Andoni Mutiloa: “Zauritutako flamenkoa naiz, eta, hala ere, hegan egitea erabaki dut”
Lanak bizimodu hertsi batera lotu zaitzake, hortik harago jarduteko beldurrez. Bizimodua hankaz gora jarri eta ametsen bila abiatuko bagina zer? Urrats hori egin duena Andoni Mutiloa artista da. Ametsa bizi du, eta oraindik ez zaio damutu.
ELKARRIZKETA
Andoni Mutiloa, ongi etorri TTAPera. Nola definituko zaitut? Artista? Kazetari ohia? Kamikazea?
Neure burua nola definitu ez dakit. Baina hiru kontzeptu horiek oso ondo bateratzen dituen beste hitz bat badago eta hori kabaretaria da. Eta hor oso eroso sentitzen naiz.
Izan ere, zure ibilbide artistikoan, garrantzi handia du kabaretak. Donostiako Poltsiko antzerkian hirugarren ikuskizunaren estreinaldia egin zenuen, Kripta izeneko aretoan. Ostiral iluntzea zen. Convent Garden eraikinean bada eliza bat, eta lur azpiko aretora sartzeko 19:00etako meza amaitu arte itxaron behar izan genuen. Zure emanaldia zer izan zen, meza amaitu osteko beste meza bat?
Asmoa ez zen meza izatea. Mezan izaten den liturgiarik ez zegoen. Izatekotan, meza ondorengo ospakizuna izango litzateke. Hori aipatzen hasita, gogoan dut Esnatu naiz nire lehen muntaian emanaldietako bat eliza batean egin genuela. Oraindik orain, meza ematen den eliza batean! Ni neure buruarekin lasai nengoen, baina pentsatu nuen: “Ostras; akaso, baten bat izutu edo asaldatu egingo da”. Ez zidaten horrelako abisurik eman. Aldarearen ondoan egin genuen emanaldia. Obra hura bukatu nuen takoi gorriekin eta braga-faja batekin, akerrarena egiten.
Kontzertu baten antza du zure hirugarren sorkuntza-lanak. Besotan hartzen zaitu ikusleriak, bisa eskatzen dizute, zure kantuen karaokea egiteko gonbita luzatzen diozu ikusleriari… zenbateraino da serioa eta parodia show bussines-ari loturiko topiko horien erabilera?
Parodia zero, nire fantasia da. Gogoko dudan hori muturrera eramanda dago. Uler dezaket, agian, baten batek pentsatuko duela parodia baten aurrean dagoela, eta niri iruditzen zait nire ametsik borobilena ez dela bakarrik kantatzea publiko aurrean, baizik eta jendeak zure kantuak abestea. Haizagailua martxan jartzea, jendeak ni besotan hartzea… Nire fantasia da, hori errealitate bihurtzea ikuskizun batean, jendearen babesarekin, benetako babesarekin, nire buruari egin diodan opari ederra da.
Haizagailua edo bentiladorea martxan jarri duzu ikuskizun honetan. Baina ez garai digital toxiko hauetan kontu itsusiak haizatzeko. Baizik eta fisikoki bertan duzulako haizagailua, zure alter ego hori indartzeko.
Kapa bat daramat ikuskizun horretan eta haizagailuak kapa elementu gisa indartzen zen. Hori apropos egina dago. Niri puntazo bat iruditzen zait benetan erabiltzea. Esan bezala, ez da parodia, hori da nire fantasia muturrera eramatea.
Bero egiten duenerako, gainera, baliagarria izango zaizu.
Bai, bai. Oso ondo datorkit, alde horretatik.
Umoretik abiatuta oso gauza serioez ari zara. Eta ez nabil soilik sexu identitateaz ari, elkarrizketan aipatuko ditugu aurrerago. Baina egia da sexu identitatea zure ibilbidean giltzarrietako bat dela.
Argi eta garbi. Ikuskizun honetan, modu esplizituan ez dut lantzen monologo zatietan, abestietan bai. Eta itxura aldetik, bai. jakina. Sortu dudan artista horren mugimenduetan eta abarretan. Bereziki, gai hori landu nuen Esnatu naiz kabaretean. Gai nagusia hori zen: generoa, sexu joerak eta sexu aniztasunaren aldeko mezua zabaltzea. Oso deigarria da, istorio hori sortzea bulkada batetik, ideia batetik etorri zela. Ikuskizun honetan aipatzen dut: Beyonce izan nahi duen baserritarra; esaldi horretatik abiatuta. Ez nekien istorio horren atzean zer zegoen. Gerora, emanaldiak eskaintzen konturatu naiz. Gai potolo bati buruzko gogoeta egiten ari naiz eta urteak behar izan ditut jabetzeko horrek nigan, nire arlo pertsonalean, zer eragin daukan. Aipatu dut ikuskizun honetan. Zaurituta dagoen flamenkoa naiz, eta, hala ere, hegan egitea erabaki dut. Zaurituta dagoen flamenko hori ni naiz, benetan. Eta genero eta sexu joeren gaiarekin zerikusi zuzena ere badu. Ez nintzen jabetzen, baina lanketa honen bitartez nire zauriak ari naiz sendatzen, eta orain, gainera, buelta eman eta ari naiz hori eskaintzen nire artearen bitartez. Eta hori da, segur aski, buruari bizitzan egin diodan oparirik handienetakoa.
Era berean, artea badelako komunitateari egiten zaion eskaintza bat, zerorrek tailerrak egiten dituzu ikasleekin. Zuzenean ez bada ere, zeharka betetzen ari zaren funtzioa beharrezkoa da. Egon badagoelako genero, identitate eta bestelako kontuetan galdu samar dagoen nerabea.
Hala uste dut. Aitortu beharra daukat nerabeei eskainitako emanaldiak ez direla erosoenak niretzako. Eta beste edozein antzerkigilerekin hitz egiterakoan antzekoa aipatuko dizute. Gazteak ez daude ohituta antzerkia ikustera eta beraien jarrera, askotan, ez da erraza izaten taula gainean daudenentzat. Ikuskizun honekin ere aztoratu egiten dira, neurri batean ere deseroso egoten direlako. Azkura eragiten dien gaia da. Ez dira emanaldirik erosoenak niretzat, baina asko sinesten dut lan horretan. Guk gure garaian ez genuen horrelako erreferentziarik, eta behar genituen. Nik asko eskertuko nukeen, seguru aski. Alde horretatik, nire aletxoa jartzeak asko betetzen nau.
“Beyonce izan nahi duen baserritarra’; bulkada batetik sortu zen ikuskizun berriena“
Kontu oso pertsonalak esaten dituzu zure ikuskizunetan. Horietako bat eta, akaso, deigarriena da lan serio, formal eta ondo ordaindutako bati uko egin zeniola. Formalismo hori haustea… deigarria da. Hori predikatzen ari zara, eta hori oso iraultzailea iruditzen zait.
Nik ez dut predikatu nahi. Laneko eszedentzia hartu nuenean, ez nekien arte eszenikoen munduan sartuko nintzenik. Ez zen hori nire asmoa. Konbentzituta nengoen irratira itzuliko nintzela, baina pixkanaka-pixkanaka bidea egiten hasi nintzen eta eszedentziaren bosgarren eta azkeneko urtean oraindik pentsatzen nuen irratira itzuliko nintzela. Baina momentua iritsi zenean, bulkada hori izan nuen, ezetz esaten zidana. Eta ez da lanbide kontua, nire aurreko lana oso gustuko nuelako. Baina konturatu naiz beste modu batera bizi nahi nuela, askeago, libreago, erabakiak neronek hartzen, beste malgutasun batekin. Nire baitan gatazka handia sortu zen, gustuko lan bat utzi behar nuelako. Gainera, lanpostu finkoa lortzea ahalegin handi baten ondorio izan zen. Nolabait ere, barruak esan zidan horri heldu nahi izan nion. Zalantza askorekin hartu nuen erabakia, baina bai, azkenean, uko egin nion nire lanpostu finkoari eta, oraingoz, ez naiz damutu. Momentu honetan arte eszenikoena nire lanbidea da, ez da batere erraza, aldi berean oso ederra eta oso gogorra delako. Eta, esan bezala, nik ez dut pregoilari izan nahi, baina zergatik ez hitz egin horri buruz? Nire esperientzia hau da, eta ez gaude ohituta. Gizarte honetan ez da batere ohikoa hori egitea. Eta, agian, niri beste pertsona batzuen testigantzak inspiragarria iruditzen zaizkidan moduan, eta ispilu lana egiten duten moduan, zergatik ez kontatu nik nire esperientzia? Hortik abiatu naiz.
Esnatu naiz eta Sex sexua ikuskizunen ondoren dator musikaren bueltan prestatu duzun hirugarrena. Taula gainera igota, bertan ikusten duzu zeure burua. Ez duzu jaitsi naiz.
Asko gozatu dut emanaldiekin eta, bereziki, azkenengo ikuskizun honekin. Oraingoz, bi emanaldi bakarrik eskaini ditut, baina baina oso dibertigarria da hori egitea. Asko gozatzen dut. Entseguetan ere harrituta nengoen: “Uau! Ziztu bizian pasatzen zaizkit 45 minutu eta hor nago ni bakarrik taula gainean”. Oso ondo pasatzen dut.
Ikuskizun berrian, tarteka, kantaria zara, baina beste batzuetan zu zeu zara. Azalpen pertsonalak egiten dituzulako.
Hori da berrikuntza handiena. Aurreko ikuskizunetan fikzioa sortu dut. Ez nintzen ni; agian, pertsonaia horiek nitik asko zuten, baina kasu honetan, argi eta garbi, ni naiz, Andoni naiz. Artista paperean nire alderik distiratsu eta fantasiosoena erakusten dut. Baina hitz egiten ari naizenean Andoni arrunta naiz, eguneroko Andoni. Orduan, esango nuke nire izaeraren arlo ezberdinak nahasten direla hizketan ari naizenean eta kantatzen ari naizenean.
Kantuei erreparatuta. Oso otxenteroa da, baina badu bere zentzua. Bakoitza gure garaiaren seme-alabak garelako. Entzuten diren kantuak movida garai hartako kutsukoak dira. Kantuak sortzeko bidelagun aproposa aurkitu duzu, Eñaut Gaztañaga.
Kantuena oso xelebrea izan da. Abestietako hitzak eta melodiak nik sortu ditut, baina horretarako ezinbesteko laguntza behar nuen. Tartean dira aurreko ikuskizunetarako egindakoak eta abesti berriren bat. Nahasketa berriak ere egin ditugu, DJ Makalaren eta Idoia Hernandez H-ren laguntzarekin. Zergatik estilo hori? 12-13 urte nituenean hasi nintzen musika entzuten, baina baina neurririk gabe. Bat-batean izan zen, eta 80ko hamarkada amaiera zen. Anai-arreba zaharragoak ditut eta erreferentzia horiek ezagutzen nituen, eta garai hartako pop musika bereziki gustukoa dut. Azkenengo urteetan garai hartako artista batzuk berriro deskubritu ditut eta, bereziki aipatu behar ditut Depeche Mode, Pet Shop Boys eta OMD. Ingelesez hirurak, eta, gainera, herrialde berekoak. Abestiak egiterakoan erreferentzia horiek ezinbestekoak izan ziren. Oso abesti poperoak dira, baina sintetizadoreen fan absolutua naiz.
Donostian egin zenuen estreinaldian ni naiz errepikatzen hasi zinen une hartan gogoan hartu nuen Xabier Leteren kantua. Ni naiz kaleetan zehar neguko eguzkitan / lanera dijoan gizon bakartia / Ni naiz lorerik gabe gelditzen ari den ardaska lehorra, / ni naiz pasio zahar guztiak kiskali nahi dituen bihotz iheskorra. Identifikatzen zara, hein batean, kantutzar horretan abesten denarekin?
Ez nintzen jabetu horretaz, gidoia idazterakoan, eta ni naiz horri heltzen diodanean obra honetan, baina gustatzen zait erreferentzia hori izatea. Akaso, badakizu, ideia batzuk buru barruan gelditzen dira eta egon daiteke loturaren bat. Lotura gehiago ere badaude beste kantu batzuekin.
“Uko egin nion nire lanpostu finkoari, eta, oraingoz, ez naiz damutu”
Bai. Adibidez, Itoizen Hegal egiten kantua. Izan ere, mutil horrek amets bat bakarrik dauka. Zeu amets bat gauzatzen ari zara.
Ikuskizun hau martxan jartzeko arrazoi nagusia da nik kantatu nahi nuela. Nahiko berekoia izan daiteke abiapuntua bera. Gero, lantzen hasterakoan konturatu nintzen gaur egun Euskal Herrian artista izateari buruzko gogoeta egin nezakeela. Artistaren alde distiratsua, baina baita alde iluna ere. Eta gero, haratago joan eta konturatu nintzen ametsetako bat gauzatzen ari nintzela. Hitz egin dezagun horri buruz, nire esperientziaren bitartez jendea ispiluaren aurrean jarriz. Nire asmoa gogoeta egitea da, eta, bide batez, kantatzea eta nire fantasia errealitatera eramatea. Iruditzen zaidalako, askotan, geure burua mugatu egiten dugula. Nire kasuan, asko. Eta orain konturatu naiz beldurren ondorioz neure burua asko mugatu dudala. Auto-opari erraldoia iruditzen zait, neure buruari opari hori egitea eta nire txikitako fantasia bat errealitate bihurtzea ikuskizun batean. Akaso, norbaitentzat inspiragarria izan daiteke.
Igo gara oholtzara eta, zeharka ere, ikuskizunean hizpide dira kutsu sozialeko ertz ugari. Une batean diozu ametsen artean askorena izan daitekeela Donostian etxebizitza bat erostea. Une horretan ikusleria algaraka entzun nuen. Osasun mentala, etxebizitzaren auzia, soldata arrakala, artistaren prekarietatea… Zeharka bada ere, auzi horiek ageri dira zure ikuskizunean.
Ikuskizun honetan nahiko gainetik doaz. Asmoa ere ez da hori, baina, bai, apropos egina dago. Ez nuen bakarrik alde distiratsu horretan, fantasia horretan, geratu nahi. Alde ona badu arteak, baina errealitate edo alde ilunari ere erreparatu nahi nion.
Pentsa dezake norbaitek barne askapen prozesu bat bizi izan duzula, eta mugarik gabe aurrera zoazela. Norantz zoaz?
Oraingo honetan ni neu ere harritu egin naiz sorkuntza prozesuan, maila pertsonalean, batez ere, bizitakoarekin. Askotan emozionatu naiz eta ni neu ere harritu egin naiz neure buruarekin hau guztia martxan jartzerakoan. Konturatzen naiz oraindik ere zauri batzuk sendatzen ari naizela artearen bitartez.
Jauzia eman duzunetik, artisaua zara. Prest zeundeke beste konpainia handiago batean paper bat betetzeko, beste obraren batean murgiltzeko?
Bai, eta gogotsu. Orain arte sortu ditudan ikuskizunetan, taula gainean, neu bakarrik egon naiz, eta hori oso erosoa izan daiteke. Baina gogoa daukat beste norbaitekin batera sortzeko. Konpainia txikia sortu dut eta hori ardura eta zama handia da. Gustura hartuko nuke beste sorkuntza batean, beste konpainia batean babesean, sorkuntza kolektibo batean. Lehen galdetu didazu ea norantz noan, eta, epe ertainean, sortzen jarraitzeko asmoa dut. Gustatuko litzaidake kontzertu baten itxurako ikuskizuna egitea, musikari baten laguntzarekin, sortutako abesti horiek taularatzeko.
Bukatu aurretik, esan egiguzu. Non ikusiko zaitugu datozen egunotan?
Ekainaren 27an Markina-Xemeinen egongo gara Sex sua eskaintzen. Egun bat geroago, 28an, Harrotasunaren Eguna aurten Plentzian ospatuko dugu. Eta ekainaren 29an Esnatu naiz kabareta eskainiko dut Astigarragan.
Segi, Andoni, ametsak betetzen. Eta zure hitzak hona ekarriz: ametsak bete behar dira, norberarekin bakean egonik.
Ikuskizunean diot garrantzitsuena ez dela amets horiek errealitate bihurtzea. Nire ustez, garrantzitsuena da hartzen dugun erabakia hartuta ere erabaki horrekin lasai eta bakean egotea. Bizitzan egiten dugu ahal duguna, askotan. Edo beste lehentasun batzuk ditugu, baina, gutxienez, bakean baldin bagaude geure buruarekin… Horrek askorako balio du; niri, behintzat, balio dit, eta, oraingoz, oso lasai nago lan finkoa uzteko hartutako erabaki horrekin.