Ane Rot: “Disney etxean lan egitea amets bat egia bihurtzea izan zen”


Iaz Elite telesailaren bukaerarekin arrakasta itzela lortu ostean, Desagertuta telesaila estreinatu du aurten Ane Rot aktoreak (Arrasate, 1998). Gaztea izan arren, urteak daramatza Madrilen aktore eta aurkezle lanetan.
Konta egiguzu, Ane, ze proiektu dituzu orain esku artean?
Musika proiektu bati ekin diot; inoiz ez dut konposatu, eta horretan hasi nahi dut. Oraindik forma eman behar zaion proiektua da, baina, era berean, artista gisa elikatzeko modu bat ere bada.
Desagertuta izan da zure azkeneko lanetako bat; horrelako telesail gehiago behar ditugu euskaraz?
Uste dut zoragarria dela horrelako garrantzia duten proiektuak euskaraz egitea. Jendeari asko gustatu zaio, eta horrek betetzen nau gehien. Lan gogorra izan da bi hizkuntzatan grabatzea, baina merezi izan du.
Elite telesailean parte hartzeak ate gehiago ireki dizkizu?
Elite izan zen, nolabait, bultzada handiena eman zidan proiektua, baina uste dut guztiak direla garrantzitsuak eta denek ireki dizkidatela ateak hurrengo proiektuetarako. Pertsonaia desberdinak dira, eta luxua da hainbat pertsonaia erakusteko aukera izatea.
Festval-eko klausura-gala aurkeztu zenuen; zer moduzko esperientzia izan zen?
Festval-eko gala aurkeztea esperientzia bikaina izan zen. Asko ikasi nuen, eta, batez ere, neure buruari erakutsi nion pentsatzen nuena baino gauza askoz gehiago egiteko gai naizela. Hamarreko esperientzia izan zen.
Agian, txikienek ez dute gogoratuko, baina Disney Channel kateko aurkezlea ere izan zinen; energia handia kenduko zizun bertan lan egiteak, ezta?
Disney etxean lan egitea amets bat egia bihurtzea izan zen. Bai, energia handia eskatzen zuen, baina zoragarria izan zen. Oso ondo pasa nuen, eta, ziurrenik, gehien gozatu dudan grabaketetako bat izan da.
Aurkezle edo aktore lanetan, non zaude gusturago?
Gustatzen zait aktore izatearekin lotura duen edo horri ekarpena egiten dion guztia egitea, eta uste dut aurkeztea, kantatzea eta dantzatzea guztiz osagarriak direla nik nahi dudanerako; hau da, antzezteko.
Nola deskonektatzen duzu filmaketatik filmaketara?
Grabaketa bat amaitzen denean, deskonektatzen eta neure buruarekin berriro konektatzen gehien laguntzen didana da Andaluzian dudan etxera joatea, herri txiki-txiki batera, eta aste batez han egotea.
Filmaketaren batean gertatu zaizun eta konta dezakezun anekdotaren bat?
Desagertuta-ko lehen eguna zen. Sekuentzia emozionalki nahiko konplexua zen, grabaketa egin behar genuen mendira iristea zaila zen, eta, gainera, euria hasi zuen; dena lokatzez bete zen. Oso zaila izan zen sekuentzia hura grabatzea, baina, nire ustez, politenetako bat da.
Aukeratu ahal izango bazenu, zein zuzendarirekin edo aktorerekin lan egitea gustatuko litzaizuke?
Gustatuko litzaidake Paul Urkijorekin grabatzea; oso gustuko ditut haren filmen unibertsoak eta nola kontatzen dituen.
Arrasatearra zara, baina Madrilen daramatzazu urte batzuk jada; faltan igartzen duzu etxea?
Bai, noski! Gustatzen zait Madril, baina ez dago etxean egotearen parekorik. Gehien faltan igartzen dudana nire familiarekin eta lagunekin egotea da.