Ane Lindane: “Umore zakarra egiten dut, debekatu egin digutelako”
Ane Lindane, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko.
A zer nolako izen ederra daukazun. Nondik dator?
Nik neuk jarritako izena da, artistikoa. Barakaldokoa izango bazina ondo jakingo zenuke Lindane pestizida baten izen komertziala dela. Bizkaiko zonalde industrializatuetan sortzen zen pestizida zen eta merkatutik erretiratu zutenean norbaiti bururatu zitzaion ibaira botatzea ideia ona zela, ez zela ezer gertatuko. Bizkaiko zonalde industrializatuak eta Bilboko zonalde batzuk ere Lindanez kutsatuta daude. Barakaldoko lagun batzuk nituen eta haien artean “eres más malo que la droga” esan beharrean, “eres más malo que el Lindane” esaten zuten, eta ikaragarri ona iruditu zitzaidan. Eta gainera, nire izenagaz zerikusia duenez, ba Ane Lindane. Hementxe naukazue.
Artista zara barre eginarazten. Nola definitzen duzu zure burua?
Umoregilea naiz. Ez dakit hori arte mota bat ote den. Ikasi nuenaren arabera, artea sentimenduak eragiteko kontu bat dela uste dut.
Nola hurbildu zinen umoregintzara?
Duela bederatzi bat urte izan zen. Momentu horretan Bilboko okupazio bulegoan nengoen eta askotan deitzen gintuzten gaztetxeetatik eta gazte asanbladetatik hitzaldiak emateko. Alde praktikoari buruz hitz egiten nuen nik eta okupatzerako orduan gertatzen diren esperientziak kontatzen hasten nintzenean konturatzen nintzen oso gauza barregarriak zirela. Momentuan bertan ez da oso barregarria, baina gerora bai. Gauza horiek kontatzen nituenean jendeak barre egiten zuela ikusten nuen, eta orduan pentsatu nuen bakarrizketatxo bat egitea honi buruz. Gero bakarrizketa horiek egiteko deitzen hasi zitzaizkidan. Azken finean, okupa naizelako sartu nintzen umorearen munduan.
Zerk erakartzen zaitu umoretik?
Orokorrean horrela komunikatzeko joera daukadala uste dut. Oso serio jarri naiteke eta batzuetan jartzen naiz, baina komunikatzeko dudan metodo bat da eta niri modu naturalean agertzen zait. Mezu oso zailak edo kontraesankorrak adierazteko baselina moduko bat da umorea.
Aho bizarrik gabe hitz egiten duzu eta ez duzu beldurrik putzuetan sartzeko.
Kostatzen zait putzuetan ez sartzea, benetan. Asko kostatzen zait umore zuria egitea, era naturalean ez zait ateratzen. Irola irratian hasi nintzen zientziari eta eszeptizismoari buruzko irratsaio bat egiten. Bertan, zientzialariak elkarrizketatzen nituen modu umoristikoan eta sasi zientziak desmuntatzen genituen. Pentsamendu kritikorako joera oso handia dut eta azkura sor dezaketen gauzak modu kritiko batean begiratzeko joera ikaragarria daukat. Konturatzen naiz umoretik gauza horiek azaltzea errazagoa dela niretzat. Nire burua babesteko modu bat da. Bestetik, oso pertsona politizatua naiz eta nire ideologia politikoa helaraztea oso garrantzitsua da niretzat eta hortik komunikatzen naiz.
Gizarte honi ez zaizkio pertsona deserosoak gustatzen. Zu isilarazten saiatu dira?
Bai, betidanik. Eta ez pentsa, niretzat ere zaila da, mundu guztiari gustatzen zaigulako jendeak gu onartzea. Baina askotan gertatzen zait –gustura nagoen pertsonekin ere bai– gai bat ateratzen dela eta nire burua behartuta ikusten dudala nire ikuspuntua defendatzera jakinda ez dela guztiz atsegina izango. Nik ere lagunak egin nahi ditut, baina ezinezkoa zait isilik geratzea. Gizarteak joera handia du azkura eragiten duten pertsonak isilarazten… batez ere emakumeak* baldin bagara. Hausnarketa hau askotan egin izan dut. Emakumeok* arrazoiren batengatik arreta ematen badugu, dela oso altua zarelako –ez dela nire kasua–, dela oso lodia zarelako, dela oso ederra zarelako, dela oso ozen hitz egiten duzulako, edo esaten dituzun gauzak ez direlako oso ohikoak, zu isilarazten saiatuko dira. Badago emakume* atseginaren eredu hegemoniko hori, hau da, emakumeak* oso atseginak eta kukiak izan behar dugulako eredua. Eta hortik ateratzen zarenean asko zigortzen da. Gizonekin ez hainbeste. Beraiei esango diete zer nolako pertsona interesgarria eta sakona den edo antzekoak, baina emakumea* zarenean egurra ematen dizute toki guztietatik. Zure ardatz politikokoak direnek ere bai. Oso deserosoa zara. Guk ezin dugu flipatu; gizonek bai. Baina ni ez nago flipatuta, nire izaera eta komunikatzeko era da.
“Umorea gauza guztiei buruz egiten saiatzen naiz“
Umorearen esparrua ere oso maskulinoa da.
Askotan esaten dut emakumeoi* matxismoak esparru asko debekatu dizkigula, eta horietako bat biolentzia erabiltzearena da, ekintza zuzena erabiltzearena. Eta biolentzia ez da soilik kutxazain bati su ematea, biolentzia ere izan daiteke hitz egiteko modu bat. Eta debekatu diguten beste eremu bat erridikulua egitearena da. Emakumeok* ezin dugu erridikulua egin. Eta noski, erridikulua egin gabe, ez dago umorerik. Hori da kontua. Horregatik, nahiz eta ohikoagoa izan, tradizionalki ez dira emakume* gehiegi egon umorea egiten, eta egiten bazuten beti izan behar zuten intelektualak. Emakumeok* ezin dugu umore zakarra egin. Nik egiten dut, baina oso gaizki ikusita dago. Horretan apurtzen gabiltza eta horretan gabiltza, ni ez naiz bakarra. Nik uste dut hortik jo behar dugula, debekatu diguten esparru bat delako.
Oholtzak indarra ematen dizu?
Beste emakume* umoregile bati entzun nion: “Niri stand up-a asko gustatzen zait momentu bakarra delako hitz egiten dudanean denak ni entzuten daudela, isilik”. Eta arrazoi zuela konturatu nintzen, izan ere, egun horretan bertan, oholtzatik jaitsi eta minutu gutxira, mutil batekin hitz egiten nengoela, beste mutil bat etorri zen, gu bion artean jarri eta isilarazi egin ninduen!
Baina oholtzan ere oso epaituak gara emakumeak*.
Lehen esan bezala, ezohiko gauzak egiten ditugun emakumeak* gehiago zigortzen gaituzte. Normalean gizon bati ez zara ia ezer esatera ausartzen, baina ematen du neskoi edozer esan ahal digutela. Edozer. Duela ez asko oholtzatik jaitsi nintzen bolo oso on bat egin ondoren, eta zuzenean neska bat etorri zitzaidan esatera txiste bat mingarria izan zela beretzat arazoak izan zituelako gai horrekin. Esan nion ni ez nintzela joan berarengana arazoak zituenean txisteak egitera, eta beraz, ez etortzeko niri orain bere dramarekin, gauden tokia umorerako espazio bat zelako. Ziurrenik mutil bati ez lioke hori esango.
Despotorre sortu zenuten Bilbon Rakel Torresek eta zuk.
Bilbon ez zegoen mikrofono irekirik. Campos Eliseos antzokira umorea ekartzen zen, edo Arriagara, baina jarraipena zuen ezer ez zegoen. Gasteizen bazegoen gune bat. Baina orduan Rakel Torresekin topatu nintzen, bera Extremadurakoa eta ni Bilbokoa, eta izugarrizko konexioa egon zen bion artean. Eta horrela sortu genuen Bilbon mikrofono ireki bat emakumeentzat* eta genero disidentzientzat. Pandemiatik ateratzean egin genuen lehenengo Despotorre saioa eta ikaragarria izan zen. Eta mikrofono irekiari DespotorrOpen jarri genion. Geroztik hilero egiten dugu Bilboko Kabaret izeneko aretoan, eta bost umoregile pasatzen dira bertatik txiste berriak probatzera, hamar minutuko bakarrizketan.
Ondo legoke horrelako gehiago egotea.
Donostian Karkarkar probalekua egiten ari dira euskara hutsean, zoragarri. Iruñean La muerte de la Comedia sortu dute nire lagun minak diren Divina Comedia eta Maider Lazkanorekin. Apurka-apurka zizak bezala hasi dira hazten mikrofono irekiak Euskal Herri osoan.
Sare sozialetan ezaguna zara eta jarraitzaile asko dituzu. Leihoa eta bozgorailua badira, baina gorroto asko ere egoten da, ezta?
Sare sozialetan berandu hasi nintzen, 2019an, ez nuelako ez mugikorrik ez ordenagailurik. Gainera, banuen sare sozialekiko halako jarrera arrotza eta lagun batek esan zidan: “Zuk umorea egin nahi baldin baduzu, sare sozialetan ibili behar duzu bai ala bai, prekarioa zara”. Eta egia da, sare sozialetan ez ibiltzea pribilegio bat da. Gerora Twitter ireki nuen eta hemen edukiak biralizatu egiten dira. Gauza deserosoak botatzen ditut, hausnarketak, eta Instagramen ia dena giro ona den bezala –gutxi gora behera–, Twiter giro txarraren sare soziala da. Eta denetarik esaten didate. Baina nik kontu hauek ulertzen ditut ulertu behar diren moduan: birtualtasunean geratzen diren gauzak bezala. Telefonotik ez da ateratzen, eta horrela ulertu behar duzu. Nazkagarriak izan daitezke erantzun batzuk, nekagarriak ere bai, zarata ikaragarria sortu dezake eta nekatu ahal zaitu, baina trikimailua txioa isilaraztea da!
“Okupa naizelako sartu nintzen umorearen munduan“
Tamaina hartu diozu, beraz.
Inoiz mehatxuren bat ere jaso izan dut ezagutzen nuen pertsona baten partetik. Hor gauzak aldatzen dira, baina orokorrean garrantzia kentzen diot. Ziurrenik pertsona horrek txio hori komunean kaka egiten dagoela idatzi du eta nik kaka egiten nagoela irakurri dut. Beraz, gehiegi ez kezkatzen saiatzen naiz.
Euskaraz eta gazteleraz egiten dituzu bakarrizketak. Desberdintasunik badago?
Bai. Niri eta beste batzuei gertatzen zaigu euskaraz umorea egiten dugunean nolabaiteko autoerreferentzialtasun batean erortzen garela. Euskarari edo euskal kulturari buruz hitz egiten dugula, alegia. Uste dut sorgin-gurpil horretatik atera behar dugula. Hori izan daiteke desberdintasun nagusia. Eta batzuetan zati berdinak egiten ditut euskaraz eta gazteleraz eta beste batzuk soilik euskaraz eta soilik gazteleraz. Gertatzen dena da euskal umoregintzan stand up-aren kontua oso berria dela, eta batzuetan herri batera zoaz eta txisteak oso ondo funtzionatzen du eta beste batean ez. Euskal Herria oso anitza da. Hau gertatzen da ez dagoelako mugarririk. Gazteleraz adibidez, Mis tetasen txistea daukagu eta mundu guztiak ezagutzen du. Euskaraz ez dago hainbesteko erreferentziarik, eta gu sortzen ari gara. Alde batetik hori egitea oso polita da zeren gu ari gara jartzen ikurrin horiek eta bidea zabaltzen. Baina bidea zabaltzeko sastraken artean ireki behar duzu, urratu egiten zara eta batzuetan momentu oso deserosoak bizi ditzakezu. Baina hor gauz, historia egiten!
Gai guztiei buruz egin daiteke umorea?
Umorea guztiari buruz egiten saiatzen naiz. Badaukat sentsibilitate berezia gai batzuekiko, baina gai guztiei buruz egin dezaket umorea. Hori bai, nik ez nuke sekula egingo txiste matxista, arrazista, transfoborik edo euskarafoborik. Baina euskalfobiari buruzko, transfobiari buruzko edo matxismoari buruzko txisteak egiten ditut. Torturari buruzko txisteak ere egiten ditut, baina egiten ditut memoria historikoa mahai gainean jarrita. Zeren hemendik eta hamar urtera beharbada jendeak ahaztuko du hemen torturak egon direla. Txiste horiek eginez oroitarazten dut. Eliza katolikoan egon diren abusuei buruz txiste asko egiten ditugu askok: kontuz apaizekin eta umeekin. Eta hori ez da txiste bat egitea pederastiak grazia egiten dizulako, ezta inolaz ere, eliza katolikoan dagoen pederastia salatzen ari zara. Oroitarazteko modu bat da horri buruz umorea egitea.
Zein amets bete nahiko zenuke?
Nire liburuaz hitz egitea! Hasta la potxola me tenéis nire lehenengo liburua da –aurretik besterik ez dagoelako–. Hausnarketa politikoak eta sozialak idatzi ditut bertan, umorearekin nahastuta eta nik neuk egindako diseinuak ere sartu ditut, azala barne. Liburu honetan ere putzu guztietan sartzen naiz eta 15 eurotan saltzen dut. Erosi!