Andrea Lusarreta: “Izugarrizko maila dago emakumezkoen pilotan”

Nafarroako Euskal Pilota Federazioak emakume bat hautatu du lehendakari, lehenengoz. Andrea Lusarretak (Labiano, 1996) gogoz eta arduraz ekin dio karguari, emakume pilotarientzako erakusleiho berriak irekitzeko eta gazteenen artean pilotarekiko afizioa berreskuratzeko helburuarekin. Haurrek edonora pilota bat poltsikoan zeramaten garaia berreskuratu nahi du, edozein pareta frontoi bilakatzen zen hura. Ez da erraza izango, baina erronkak gustuko ditu labianotarrak. Pilotaria ez ezik, atletismoan eta futbolean ere aritu izan da, baita pilota entrenatzaile eta hautatzaile ere. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egin bitartean, EITBko reality ospetsuenean, Konkis-ean, parte hartzeko parada ere izan zuen. Lehiakortasuna haren izaeraren parte da, baina kirolak hori baino askoz ere gehiago eman dio.

Andrea Lusarreta, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko lehendakari berria. Kaixo eta ongi etorri TTAPera. 

Kaixo; eskerrik asko. 

Titulu horrekin, logikoena zirudien frontoi batean egitea hitzordua. Baina egia da hau ez dela edonolako frontoia. Azaldu iezaguzu: non gaude? 

Esan duzun moduan, nik uste dut frontoira etorri behar genuela. Labiano herriko frontoi estalian gaude; eguraldia dela-eta hona etorri gara. Labianok ere badu oso frontoi polita, frontisa oso polita daukana, herriko eliza eta plaza dena. 

Zenbat ordu igaro izanen dituzu bai hemen eta bai herriko plazako frontoian?

Txikitatik edozein kiroletan aritzeko balio zigun frontoiak, bai eskupilotan, bai palan, bai baloiarekin. Eta gerora, pixka bat nagusitzen joan ginenean, frontoi estalira etortzen uzten gintuzten. 

Egia da, gainera, herrietan frontoiak ezinbesteko direla egunerokotasunean. 

Azkenean, herriaren elkargune da. Herriko plaza ere bada, eta bertan adin guztietako jendea biltzen da, frontoian bertan edo frontoiaren inguruan. Eta sekulako garrantzia dauka herria egiteko eta edozein jarduera antolatzeko. 

Irakurlea kokatzeko… Labianon gaude, Aranguren ibarreko herri txiki batean; 160 biztanle inguru ditu. Denok elkar ezagutzen duzuen herri horietako bat da?

Bai, herrian guztiok ezagutzen dugu elkar. Eta, txikia den arren, nahiko bizia den herri bat da, harrotasunez esan beharra dago. Elkarteak ere laguntzen du horretan, eta, nola ez, frontoiak ere bai. 

Hasieran erran dugun bezala, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko lehendakari izendatu berri zaituzte; nola daramazu?

Lan eta lan gabiltza. Zuk esan bezala, hilabete gutxi daramagu Federazioan sartuta, eta egia da badugula lan asko egiteko. Dagoeneko hurrengo denboraldiaren plangintzarekin hasi gara. Baina lehenengo hilabete hau, testuingurua tartean, gogorra eta konplexua izaten ari da. Analisi-fase horretan gaude, eta jada martxa hartzen. Egoera ikusi dugu, eta bagoaz aurrera. 

“Presiopean aritzea nire izaerarekin doan zerbait da, nahiz eta batzuetan itogarria izan daitekeen”

Kargu guztiei neurria hartu behar zaie; bazen burutan zenuen zerbait?

Ez. Egia da Federazioaren barne nengoela jada, Emakume Batzordearen barne edota edozein promozio jardunalditan, denok gaudelako posible denean laguntza ematen. Baina ez zen niretzako jomuga bat.

Federazioaren barrenean, Emakumea eta Pilota Batzordearen buru ibili zara; zeintzuk izan dira zure erronkak eta zure helburuak?

Berriki sortutako batzorde bat zen. Pandemia garaian sortu ginen, horrek ekarri zituen zailtasun gehigarriekin. Lehiaketatik kanpo beste espazio batzuk irekitzen zentratu ginen, beste ekimen batzuk antolatzen. Eta horren promozioan jardun dugu. Urtero bizpahiru promozio-jardunaldi egiten ditugu. Gero, emakumeen presentzia areagotzea izan da beste helburuetako bat. Saiatzen gara erreferente horiek ikusarazten. Horiek dira landu genituen ildoak eta orain lantzen ari diren ildoak. Ikusgarritasuna ematea eta erreferente berriak sortzea. 

Hain zuzen ere, lehenengo emakumea zara Federazioko lehendakari, erakundeak 100 urte bete dituen arren; mende oso bat behar izan da emakume bat hor egoteko…

Ez da gutxi, ez. Urteak pasa dira, eta, gutxinaka-gutxinaka, zorionez, gauzak aldatzen ari direla uste dut. Erabakitze-postu horietan emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa da. Oraindik lan asko dago egiteko, baina uste dut berri ona dela gizarte aurrerakoi batean. Orain arte ez dugu aukerarik izan; gutxinaka, aukerak sortzen ari dira, eta horretan gaude. 

Presio gehigarria ematen dio horrek guztiak kargu-hartzeari?

Nik uste dut baietz. Inguruko jendea saiatzen da presio hori kentzen, baina uste dut berez erantzukizun handia dela Nafarroako Euskal Pilota Federazioko lehendakari izatea. Erantzukizun aldetik izugarria da. Ohorea da lehenengo emakumea izatea 100 urteko ibilbidea duen federazio batean. Baina bertigo-puntu bat ere ematen du.

Susmoa dut, hala ere, presiopean ongi funtzionatzen duen pertsona horietako bat zarela. 

Bai, nire izaerarekin doan zerbait da, baina horrek ere batzuetan itoarazi egiten zaitu. Hala ere, horrela funtzionatzen dugu, eta horregatik ere sartu gara. Saltsa gustatzen zaigu, eta horregatik gaude momentu honetan hemen eta orain. 

Lehendakari gisa, zeintzuk dira zure erronkak? Zer egin nahi duzu Federazioarekin?

Euskal pilotak Nafarroan duen egoera ikusita, pilotari txikiengana hurbildu behar dugula uste dut. Generazioz generazio pasa izan diguten tradiziozko kirol hau galtzen ari da. Lehen, oso ohikoa zen edonork pilota patrikan eramatea eta edozein paretaren aurka jokatzen hastea, herriko frontoian edo dena delako frontoi batean. Eta nik uste dut hori galtzen ari dela. Hamaika kirol ditugu aukeran, aisialdi ohiturak ere aldatzen ari dira. Ez dugu telebistan astebururo ikusten dugun partidu horiekin bakarrik geratu behar. Askoz gehiago da pilota, gure kulturaren parte ere bada. Baina ez bada ezagutzen, nola aukeratuko du ume batek kirol hau eta ez beste edozein? Nafarroak, alde horretatik, aukera oso polita dauka, ia herri guztietan frontoi bat edo bi dituelako. Goazen ditugun baliabideak probestera. Horregatik, gainontzeko esparruetara eraman nahiko genuke pilota, bai hezkuntza formalera eta ez-formalera ere. Aisialdi espazio horietan egotera, ez kirol eskoletan bakarrik. Kirol eskolak gero etorriko dira, baina lehenengo, nolabait, umeen artean ezagutarazi nahi dugu. Umeen artean diot, orokorrean, mutikoen artean eta baita nesken artean ere. 

“Euskal pilotaren afizioa galtzen ari da; kirola txikiengana hurbiltzea garrantzitsua da orain”

Egia da genero ikuspegitik txikitan berdintsu dagoela kontua, baina adinean aurrera egin ahala neskek pilotan jokatzeari uzten diotela… 

Nire txikitako pasarte bat ekarri dezaket gogora. Nik kristoren zaletasuna neukan, herrian jolasten nintzen. Aisialdi-esparru batean jolasten ginen, baina gero, pilota eskolara joan eta neska bakarra nintzen. Urtebete egon nintzen han, baina egoera ez zen oso erosoa, ez zuen laguntzen, eta utzi egin nuen. Nik nire kabuz eta lagunekin jokatzen jarraitu nuen, baina pilota eskolan ez. Orain, neska gehiago baditugu. Kirol eskola batzuetan neskak eta mutilak batera aritzen dira eta beste batzuetan banatuta, baina, behintzat, badaukate jarraikortasun bat; gutxinaka, aukera hori izaten ari dira. Hori bermatu beharra dugu, jarraikortasuna. 

Pilotaz ari gara, eta Federazioaz, noski. Baina ez da jorratu duzun diziplina bakarra, ezta gutxiago ere. Futbolean aritu izan zara, atletismoan, gimnasian ere bai; denetarik egin duzu, ezta? 

Bai; kirola nire bizitzaren parte da. Gainera, arlo profesionalean ere horretan jarduten dut, eta hamaika kirol egin ditut. Praktikan, batzuk oso gustukoak ditut, beste batzuk gorrotatu egiten ditut, baina hori ere polita da. Azkenean, gehien gustatzen zaizuna edo erosoen sentiarazten zaituena hautatzen duzu. 

Zer izaten du kirolak horrenbesteraino engantxatzeko? 

Alde batetik, lehiatzeko grinak erakartzen nau, nahiz eta orain, beharbada, ez daukadan horretatik horrenbeste. Uste dut kirolak erakutsi ditzakeela balio batzuk gero bizitzako edozein esparrutara estrapolagarriak direnak. Esango nuke gaurko egunean daukadan izaeraren oso parte garrantzitsu bat kirolak eman didala. Gero, ez dakit, norbera frogatzearena.  Lagunartean ere praktikan jarri dezakegun zerbait da, naturaz gozatzeko modu bat… Ez dakit, gauza onak ditu. 

Erronkak, adrenalina, jokoa, norgehiagoka… Horri guztiorri gehitzen baldin badiogu show hitza, Konkis-era iristen gara; bertan ere parte hartu zenuen duela asko. Nola sartu zinen saltsa hartan?

Txikitako ametsa zen. Telesailaren edizio asko ikusi nituen txikitatik. Bere garaian Patagonian egiten zituzten probak oso gustuko nituen, eta pentsatu eta egin: castingera joan, eta 20 urterekin Kolonbian egon ginen, hamalaugarren edizioan. Niretzako sekulako esperientzia izan zen txikitako amets hura lortu ahal izatea. Eta egun haietan bizi izan nuena izugarria izan zen. 

Pilotak, aldiz, hartu du protagonismoa zure bizitzan; zergatik mantendu zara pilotari lotuta? 

Pilota beste kirolekin ere partekatu izan dut. Gero, unibertsitate garaian alde batera utzi nuen; entrenatzeari utzi nion, batez ere, nahiz eta partiduren bat jokatzen nuen. Gero bai egon zen bolada bat ez nuela jokatzen eta beste istorio batzuetan egon nintzela. Nahiz eta, modu batera edo bestera, hor egon den beti. Entrenatzaile lanetan ere aritu naiz, nik jokatu beharrean umeekin pilota eskolan. Gustuko nuen, eta beti hor bueltaka egon den gauza bat da, praktikan. Bestalde, frontoira joatea eta pilota partidez gozatzea asko gustatzen zaidan afizioa da. Horrek ere gaurko egunean jarraitzen du. Beraz, pilota beti egon da, modu batean edo bestean, nire bizitzan. 

Txikia zinenean, zeri heldu zenion pilotaren munduan mantentzeko? 

Pilotan jokatzea beti izan dut gustuko, eta, gero, nahiz eta urteren batean utzi, herrira itzuli eta lagunekin partiduren bat edo beste jokatzen nuen. Txikitatik frontoiak konpartitu ditugun askok, modu batera edo bestera, jokatzen jarraitzen dugu; alde horretatik, ez dakit zer daukan, baina engantxatu egiten du. 

Izan duzu emakumezko erreferenterik? 

Zorionez, bai. Txikitan, Maite Ruiz de Larramendi genuen entrenatzaile, eta guretzako Maite izugarria izan zen. Gogoan dut 2010eko Munduko Txapelketan pilotari onena izendatu zutela pilotari guztien artean, gizon zein emakume, eta hurrengo egunean bertan gurekin zegoen, trinketean eskolak ematen. Guretzako beti izan da erreferente, eta gaurko egunean hala izaten jarraitzen du. Horrelako jende asko behar da pilota munduan. 

Belaunaldiartekotasuna mantentzeak oinarrizkoa dirudi. Alde horretatik, hainbat roletan aritu izan zara pilota munduan: entrenatzaile, hautatzaile, jokalari… Zer ematen dizu rol bakoitzak edo zerekin disfrutatzen duzu gehien?

Rol bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta ez dakit zeinekin geratuko nintzatekeen, edo zerk ematen didan zer. Egia da orain jokatzen jarraitzen dudala, baina nik uste dut ez nagoela oso egoera fisiko onean, ez daukat besteek duten mailarik, nahiz eta lehiakorra izaten jarraitzen dudan. Hala ere, badakit ez naizela maila zehatz batera itzuliko, ez naiz orain nagoenetik askorik igoko, baina gozatzen jarraitzen dut. Entrenatzeari dagokionez, neskekin dugun harreman hori oso garrantzitsua da. Beraiek ere konfiantza izugarria jartzen dute gugan, oso erreferente garrantzitsu bilakatzen zara beraientzat, ez bakarrik frontoian, baita bizitzaren bestelako esparruetan ere. Eta orain, lehendakari, denbora gutxi daramat postuan baloratu ahal izateko. Agian, aurrerago galdera bera eginez gero, erantzun garbiagoa eman nezake. 

“Aurrerapausoak eman dira, baina ez dakit pilotan erabateko berdintasuna ikusteko aukerarik izango dugun”

Zure egoera fisikoa ez dela hoberena diozu, baina, berriki, paleta gomako binakako txapelketa irabazi duzu, Uxue Murillorekin batera. Etxekoen artean jokatutako finala izan zen, Oberena klubekoak denak; nola bizi izan zenuen? 

Oso erronka polita izan zen, eta, gainera, Uxuerekin. Txikitatik harekin egon naiz frontoietan. Uxue ere bada eta beti izan da oso erreferente garrantzitsua. Gainera, kristoren maila dauka, eta txapelketa hura harekin jokatzea, inork ez zuenean gugan konfiantzarik, eta, azkenean, txapela eskuratzea… polita izan zen. Baina nik uste dut, eta hau oso garbi esaten dut, niretzako Uxue aurrelari onena dela, eta harekin jokatzea ere oso erraza dela. 

Egia da azkeneko urteetan zirkuitua handitu egin dela eta telebistan ere ikusi ditzakegula gaur egun emakumezkoen partiduak; zeri esker lortu da aurrerapauso hori ematea? 

Ikusgarritasun handiagoa izaten ari gara telebistan eta halako komunikabideetan, bai bestelakoetan ere. Apustua egin dela argi dago. Eta nik uste dut defendatu eta ikusarazi dugula maila polita dugula. Ikusgarritasun aldetik hain maila polita baldin badugu, zergatik ez lirateke gure partiduak telebista bidez eman behar? Uste dut erakutsi dugula baietz, erakartzen dutela. 

Erran dugu pilota ikuskizun hutsa baino gehiago dela, baina zein garrantzitsua den, hala ere, ikuskizuna, ikusgarritasuna lortzeko eta, horren ondorioz, erreferenteak sortzeko. 

Bai. Nik uste dut aukera oso polita dela emakume pilotariak ikusarazteko. Bere garaian, komunikabideen mundua bestelakoa zen, baina oso garrantzitsua izaten jarraitzen du. Pilota eskolara joaten bazara, adibidez, txikietako askok elite mailan dauden bost emakumezko pilotariren izenak emango dizkizute. Lehen, hori pentsaezina zen. Guk bagenituen Maite [Ruiz de Larramendi] eta bere bikotekidea [Yera Agirre], eta beraiengandik oso urrun bazegoen besteren bat. Gaurko egunean, zorionez, ikusarazte horrek eragina izan du.

Bazegoen hor zulo bat; izan ere, emakumeek pilotan, zehazkiago palan, presentzia nabarmena izan dute historikoki. Onarpena, aldiz, ez da neurri berean egon. 

Hori da. Orain, agian, oso errotuta dago emakumeen eskupilota, baina nik, alde horretatik, mahaiaren gainean jarriko nuke emakume palistak urteetan egon direla. Sekulako maila izan dute, bai iraganean eta baita orainaldian ere, bai trinketean bai paleta goman. Orain ere larruan hasi dira. Gainera, pilota kirol bezala oso gogorra da. Eskupilota jende askok uzten du, emakume askok utzi izan du gogortasunagatik, materiala egokitu egin bada ere. Aldi berean, ez da talde kirol bat, eta horrek ere eragiten du. Binaka joka dezakezu, baina ez dauka talde kirol batek eman diezazukeen hori. Pilotak, agian, alde horretatik ez; kontran, beste gauza baliotsu asko dauzka. 

Emakumeen partiduek ez dutela interesik pizten, ez dutela publikoa erakartzen. Argudio hori askotan erabiltzen da emakumeen partiduak ez antolatzeko; horren aurrean, zer erran?

Hori diotenei mezu oso garbia helarazi nahiko nieke: mesedez, joan frontoira emakumezkoen pilota partiduak ikustera. Asko gozatzen da. Materialaren aldetik ere aldaketak izan dira, beharretara egokitu dira. Beraz, joan frontoira eta gozatu pilota ikuskizunaz. 

Bat baino gehiago, akaso, harritu egingo litzateke, ezta? 

Bai, harritu egingo lirateke, segur aski. 

Herri askotako bestetan, adibidez, emakumezkoen partiduak gizonezkoen partiduan itzalpean antolatzen dira; normalean, gizonezkoena baino lehenago, bestela publikoa bertaratuko ez delakoan. 

Nahiko argudio ahula ere bada hori. Alde horretatik, ez dakit interes falta kontua den edo ez dutela errealitatea ikusi nahi. Izan ere, gaurko egunean izugarrizko maila dagoela uste dut, eta aukera eman behar digutela baldintza beretan publikoaren aurrean jokatzeko.  Adibide bezala, atzera begiratzea gustatzen zait; erraketistei, zehazki. XX. mende hasieran ere izan genituen. Erraketistei lekua eman zietenean, sekulako maila erakutsi zuten, frontoi pila bat betetzen zituzten, ez bakarrik hemen edo Espainiako Estatuan, nazioartean ere sekulako maila zuten, eta frontoi ospetsuenetan jokatu zuten. Gero, Francoren erregimenak baztertu, eta historian ahaztu ziren, baina aukera izan zuten. Emakumeak hor zeuden duela 100 urte, eta hor jarraitzen dugu gaur ere.  

Ados Elkarteak ere lan ikaragarria egin du azkeneko urteetan, alde horretatik, zirkuitu berriak sortzeko, espazio berriak irekitzeko. Emakumeak arlo profesionalera eramatea erdietsi da. Zer da gaur egun emakume pilotari profesionala izatea? 

Bai, Ados Pilota Elkarteak, hein handi batean, lortu du emakume pilotari profesionalak izatea, baina gaurko egunean lan-kontratu bat izatea eta aseguru bat izatea esan nahi du horrek. Haren zirkuituak antolatzen ditu edo badira ere beste ekimen pribatu batzuk, baina lehenengo pauso bat da, eta etorkizunari begira jorratu beharreko bidea hasi dute. 

Baina, hala ere, gaur egun pilotatik bizitzea kimera hutsa da?

Oso zaila da pilotaz bizitzea, baina, gutxinaka, hori lantzen joan beharra dugu, eta baldintza minimo batzuk lortu, gerora ere aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Uste duzu lortuko dela erabateko berdintasuna pilotaren munduan? Edo ikusiko dugula guk, behintzat?

Ez dakit, ez naiz oso baikorra. Ez dakit ikusiko dugun. Tamalez, oso zaila da. Berriro atzera bueltatuz, orain dela 100 urte izan baziren, eta zergatik ez orain? Baina gaurko egunean nola funtzionatzen dugun ikusita, nik uste dut zaila izango dugula. 

Urrats bat bada, behintzat, zurea bezalako postuetara iristea; esperantza ere ematen digu horrek.  

Bai, eta hemendik ere animatu nahiko nituzke zalantzetan dagoen emakume orori erabakitze-postu horietan sartzera, aukera suertatzen denean. Zalantzak baldin baditu, erronka polita dela esango nioke, konfiantzaz ekimenari eusteko, aurrerapauso hori emateko. 

Iruzurtiaren sindromearen mamua agertzen zaigu hortik, maiz. Zuk sentitu izan duzu? Askok, akaso, oraindik ere bai. Eta hor ateratzen da iruzurtiaren mamu hori. Hori sentitu duzu zuk momenturen batean? Nola egin aurre horri?

Bai, baditugu orotariko momentuak, momentu txarrak eta abar. Baina nire buruarengan ere konfiantza nabarmena dut. Batzuetan ere oso echada p’alante naiz.