Arrantzale beltzak

Ander Izagirre

Euskal Herriko lehen arrantzalea –zehatzago esanda: arrantza industriaren historian izenez ezagutzen dugun lehen langilea– esklabo liberatu bat zen; beltza, seguru aski. Duela bi mila urte, Caius Iulius Nigerrek (Beltza-k) marmolezko plaka batean idatzi zuen hilobi bat agindu zuela berarentzat, Caius Iulius Adiucus eta Iulia Hilararentzat. Ez da kasualitatea hirurak Iulius edo Iulia deitzea. Plakak dio libertoak zirela, Caius Iulius Leo patroiaren esklaboak izandakoak, eta jabe ohiarengandik hartuko zuten izena.

Plaka 1984an aurkitu zuten, Lapurdiko Getarian harrizko egitura batzuen hondoan indusketak egiten ari zirela. Harrizko hiru kubo ia osorik zeuden, beste lau nahiko hondatuta. Herritarrek ondo ezagutzen zituzten egitura hauek, baleen koipea urtzeko labe zaharrak zirela uste zuten, baina arkeologoek amuak, sareak hedatzeko berunak eta zortzi arrain espezieren arrastoak aurkitu zituzten. Ondorioa: erromatarren garaiko cetaria bat zen, alegia, arrainak gazitu eta arrain saltsa ekoizteko fabrika. Cetus hitzak arrain handia esan nahi du latinez –grezieraz ketos itsas munstroa zen; balea, adibidez–. Hortik zetazeoak, hortik arrain saltsa prestatzeko ketariak, hortik Lapurdi eta Gipuzkoako Getariak: arrainen eta baleen herriak. Arkeologoen ustez, Leo patroia Getariako fabrika honen jabea izan zitekeen eta hiru libertoek harentzat lan egingo zuten.

Bi mila urte geroago, 1991n, Moussa Thior senegaldarra Ondarroara etorri eta arrantza-ontzietan hasi zen. “Afrikarrik gabe, euskal flotak ezingo luke lanik egin”, esan zidan. Gizakion historia etengabeko migrazioa delako, ez dagoelako herrialderik nahastu gabe aurrera egiten duenik.