Andrea Jaurrieta: “Onespenaren mugen gaineko debatea eragin nahi izan dut filmarekin”

Festival de cine y derechos humanos Donostia 2024

Maiatz bukaeran estreinatu zuen Andrea Jaurrietak (Iruñea, 1986) Nina pelikula; nafarraren bigarren film luzeak sekulako kritika onak jaso ditu kritikarien eta publikoaren aldetik.

Kaixo, Andrea. Nina pelikula zure sorkuntza osoa dela esan daiteke, zuzentzeaz gain idatzi egin duzu eta. Nor da Nina?

Zauritutako emakume bat da Nina, eta galtzeko ezer ez duela sentitzen duenean herrira bueltatzen da, bizitza suntsitu zion gizona akabatzera. Baina ez zekien herriarekin loturiko beste zauri batzuk itxi behar zituela itzulera horretan.

Nola sortu zen Nina zeure buruan?

Anton Txekhoven Kaioa lanaren gainean Jose Ramon Fernandezek egindako antzerki-obra irakurri nuen, eta berehala ohartu nintzen kontatu nahi nuen istorio bat zegoela bertan. Baina nire modura egin nahi nuen: maitemindutako eta atsekabetutako Nina hori arma bat eskuan hartu eta mendekua hartzeko gai den emakume bilakatuz.

Western postmoderno edo garaikide bat dela esan daiteke?

Ez nuke jakingo esaten. Agian, postmodernoa izango litzateke, genero askotatik edaten duelako: westerna, thrillerra, melodrama… Eta zinema klasikoari begirada bat ere egiten dio garaikidetik. Beraz, ba al dago klasikotasuna hartzea, nahastea eta deseraikitzea baino postmodernoagorik?

Onespenaren gaia, sexu-abusua eta bortxaketa lantzen dituzu; eztabaida ikus-entzuleengana eraman nahi zenuen, ezta?

Hori da. Nire helburua ez da epai moral bat egitea, baizik eta errealitate gogor bat erakustea irudien bidez, gero, zinematik, onespenaren mugen debate horrekin irten daitezen. Estreinaldien osteko hitzaldietan jende asko gerturatu zaigu eskerrak ematera, eta haiei antzeko zerbait gertatu zaiela kontatu digute. Pelikulak arreta gai horretan jartzea eskertu digute. Pelikularekin biktimak identifikatuta sentitzea eta euren esperientziak partekatzea lortu badut, merezi izan du, zalantzarik gabe.

Zer-nolakoa izan da Patricia Lopez Arnaiz aktorearekin lan egitea?

Zoragarria izan da. Profesional handia da eta egin duen lana oso zaila izan da: begiradarekin dena adierazi du, gorputzarekin, hitz gutxirekin. Horrez gain, horren harreman ona izan dugu, dagoeneko laguna dela esan dezaket.

Noiz egoten zara urduriago, estreinatu aurretik ala ondoren?

Prentsari erakusten hasi ginenean urduriago nengoen, baina horren harrera ona izan ostean lasaitu egin nintzen. Orain, nekatuta nago. Oso-oso zaila da film handien aurka lehiatzea zineman zure pelikula aukeratu dezaten. Horregatik, hitzaldi asko egiten ari naiz eta hainbat herritan bira egiten ari naiz. Hori da pelikula bultzatzeko bide bakarra. Zaila da pelikulen berri ematea, aurrean publizitate-kanpaina izugarriak dituzten batzuk daudelako.

Ana de día egin zenuenetik sei urte igaro dira, eta, tartean, Ballenas aplastadas por el hielo dokumentala egin duzu; fikzioan gusturago sentitzen zara?

Pelikula bakoitzak kontatzeko bere modua duela esan daiteke, baina uste dut nire medio naturala fikzioa dela, bai.

Umetan edo gaztetan zein zinema motarekin edo pelikularekin amesten zenuen?

Pelikula asko ikusten nituen. Sister act 2, Sonrisas y lágrimas eta La isla de las cabezas cortadas maite nituen, adibidez. Baina aitarekin pelikula serioagoak ere ikusten nituen. Bideoklubetik ekartzen genituen, edo telebistan botatzen zituztenak: Ay Carmela, El espíritu de la colmena… Bi haiek garrantzitsuak izan ziren niretzat, 5 edo 6 urte nituela ikusi nituen eta.

Egia da hasiera batean aktore izan nahi zenuela?

Bai, egia da. Antzerkia eta antzeztea maite ditut. 14 urte nituenetik antzerkian ibili naiz. Ekoiztetxeko nire bazkide Ivan Luis bera Madrilgo konpainia independente batean ezagutu nuen. Gerora, zuzentzea nire pasioa zela konturatu nintzen, seguruago sentitzen naizelako. 2022an Nina gelditu behar izan genuen finantzaketarik ez genuelako lortzen, eta aktore-tailer baten eman nuen izena. Horrek zoramenetik ihes egiten lagundu zidan.