Ander Gonzalez: “Bezeroek etxean bezala egon direla esatea da niretzat pozgarriena”
Astelena jatetxeko ugazaba eta sukaldaria da Ander Gonzalez (Donostia, 1977). Gainera, azken urteetan ezagunago egin da, ETB kateko sukaldaritza saioetako aurpegi nagusia baita.
Sukaldera zeharka heldu zinela esan ohi duzu. Zer dela eta?
Ez nintzen ikasle txarra, baina, ikasketekin hasi aurretik, asteburuetan Astelenara joaten nintzen, amonaren paga jaso ahal izateko. Kroketak frijigailura sartzen ibiltzen nintzen. 17 urterekin gaizki samar ibili nintzen ikasketekin, eta Luis Irizarren sukaldaritza eskolan sartu nintzen.
Zer da Astelena jatetxea zuretzat?
Odola, tradizioa, gauza askoren zergatia… Haren alde borrokatzea merezi duen zerbait.
Astelenara doazen bezeroak zein sentsaziorekin irtetea gustatuko litzaizuke?
Batez ere, pozik irtetea jatetxetik. Kalitate-prezio oreka ona dugun sentsazioarekin irtetea. Produktu onak ditugula konturatzea eta gure etxean garrantzi handia ematen diogun arreta ona jaso izanaren sentsazioarekin irtetea. Etxean bezala egon direla esaten badute, ni pozik.
Ez da erraza kameraren aurrean egunero agertzea eta freskotasuna transmititzea. Nola lortzen duzu?
Freskotasun hori atzean dagoen lantalde zoragarriari esker lortzen dugu. Eta Gabriela Uriartek eta biok harreman oso ona dugu. Grabatzera goazen eguna Erasmus bat izango balitz bezala hartzen dugu. Hau da, eguneroko bizitzatik irteten gara, sukaldaritzaz gozatzeko, presiorik gabe. Horixe da gakoa.
Telebistan zabiltzanean, arreta handiagoa jartzen duzu ikuslea entretenitzen ala sukaldaritza irakasten?
Bien arteko nahasketa moduko bat da telebista. Ondo pasatzea, dakiguna erakustea eta telebista aurrean jartzen direnei errealitatetik momentutxo batez ihes egiteko aukera hori eskaintzea.
Sukaldari, No es país para sosos, Historias a bocados, A bocados… Zein izango da hurrengoa?
Saio horiek guztiak igaro dira dagoeneko, eta orain buru-belarri gabiltza A bocados saioarekin. Egia esan, oso gustura nabil, eta ez dut saioa bukatu ahal denik aurreikusten.
Sukaldaritzako zein bekatu duzu gustuko? Aitortzea lotsa ematen dizun jakiren bat?
Lotsarik ez dudanez, ez dut horrelako bekaturik… Denetik jaten dut, eta jaten dudan guztia komentatzen dut. Agian, dieta egiten nabilenean, txokolateak armairuan ezkutatzen ditut… Baina ez dut lotsarik jaten dudana onartzeko.
Basque Culinary Centerren irakasle ere jarduten duzu? Nola ikusten dituzu belaunaldi berriak?
Dagoeneko ez ditut eskolak ematen. Baina praktikak egitera etortzen dira Basque Culinary Centerko ikasle asko, eta, batez ere, gogo handia duten gazteak ikusten ditut inguruan. Etorkizun oparoa izango dugu.
Zein da gehien gustatzen zaizu errezeta edo platera?
Ez dut bat bereziki… Sasoiak ditut, eta sasoiaren arabera gauza bat edo bestea nahi izaten dut. Bat-batean ematen dit eskalopea jan nahi dudala, eta jaten dut. Baina ez dut aste osoa eskalopeak jaten igarotzen… Joan den larunbatean, oilasko frijitua jateko nahia sartu zitzaidan…