundu honetan?

A.C.: Bai, pentsatzen genuena baino gehiago.

Y.C.: Hasieran, herriko inprimategira joaten ginen fotokopiak ateratzera, eta esan genion: “Ekitaldien enpresa bat irekiko dugu”. Eta esan zidan: “Baina nora zoaz? Gosez hilko zara Gernikan!”. Eta duda sortu zitzaidan: “Gernikan ekitaldien enpresa bat egiteak badauka zentzurik?”. Baina, azkenean, oso ondo, ze Urdaibai mailan egiten dugu lan; ondoko herrietan ez dago halako enpresarik, eta, bertakoak garenez, lan asko daukagu.

Urtean zenbat ekitaldi antolatu ditzakezue?

A.C.: Pila bat.

Y.C.: Ba, 100 baino gehiago, agian. 

100 ekitaldi baino gehiago urtean? 

Y.C.: Hamar hilean, bai.

Eta denetarik!

A.C.: Gastronomia munduan gehien, cateringak eta.

Eta badago lortu nahi duzuen ezer?

Y.C.: Nik bai! Kar-kar. Michelin izarren ekitaldia antolatzea izango litzateke nire ametsa.

Ez duzu zalantzarik egin!

Y.C.: Ez, ez; kar-kar. Lagun batzuk ditut Bilbokoak, eta haiek antolatzen dute Repsol Eguzkien gala. Ba, nirea Michelinena litzateke.

Ba, ea honantz ekartzen duten eta antolatzeko aukera duzuen!

Y.C.: Bai, bai.

Ikusi dugu denetarik egiten duzuela, artistak zaretela denean. Ania, zuk baduzu beste lan bat ere, makillatzailea eta ile-apaintzailea zara. Estudio bat daukazu hemen goian. Yaiza, zuri eskerrak emango dizkizugu elkarrizketagatik. Eta orain, ondo iruditzen bazaizu, goazen zure txokora.

A.C.: Ederto. Goazen!

Ania, makillatzailea eta ile-apaintzailea ere bazara. Zure estudioan gaude. Zer da makillajea zuretzat?

A.C.: Nire mundua, gehien gustatzen zaidana da, adierazteko modu bat ere bai. Eta lan gogorra ere bai. Ematen du ezetz, baina makillajearen atzean askotariko  lanak daude, bai pelikuletan, bai modan edo dena delakoan, eta horrek lan asko dauka atzetik.

Nola iritsi zinen mundu horretara?

A.C.: 2011n joan nintzen Bartzelonara ikastera; handik ihes egin genuen ahizpak eta biok Berlinera, eta bueltan etorri nintzenean konturatu nintzen hori gustatzen zaidala. Eta gutxika-gutxika hasi nintzen. Lehenbizi, ABAOn, Bilboko operan. Hor hasi nintzen, eta gero, pelikula pila bat zeuden; pelikulak hasi ziren, ze lehen ez zen grabatzen hainbeste hemen, kanpoan grabatzen zen gehiago. Hasi ziren pelikulak-eta egiten, eta, egon eta egon, eta lekuetan egonda eta lagunak eginda, konturatu gara denbora guztian garela berdinak bueltaka eta horrela. Horrela sartzen zara apurka-apurka mundu horretan, ez da erraza… 

“Gure lehenengo ekitaldia hileta bateko cateringa izan zen”

Baina bueno, lan asko ari zara egiten zineman. Los domingos pelikulan egon zara, adibidez. Ze beste lan egin dituzu azkenaldian?

A.C.: Ba, azkenaldian egin ditut El hoyo, gero La Tregua ere bai, oraintxe aterako dena Netflixen; Aron Piper eta Miguel Hernan egon dira lanean bertan. Eta gero, service asko. Service deitzen da ekoiztetxea estatubatuarra edo atzerrikoa denean. Eta horiek dira onak! 

Atzerriko proiekzioak edo filmak daudenean.

A.C.: Hor bertan lan egitea izaten da arrakasta. Ze, gainera, pelikula guztiak ingelesez dira, lanak ere ingelesez egin behar dituzu…

Imajinatzen dut filmetik filmera, pelikulatik pelikulara, alde handia egongo dela makillajean eta ilean.

A.C.: Bai; azkenaldian, antzinako pelikulak egiten gabiltza. Orduan, makillatzez gain, nik orraztu ere egiten dut, eta 20ko hamarkada, 30eko hamarkada… jakin egin behar duzu teknika, eta, azkenean, egiten eta egiten ikasten duzu. Ez zoaz eskola batera esaten dizutena: “Horrela orrazten da 20ko hamarkadan”. Ez. Ikasten zoaz egiten ari zaren bitartean. 

Ez, baina imajinatzen dut aldez aurretik ere lan egin behar duzula, dokumentazio lana, ikusi, bilatu nola orraztu edo makillatzen ziren garai hartan…

A.C.: Bai. Hori gertatu zitzaidan lehenengo aldian. Sin límites filma egin nuen, Alvaro Morte aktorea egon zen lanean bertan. Lehen aldiz deitu zidatenean: “Badakizu punteo bat egiten?” Eta nik: “Bai, bai bai”. Nik, denari baietz. Telefonoa eskegi, eta segituan bilatzen zer den punteo bat.

Eta zer da?

A.C.: Punteoa da teknika bat, efektuak egiteko. Ze, makillatzeaz gain, efektu asko ere egiten ditugu: zauriak… El hoyo-n, esate baterako, erreta dagoen jendea egin genuen. Eta punteoa da hortzetako eskuila batekin aurpegia belztea, eguzkiak asko eman balizu bezala. Horrela zoaz ikasten, batetik eta bestetik.

Zer da egin behar izan duzun zailena?

A.C.: Garai bateko orrazkerak dira zailenak. Baina gero, hori ikusten hasten zara, dokumentatu egiten zara eta, azkenean, egin egiten duzu. 

Eta nolakoak izaten dira filmaketak?

A.C.: Luzeak, oso luzeak! Hamabost ordu egunean egiten ditugu. Arin sartzen gara, goizean goiz. Goizeko 5etan ere sartu gara, eta barikuetan beti tokatzen dira gaueko txandak, gaueko bederatzietatik goizeko zazpietara arte. Horiek izaten dira gogorrenak, eta, gehienbat, bertan pelikulan egotea eta itxarotea. Hasieran egiten duzu lan, hasieran egiten duzu makillatu eta orraztu, eta gero, itxaron egin behar duzu.

Luze.

A.C.: Luze egiten zaizu. Luze.

“Gure lana da arazoei konponbidea topatzea”

Eta nola funtzionatzen du? Zuri deitzen zaituzte eta esaten dizute: “Film bat egingo dugu.” Eta bilera bat egoten da esateko zeri buruz doan pelikula eta zer behar duten? Nolakoa izaten da prozesua?

A.C.: Film baten makillatzeko maila ezberdinak daude. Makillaje-zuzendaria dago, makillaje-zuzendariaren laguntzailea, laguntzaileak eta errefortzu-taldea. Orduan, lehenengo hiru mailatakoak egoten dira pelikula osoan zehar, eta haiek batzarrak izaten dituzte, gidoi-irakurketak… Ni, kasu horretan, birritan egon naiz. Bi pelikulatan egon naiz; orain, adibidez, El niño-n. Ortuellan leherketa bat egon zen ikastetxe baten, eta horri buruz doa; nola pasatzen duen dolua familiak. Belen Cuestarekin egon naiz, eta Karra Elejalderekin ere bai; gainera, hemen egon ziren lo egiten! Kar-kar. Gernikan egin zuten eszena bat. Eta hor bai, egon nintzen laguntzaile moduan, eta hor, hasieratik dena: gidoi-irakurketa, esan ziguten nola doan pelikula… Baina, normalean, errefortzuetan egiten dugu lan. Errefortzuetan noizbehinka deitzen zaituzte, eta hor ez duzu informaziorik, lekura iritsi arte. Eta lekura iristerakoan esaten dizute: “Hau dago eta horrela egin behar duzu”. Horrela izaten da.

Eta nolakoa izaten da harremana aktoreekin?

A.C.: Denetarik dago, egia esan. Orain, esate baterako, egon naiz laguntzaile modura pelikula baten, Sin cobertura-n, eta egon naiz Ernesto Sevillarekin, Carmen Ruizekin… Espainiako aktore ezagunekin, eta Aida telesaileko jende asko ere egon da, eta, egia esan, maitagarriak, oso ondo. Gero, beste batzuk ere egon dira, ez ditut izenak esango; kar-kar. Baina denetarik dago.

Esan duzu, gainera, orain lan asko dagoela hemen. Film asko ari dira grabatzen; nabaritu egiten da hori?

A.C.: Bai, bai, pila bat. Oraintxe bertan lau proiektutan nago sartuta. Egon naiz, esate baterako, Montserrat Caballeri buruzko dokumental bat egiten; telesail mexikar baten sartuta ere egon naiz; orain beste service batera noa; eta El tiempo entre costuras-en bigarren atalean ere bai. 

Eta zer gustatuko litzaizuke egitea? Erronkaren bat-edo baduzu?

A.C.: Ba, Ameriketako Estatu Batuetara joatea! Kar-kar. Hollywoodeko pelikula bat egitea; hori denon ametsa izango litzateke, baina oso zaila da. Orain, egia esan, Catherine Z Jones ere egon da hemen, eta bai izan dut aukera haren telesailean makillatzeko. Hura ez dut ukitu, baina haren alboan egon naiz.; kar-kar. Hori aurrerapauso bat da.

Beraz, zinemako makillatzaileentzat ere Hollywood da helmuga.

A.C.: Nirea bai, baina ez dugu horri buruz hitz egiten.

Baina zuretzat bai. Zergatik?

A.C.: Atzerrira joatea, kanpoan lan egitea, ze nik beti egin dut lan hemen. Agian, hasieran Madrildik hasi beharko genuke AEBetara joan baino lehenago, baina gustatuko litzaidake, egia esan. 

Ba, ametsak bete egiten dira askotan. Ea zurea ere betetzen den! Ania, eskerrik asko, benetan, gaurko elkarrizketagatik. 

A.C.: Zeuei, eskerrik asko.