Ane Labaka: “Bertsolaritzatik iritsi naiz feminismora”

Idazle modura Ezpainetakoa album ilustratua aurkeztu eta gero, martxoan Erradikalak gara ikuskizunaren bigarren zatia aurkezteari ekingo dio. Bertsolaria eta Txakur Gorria kolektiboko kidea da. Ororen gainetik, sortzailea.

Urte berrian sartu gara TTAP aldizkarian, Ane, Tabakalerak berak utzi digun aretoan. Zure baitan eraldaketa bat gertatzen ari da denbora tarte laburrean, dagoeneko ez zara bertsolaria bakarrik. Bertsolari, idazle, iritzi emaile, artista… esparru ezberdinetara zabaltzen ari da zure jarduna.

Kontziente naiz, bai. Nire sormena, jendaurreari begira, bertsora mugatzen zen lehen. Baina betidanik idatzi izan dut, eta hori orain ere publiko zabalari eskaintzen diot. Nire burua idazletzat izendatze hori oso zaila egiten zait. Hirugarren pertsona bati buruz arituko banintz, errazago ipiniko nizkioke aipatzen dituzun adiera horiek guztiak. Ahalduntze prozesua izan da, hasteko, nire burua bertsolari kategorian barruan sartzea. Hori oraintxe gainditu dudala iruditzen zait, eta beste kategoria batzuetan sartzea kosta egiten zait. Baina, bai, idazten dut eta iritzigile bezala hedabide ezberdinetan aritzen naiz. Ipuin album ilustratu eta beste lan batzuetan banabil, baina zaila egiten zait nire burua kategoria ezberdinetan kokatzea.

Ibili bazabiltza, eta fin, gainera. Aitortza besteei uzten diezu… Kirolari askok dioten moduan, zeuk ere terapia modura erabiltzen duzu idazketa?

Bai, eta baita kirola ere. Txikitandik gogoko izan dut irakurtzea eta idaztea. Nerabezaroan sortzen diren korapiloak askatzeko nire kabuz hasi nintzen niretzat gordetzen nituen koaderno ezberdinetan idazten.

Gordeta dituzu?

Bai, gordeta dauzkat.

Jarduera ezberdinetarako jauzi horretan, Erradikalak gara ikuskizuna giltzarrietakoa izan al da? Eskuekin konta daitezke horrelako arrakasta lortu duten kultur jarduerak.

Saio asko izan dira denbora gutxian. Lehen galderari lotuta dago nire erantzuna. Bertsolaritzan bada bide bat oso-oso markatuta. Eskolarteko txapelketetan hasi eta hortxe zure izena nabarmentzen hasten bada, gazte sariketa ezberdinetatik deitzen zaituzte, eta, horietan ondo arituz gero, herrialdekako txapelketetan parte hartzeko aukera zabaltzen zaizu… Jendeak espero duen hori ematea nahi du, baina nik ez dut horrelakorik sentitu. Birritan parte hartu dut promes etiketa edukita, eta ez dut sentitzen nigandik espero zena bete dudanik. Eta, aldi berean, bide markatu horrek ez betetzeak beste bidezidor batzuk topatu behar izateko aukera eman dit. Diodana oso lotuta dago Beatriz Egizabalekin elkartzen hasi eta Erradikalak gara antzezlana sortzen hasteko. Hortik beste sormen jarduera batzuetan aritu naizelako.

Zein da arrakastaren formula edo sekretua?

Gure buruari buruz, gure kontraesanei buruz umorea egitean, jendea oso identifikatuta sentitu da. Gure barrura begira, gure guayismo eta progre joera horretan, gauza bat aldarrikatzen dugu: teoria eta diskurtsoa zein den oso ondo dakigu, baina gure egunerokotasunean zer gara?

Erradikalak gara ikuskizunak bigarren zatia izango al du?

Bai. Martxorako sortuko dugu ikuskizun berria. Formatuan oso eroso gaude biak; hasieran, beste zerbait egin nahi genuen, baina inflexio-puntua iritsi zen bakoitzak egiten genuen horretara gerturatu ginenean. Bereziki, neu eroso egoteko nire bertsolari izate horretan eta bera aktore lanetan. Formatua oso antzekoa izango da, eta gai berriei tartea egiten ahaleginduko gara.

Euskal Herria ezagutzen da kulturaren bitartez. Esan nahi baita herriak, aretoak, elkarteak, mugimenduak, pertsonak… Herri bat, areto bat eta mugimendu bat nabarmenduko al zenituzke?

Nafarroako Antzerki Eskola etortzen zait beti burura. Oso polita da, Erradikalak gara antzezlanarekin Iruñera agertu ginenean txundituta geratu ginen. Oso oroitzapen ona gordetzen dut.

Herria aipatzen hasita, Lasarte-Oria aipatuko nuke. Ez soilik nire herria delako, otsailean egiten den bertso afari literario zikloagatik baizik. Literatur txokoak antolatzen du eta bertako partaidea naiz. Hilean behin elkartzen gara liburu ezberdinei buruz hitz egiteko. Bertso afari literarioetan kantatzeko zortea ere badaukat. Idazlea gonbidatzen dute, eta harekin batera hiru bertsolari kantuan aritzen gara. Oso saio gogokoa dut, estimatua eta maitatua.

Mugimendua, oro har, feminismoa hartuko nuke. Nire kasuan, bertsolaritzatik iritsi naiz feminismora.

Esan ohi duzu bertsolariaren mugiro horretatik sortzaileen eremu zabal horretara igarotzeko garaian Txakur Gorria sormen kolektiboa garrantzi handikoa izan dela zuretzat.

Niretzat, orain dena da. Hasteko, lagun taldea da. Nire egunerokotasunean bestela ere hor dauden pertsonak dira. Plazera da, beraz, eurekin batera sormenean aritzea. Sormena gure bizitzako lehen planora ekartzeko urratsa egin dugu. Laurok sortzea gogoko izan dugu, eta karrera amaituta lan egin behar izaten da. Sormena bigarren planoan gordetzen da. Kolektibo modura pauso hori ematea erabaki dugu, eta, egun, horixe da gure ogibidea. Sormena dago gure bizitzaren lehen planoan. Lau lagun biltzen gara Txakur Gorria kolektiboan: Nerea Ibartzabal eta ni hitzez eta testuez arduratzen gara, gehienbat, eta Mariñe Arbeo eta Malen Amenabar irudiaz arduratzen dira.

Durangoko Azoka pasa berri da, eta, bertan, Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko liburuxka eta Memoria lehortzen postal bilduma ekoizpen berriak aurkeztu dituzue. Agortu ez badira, on line eskuratu al daitezke?

Txakurgorria.eus gure webgunean bertan, Kontaktua atalean gurekin jar daitezke harremanetan. Postal bildumaren oinarrian, Berria-rentzat Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian egin genuen Belarriekin ikusia pieza sorta dago. Nafarroa Behereko Lekunberri herriko B eta B erakusketa gelakoek hura gogoko izan zuten, eta Memoria lehortzen erakusketa osatzea eskatu ziguten. Hamabi obra eta hamabi kopla dira, memoria arazoak izaten hasi den emakume batean oinarrituta. Erakusketarako bakarrik lantzea pena ematen zigun, eta kutxa modukoa ekoiztu genuen hamabi piezako lantxoa bertan sartuz.

Lauhazka. Kaiera bat jarraitzeko liburuxka Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta Azpeitiko Udalaren Sorkuntza Bekaren laguntzarekin osatutako proiektua da. Lauron arteko sormen-lana izan da, bakoitzari bere lana egiteko espazioa eskainiz eta katean lan eginez. Kaiera idazleen eta ilustratzaileen artean tartekatu genuen, eta aurrekoak egindako lanari segida emateko lau egun genituen.

Azokan, bestalde, Ainhoa Agirrezaldegi, Uxue Alberdi eta Miren Artetxe bertsolariekin batera infografia modukoa aurkeztu genuen. Poster handia da, irudiak erabiliz bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik azaltzen duena.

“Nire burua idazletzat izendatze hori oso zaila egiten zait”

Gutiziak, beraz.

Mimoz egindako sormen lanak dira, eta hartzaileak hori estimatzen duela esango nuke.

2017ko Durangoko Azokan Txakur Gorriak postu txikia ipini zuen, stand erdia. 2018an, berriz, protagonismo handia hartu duzue, udazken eta negu partean irismen handia izaten duen kartel iragarlearen egileak zaretelako. Eta ez hori bakarrik, azoka iragartzeko spota ere zuena da. Halako jauzia ematea, hain tarte txikian, ez zenuten imajinatu ere egingo.

Egia esan, ez. Durangoko Azokan fokua jarrita bakarrik gure ekimena nola joan den handitzen oso ondo ikus daiteke. Poz handia hartu genuen Azokakoen deia jasotzerakoan. Isilpean gordetzea eskatu ziguten; kosta egin zitzaigun. Spotaren gidoia guk egin genuen, eta irekiera ekitaldian ere halako performance modukoa egin genuen. Aniztasuna izan da gai nagusia, eta antolatzaileei logikoa iruditu zitzaien lan horiek beste artista mota batzuei eskatzea. Orain arte,, enkargu horiek egiteko artista kontsagratuengana jo dute, norbanakoengana, bereziki, eta, oraingoan, jauzi modukoa egin dute kolektibo bati, lau emakume gazteri aukera hori eskainiz.

Ezpainetakoa irakurri ondoren idazle ikusten zaitudala esango banizu, ez zenuke onartuko…

Besteek esana denean gogoko izaten dut. Errazagoa da hori onartzea.

Baina idazle izateko bidean zaudela nabaritzen al duzu?

Gustatuko litzaidake. Lehen harritxoa jarri dudala uste dut, buruan izan dudan zerbait izan da beti. Asko idatzi dut, eta kanpora begira idaztea gustatuko litzaidake.

Modan dagoen Scape Room delakoak jolasa eskaintzen dio parte hartu nahi duenari, eta parte hartzaileak irtenbidea bilatzeko ariketa fisikoak eta mentalak gainditu behar ditu. Ezpainetakoa idazlanean, nolabait, horrelako zerbait iradokitzen da. Gazte bat agertzen da idazlanaren hasieran, bere buruari galderak eginez, helduaroko jokabideetan antzematen dituenaz hausnarketa egiten: etsitzeaz, bereizteaz, isiltzeaz… Protagonista, gorputzez eta arimaz, helduaro horrantz doa.

Oso presente dago diozun guztia, baina, gero, hausnarketak beste batzuk izan daitezke ere. Ez da kasualitatea idazleak bizi duen aroa: 26 urte ditut.

Garapen bat dago kontakizun literarioan, eta bihurgune itxiak daude idazkeran. “Beti izan naiz poltsa beroaren defendatzaile sutsua”. Esaldi hori iristen den unean, idazlanaren protagonista helduen keria horiek nozitzen hasten dela esango nuke.

Pertsonaiaren baitan egon daitezkeen bi alde horiek izan daitezke, “beti” aipatzen duelako. Ez da une batetik bestera hori defendatzen hasten, eta pertsonaiaren baitan egon daitezkeen bi jokabide horiek izan daitezke: Batetik, bizitzan beste zerbait egin nahi duen hori eta, aldi berean, amore ematen ari dena. Barne elkarrizketa modukoa da.

Bi literatur genero aurki daitezkeela esango nuke. Protagonistaren kontakizun narratiboa nagusitzen da, ilustrazioez osatuta. Eta, tarteka, irudirik gabeko testu hutsak. Poetikoa, akaso.

Halaxe da, eta kontzienteki izan da horrela. Sormen prozesua ere etenaldiz beterikoa izan zen, orduko hartan nuen bizimoduagatik ezin niolako denbora osoa idazketari eskaini. Tarteka idazten joan naiz, eta hori islatzen da lan honetan. Irudirik gabeko hausnarketa horiek txertatzea hautua izan zen. Malen Amenabar ilustratzaileak, testua lantzen hasi zenean, pasarte horietan indarra hitzetan ikusten zuela adierazi zidan. Gehienez ere, tipografiarekin jolasteko aukera ikusi zuen, irudiak sortu gabe.

Ilustratu dituen beste orrialdeetan egin duen lana oso gogoko dut, irudi horiekin paisaia modukoa osatu du. Eta irudirik gabeko tarteetan hausnarketari bidea eman dio.

Hitza jolas, Ezpainetakoan. Barra, ezpaina, arrastoa… hitzen zentzu edo adiera bikoitzarekin jokatu duzu. Tarteka idazten joan zarela esan berri diguzu, baina irakurtzerakoan kontakizunaren muina ez da galdu. Hori bai, nabari da idazketa eta berridazketa lan etengabea dagoela. Formari garrantzi handia eman diozu.

Perfekzionista muturrekoa naizelako. Ez dakit zein idazleri irakurri nion testua ez dagoela inoiz bukatuta, izatekotan, irakurleak berak bukatutzat ematen duen momentu horretan. Ezpainetakoa argitaratu eta gero irakurri dut, eta egia da oraindik ere aldaketatxoren batzuk egingo nizkiokeela.

Ez da eleberria, eta karaktere kopurua bereziki luzea ez denez, lana luparekin ikusteko aukera ahalbidetu zidan. Testua kimatzeko ariketa hori egin ahal izan dut.

Eta, era berean, kontakizuna ez dago erabat idazlearen esku. Hitzen zentzu bikoitz horiez barre pixka bat egin dezagun: Irakurri nuen Ezpainetakoa, eta, elkarrizketa prestatzen ari nintzela, esaldi baten harira deitu egin nizun. Kontakizunean protagonista agertzen da, larunbat gaua izan daiteke, eta harekin batera beste lagun bat ageri da komun zikin batean. “Makillatzerakoan sudur-zuloak irekitzen dituzunean” esaldia aipatzen da. Eta, ni, nire artean, drogarekin zerikusia duen zerbait esaten ari al zaigu? Deitu nizun galdera egiteko, eta seko harrituta geratu zinen. Hitzekin, hizkuntzarekin jokoan, idazleak ondo lotuta utzi nahi izaten du kontaera. Baina, bestalde, interpretazioetarako bidea zabalik geratzen da. Urrunegi joan nintzen esaldia interpretatzerakoan.

Zuk hori aipatu eta gero berrirakurri nuen eta, bai, horrela interpretatu daiteke. Hor kontatzen dena, ordea, egia da. Nerea Ibartzabalek esan izan dit makillatzerakoan sudurzuloak irekitzeko keinua egiten dudala.

Literala da, beraz.

Bai, horrela da. Ezpainetakoari buruz komun batean izan nuen elkarrizketa hori ere literala da. Elkarrizketa hori buruan bueltaka, zerbait idazteko abiapuntua izan zitekeela iruditu zitzaidan. Aldi berean, oso polita iruditzen zait irakurleak nire idazlanaren harira egin dezakeen interpretazioa. Lehen esan dugun horretara itzuliko naiz. Testua ez da idazleak itxitzat ematen duenean bukatzen, irakurleak lana hartzen duenean baizik.

Malen Amenabarrekin batera argitaratu duzu Ezpainetakoa, baina bada argitu beharreko kontua. Biak zarete Txakur Gorria sormen kolektiboko kideak, baina, era berean, bakoitza bere alorrean Peru Abarka lehiaketaren irabazle izan da. Lehenik, idazlanaren lehiaketa egin zuten, eta ondoren, ilustratzaileena. Argitalpena Ereinek argitaratu du.

Tranpa modukoa egon dela pentsa dezake jendeak, baina lehiaketak berak ez du horretarako aukerarik uzten. Lehenik, testua saritzen da, eta, kasu horretan, nirea izan zen aukeratua. Testu hori sarean zintzilikatzen da, eta baita testuaren itzulpena ere. Hartara, ilustratzaile gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten. Bigarren lehiaketan, ilustratzaileak aurkezten dira, eta testuaren gainean egindako hiru lan aurkeztu behar dituzte: portada, storyboard-a eta barruko orrialdeetan joango den irudi bat. Epaimahaiak lan onena iruditzen zaiona aukeratzen du, eta, ondoren, irabazleari lana osatzeko denbora tartea eskaintzen diote.

Kasualitate bikain horietakoa, zuretzat.

Bai. Oparia izan da. Eta baita liburua amaituta eskuetan hartu nuenean ere. Liburua etxera iritsi zenean, tapa gogorrarekin… nire lana Malenekin batera konpartitzea kristorena izan zen.

Egia da, era berean, lan ezberdina izan dela guretzat. Txakur Gorrian egiten ditugun sormen-lanetan aldi oro ari gara bata eta bestearen lana kontrastatzen. Ezberdina eta polita izan da Ezpainetakoa lanaren ekoizpena.