Angela Etxaniz: “Nire burua aktore bezala ikusten hasi naiz orain”


Azken hiru urteak TVEko La Promesa telesailean murgilduta eman ditu Angela Etxaniz aktore azpeitiarrak. Orain, proiektu berriak abiatzeko prest dagoela azaldu dio TTAP aldizkariari.
La Promesa telesailaren ostean, zein proiektu dituzu esku artean?
Orain dela hiruzpalau hilabete bukatu nituen La Promesa telesaileko ibilbidea eta nire lana bertan, eta atseden hartzeko intentzioarekin bueltatu naiz Euskal Herrira. La Promesa oso esperientzia intentsua izan da. Hiru urtez egon naiz, egunero-egunero, proiektu horretan lanean. Energia eta sakrifizio handia eskatzen dituen lana da. Urte amaierara begira, atera zait lan bat hemen, euskaraz egiteko, gainera, eta horrek ilusio handia egiten dit. Baina lan horretaz eta proiektu txiki batzuez gain, deskantsatzea da nire asmoa. Etorriko dena ilusioz hartzeko gogoa ere badut, gauza ezberdinak egiteko gogoa. Hiru urte proiektu berdinean sartuta egin eta gero, arraroa ere bada orain beste proiektu batzuetara irekitzea, baina gogotsu nago gauza ezberdinak egiteko.
La Promesa telesailak zer suposatu du zuretzat? Eta nola heldu zitzaizun aukera?
Kristoren aldaketa izan da niretzat; bizitza aldatu dit. La Promesa heldu zitzaidan momentuan, antzerkia ikasten nenbilen, baina denbora gutxi neraman, pare bat urte edo. Beraz, kristoren aldaketa izan da. Nire burua aktore bezala ikusten hasi naiz orain. Horrenbeste jendek ikusten duen lan baten parte izatea eta txikitatik telebistan ikusi izan ditudan aktoreekin lan egitea ardura ere izan da, eta, agian, presioa ere bai, baina pila bat ikasi dut bertan. Orain dakidan dena La Promesa telesailari zor diot, bertako ekipoak erakutsi dit. Casting bidez sortu zen aukera. Madrilera joan nintzen castinga egitera, eta gogoan dut oso motza izan zela, hamar minutu inguruko kontua. Hortik astebetera, papera nirea zela esateko deitu zidaten. Sekulako shocka izan zen. Urtebete neraman castingak egiten, eta ezezko asko jasotzen dituzu. Beraz, imajinatu zer den dimentsio horretako proiektu baterako deia jasotzea… Hilabete inguru pasa nuen aitari esaten izenez erratuko zirela eta ez zutela Angela aukeratu nahiko, kar-kar.
Aktoreek gustuko izaten duzue garaiko lanak egitea. Amets bat bete duzu La Promesa-rekin?
Bai. Niretzat hori beste erronka bat izan da. Hitz egiteko beste modu bat dago, eta, askotan, hitz arraroak erabiltzen dira edo gaur egun esaten ez diren esaldiak… Azpimarra jarri digute posturetan eta egoteko moduetan ere. Oso garrantzitsuak izan dira, baita ere, jantzitegia, pelukeria eta makillajea, eta asko lagundu digute pertsonaia eraikitzeko orduan. Kortsea jartzen zidatenean, adibidez, horrek laguntzen zidan postura zehatz batzuk hartzen, kar-kar. Oso dibertigarria izan da. Guztiz desberdina den mundu batera sartzea bezalakoa izan da. Eta bai, ametsa izan da niretzat. Gainera, ez nuen gertuko erreferenterik, eta hain urruti ikusten nuen aktore izate hori… Beraz, hiru urtez, ume txiki bat bezala egon naiz, begiak zabal-zabalik, ahal nuen dena ikasi nahian.
Aktore bezala, ikasteko, eskola ona izango da horrenbeste kapitulu dituen serie baten parte hartzea, ezta? Pertsonaia garatzeko aukera emango dizu…
Horrenbeste kapitulu dituen telesail bat edo denbora luzez lantzen duzun lan bat sekulakoa da ikasteko. Beste aktore batzuekin komentatu izan dut, askotan, zeinen zaila iruditzen zaidan egun bakarreko lan bat egitera joatea, pertsonaia garatzeko denborarik ez izatea edo lana etxetik eginda ekarri behar izatea, ez duzunean ekipoa ezagutzen eta eszena bakarrean dena eman behar duzunean. Zaila egiten zait horretan pentsatze hutsa. Nik nire pertsonaia lasaitasunez hartu dut, eta nire hasteko modua hori izatea aberasgarria izan da. Pertsonaia telesailean hasi den bezala, ni pertsonaiarekin hasi naiz. Gainera, nire pertsonaia etxetik ihes egin eta inor ezagutzen ez zuen toki batera joaten zen, eta beste identitate bat eraiki behar izaten zuen jauregi berri baten.
Aurretik Irrits lanean ere izan zinen. Noiz erabaki zenuen aktore izate horretan aurrerapausoa ematea? Badago une hori ala apurka datorren zerbait da?
Uste dut Irrits izan zela aurrerapauso hori egiteko bultzada eman zidan proiektua. 18 urterekin joan nintzen Madrilera, antzerkia ikasi nahi nuelako eta nire burua Madrilen kokatzen nuelako. Madrilen egon nintzen lehen urte hartan, arratsaldetan, antzerki talde batera joanez ibili nintzen, eta uda horretan atera zen Irrits film laburrerako castinga. Zortea izan nuen eta hartu egin ninduten. Bat-batean, errodaje baten erdian ikusi nuen nire burua, eta jende pila bat ezagutu nuen. Jende horri esker, formazioa modu serioago baten hartzea erabaki nuen, eta, errodajean nirekin ibili zen Xabier Elizalderekin, etorri nintzen berriro Madrilera ikastera. Hala ere, kuriositatea txikitatik izan dut, eskolatik Azpeitiko antzerki topaketetara joaten ginenetik. Baina urruti ikusten nuen zerbait zen.
Orain zer egiteko gogoa duzu? Telesailak, pelikulak, bideoklipak…?
Uste dut ez dela ezer konkretua… Nahiko irekita nago datorrenerako. Badakigu industria konplikatua dela, eta, agian, proiektu zehatzen bat heltzen ez bazaizu frustrazio bukle baten sar zaitezke. Saiatzen naiz proiektu zehatzekin ez itsutzen, eta heltzen zaizkidan aukerekin gozatzen. Momentu honetan, lan asko eta askotarikoa egiteko gogotsu nago, eta etortzen dena ongi etorria izango da.
Madrilera ohitu zara, dagoeneko? Zer du Madrilek ona eta zer txarra?
Ohitzen hasita nago. Baina, gero eta denbora gehiago igaro Madrilen, gero eta gehiago botatzen du faltan Euskal Herria. Orain, Madrilen jarraitu edo etxera itzuli pentsatzen ari naiz. Bi lekuen artean nago, buruari bueltak ematen. Etorkizun batera begira, nahiko argi ikusten dut nire burua Euskal Herrian bizitzen. Gauza on bat badu Madrilek: asteko egun guztietan, kultura eskaintza zabala dagoela eta aukera pila dituzula. Azpeitian bizi nintzenean, ez nintzen horrenbeste joaten zinemara edo antzerkira, eta, Madrilen, antzerki-eskaintza sekulakoa da. Jende berri pila bat ezagutzeko aukera ere izan dut Madrilen. Baina, bestalde, handiegia eta hotzegia egiten zait; lan asko duzunean, horren handia izanda eta distantziak ere hain handiak, ezin dituzu lagunak horren erraz ikusi. Bakardade puntu bat sentiarazten dizun hiria da. Baina euskal aktoreen taldetxo bat ere egin dugu, eta ondo inguratuta egon naiz.
Konta egiguzu ezagutzen ez dugun zure zaletasunen bat edo…
Nahiko pertsona kuriosoa naiz, eta nire zaletasunak aldatzen joaten dira, kar-kar. Aurreko baten esan zidaten, errodajean gauzak nola egiten diren galdetzen ibiltzen naizela. Baina, gaur egun, zerbait aukeratu beharko banu, argazkilaritza esango nuke.
Gomendatu egiguzu azkenaldian ikusi duzun film, telesail edo antzezlanen bat.
Azken hilabete honetan, lan askorekin ibili naiz, eta ez dut ezer ikusteko denborarik izan… Baina ikusi nuen azken antzezlana –asko gustatu zitzaidan, eta irailetik aurrera berriro ibiliko da Euskal Herritan zehar– Desobedienteak 18/98 izan zen, Tanttakaren produkzioa.