Ane Pikaza: “Antzerkiaren bitartez sentitu dut benetan nahi ditudan gauzak kontatzen ditudala”
Ane Pikazak bi pasio ditu, ilustrazioa eta interpretazioa. Arte Ederrak eta Antzerkia ikasi zituen, eta azken boladan bi alorretan hainbat lan egin ditu. Bi pasioak izan dira solasaldiaren ardatza. Zinemaz ere hitz egin dugu; izan ere, Nora filma estreinatu da Zinemaldiko Zinemira sailean, eta bera dugu protagonista bertan.
Kaixo, Ane! Non ikusten duzu zeure burua erosoago, etxeko bakardadean irudiak egiten, liburuak ilustratzen edo aktore lanetan zabiltzanean? Biak dira oso sortzaileak, baina bata bakartiagoa da?
Neure buruari askotan galdetu izan diot, edo askotan galdetu izan didate…: “Benetan zer egin nahi duzu?”. Badirudi zerbait aukeratu behar dugula beti. Nire bidean inoiz ez dut aukeratu, betiere alde batetik bestera joan naizelako. Batzuetan, zortea izan dut eta bi gauzak elkartuta egin ahal izan ditut. Non sentitzen naizen hobeto? Ez nuke jakingo erantzuten. Biak behar ditut elkarbizitza horretan aurrera egiteko. Plazer handia ematen dit biak elkartzen direnean. Bi sorkuntzak elkartzen direnean badaude tarte batzuk politak direnak.
Tokatu zaizu antzezlan batean aktore moduan egotea eta kartela ere zuk egitea?
Hortik hasi zen dena. Nik Arte Ederrak eta Antzerkia ikasi nituen. Momentu batean, antzerkian eta ekoizpenean lan egiten nuen, eta noizbehinka kartelak egitea eskatzen zidaten. Horrela hasi zen dena. Benetan gustatzen zitzaidala ondo pentsatu eta egiteko nahia etorri zitzaidan. Beraz, ireki nuen bide horretan sartu nahi nuen berriro. Orduan, berriro ilustrazioarekin hasi nintzen. Ez dira hainbeste urte pasatu, hamar urte izango dira.
Zein etorri zen lehenago? Arte Ederrak edo Arte Dramatikoa? Eta nola lortzen duzu bi diziplinen arteko oreka?
Lehenengo, Arkitektura izan zen. Arkitekturan urtebete egin nuen. Hortik Arte Ederretara joan nintzen. Beti dantzatu izan dut, eta antzerkiarekin probatu nahi nuen. Hor hasi eta urtebetera Goenkale-n hasi nintzen lanean. Eta ematen du lana duzunean sendotu egiten dela hartu duzun erabakia. Apur bat beldurtuta hartu nuen, nahiko beldurtia naizelako.
Bi diziplinek sormen handia eskatzen dute; bata arkatzarekin bakardadean sortzen duzu eta bestean hitzetatik sortu behar izaten den pertsonaia bat. Bata oso bakartia eta bestea era kolektiboan egiten dena…
Hori pentsatu izan dut beti. Badago puntu bat non egiten duzun sorkuntza irudiekin, bada barne bidaia bat handiagoa, zuk zeure buruari erantzun behar diozu etengabe, hau ondo dago, hau ez… Autoelkarrizketa bat dago. Antzerkian taldean sortzearen ohitura edo modua dago. Baina gerora konturatu naiz, bestelako proiektu batzuetan sartu naizenean, ilustrazioan ere badagoela beste pertsona batzuekin erlazioa, bai enkargua egiten dizun horrekin, baita idazlearekin edo editorearekin. Sorkuntza kolektibo puntu bat dago. Artistak ulertzen du bere lana beste batzuekin doala. Esaterako, Leioan erakusketa bat egitea eskatu zidaten. Hor, momentu batean, bakardadea sentitu nuen. Bakarrik nengoen erabaki batzuk hartzeko, eta zenbat erantzukizun bakarrik nirea zena eta ezin nuen elkarbanatu… Hori antzerkian, normalean, ez da gertatzen. Ikus-entzunezkoetan, are gutxiago. Niri sorkuntza kolektiboak asko ematen dit.
“Norak egiten duen bidaia fisikoki txikia da, baina barne bidaia handia“
Ilustrazioei dagokienez, muralak edo horrelako irudi handiak egin izan dituzu?
Egin izan ditut. Egiako kultur etxerako egin nuen. Alde batetik, erakusketa egin nuen eta mural bat eskatu zidaten; eta erakusketan bertan zegoen irudia orain liburutegian dago. Niretzako zailagoa da, baina gero badago puntu bat nire funtzionatzeko modua dena. Hau da, zerbait eskatzen didatenean animatu egiten naiz, gero beldurtu egiten naiz, eta ezingo dudala egin pentsatzen dut… Eta jartzen naizenean konturatzen naiz moduak bilatzen ditudala hori aurrera ateratzeko. Nire beldurra handiagoa da gero gertatzen dena baino. Askotan, beldurrak izaten dira; pentsatzea, adibidez, gauza bat ez dut egiten, agian ez dudalako ondo egingo… Baina nork bere lanak egin behar ditu, eta asmatzea edo ez bada aurrera egiteko modu bat. Batzuetan, gauza batzuk probatzen dituzu eta ez duzu zeure burua hor ikusten.
Agian ere, presioa… udan kamisetak egiten ibili zara, Berria egunkarirako. Lan egiteko era oso ezberdina da egunkari bateko edukietatik denbora laburrean kamisetak sortzea?
Oso denbora laburrak ziren. Astelehenean ematen ziguten gaia eta asteazkenerako irudia entregatu behar genuen. Editorial bat izango balitz bezala, baina, aldi berean, kamisetekin, jendeak kamiseta horiek erabiltzeko. Nik, normalean, ez ditut marrazkiak eramaten kamisetetan. Beraz, “zer nahiko dute?”, pentsatzen nuen. Hortik apur bat aldendu behar duzu, “zer egin dezaket?” erabakitzeko. Beti ez duzu lortzen nahi duzun hori egitea. Hori oso erronka indartsua izan da. Gogoa nuen; hain justu, itxialdian, gainera…
Bestalde, antzerkian aipatu beharra dugu Mami Lebrun antzezlana. Libururako bidea hartu duen antzezlan honek zenbat zorion ekarri dizuen, ezta?
Niretzako Mami Lebrun izugarria izan da. Sekulako bidaia izan da. Kepa Errasti aspalditik ezagutzen nuen, elkarrekin Goenkale-n lan egin genuelako, eta gero erlazioa mantendu dugu. Handik urte batzuetara Mami Lebrun aurkeztu zigun, proiektuan sartu ginen eta hasieran ez nuen pentsatzen noraino eramango gintuen proiektuak, alderdi guztietatik. Aktore moduan, normalean, beti egin izan ditut oso lan serioak, pisu handikoak, edo oso dramatikoak, eta Mami Lebrun-ek bat-batean jolasteko sekulako aukera eman zidan. Taldea izugarria izan da. Sentsazioa zen ez genuela bukatu nahi. Obra bakoitzak bere zikloa daukala badakizu, eta bukatu egin behar dela. Aurretik, gainera, bizi izan nuen horrelako momentu bat neure buruari galdetu niola: “Ez dakit hau egiten jarraitu nahi dudan”. Ez nekien aktore izan nahi nuen…
Horrelako krisiak izaten dituzu?
Bai, batzuetan bai. Hori krisi indartsu bat izan zen. Justu Mami Lebrun eta Liceum sartu ziren eta bat-batean sentitu nuen antzerkiaren bitartez benetan kontatzen nituela kontatu nahi nituen gauzak. Sortzen ari ginela publikoarekiko ere elkarrizketa polit bat. Liburuan argitaratzea bueltaren buelta izan da. Opari bat izan da. Noizbait irakurriko dut berriro, eta suposatzen dut obrako elkarrizketak esaten jarraituko dudala.
“Sorkuntza kolektiboak asko ematen dit”
Zinemiran estreinatu berri da Nora filma. Lara Izagirreren bigarren pelikula luzea. Zu zaitugu protagonista bertan. Nor da Nora?
Nora duela bi urte hasi zen. Eta prozesu guztiak oso luzeak dira beti.
Zineman are eta luzeagoak?
Bai; iristen zarenerako gidoi bat dago, gidoi hori idazteko ideiaren abiapuntua, eta abar. Iristen zara, eta jada urtebete daramate lanean. Casting-a egin nuen eta aurreko urtean grabaketa egin genuen. Pelikula aldatu egin da; berez, hasieran ez zen Nora deitzen, beste izenburu bat zeukan. Honek argi uzten du zenbat aldiz aldatzen diren proiektuak hasieratik bukaerara. Bidean ere askotan zeure buruari galdetu behar diozu hori benetan kontatu nahi duzun, eta beste bide bat hartzeko gai izan behar duzu. Azkenean, hori da Nora. Hasieran, pelikula Ane eta Peio maitasun istorio bat, piperren artean deitzen zen. Larak bidea egin zuen gidoi hori aldatzeko eta bat-batean, ni barruan nengoela, deitu egin zidan esateko pelikula ez zela horrela deituko; baina esentzia mantentzen da. Zentzu handia du. Nora neska normal bat da, emakume normal bat. 30 urte inguru ditu, inguruko edozein izan daiteke Nora. Bere bizitzan erabaki batzuk hartzen ditu…
Nora kazetaria da eta horoskopoak idazten ditu.
Bai, hori da. Momentu batean eskaner bat egiten du bere inguruan, zer egin nahi duen benetan pentsatu behar du. Abiapuntua bere aitonaren heriotzarekin dator; ez dut spoiler-ik egingo, baina horrelako momentuak zure errealitatea ikusteko beste modu bat izaten dira.
Pertsonaiak, Norak, horren ostean Citroen Dyane 6 zahar bat hartu eta bidaia bat abiatzen du, baita fisikoki ere.
Hasieratik road trip bat zen, eta bada super road trip bat, baina barne turismoa egiten duela esango nuke. Euskal Herrian grabatuta dagoelako, eta benetan egiten duen bidaia fisikoki bidaia txikia da, bada barne bidaia handi bat. Agian, kanpotik, ez duzu sentsazio hori izango, askorentzat ez da horrenbesterako izango, baina gerora gure bizitzan garrantzitsuak diren hautu batzuk egiteko, batzuetan, egiten ditugun bidaiak sakonak eta luzeak izaten dira.
Komedia, drama edo bietatik du?
Hasieran, uste nuen komedia izango zela, casting-a egin nuenean sekuentziak niretzako oso barregarriak zirelako. Gero, gidoia etorri zen, grabatu genuen, eta pentsatu nuen niretzako ez zela barregarria. Drama txiki bat da, ez da drama handi bat. Ez gaude gerra ostean, drama txiki bat da, eta maitasunez eta umorearekin kontatuta dago.
Hizkuntzari dagokionez, Lara Izagirrek, oraingoan, hiru hizkuntzatan egin du.
Norak erlazioaren arabera hizkuntza bat edo beste egiten du; aitarekin eta aitonarekin, esaterako, gazteleraz, beste pertsonaiekin euskaraz, eta ingelesa eta frantses apur bat ere badago. Ni harritu egin ninduen zein ondo doan batetik bestera. Grabatzen genuenean pentsatzen genuen ikusleek ea nola jasoko zuten hori. Baina oso ohituta gaude. Agian, euskara jakinda, are errazago egiten da, ez dakit erdaldunentzako nolakoa izango den. Nik ikusi nuen lehen aldian oso naturala izan zen, ez zara konturatzen.
Zineman ez da zure lehen esperientzia, aurrekoa Vitoria 3 de marzo izan zen; rol txikia, baina eszena oso indartsua?
Martxoaren 3ko pelikula niretzako bueltatzeko modu indartsua izan zen. Paper oso zaila izan zen, baina ederra aldi berean. Eszenan eliza beteta zegoen, eta nire atzean Martxoaren 3ko elkarteko kideak ziren. Eszena garrantzitsua da, eta konexio handia izan nuen. Egia esan, gauza txikiak egin izan ditut. Ane pelikulan sekuentzia batzuk izan ditut, Alarde telesailean sekuentzia batzuk ditut… baina Nora pelikula modukorik ez nuen uste iritsiko zitzaidala. Antzerkira ohituta nago. Nire medioa hori da. Hor elkar ezagutzen dugu oholtza gainean, eta badakizu nola egin proiektu bat. Baina zineman horrelako pertsonaia bat egitea… Bat-batean pentsatzen duzu: “Protagonista naiz!”. Zeinek ez du nahi, jakinda, gainera, gauzak nola dauden gaur egun. Aurpegi ezagunak nahi izaten dituzte ekoiztetxeek. Nork aukeratuko du ezezaguna den protagonista? Eta horrek duen erantzukizuna… Gai naiz horrelako gauza bat egiteko? Beldurrak datoz berriro. Egiten dugu dakigun moduan egiten eta ikasten goaz. Niretzako master bat izan da. Lanean ikasten dugu.
Protagonista izanik, errodajeko egun guztietan egon zara?
Bai. Hasieratik, teknikariekin ireki eta teknikariekin ixten nuen eguna. Hor familia puntua dago. Aktore moduan oso errodaje bakartia izan da. Eskertu egiten nuen beste aktoreak iristen zirenean, Kepa, Iñigo, Itziar, Ramon, Naiara… Lan egin dut antzerkitik ezagutzen nituen aktoreekin. Guztiekin lan egin izan dut; beraz, niretzako, iristen zirenean etxean egotea moduan zen.
Antzerkiari dagokionez, Ama Kuraia antzezlana geratu zitzaizuen itxialdia baino lehen estreinatu gabe, baina urri bukaeran estreinatuko da?
Oso prozesu luzea izan zen, jende askorekin. Muntaia handia da. Antzezlana Maria Goirizelaiak zuzendu du. Eta estreinatzeko aste batera dena eten egin zen. Orain bueltatuko gara, eta urri bukaeran Arriaga antzokian estreinatuko da.
Begiak zerumugan Miren Agur Meaberen azken poema bilduma ilustratu duzu. Nolakoa izan da lan hau?
Liburua ia osorik itxialdian eginda dago. Horrek salbatu ninduen. Nahi gabe, gerora ikustean, konturatu nintzen itxialdian bizi izandako gauza asko ere islatuta daudela. Miren Agurren testuak poesiak dira eta poesia oso abstraktua eta irekia da. Mundu hori sortzeko ideiak lotzen joaten zara. Baina, nahitaez, nire mundua eraldatuta zegoen, eta ilustrazioetan egiten den bidaia hori… konturatu naiz bizi izandako gauza batzuen oihartzun batzuk daudela. Etxea, giltza, bidaia askatasun momentu hori, nora joan nahi dugun… Lau kapitulu ezberdin daude eta ideia lau irudi sortzea zen, baina Miren Agurrek oso argi zeukan zeru mugarako bidaia bat zela; orduan, kapitulu bakoitzeko irudi bat dago portada gisa funtzionatzen duela, baina denek elkarrekin irudiaren osotasuna ematen dutela. Oso eskertuta eta pozik nago lan horregatik.
Zer duzu esku artean?
Beti daude gauzatxoak. Ilustrazio aldetik badut proiektu pare bat eta antzerkiari dagokionez ekainean hasiko gara beste gauza txiki bat prestatzen. Bitartean, orain arte bezala, etengabe lanak irteten dira; badakizu, ezegonkortasun horretan oreka lortzea zaila da. Nire amak dioen bezala, bizitza “inoiz etorriko ez den oreka baten bilaketa” da.