Ana Urrutia: “Telebistako nire etapa bukatzen ari dela nabaritzen dut”

ETB2ko eguraldi-aurkezle gisa ezagutzen dugu, batik bat, Ana Urrutia kazetaria, 20 urte daramatza-eta zeregin horretan. Zer den badakigu, baina nor da Ana Urrutia? Sara Gandararekin izandako solasaldi honetan, bilbotarraren beste alderdi batzuk ezagutu ditu.

Ana Urrutia, euskaraz egingo dugu elkarrizketa hau, eta asko eskertzen dizut.

Eskerrik asko.

Izan ere, zein da zure harremana euskararekin?

Nire harremana euskaragaz? Uf… Duela 20 urte, ez nekien ia ezer, eskolan ikasgai moduan ikasi nuen; beraz, oso gutxi. Gero, hemen, Euskal Telebistan, aurkitu nuen euskara; bereziki, Andoni Aizpuru aurkitu nuen. Eta bat-batean euskara nire bizitzan sartu zen. Hasieran, urduri egoten nintzen…

Normala da, ezta?

Nire maila oso baxua zen eta arraroa izan zen bat-batean nire bizitzan euskara sartzea. Eta orain, oso pozik nago; euskaldun berria naiz eta ia-ia dena guztia ulertzen dut eta harro nago.

Harro egoteko modukoa da. Andoni Aizpuru aipatu duzu, euskaldun petoa da, zure aldamenean egiten du lan, eguraldia aurkezten du ETB1en eta pentsatzen dut lanean ondoan edukitzeak lagunduko zizula euskara praktikatzeko.

Asko; nire maisua izan da.

Denok dakigu zer egiten duen Ana Urrutiak, baina nor da Ana Urrutia?

Ba, Ana Urrutia da emakumea, surflaria, lagun ona, amatxo ona eta izaki librea.

Aurten ez dakit izan diren edo izango diren 20 urte telebistan zaudela.

Gauden hau nire 20. denboraldia da.

Eta beti egon zara eguraldia aurkezten?

Bai, beti. Beste saio batzuk ere aurkeztu ditut, baina eguraldia urteotan guztiotan mantendu izan dut. Eta, niretako, oso garrantzitsua izan da eguraldia mantentzea. Beste saio batzuetan ere aritu izan naiz; esaterako, Convivir con el riesgo, Planeta Azul, Implicada… Baina eguraldia oso garrantzitsua izan da nire pertsonaia mantentzeko.

Nola iritsi zitzaizun eguraldia aurkezteko aukera? Alegia, nola iritsi zen Ana Urrutia Ana Urrutia izatera?

Unibertsitatean nengoen doktoretza egiten irakasle izateko eta lagun batek esan zidan casting-a egitekoak zirela Iurretan, Euskal Telebistan, eguraldi-aurkezle bila ari zirelako. Lagunak animatu egin ninduen proba egitera, telebistan ondo arituko nintzela esaten zidan. Eta casting-a egin nuen eta horrela hasi nintzen.

Hasieran, telebista ez zen zure helburuetako bat; alegia, zuk Kazetaritza egin zenuen, baina irakasle izateko?

Bai. Asko gustatzen zait jendearekin egotea. Leioan egon nintzen eskolak ematen eta esperientzia oso polita izan zen, baina bat-batean trena pasatu egiten da eta hartu egin behar da… eta hartu egin nuen. Ni ez naiz meteorologoa, baina surflaria naiz eta borraskak, antizikloiak, atmosferaren mugimenduak… ezagutzen nituenez, hasieratik ondo moldatu nintzen.

Badakit Leioan irakasle aritutakoa zarela, ez niri eskolarik eman didazulako, baina bai nire lagunei, eta oso gertukoa zarela esan didate.

Gustura egon nintzen. Eta etorkizunean zer egingo dudan ez dakit, baina asko gustatzen zait jendea, harremanak. Esaterako, platoan, aurkezten gaudenean kameraren zulo beltzari begiratzen diogu guk, baina askotan, jendea etxean imajinatzen dut, euren begiak, aurpegia… kontaktu zuzena izateko. Oso garrantzitsua da hori niretako, platoa oso hotza da eta.

Nola gogoratzen dituzu laneko lehen uneak, lehen eguraldiak?

Oso urduri nengoen.

Gainera, ez zen gaur egungo pantaila erraldoirik izango?

Ez; kroma baten aurrean egiten zen orduan. Gogoan dut lehen eguraldia garrasika egin nuela; haurdun nengoen eta biziegi egon nintzen. Denborarekin lasaitzen joan nintzen, baina hasieran urduri egoten nintzen, presio handia sentitzen nuen pentsatuz nolakoa izango zen publikoa, nola hartuko ninduen… Baina hori, hasieran bakarrik.

Ez zenuen pentsatuko 20 urtera oraindik hor egongo zinenik?

Ez. Dena den, nire leloa da carpe diem; zer egingo dudan bihar? Ba, ez dakit.

Ez dakizu, baina egunean nahi duzuna egitea ondo dago, ezta?

Bai. Baina nire telebistako etapa bukatzen ari dela nabaritzen dut.

Bai?

Bai; nola esaten da intuición euskaraz?

Intuizioa.

Azken etapan nago, bai.

Baina zergatik sumatzen duzu hori?

Nire gorputza eta nire burua beste gauza batzuk bilatzen ari direlako; kar, kar.

Eta esango nuke badakidala zer den gauza hori: surfa.

Surfa eta yoga ere bai, formatzen ari naiz. Momentu honetan beste mundu bat bilatzen ari naiz.

Murgildu gaitezen surfean, zure kirolik kuttunenean. Nola hasi zinen?

Txikitan, Bakion. Etxeko txikiena naiz eta bost neba ditut, neska bakarra naiz. Guztiak surflariak eta ni ere bai, beti euren bidea jarraitu izan dut. 10 edo 11 urterekin hasi nintzen surfa egiten, eta gaur arte.

Baina ez zara beti Bakion bizi izan. Bilbokoa zara eta Bakio uda-tokia izan da.

Hori da. Eta duela hamabi bat urtetik hona urte osoa ematen dut han. Itsasoa, niretako, dena da; arrazoia da.

Eta lanera etorri aurretik askotan sartzen zara uretara.

Bai. Olatuak baldin badaude, lehenik, bainua; eta gero, lanera. Kresala da nire droga, behar dut. Itsasoa sendagarria da eta behar dut egunero bere energia sentitu.

“Niretzako, surfa ez da kirol bat, nire bizitza baizik”

Nebak surfean egitea izan zen zu hasteko arrazoietako bat. Emakumea izateagatik gehiago demostratu behar izan duzu? Eta ez bakarrik surfean, bizitzan oro har?

Garai hartan bai. Hondartzan bizpahiru emakume bakarrik ziren. Garai gogorra izan zen niretzat. Eta lehiaketa ere oso gogorra zen. Emakumeen txanda beti zen azkena; txapelketetan baztertuta egoten ginen, itsasbeheran eta olatu txarrak zeudenean izaten zen gure txanda… Urte txarrak pasatu nituen; esaterako, Europako txapelketa irabazi nuen,16 urterekin, junior mailan; hitoa zen, lehen aldia izan zen emakume euskaldun batek euskal selekzioarekin hori egiten zuena eta hedabideetan ez zen ezer agertu. Gogoratzen dut bakarrik Marca-n bi lerro agertu zirela. Abuztuan izan zen eta irailean Egin egunkariko kazetari batek deitu zidan elkarrizketa baterako eta orri erdi atera zuten. Bueno, zerbait.

Gaur egungo emakume surflariek zuk bezalakoek egindako lana eskertuko dute. Jauzi handia eman da.

Bai, aitzindaria naiz; kar, kar. Eta harro nago; izan ere, 46 ditut eta gertatu den bilakaera ikusi dut . Orain, hondartzetan ikusten dira emakumeak eta iruditzen zait beste batzuekin batera bidea egin dudala. Harro nago.

Zer ematen dizu surfak? Dena?

Bai. Surflariok beti esaten dugu ez dela kirola, bizimodua dela. Orain, dudan adinarekin, pentsatzen dut: zein da nire helburua? 60 urte ditudanean ere surfean aritzea. Hemen, Euskal Herrian, ezinezkoa da; zergatik? Hotzagatik. Udaberrian eta udan urak 18-19 gradu dituela, ondo, baina neguan urak 12 gradu dituenean… Gorputza adin horretan ez da berdina, hezurrak… eta hori nabaritu egiten da. Hala, nire helburua da beste leku batera bizitzera joatea ur epelagoarekin. Horregatik pentsatzen dut surfa ez dela egiten dudan kirol bat, baizik eta nire bizitza.

Eta familian partekatu egiten duzu.

Bai; nire senarra ere surflaria da, sintonia dugu. Alabek saskibaloian jokatzen dute, nahiz eta surfa ere egiten duten. Nagusienak 24 urte ditu eta bigarrenak 17 eta oso natural ikusten dute euren gurasoak beste leku batera bizitzera joatea surfagatik.

Eta zeintzuk lirateke leku kuttun horiek surfean aritzeko beroarekin, ur epeletan… Edo leku batetik bestera ikusten duzu zeure burua?

Leku batetik bestera zailagoa da, baina, niretako, bizitzeko leku politena eta lasaia Erdialdeko Amerika da. Leku desberdinetan egon izan gara, urtero bi bidaia egiten ditugu, bi surf trip edo surfari egiten ditugu eta lekua bera ikusten dugu, nolakoa den bizitza bertan, garestia edo merkea den, etxeen prezioa… Oraindik ez dakigu, baina…

Baina gertu ikusten duzue. Imajinatzen dut surflari gaztea zinela, telebistan hasita, askok eta askok hondartzan, eta seguruen gaur egun ere bai galdetuko dizutela: “Ana, zer eguraldi egin behar du bihar?”, “Ze itsaso dugu?”.

Bai, asko.

Gogaituko zaitu.

Bueno, pazientzia handia daukat. Gainera, taberna baten, denda baten… baldin banago, jendeak errespetuz galdetzen dit, lasai. Niretako, okerrena jaietan izaten da. Alkohola dago tartean eta itogarria egiten zait. Jende asko egoten da eta, gainera, gaur egun mugikorrekin beti dago argazkia egiteko aukera. Eta ikusten naute eta apur bat gainera etortzen dira eta eskatzen didate argazkia ateratzea eurekin… Eta une horietan txarto pasatzen dut.

Aipatu dituzu mugikorrak, argazkiak… sare sozialen garaian gaude eta nola da posible Ana Urrutiak ez izatea? Zergatik?

Izaki librea naiz; kar, kar. Libre sentitzen naiz eta Instagram edo Twitter lotura moduan ikusten ditut, alde batetik; bestetik, oso ondo daude norbere proiekzioa lantzeko, beste helburu batzuk lortzeko… Baina, nire kasuan, ez da momentua. Eta gainera, nire momentua halako gauzetarako pasatu da, beste bide baten nago.

Aitona Athleticen aritutakoa da?

Bai, Federico Urrutia.

Zu jaio gabe zeunden oraindik. Nola bizi izan da hori familian?

Athleticzale amorratuak dira. Etxean aitona Federicoren argazki asko daude hormetan. Nire bost nebak ere futbolzale amorratuak dira eta Athletic sakratua da.

Hori duela ehun urte baino gehiago izan zen.

1920an; eta gero, zuzendaritzan ere egon zen aitona. Horregatik, Athleticek pisu handia izan du etxean.

Lehenago aipatu dizkidazu Implicada, Planeta Azul… Eguraldia aurkezteaz gain egin dituzun beste lan ezberdin batzuk dira. Gustatzen zaizu kalera ateratzea beste lan mota bat egitera?

Bai. Erregistroa aldatzea beti dago ondo, eta esperientzia gogorra ere izan da. Platoa oso erosoa da. Kalea gogorra da, beste lan mota bat da eta polita da; gainera, jendearekin hartu-emana daukazu. Baina honezkero… kalean egoteko energia gehiago behar duzu eta ni une honetan lasaiago nago.

Eta zentzu horretan, lana aipatuta, betiere, zuk sentitzen duzu egiteko zerbait falta zaizula edo egitea gustatuko litzaizukeena?

Kirolak.

Bai?

Benetan. Kirolak asko gustatzen zaizkit; eta pentsatzen dut, zergatik ez?

Baina kirolak aurkeztea edo erredaktore izatea?

Aurkeztea edo erredaktore izatea. Zurekin bikotea osatuta; kar, kar.

Bai, edo zereginak truka ditzakegu.

Zuk aurkeztu zenuen eguraldia.

Bai, eta halako erregistro aldaketak egin behar direla uste dut; izan ere, une oro leku berean egoteak hil egiten duela uste dut. Ez dakit bat zatozen nirekin.

Bai.

Eta surfaren inguruko ikus-entzunezko proiekturik? Ez duzu inoiz horretan pentsatu?

Surfing Euskadi aurkeztu nuen duela hamar-hamabost urte Zuberoan. Surfak tiroi handia dauka eta egingarri ikusten dur surfaren gaineko saio bat. Gainera, orain Euskal Herrian zaletasun handia dago. Nadia Erostarbe gure promesetako bat da une honetan eta badira neska gazte gehiago eta mutilak ere bai oso onak.

Non ikusten duzu zeure burua ez oso epe luzera? Bost urtera?

Bost urte barru, yoga irakasle izango naiz, seguru. Surf ikastaroak emango ditut eta emakumeen ahalduntzean ere jardungo dut. Emakumea, kirola eta yoga.

Berdintasuna bilatze aldera, ezta?

Bai, dena uztartuta.

Ez da plan txarra, Ana. Ez dakit zerbait gehiago esateko gogoarekin geratu zaren; izan ere, denbora agortzen ari zaigu.

Ez. Oso gustura egon naiz, eta eskerrik asko. Niretzako, oso garrantzitsua da elkarrizketa bat euskaraz egitea, erronka da.

Bizimodua gazteleraz egiten duzu?

Bai. Euskaraldian belarriprest izan naiz eta ohitura batzuk aldatu ditut; lehen hitza orain euskaraz egiten dut.

Horrek asko esan nahi du, eta saiatu zaitez, gogor; badakit horrela izango dela.

Etorriko zara nire etxera Erdialdeko Amerikara?

Bai, gonbidatuz gero gustura asko joango gara ni eta hemen gauden denak.

Ederto.