Anepe: “Ametsa litzateke Beyoncerekin edo Rihannarekin dantza egitea”

Dantzak mugitzen du Anepe Acedoren bizitza. Lehen mugimenduak ikasi zituenetik, bazekien dantzaria izan nahi zuela. Madrilera joan zen ikastera, eta, unerik gozoenean, pandemia iritsi zen. Elorriora itzuli, eta hutsetik hasi behar izan zuen, baina ez zaio txarto atera. Euskal artistak dantzan jarri ditu, sare sozialetan eta telebistan lanean dihardu eta aurrezten ari da jaioterrian bere dantza eskola irekitzeko. Hori gutxi ez, eta Kataske proiektua aurkeztu berri du. Bideo-dantza honetan dantzariek bizi duten egoera islatzen du, kateatuta baina aske, aske baina kateatuta. Momentuz, pantailetan ikusiko dugu baina asmoa da proiektu hori oholtza gainera eramatea.
Anepe Acedo, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko!
Dantzaria zara, koreografoa, tiktoker-a, influencer-a… Baina nor da Anepe Acedo?
Beti txikitatik pasatu izan zait gustatzen zaidala denetatik egitea. Gauza bat da lan arloa eta bestea, ni. Beti esaten dut happy flower bat naizela, beti pozik, eta artearekin lotura daukan edozer pila bat gustatzen zait.
Esan duzu, hori, lan arloan. Bi pertsona ezberdin al dira Ane eta Anepe?
Ba, batzuetan bai. Ematen dit lotsa apur bat hori esateak, ze da bi pertsona izatea bezala, eta biak naiz ni. Baina bai, Anepe da pixka bat alter ego hori.
Zer da dantza zuretzat?
Hasi zen hobby bezala. Lehen esan dizut gustatzen zaidala denetik egitea, eta egiten nuen saskibaloia, eskalada, pilota, antzerkia… Eta dantza heldu zenean zabaldu zidan mundu bat eta esan nuen: “Honek benetan barrutik mugitzen nau”. Eta ia obsesio bat izan zen hasieran. Hasi nintzen geroz eta gehiago dantzan, eta, azkenean, esan nuen: “Nik gura dut nire bizitzako 24 orduak hau egiten egon”. Orduan, bihurtu da orain nire lana, baina da dena, dena. Bizitza, lana, txarto nagoenean laguntzen didana, ondo nagoenean laguntzen didana, dena.
Eta ze dantza mota egiten hasi zinen?
Hasi nintzen dantza modernoa egiten; gero, deskubritu nuen kontenporaneoa ere gustatzen zaidala pila bat. Eta gustatzen zait denetatik egitea. Orduan, ezin dut dantza estilo bat bakarrik aukeratu. Orain egiten dut heels ere bai –takoien gainean dantza egitea– dantza garaikidea, commercial dance delakoa –pop estiloarekin dantza egitea–… Pixka bat denetarik.
Twerking-a ere bai, ezta?
Bai, bai, dena, dena!
Hasieran hobby moduan hasi zela esan duzu, baina orduan jakin zenuela horretan egin nahi zenuela lan; hala ere, bidea ez zen erraza izango, ezta? Ze gauza bat esatea: “Ni dantzatik biziko naiz”. Baina ez da mundu erraza. Zer egin zenuen zuk amets hori egia bihurtzeko?
Lehenengo eta behin, esan behar dut: eskerrak nire gurasoei, babestu egin nindutelako. Ze, askotan, konpartitu dut dantzako lagunekin eta etxean ez zeukaten babes hori, eta, azkenean, ez dira horretara dedikatzen. Nik 13 urte nituenetik, urtero: “Aita, ama, ahal dut hurrengo urtean beste dantza estilo berri bat egin?”. Eta 18 urterekin esan nien: “Aukeratu behar dut unibertsitatera joan, dantza ikasketak, zer…”. Eta nik neukanez oso argi esan nien: “Berdin zait zer uste duzuen, baina egingo dut hau”. Eta noski, hemendik ez zegoen oraindik ezer, joan behar izan nuen Madrilera. Eta eurek: “Ba, aurrera! Zer esango dizugu, ba?”. Eta hori izan zen salto handi bat.
18 urterekin, Elorriotik Madrilera. Ez zen salto erraza izango!
Ez. Gainera, errealitate talka bat izan zen. Hemen oso dantzari gutxi ginen, ezagutzen genuen elkar denok, denok maila bera geneukan, eta izan zen Madrilera heldu eta ikustea hainbeste dantzari hain onak… Eta izan zen: “Wow, agian ez naiz honetara dedikatuko, ez daukat mailarik. Edo jarri behar ditut pilak edo ez dakit”.
Lehia handia.
Bai, baina hor aukera bakarra dago eta da lan egitea, klaseak jaso, ikasi, formakuntza gogorra jaso eta apurka-apurka.
“Dantza dena da niretzat: bizitza, lana, dena”
Eta hori egin zenuen: ikasi, ikasi, ikasi.
Bai, eta ez da erraza. Orain galdetzen didaten gazteei esaten diet: “Joan prestatuta, ze ez da erraza besteekin alderatzea.” Bakoitzak dauka bere ikasketa prozesua, eta gero, bakoitzaren egoera ekonomikoa. Ze, Madrilera joan, etxearen alokairua ordaindu… Nire kasuan, goizetan neukan formakuntza egin eta gero, arratsaldeetan lan egiten nuen. Gogorra.
Ez dira ikasketa merkeak izango, ezta?
Ez. Ia dena pribatua da. Publikoan oso plaza gutxi daude, eta aukera gutxi. Eta horregatik, dena da garestia. Gainera, gero aparteko formakuntzak daude: “New Yorketik dator koreografo bat”. Eta batzuek ahal dute ordaindu eta beste batzuk ez. Eta hor ikusten da desberdintasuna.
Nolakoak izan ziren lan-mundura sartzeko lehen pauso haiek? Castingak-eta egin behar izan zenituen?
Ez dakit den beldurragatik edo, ikusten nituen hainbeste dantzari on eta ez nintzen ausartzen castingetara joaten. Orduan, ez dut jasan joan eta ezetz, joan eta ezetz. Hori ez dut hainbeste sufritu, ze benetan ikusi arte nire burua prest ez naiz aurkeztu castingetara.
Eta noiz izan zen momentu hura? Noiz esan zenuen zuk: “Orain bai, orain prest nago”.
Pasatu ziren urte bat, bi, hiru, eta nik esaten nuen: “Oraindik ez, oraindik ez, gehiago, gehiago”. Eta gero: “Egunen baten, ausartu beharko dut”. Egia da izan behar dela apur bat ausarta, nahiz eta ez ikusi zure burua guztiz prest, egin salto hori. Ze kostatu egin zitzaidan niri onartzea nire burua artista bezala eta dantzari bezala.
Eta zergatik izan zen hori? Iruzurtiaren sindromeagatik?
Bai, nik uste dut baietz. Eta gaur egun ere kostatzen zait pila bat esatea.
Madrilen zeundela, pandemia iritsi zen eta Euskal Herrira bueltatu zinen.
Nahiko gogorra izan zen, ze justu pandemia garaian zen nire dantza maila eta segurtasuna nituenean geroz eta gorago, eta hor bai hasi nintzen castingen bat egiten… Lana neukan dantza orkestra baten eta bolo pila bat genituen itxita Bartzelonan, Valentzian… Eta bat-batean moztu zen dena kolpera. Eta izan zen bueltatzea hona, jakin gabe zenbat denbora egongo ginen hemen. Egia da hor deskubritu nuela Tiktok, eta esan nuen: “Euskal Herrian ez nau inork ezagutzen, ze badaramatzat Madrilen 4-5 urte. Zabalduko dut Tiktok eta hasiko naiz hor nire dantzak erakusten, nire artea… Eta hortik norbaitek deskubritzen banau, oso ondo!”. Eta hori izan zen bidea.
Ondo atera zitzaizun!
Bai, eta berriro ere kostatu zitzaidan! Egon nintzen ia pandemia guztia, bukaerara arte, agian sei hilabete. Nire lagunak: “Benga, Ane, egin dantza challengeak, ze, gainera, erraz daukazu. Ez gara hasiko gu, ez dakigu-eta egiten, baina zuk badakizula… egin!”. Eta nik: “Ez. Ai ama, ze lotsa! Jendeak zer pentsatuko du…”. Esan zidaten: “Benga!”. Eta ausartu egin nintzen.
Eta ikusiko zenuen jarraitzaile kopurua gorantz zihoala.
Bai, eta hasi nintzen deskubritzen zer gustatzen zaidan. Ze, dantza bai, baina deskubritu nuen gustatzen zaidala komunikatzea eta beste mota bateko edukia sortzea. Ze egia da dantzan saiatzen garela gorputzarekin adierazten eta gure diskurtsoa zabaltzen, baina pixka bat dago mugatuta.
“Hasieran ez nintzen ausartzen castingetara joaten”
Eta dantza-munduan zer gustatzen zaizu gehiago: beste batzuek sortutako dantzak egitea ala zu koreografoa izatea?
Dena. Denak dauka bere alde ona eta txarra. Nire dantzak sortzean gustatzen zait ikustea hutsetik bukatzen duzunera arte, prozesu hori. Eta beste baten artea ekartzea zure gorputzera ere, oso polita.
Euskal Herrira itzultzerakoan ate berriak ireki behar izan zenituen, eta orduan hasi zinen euskal artistekin kolaboratzen. Kai Nakairekin, XSakararekin ikusi zaitugu. Hori berria zen zuretzat, ezta?
Bai. Egia da hemen ez dagoela dantza lan asko Madrilen bezala. Han ekitaldietan, makrokontzertuetan, festibaletan beti egoten dira dantzariak eta hemen ez zeuden. Heldu zen lehenengo Kai Nakai eta esan zuen: “Begira, hau ikusten duguna kanpoan nahi dut hona ekarri, dantzariak nire showra eraman”. Eta esan genuen: “Ba, probatuko dugu!”. Eta oso gustura, egia esan. Gero, nire ustez, batak ikusten du bestearena eta geroz eta gehiago. Orain badaude artista nahikotxo hemen, dantzariekin.
Bai, aldaketa handia egon da.
Bai, batez ere, estilo urbanoan. Agian, dantza garaikidean edo balletean egon dira ikuskizunak Euskaldunan, baina urbanoan ez hainbeste. Eta hor egon da, pixka bat, aldaketa.
Euskal artistengan ere bai. Sasoi baten ematen zuen euskal artista guztien kontzertuak berdinak zirela, dantza gutxirekin. Eta orain ikuskizun gehiago ikusten dugu, arropa aldaketak, dantza… Beste mota bateko ikuskizunak egiten ari dira. Beharrezkoa zen?
Bai. Egia da hor ekonomiak eragina daukala. Orain arte musika urbanoan ez da egon hainbesteko apusturik, hainbesteko publikorik. Eta orain, egia da hemen dagoela mundu guztia entzuten hemengo artistak. Eta beraiek ere pauso bat gehiago eman dezakete eta esan: “Nire zuzenekoetan ni bakarrik egon beharrean mikro batekin, sartzea biolinak. Nahi ditut orain sartu dantzak…”.
Zer ematen dio dantzak horri?
Nik beti esaten dut jendeak eskertzen duela pila bat. Bisualki, pertsona bat egotetik, lau edo hamar dantzarirekin janzten du asko agertokia eta energia aldetik ere bai. Ze ikusten baduzu publikoaren erreakzioa, laguntzen dugu showa gora eramaten.
Zer sentitzen da oholtza gainetik?
Niretzat da Anepe, alter ego hori, ateratzeko momentua. Orduan, hor da bai edo bai segurtasuna jarri zure buruarengan eta, aktoreak bezala, jartzen duzu kapa bat eta esaten duzu: “Hemen egin ahal dizut nahi duzuna”. Eta publikoaren berotasuna, nahiz eta egon pertsona bat edo 200.000, eskertzen da beti.
Etengabe lanean ari zaren pertsona bat zara. Kataske izeneko proiektu berria duzu esku artean. Zertan datza?
Kataske. Denbora osoan nago hitz horrekin: Kataske, Kataske. Insomnio gau baten etorri zitzaidan ideia burura. Artistok begi esaten dugu: “Gu ja gara libre, ze bizi gara gustatzen zaigunetik eta ez gaude gatibu bulego baten 8 ordu edo obra baten. Eta gara ja libreak”. Eta gero, konturatzen zara, eta denok gaude lotuta, ezin dugu egin nahi duguna benetan kontu ekonomikoengatik, edo ez ditugulako baliabideak… Orduan, hasi nintzen hor ideia bati bueltaka, gaudela kartzela baten denbora guztian. Nahiz eta kartzela jakin batetik irten, sartzen zara beste kartzela baten eta gero beste baten eta beti gaude gatibu. Hortik sortu zen Kataske ideia, eta eraman dut proiektu fisiko batera 8 dantzarekin. Grabatu dugu lehenengo bideo-dantza bat, eta, momentuz, hor dago ikus-entzunezko proiektua. Baina ideia da ea aurrerago eraman ahal dugun oholtza gainera pieza hau.
“Dantzan hasi nintzenetik argi izan dut Elorrion dantza eskola bat ireki nahi dudala”
Bideo horretatik, ikuskizun batera igaro.
Bai.
Zuk egin duzu koreografia guztia, zuk aukeratu duzu ze dantzari egongo diren zurekin, zuk zaindu duzu irudia?
Bai. Ideia printzipala bai dator nigandik, eta esan nuen: “Proiektu hau pauso bat gorago eraman nahi badut zuzendari bat behar dut, onena”. Eta hori da Jone Arriola. Eta gero egin genuen lantaldea, edizioa eta grabaketa guztia eraman du Ritak, onena ere bai. Eta gero, dantzariak; azkenean, hemen ezagutzen dugu ia denok elkar, eta, orduan, ideia konkretu honetarako esan nuen: “Nire lagun guztietatik zein egokitzen da ondoen? Hau, hau, hau eta hau”. Denek eman zidaten baiezkoa lehenengoan, eta egin dugun lantaldea itzela da.
Eta koreografia, zurea.
Hori da. Koreografia, nirea. Normalean, hemen ez dago laguntza ekonomiko handirik, eta nik egiten dut dena: koreografia, dantza, estilismoa, zuzendari lana, grabaketak, dena. Baina esan nuen: “Hainbeste talentu dago hemen, banatu egingo dut, eta zentratuko naiz koreografian eta dantzan”.
Ba, ea Kataske aurki oholtza gainean ikusten dugun. Anepe, dantza-eskolak ematen dituzu.
Orain nago Elorrion bakarrik dantza eskolak ematen. Hasieran bai joaten nintzen Bilbora, Donostiara, Gasteizera, Durangora, Zornotzara… Baina esan nuen: “Elorrio nahiz eta txikia izan, saiatuko naiz, behintzat, klase bat ateratzen”. Lehenengo urtean neukan klase bakarra, ordu bat astean bederatzi ikaslerekin. Hurrengo urtean hiru klase eta orain daukat aste osoa, arratsalde guztiak beteta ikasle desberdinekin: 4 urtekoetatik 70 urtekoetaraino. Eta estilo ezberdinak: garaikidea, balleta, urbanoa, saltsa eta bachata, zumba… daukagu denetik. Oraindik ez daukagu gure lokal fisikoa, ze hori da beste inbertsio bat. Ideia dago egiteko, baina oraindik aurreztu egin behar dut.
Hori da zure ideia? Zure lokala izatea?
Bai. Hori izango litzateke amets bat. Dantzan hasi nintzenetik, argi neukan Elorrion dantza eskola bat izatea gustatuko litzaidakeela hemengo ikasleentzat. Ze nik joan behar izaten nuen Bilbora, gero Madrilera. Eta hemen, nahiz eta eskala txikiagoan, izateko beraiek aukera formakuntza ona edukitzeko.
Nortzuk dira zure erreferenteak dantza-munduan?
Esparru bakoitzetik ditut batzuk. Adibidez, koreografo eta dantzari bezala dago Valentziako neska bat, Natalia Palomares, Natotonel sareetan. Bera hasi zen oso berandu dantza egiten, eta nik beti izan dut dilema hori, ea beranduegi hasi nintzen dantza egiten. Eta bera hasi zen berandu dantza egiten eta joan da gorantz eta egin du dantza Shakirarekin, Karol G-rekin, Rosaliarekin… denekin. Beti esaten dute dantza karrera motza dela, baina berak baditu bere urteak eta jarraitzen du. Orduan, hori izango da beti nire buruan egongo dena.
Baduzu beste ametsik dantza-munduan? Artista batzuk aipatu dituzu. Artista jakin batekin dantza egitea gustatuko litzaizuke?
Beti esaten dut, amesten hasita, Beyoncerekin, Rihannarekin, euren baliabideengatik. Kristoren agertokia, kristoren jantzitegia, kristoren koreografiak. Showagatik, horrelako artistekin, baina gero, hemen Euskal Herrian, badago-eta potentziala.
Esan nor! Agian, hemendik kolaborazioren bat aterako da.
Nik nahi dut beraiek ere ausartzea dantza egitera, ez bakarrik apustua egitea dantza edukitzeagatik. Adibidez, Izarok egin duen moduan. Dantzariak ditu orain Osa Mujika koreografoarekin, itzela da, baina Izaro animatzen da dantza egitera. Nik uste dut hemen gizonak falta direla: Pello Reparaz Zetaken, ETSko Iñigo, Bulegoko Tom… Gizonek falta da jartzea txispa apur bat.
Bai, ezta? Anepe, dantzaz gain, komunikazio-munduan ere egiten duzu lan. Esan dugu influencer-a zarela, sareetan egiten duzula lan, baina telebistan ere bai, Kalaxka saioan, Conquis-en… Zer ematen dizu komunikazioak?
Gustatzen zait gorputzaz gain ahotsarekin adieraztea eta jendearekin elkarrizketak egitea, ezagutzea jende berria eta ez geratzea dantza-munduan bakarrik. Asko ematen dit telebistan egoteak superbibentzia programa baten edo haurrentzat beste eduki batzuk lantzen.
“Zetakeko Pello Reparaz, ETSko Iñigo edo Bulegoko Tom dantzan ikusi nahi nituzke“
Oholtza ez ezik, platoa ere gustatzen zaizu.
Bai, eta hau txikitatik. Nire ahizparekin egon nintzen oporretan kamera batekin eta ni txakur bat elkarrizketatzen. Beti gustatu zait, nahiz eta kostatu zaidan onartzea. Ematen du txarto ikusita dagoela esatea: “Niri gustatzen zait kamera aurrean egotea, protagonista bezala”. Ze dantza munduan gaude beti atzean eta ez daukagu ahotsik, gaude bigarren plano baten. Ematen dit lotsa pixka bat onartzeak, baina errealitatea da.
Eta sare sozialak? Eduki-sortzailea ere bazara. Ordu asko daude horren atzean?
Bai, uste baino gehiago. Ordu asko dira, edizioa kontrolatu behar duzu, eta, gainera, zure aurpegia jartzen duzu pantaila baten aurrean, edonork ikusi dezake eta jendeak egin ahal du nahi duena horrekin. Eta beti daude luparekin begiratzen, zerbait txarto esaten baduzu edo iritziren bat ematen baduzu, datoz hater-ak kaña sartzera. Eta hori ez da hain erraza.
Hori galdetzekotan egon naiz. Hater asko daude?
Bai. Nik esaten dut: “Jendea zenbat aspertzen den!”. Nik bideo bat ikusten badut eta ez bazait gustatzen, ez zait okurritzen jartzea: “Zertan zabiltza, tuntuna zara”. Pasatu egiten dut eta listo. Baina jendeak, benetan, zenbat denbora eta zelako gogoa duen tostoiak idazteko. Eta askotan da zure pertsonarekiko, orduan bai min egiten duela.
Eta zer egiten duzu horren aurrean?
Psikologoarengana joan, horrek laguntzen du. Eta joatea onartzen edo ulertzen ez zarela zu arazoa. Baizik eta beraiek ez daudela ados horrekin. Sareetan dena magnifikatzen da, eta nahiz eta izan 500 iruzkin on eta txar bat, txarrarekin geratzen zara. Baina ulertu behar da bakoitzak bere iritzia daukala eta ez zaudela zu ezer txarra egiten.
Sare sozialak ondo kontrolatzen dituzu, badakizu zer dagoen sare sozialen atzean, eta orain neurri bat onartuko dute, 16 urtetik beherakoek sare sozialetan konturik ireki ezin izateko. Ze iritzi duzu horren aurrean?
Guztiz ados. Gainera, orain eztabaida ere badago ea haur txikiak erakutsi edo ez, ze badaude influencer asko amak direnak eta dituztenak 2-3 urteko umeak eta erakusten dute euren dena. Orduan, hori iruditzen zait oso arriskutsua, ume hori hazten denean arrasto digitalak hor jarraituko duelako. Eta ume horrek, agian, ez zuen nahi, eta izan daiteke arriskutsua. Orduan, nik uste dut 16 urtera arte igotzea adin hori ondo dagoela.
Ze erronka dituzu hemendik aurrera?
Aurreztu asko dantza eskolarako, asko. Gero, gustatuko litzaidake Euskal Herrian artista gehiago animatzea dantza egitera, nahiz eta ni ez kontratatu. Ikustea dantza gehiago, hemen, Euskal Herrian.
Ba, Anepe, seguru amets guztiak beteko dituzula. Beraz, eskerrik asko gurekin TTAPen egotearren eta zorte on hemendik aurrera!
Zuei!