Andoni Aizpuru: “Euskal Telebistan euskaraz bakarrik egin dut lan eta oso harro nago”

Komunikazio gaitasuna eta etorria dituen pertsona horietako bat da Andoni Aizpuru. Hitz egiten hasi orduko, aurrean daukanaren arreta bereganatzen du, eta berdina gertatzen zaio pantailaren atzean dagoenean. Pasioz azaltzen du ze eguraldi egingo duen, eta, bere ahotik entzunda, euria ere gogoz hartzen dugu. Txikitatik izan da elurzalea, eta berak iragarri zuen noizbait Eguraldia aurkeztuko zuela. Ekaitzekin eta antizikloiekin ez du beti asmatzen, baina bere bizitzaren iragarpena ezin hobeto egin zuen. 33 urte daramatza Euskal Telebistan lanean. Eguraldia ez ezik, beste hainbat programa ere aurkeztu ditu, baina denak euskaraz. Eta hori da bere harrotasunik handiena: euskaraz bakarrik lan egiten duela.
Andoni Aizpuru, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko gonbitagatik!
Andoni, ez dizut galdetuko bihar ze eguraldi egingo duen; bai, ordea, egunean zenbat aldiz galdetzen dizuten hori.
Askotan. Eta okerrena da jaiki eta egiten dudan lehenengo gauza dela eskuko telefonoa hartzea, eguraldi datuak ikusteko, iragarpena begiratzeko… Neu naiz okerrena! Eta hori da txarrena. Hasi beharrean nago, nolabait, kentzen hori neure burutik.
Beraz, pasioa da zurea?
Bai, bai, bai. Ni txikitatik naiz eguraldizalea, txiki-txikitatik; elurzalea nintzelako, eta, oraindik ere, banaiz. Elurzale amorratua nintzen, eta, gehienbat, orduko eguraldi-gizon eta -emakumeak ikusten nituen. Ni Gabiriakoa naiz, Gabiria oso altu dago –400 metrora– eta elurra noiz egingo zuen jakin nahi nuen. Haiek 500 metroko elur kota marrazten zutenean, nik 500 ikusten nuen eta esaten nuen: “Nire etxea 400 metrora dago”. Eta, gero, egia da baserri inguruan belar-lanak egiteko edo baratzea lantzeko eguraldia beti izan dela garrantzitsua. Ni oso perretxikozalea ere banaiz, eta eguraldiaren kontua hor izan dut, beti; eta, azkenean, hor nabil, eguraldia iragartzen saiatzen.
Imajinatzen zenuen honetan egingo zenuela lan?
Txikitan, nik uste dut esan izan nuela: “Egunen batean, eguraldi aurkezle izan nahi dut”. Gogoan daukat euskaltegian irakaslea nintzela Euskal Telebista hasi zenean, eta, orduan, euskaltegietara deitu zuten parte hartzaileak topatzeko: “Lehiaketa berri bat jarri behar dugu martxan, eta parte hartzaileak behar ditugu”. Eta joan ginen! Parte hartu nuen, bi edo hiru irabazi nituen, bota arte, eta hor uste dut aipamena grabatuta dagoela: “Zuk zer izan nahi duzu?”, eta, nik, erantzun: “Eguraldi aurkezle egingo nuke gustura!” Orduan ez nuen loturarik telebistarekin, idatzi-eta egiten nuen. Ez naiz kazetaria, baina elkarrizketak egiten nituen eta erreportajeak prentsa idatzian. Baina, hor egongo da nonbait, grabatuta.
Eta nolatan iritsi zinen gero eguraldi aurkezle izatera?
Txiripaz, guztiz. Irakasle nintzen Errenteriako Udal Euskaltegian; bertan plaza aterata, finko nengoen. 1992. urtea zen, eta Eguraldia aurkezteko norbait behar zuten. Orduan, euskaltegietara jo zuten berriz, lehiaketetan bezala, eta nire berri ikuskatzaile batek bazuen nonbait: “Andoni Aizpuru, hori; eguraldizalea da, idatzi ere egiten du… nik uste dut ondo egingo lukeela”, esan omen zion Joxemari Otermini. Eta, orduan, deitu egin zidaten: “Aizu, Eguraldia aurkezteko norbait behar dugu. Etorriko ote zinateke froga bat egitera?” Eta ni joan egin nintzen; Iurretan izan zen. Han, jarri ninduten kroma baten aurrean, eta “bota!” esan zidaten. Nik bota nuen, eta, hurrengo egunean, deia: “Aizu, ikaragarri gustatu zaigu! Prest egongo zinateke etortzeko eta hemen lanean hasteko?” Eta, nik: “Baina, baina, baina, zer da hau?” Eta baiezkoa eman nuen. Urtebeterako eszedentzia bat hartu nuen, baimen bat. Tarte horretan, nire burua nahiko eroso sentitu nuen, eta esan nuen: “Hau gustatu egiten zait”. Eskaini zidaten segitzea, eta, bigarren urte batean ere baneukanez lanpostuari eusteko aukera, bigarren urte hori ere egin nuen. Eta tartean, Euskal Telebistan bertan, ezagutu nuen Eva, nire emaztea izango zena, makilatzen ninduena. Ondoren, erabaki behar izan nuen edo geratu edo euskaltegira itzuli, eta Evak esan zidan: “Zuk telebistan badaukazu etorkizuna”. Nik konfiantza neukan beragan, eta geratu egin nintzen.
Eta gaur eguneraino.
Bai!
Baina lana asko aldatuko zen…
Bai. Lan egiteko modua eta Eguraldia bera. 1993an hasi nintzen ni Eguraldia egiten. Zenbat iraungo zuen, hiru-lau minutu? “Arratsaldean hau, itsasoa, isobara…”. Eta orain, 17-18 minutu!
Eta tarte ikusienetako bat da, gainera!
Bai, eta horrek ere poz txiki hori ematen du! Batzuetan, neuri ere oso luze egiten zait; guk, gainera, hasi eta buka grabatzen dugu, ez dugu prompter-ik, ez dugu irakurtzen. Eta, orduan, datuek eta pantailek asko laguntzen digute, baina eskatzen du burua fresko xamar izatea. Eta neure buruari esaten diot: “Ez ote da luzeegia?” Eta, kalean, jendeak: “Ze eguraldi egingo duen seigarren minutura arte ez duzue esaten!” Eta arrazoia dute; izan ere, gure Eguraldia-k badauka analisi zati bat –ze eguraldi egin duen, zenbat bota duen, zergatik…– eta, gero, dator eguraldiaren iragarpena.
“Izugarri aldatu da iragarpena egiteko modua, eta zehaztasunean irabazi dugu”
Eta zein da kontua? Gehiago interesatzen zaigu eguraldia? Gehiago dakigu? Zer kontatu gehiago dago?
Nik uste, janzteko moduan asmatu dugula. Urteetako lana da, hori ez da egun batetik bestera egiten. Orain dela 33 urte ez zegoen argazkirik, ez zegoen bideorik, ez zegoen Internetik ere, ia-ia! Iristen ziren datu batzuk eta horiekin. Baina, orain, egunero-egunero, jendearen argazkiak, bideoak, datuak, galderak… jasotzen ditugu, eta oso saio jantzia egiten dugu. Nik ez dut imajinatzen datuetan eta pantailetan bakarrik oinarritutako 17 minutuko Eguraldia. Txapa pixka bat bada, eguraldizalea ez denarentzat, baina badago jendea oso-oso zalea dena.
Egunero-egunero argazkiak bidaltzen dituztenak ere badaude! Ikusle fidelak dituzue!
Bai, horiek dira gure kolaboratzaile finak. Guk, egunero, 200-250 argazki jasotzen ditugu, Euskal Herriko bazter guztietakoak. Baina ezin ditugu 100 argazki sartu! Dozena erdi bat sartzen ditugu, ahal dela Euskal Herri osokoak. Hori ere asko zaintzen dugun zerbait da, eta nik uste dut jendeak estimatzen duela. Guk zortea izan dugu, eguraldiko maparekin. Nik, Euskal Telebistan, euskaraz bakarrik egin dut lan, eta harro nago. Eta Euskal Herri osoa erakusten dugu. Hodeiek Berastegitik Aresora pasatzeko ez dute baimenik eskatzen, ez? Edo Luzaidetik Arnegira pasatzeko? Eta euskaldun moduan, horrek izugarri betetzen nau, eta, horretaz, oso harro nago. Euskal Telebistan sartu nintzen, euskaraz bakarrik lan egiteko aukera izan dut eta Eguraldia-k ematen du hori. Egunero, Euskal Herriko maparen aurrean jartzen gara, eta, nik behintzat, ez dut mugarik ikusten!
Andoni, eta nola aldatu da iragarpena egiteko modua? Geroz eta teknologia aurreratuagoa dago. 93ko Eguraldia saio haietatik gaur egunekoetara gauzak asko aldatuko ziren!
Ez duzu imajinatu ere egiten! Gogoan daukat nola orduan fax batean etortzen zen isobara mapa. Lanbroa bazegoen, eguraldi lainotsua bazen, fax horrek ez zuen seinalea ondo hartzen eta ez zen mapa ondo ikusten. “Hau antizikloia ote da? Ekaitza ote da?” Eta datuei dagokienez, Jaurlaritza hasita zegoen estazio batzuk jartzen, Meteosat satelitea bazegoen, baina oso oinarrizko informazioa zegoen. Euskalmet ez zegoen, eta Donostiatik etortzen zen zerbait, erdaraz: “Cielos muy nubosos”. Egun batzuetan, ia itsu-itsuan egin beharreko lana izaten zen. Orain, aldiz, esango nuke gehiegizko informazioa dagoela. Guk modelo mordo bat dauzkagu, eta, batzuetan, bat ez datozenean, orduan daukagu arazoa, apustua egin behar izaten dugulako baten alde. Izugarri aldatu da, baina zehaztasunean asko irabazi dugu!
Eta klima bera ere aldatu da!
Bai. Nik hori neure eskarmentuarekin garbi esan dezaket. Ni, hemen, Elorrion, bizi naiz, Mendraka auzoan. Hor mahastiak zeuden, zerbaitengatik zeuden hor. Hemen, behean, leixea edo izotza gehiagotan egiten du eta goian ez. Baina, azken urte hauetan, Elorrion bertan ere, izotz egunak izugarri jaitsi dira. Nik ahuakateondoak, limondoak, limoiondoak, mandarinondoak… dauzkat hor goian landatuta. Hori ere bada klima epeltzen ari denaren seinale. Oraindik garbi ez daudenak ondorioak dira. Baina aditu-adituek etengabe esaten dute: “Muturreko fenomenoak gero eta gehiagotan izango dira”. Eta begira zer gertatu den. Iaz, Valentziako danarena ikaragarria izan zen, eta, gero, gainera, desastre bat izan zenez, ondorio ikaragarriak izan zituen.
“Txikitan eguraldi aurkezlea izan nahi nuela esaten nuen”
Kezka eragiten dizu pentsatzeak ze mundu utziko diegun belaunaldi berriei?
Ni saiatzen naiz, egunero, nire aletxoa jartzen. Egurra goiko basotik ekartzen dut, oiloak dauzkat, zelaia, zuhaitzak aldatu ditut, kotxea ere hibridoa daukat bat eta bestea elektrikoa, teilatuan eguzki plaka bat jarri dut, sinesten dut energia berriztagarrietan… Ni saiatzen naiz nire eguneroko horretan nire aletxoa jartzen, eta, behintzat, nire buruari esaten: “Egin dezadan zerbait horretarako”. Nik, gainera, lau seme-alaba dauzkat! Eta esaten da “ba, gazteak, gazteak…”. Baina ni oso pozik nago nire seme-alabekin. Ikusten ditut oso arduratsuak, gauza batzuetan ni baino gehiago, eta uste dut gazte jendeak ere egingo duela, konturatuko dela. Hemen, Elorrion, badago esaera bat oso polita, Elorrioko iturginak esaten du; filosofo handia da, eta esaten du: “Ai gaztea, zazpi egun astea!” Hau da, gazteak bizi egin behar du. Gorka Urbizuk esaten du: “Utzi gaztea bakean”. Gazteak bizi egin behar du, gazteak ero puntu hori izan behar du pixka bat, gauzak probatzeko gogoa. Baina nik alaba zaharrena 30 urtekoa daukat, eta ikusten duzu bizitzaz konturatzen, zer diren benetan bizitza eta etorkizuna. Orduan, nik konfiantza daukat. Ikusten ditut munduan agintari batzuk beldurra ematen dutenak. Baina nik badut esperantza. Ekaitzak bezala da, gora eta behera. Agintari horiek ere, hemendik hiru urtera, ea ezkutatzen diren eta hobeagoak sartzen diren. Orduan, ni saiatzen naiz aletxo hori jartzen. Bilbora ez naiz egunero bizikletaz joaten, baina ahal dudana egiten dut.
Andoni, badaukazu fenomeno meteorologiko gogokoenik?
Esan dizut, e!
Elurra!
Baina itsua, itsua. Droga probatzen ez naiz batere zalea izan, baina elurrak aztoratu egiten nau. Aztoratu. Belaguako webcama, azaroan hasita, ia goizero begiratzen dut, ez dakit zenbat aldiz! “Gaur zuritu du! Elur lapatxa. Elurra loditu du”. Dudarik gabe, elurra. Itsasoa ere bai. Ni Goierrikoa naiz, Gabiriakoa. Eta, orduan, Donostiara joan nintzenean ikasketak egitera, hondartzara joaten nintzen. Baina Donostian bizi nintzela, itsasaldietan, Paseo Berrira joan, eta orduak pasatzen nituen olatuei begira. Baina nahiago dut elurra; iruditzen zait magia egitea bezala dela. Euria egiten du, eguzkia… baina, halako batean, elurrak zuritzen du.
Esan duzu harro sentiarazten zaituela euskara hutsean lan egiteak. Asko zaintzen duzu, gainera, entzutea besterik ez dago zer nolako esamoldeak-eta erabiltzen dituzun. Oso aberatsa da hiztegia eguraldiari buruz hitz egiteko. Baduzu eguraldiaren inguruan esamolde gogokoenik?
Asko erabiltzen ditut. Batzuetan, izaten dut sentsazio bat: “Ez naiz hasiko, zahar jendea bezala, esaera zaharrak botatzen etengabe!” Baina, “Kandelario elurra dario” eta halakoak esaten ditut. Nik zortea izan dut. Etxeko iturritik edandakoa naiz. Ni neu ez naiz baserri etxean jaiotakoa, baina nire ama handik kilometro batera zegoen Izarrandi baserrikoa zen, eta baneukan osaba bat –orain gutxi hil zena, 101 urterekin, osaba Juan–, baserritarra zena, eta, harekin, orduak eta orduak ematen nituen ukuiluan. Eta hiztegi aldetik, hori da oinarrizko nire hiztegia. Gero, saiatu naiz aberasten. Ni ez naiz euskaltzaina, ezta gutxiago ere! Baina saiatu naiz, tarteka, Bizkaia aldeko hitz batzuk sartu, Xiberokoak… Beti saiatu izan naiz horretan, Euskal Herri osokoak sartzen. Oso zaila da, hiztegi mailan aldaera asko daudelako. Esamolde gustukoena da: “Elur melur, ez nauk hire beldur! Badiat etxean arto eta egur!” Hori askotan esaten dut, gustatzen zait.
Elurrarekin lotuta dagoelako!
Hori ere bai!
Saiatzen zara toki ezberdinetako hitzak erabiltzen ere, zeren gauza bera esateko hitz asko ditugu: txingorra, kazkabarra, inetazia…
Bai, bai. Euskal Herrian, hain txikia izanda, ze aberastasun daukagun! Nik ere ez dakizkit denak. Badago antziarra izotza egiten duenean, lantzurda edo zurdaixe; eta, gero, Baztanen, badago hitz bat hori esateko: mukutxe. Baztandar batek bidali zigun: “Guk, horri, mukutxe esaten diogu”. Badago feedback hori, eta, ateratzen denean, saiatzen naiz erabiltzen. Uste dut jendeak hori estimatzen duela, zeren euskara batu bakarra ez dago, ezta gutxiago ere! Eta hiztegi mailan, oso aberatsa da.
“Eguraldi tarteko castingean nahita ez nuen batere ahaleginik egin erdaraz ondo egiteko”
Nola ikusten duzu euskarazko komunikazioa?
Zail dago, zail dago. Izugarrizko emana daukagu, globalizazioa deitzen den honetan. Orain Hawaiiko berriak lehenago iristen dira Angiozarkoak baino. Eta, gero, gainera, beste hizkuntza batzuk askoz errazago sartzen dira. Euskarazko komunikazioa baino gehiago, euskara bera ere… Eta ni euskara irakasle izan naiz, eta izan ditut ikasleak tutik ere ez zekitenak, familia kanpotik etorri eta euskara ikasi dutenak, euskaldun berriak. Eta badaude euskararen kontra daudenak. Baina euskaldunok? Euskal hiztunok? Euskara ikasteko zortea izan dugunok? Erdaraz jo ta su! Eta hori da nik inguruan ikusten dudana. Ez jende guztia, baina asko, gehiegi, nire ustez. Eta, orduan, ez gara konturatzen, guk hitz egiten ez badugu, Kolonbiatik etorritako bati euskaraz ikasteko eskatzea zer den? Hori ikusten dut nahiko beltz. Ni Elorrion bizi naiz orain, eta, hemen, Elorrion, gazte jende dezentek hitz egiten du erdaraz. Eta euskaldunak e! Dakigunok egiten ez badugu… Euskal Telebistan ere, barruko hizkuntza gaztelania izateko joera dago. 2026an gaude. Orain aukera asko daude elebidunak izateko aurkezle, kazetari, laguntzaile, produktore, kamerari. Nire ustez, Euskal Telebistak ez du hori behar beste zaintzen. Ez dakit beste komunikazio talde batzuetan zer gertatzen den. Baina hori langileon menpe ere badago. Niri ETBn sekula inork ez dit esan: “Egin ezazu euskaraz” edo “egin ezazu erdaraz”. Eta horrek bai kezkatzen nauela. ETB barruan joera batzuk daude eta kalean ez da ezberdina. Nik uste dut nahiko orokortuta dagoela, eta jendea ez da jabetzen. Ni Francoren garaian joan nintzen eskolara; urte gutxiz, zorionez, baina urte batzuetan bai. Maisuak uzten zigun euskaraz egiten, baina nik ez nekien erdaraz 5 urterekin eskolara joan nintzen arte. Ahalegin handia egin da. Euskarak aurrera egin du ezagutza mailan, baina, erabilera mailan, jakin eta ez erabiltzekotan, zertarako ari gara ikasten? Nik uste dut horretan egin behar dugula indarra eta jendearen zera ukitu: “Ez zara konturatzen euskara dela euskaldun egiten gaituena?” Korrikan parte hartzen dugu, joaten gara Ibilaldira… hor oso polita geratzen da. Ni saiatzen naiz astean bitan korrika egiten, eta beti egiten dut euskaraz! Baina ni zorionekoa naiz; telebistan euskaraz bakarrik egiteko aukera izan dut. Beti esan izan dut, erdi txantxetan: “Erdaraz nik baino hobeto denek egiten dute. Beraz, egin dezatela”. Euskaraz, denek ez; bakarren batzuk bai, besteek ez, baina nik nahiko maila polita daukat. Baina, erdaraz, desastre bat naiz. Gainera, ez dut esan, baina, casting hartan, erdaraz egiteko eskatu zidaten. Berez, nahi zuten eguraldi aurkezlea izatea ETB1en eta ETB2n. Eta, nahita, ez nuen batere ahaleginik egin erdaraz ondo egiteko! Hori orain esan dezaket. Orduan, zorionez, ETB1en bakarrik nago.
Ondo atera zitzaizun!
Bai, ze ETB2rako ere froga egin, “buenas tardes” esan, eta horretan geratu zen.
Andoni, erretiroa hartzeko adina ere laster iritsiko zaizu. Zer eman dizu Eguraldia-ko aurkezlea izateak?
Urte asko dira, eta asko markatzen du horrek. Telebistan, gainera, Eguraldia eta beste gauza asko egiteko aukera izan dut, zorionez. Izugarrizko zortea izan dut: albistegia aurkeztu, magazinak, mendiko programak… Gauza asko egiteko aukera izan dut eta oso eskertua nago telebistari. Ni joan nintzen Eguraldia aurkeztera, gero ikusi zuten beste gauza batzuk aurkezteko gauza nintzela, eta aukera eman zidaten. Nire bizitzan izugarrizko pisua izan du horrek. Euskal Herrian oso ezaguna naiz, batzuetan onerako eta beste batzuetan ez. Baina, oro har, jendeak oso harrera ona egin dit eta oso gertuko ikusi nau, eta hori estimatzen dut. Adibidez, Jorge Javier Vazquez kalean ikusiko banu, ez nintzateke gerturatuko. Baina jendeak oso etxeko ikusi nau. Orduan, nire bizitza markatu du horrek. Ni oso harro nago horretaz, berriz esango dut: euskaraz lan egiteaz, Euskal Herri osora iristeko aukera izateaz, etxeetara sartzeaz egunero euskaraz. Nire ikuspegitik, hori da nik erein dezakedan hazirik politena. Eta, gainera, ordaindu egiten digute, nahiz eta eguraldia ez asmatu batzuetan! Eta erretiroa hartzeko, bi urte geratzen zaizkit.
Oraindik geratzen zaizkizu Eguraldia batzuk aurkezteko, eta jarraituko zaitugu! Eskerrik asko, benetan, gaur gurekin egotearren. Plazera izan da.
Zuei, eskerrik asko, gonbita egiteagatik!