Ana Goitia: “Blogean, askotan, psikologo lana egin behar izan dut”

Euria ari du eta zintzo dator Ana, bere aterkiarekin, daukagun hitzordura. Urte asko dira elkar ezagutzen dugula, baina elkarrizketa egingo diodan lehen aldia da. Urduri bezain hunkituta nago, baina berehala pasatuko zait, solasaldia hastearekin batera.

Ana Goitia, bai plazera elkarrizketa hau egitea.

Benetan, nork esan behar zigun duela urte batzuk hemen bukatu behar genuenik?

Unibertsitate garaian, ezta? Gero hitz egingo dugu horren inguruan. Kazetaritza ikasi zenuen. Argi zenuen kazetaria izan nahi zenuela?

Bai, nahiko argi. Txikitatik argi ikusten zen kamera aurrean egotea asko gustatzen zaidala, ez dakit kazetaritza bera edo gehiago aktore lana, txikitan. Beti esaten nuen “nik aktorea”, eta ikastolan antzerkiak egiten, beti protagonista, edo narratzailea… bai, beti. Eta ez dakit zergatik, aktore lana pixka bat albora utzi nuen; izan ere, beti entzuten zen: “Bai, hori hobby modura ondo, baina lan bat behar duzu”; eta gero bai, Psikologia eta Kazetaritza artean ibili nintzen, Psikologian aurrematrikulatu nintzen, baina konturatu nintzen nirea kazetaritza zela. Iurretatik pasatzen nintzenean nire aitarekin autoan, esaten nion: “Nik egunen batean hemen egingo dut lan, ETBko txori horretan”, eta nire aitak, “bai, bai”, eta begira, esan dezaket amets bat, behintzat, lortu dudala, lanean nago-eta hemen.

Lizentziatura lortu zenuenetik 13-14 urte izango dira. Bilakaera bat izango zenuen, ezta? Edo hamaika lan, hamaika erregistro.

Bai, asko! Nik beti nota onak ateratzen nituen eta gogoratzen dut karrerako lehenengo urtean, bat-batean, hiru gutxiegi, lehenengo lauhilekoan. “Aita, nik hau utziko dut”, esan zion, eta aita barrezka: “Hemen pasatzen dena da unibertsitatean zaudela eta gauzak ez direla berdinak, eta beste modu batean ikasi behar duzula edo beste modu batean azterketak egin”. Eta hori izan zen. Egia da karreran ez nintzela askorik motibatu; gainera, pare bat urtez utzi egin nuen, ez nintzen motibatzen karreran bertan. Aldarrikapena hemendik: nik espero nuen bezala zuzenduta ez zegoela uste dut, gabezia asko ikusten nituen, teoria asko, praktika gutxi. Praktikak ETBn egin nituen eta hor konturatu nintzen benetan nire bokazioa eta nire lana izan behar zela kazetaritza. Baina hori praktiketan izan zen; ze, arinago, ikusten nuen baietz, baina beste alde batetik ezetz, eta gero lan munduan hasi nintzenean, disfrutatu nuen. Lekeitio eta Lea Artibaiko Hitza taldean egin dut lan, irratian ere bai, Durango Irratian egon nintzen nahiko denbora, gustura irratiaz gozatzen, ahotsarekin transmititzen, eta asko ikasi nuen. Lana denetik egin izan dut, baina kazetaritzan esandako hori, eta telebista.

Zein da bereziki gogoratzen duzun lana?

Bereziki, agian, orain gutxi izandakoa, nire lehenengo programa aurkeztu nuenean joan zen urtean, Atera kontuak. Oso gutxi iraun zuen eta, gainera, ez zen hasi nahi bezain ondo. Izan ere, aurkeztera nindoala, paralisia izan nuen aurpegian eta hilabete geroago hasi nintzen…

Hori plato barruan zen, ezta?

Bai, platoan zen. Egia esan, oso gustura, oraintxe berriz ere sinatuko nukeen programa hori egiteagatik. Ekipoa izugarria zen, platoko giroa ere izugarria, oso gustura egoten nintzen, ez zen egun bakar bat ere urduri jarri nintzena, zuzenean izatea asko gustatzen zait.

Zuzenean edo grabatuta, zer nahiago?

Zuzenean, dudarik gabe. Badakizu noiz hasi eta noiz amaituko duzun; grabatzen denean, ez! Baina, gainera, adrenalina hori, zuzenekoak duena, asko gustatzen zait eta zerbait gertatzen bada ez da ezer pasatzen, aurrera. Baina, duda barik, zuzenean.

Unibertsitate garaia ondo gogoratzen duzu?

Bai, polita, zu bezalako lagunak egin nituelako. Lehen esan dizudana, unibertsitate garaia pixka bat gazi-gozoa izan zen. Nik egin nahi nuen gauza bat zen, baina ez nintzen behar bezala zentratzen, pentsatu baino gehiago iraun zuen, baina bai, kafetegiko momentuak, klasekoak ere bai, maisu batzuk kariño handiarekin gogoratzen dituzu, beste batzuk ez hainbeste, kar-kar, baina gehienetan onak izan direnak gogoratzen ditut eta askotan lanean nagoela esaten dut: “Hau honek esan zidan”, eta hori maisu on bat izatea da.

Eta gaur egun zertan zabiltza?

Momentu honetan berriz ere kamera atzean nago; nik, normalean, kameraren atzean lan egiten dut, Hauxa2 eta Atera Kontuak saioetan izan ezik, eta nago Joseba Argiñanok ETB1en aurkezten duen Sukaldaria programa zoragarri hori egiten, erredaktore lanetan, jendea aurkitzen. Zuk, gainera, ahotsa jartzen diozu.

Bai!

Leku guztietan zaude!

Gehiegitan, akaso!

Hori sekula ez da gehiegi!

Baina hori gure lanbideak duena da, ezta?

Bai, egia da. Lanbide honek dauka momentu batean leku askotan zaudela eta beste askotan, bat-batean, ez zaudela inon ere.

Eta nola kudeatu behar ditugu momentu horiek? Oso zaila da etxean zain egotea.

Psikologikoki oso gogorra da. Nik uste dut beti prest egon behar duzula; izan ere, orain aurkezten egon zaitezke eta datorren hilabetean, igual, nire etxean nago lanik gabe. Oso argi izan behar duzu orain aurkezten zaudela eta gero, edo lanik gabe, edo beste lan bat egiten ez dena aurkeztea, ez dena, igual, gehien gustatzen zaizuna, baina hori argi eduki behar da beti.

Edo, akaso, kazetaritzatik kanpo.

Hori da; taberna batean lanean, inolako arazorik gabe. Ni lau urte egon nintzen lanik egin gabe. Oso urte gogorrak izan ziren, krisialdi garaia, krisialdia etxean ume txiki batekin…

Hori ere bada lan bat!

Etxeko lana oso gogorra da! Niretzat, askoz ere gogorragoa da ama lana, lana baino. Nik nahiago dut, eta benetan esaten dut, etxean bai, ondo, baina kanpoan lan egin eta deskonektatu. Nik badakit zer den eta gogorra da. Gainera, niri gauza asko egitea gustatzen zait. Egia da lanik gabe egon nintzenean modako blog hori, El rincón de Anatxu, bultzatu nuela, ez dakidalako ezer egin gabe egoten. Beti zerbait izan behar dut.

Baina hori ona ere bada. Izan ere, nola edo hala aurrera atera behar duzu.

Bai, egia da. Eta tabernan lana egin nuen, ez zait ardura edozertan lan egitea. Hori argi daukat. Egia da, niretzat, pribilegio bat dela kazetaritzan lan egitea, asko maite dudan ofizioa delako, eta urteak pasa ahala, gehiago. Eta hori, gauza gogor asko aguantatuta. Orain hemen zaude baina gero ez, baina mentalki prestatuta baldin bazaude, gauzak hobeto eramaten dira. Ez ondo, batzuetan; izan ere, dena ematen duzu eta bat-batean ezer ez, baina horrela da eta hori argi eduki behar da, eta etorriko dira garai hobeak, baina garai txarrak ere egon behar dira onak etortzeko. Behin hori onartu eta gero…

“Kazetari lanbidea ezegonkorra da”

Hau, igual, ez dakizu, baina unibertsitate garaian nik beti pentsatu izan dut: “Zein ondo janzten den neska hau!”.

Benetan?

Gero ulertu dut hori oso barneratuta zenuela eta moda oso gustuko duzula.

Txikitatik, oso txikitatik, gustatu izan zaizkit arropak. Ez da gauza bat gerora etorri dena, ez, txikitatik. Nire ama ikusten nuen, nire ama gustu handiko pertsona da, estilo handikoa. Nire izeko Mertxe gurekin bizi zen, nire amaren ahizpa, eta nik uste dut beraiengandik barneratu dudala. Hiru neba dauzkat modaz ezer ez dakitenak. Ez daukagu zerikusirik, ni nintzen neska bakarra, eta txiki-txikitatik daukat hori. Egia esan, ez dakit nola hasi nintzen. Bueno, bai. Durango Irratian egiten nuen lan, kazetaritzan nire bizitzan oso polita izan zen beste lan bat, eta bazkaltzeko bi ordu nituen libre, eta “bazkaldu eta zer egingo dut orain?”. Gainera, 10 minututan bazkaltzen dut nik eta ezer egin gabe ezin naiz egon. Irakurri, bai, baina esan nuen: blog bat zabalduko dut. El rincón de Anatxu, gazteleraz. Izan ere, orduan ezagutzen nituen bi bakarrak gazteleraz ziren, ez dakit nongoak.

Noiz izan zen hori? Jarri diezaiogun data.

2008an. Nire pasio biak batzea pentsatu nuen: moda eta komunikazioa. Eta horrela hasi nintzen. Baina, jakina, ni hasi nintzen idazten eta ez nuen espero ni inork irakurriko ninduenik. Eta, bat-batean, iruzkin bat, eta beste bat, eta zu ere hasten zara jendea ezagutzen, eta honek horrela egiten du eta nik ere horrela egingo dut… eta gero eta iruzkin gehiago, eta esaten zidaten: “Zuk ez duzu jartzen zure argazkirik?”. “Nik nola jarriko dut nire argazkia beste batzuek egiten duten moduan?” Nik egiten nuena zen, ba, nik egindako erosketak jarri, edo gustatzen zitzaidan diseinatzaile bati buruz hitz egin… eta esaten zidaten: “Arropa oso politak jartzen dituzu, baina jantzita ez”. Eta esan nuen: “Ze demonio, aurrera!” Orduan inork ez zuen egiten. Amari edo bikotekideari eskatzen nien argazkia ateratzeko eta horrela hasi nintzen argazkiak jartzen. Eta ni ateratzen nintzen estereotipoetatik, gaur egun ere bai, orain baino argalago nengoen. Eta batzuek esaten zidaten: “Nora zoaz zu argazkiak jartzen?”. Hori eguneroko kontua zen. “Zelan egin ditzakezu argazkiak? Zu potola zaude”. Eta horrek indar handiagoa ematen zidan. “Nola ezin dudala, zer daukat? Zergatik ezin dut?”. Arrazoi gehiago argazki gehiago jartzeko. Lehenengoa izan nintzen, bai, Euskal Herrian, neurri handien bloga egiten, Espainia mailan ere bai eta Europan lehenengotarikoa.

Eta horregatik, hain zuzen, sekulako arrakasta izan duzu horrekin.

Nik uste dut jendeak ikusten zuela pertsona erreala naizela, eta berdin dio zenbat kilo dituen, asko, gutxi, zabala, altua edo txikia, baina pertsona erreal bat egunerokotasunean jartzen dituen arropak erakusten duena. Eta nik uste dut arrakasta hor egon zela. Ez dela betiko pertsona estereotipatu bat, dena ondo geratzen zaiona. Nik, zorionez, nire gorputzari etekina ateratzen badakit, eta hori horrela da, berezko zerbait da, eta horrela izan zen. Bat-batean, bisita asko eta asko, nik ere ez nekien hainbeste bisita nituenik, ideiarik ez. Bertigo pixka bat ere sartu zitzaidan; izan ere, ni hemen nago kontatzen Donostian egon naizela, asteburu-pasa nire bikotekidearekin… igual, gehiegi nago kontatzen.

Duela 11 urte, ez da gaur egun bezala, orduan ez geneukan hori dena barneratuta.

Ez nekien nora zihoan bloga, ez gaur egun batzuek zabaltzen duten bezala, eta oso ondo iruditzen zait norberak nahi duena egitea, dirua irabazteko edo ospea lortzeko, nik orduan zer pentsatu behar nuen, ez genekien blog bat zer zen, ez eta blogosfera, ezta sare sozialak ere. Ez genekien ezer. Noraino eraman behar nuen ere ez nekien. Dena zen sorpresa bat. Jendeari kalean, nire herrian, Lekeition, adibidez, arraroa egiten zitzaion. “Entzun duzu Anak blog bat duela, El rincón de Anatxu?”. Horrela zen. Jendeak edozer esaten zuen. Ezjakitetik egiten zuten berba. Esaten zuten: “Zer dabil hori bere argazkiak igotzen?”. Zorakeria zen. Eta gaur egun ere badago hori.

Baina egindakoaz ez zara damutzen, ezta?

Sekula ere ez. Guztiz kontrakoa. Benetan pozik nago egindako lanarekin eta, gainera, nahi barik egin dut. Eta gaur egun jendeak alderantziz dio: “Ze ondo”. Hasi zenean ikusten hau guztia zer zen, bai, bai, kritikatzen ninduten, baina egunero txiza egitera joan orduko, sartzen zen jendea blogean ea Anatxuk egun horretan zer igo zuen  ikustera. Bisitetan ikusten zen. Eta gaur egun arte! Lehen, egunero egiten nuen, egunero-egunero.

Eta, gaur egun, bloga edukiz hornitzen segitzen duzu?

Gutxi, oso gutxi. Gero, urte batzuk igaro ziren eta ikusten zen hortik ere bizi ahal dela; oso jende gutxi, baina bai. Eta esan nuen: “Ba, ni orain lanik gabe nago eta ahaleginduko naiz honi etekina ateratzen”. Ez zen erraza izan, inor ez daukazulako laguntzeko. “Zelan egingo dut, ze tarifa jarriko diot?”. Marka asko etortzen zaizkizu, baina asko eta asko, publizitatea egin nahian zure blogean, eta esaten dizute: “Emango dizugu hau, produktu hau, eta horrekin egin hori”. Hasieran, berdin zaizu, baina ikusten duzunean bisita asko dituzula, “ez, ez, ni haizetik ez naiz bizi”, edo “produktu hori ez dut jaten”. Nik jan egin behar dut eta jateko dirua behar dut. Eta lan bat da, egunero argazkiak atera, editatu, idatzi… sekulako lana da. Ematen du ezetz, baina egunero publikatzea zen sekulako lana. Askotan, umea, txikia, lo hartu umeak goizaldeko ordu bietan, eta goizaldeko ordu bietan jartzen nintzen idazten. Eta jendeak uste du tontokeria bat dela, eta oso lan gogorra da. Ikusten dutena da egun guztian nagoela bidaiatzen, eta ez dela lan gogorra, baina aspergarria da. Horrela da. Behin tarifa batzuk jartzen dituzunean eta serio jartzen zarenean, markek ere serio hartzen zaituzte. Ikusi behar da baita ere ordaintzen dizutenean, gero horrek buelta dakarrela; izan ere, zuk ahal duzu gezurra esan eta estatistika batzuk erakutsi, baina gero hori ez bada ikusten eta eurek saldu ez dela ikusten badute, akabo. Nik gaur egun orduko marka batzuekin segitzen dut lanean; denekin ez, astirik ez daukadalako, baina batzuekin bai, pena ematen dizulako eta esaten duzu, “ba, jarraituko dut”. Sekulako kanpainak egin ditut. Tiffanys-ekin, esaterako, bitxien portada bat egin nuen. Nik ez nuen sinisten. Beste behin, Esmoda-ko portada egin nuen. Beste celebrity batzuekin egon nintzen eta nik esaten nuen: “Zer egiten dut nik hemen!”. Eta eurak pentsatzen: “Nor da hau!”. Kar, kar. Herbehereetako beste marka baten irudia ere izan naiz, eta Eguzkilorerena Euskal Herrian. Esperientzia polita. Sekula ere ez nuen nire burua modelo gisa ikusten ezta gaur egun ere, ez zaidalako gustatzen, argazkiak egitea kostatzen zait, nahiz eta kontrakoa ematen duen, beti joaten gara inork ikusten ez nauen leku batera argazkiak ateratzera… eta, gaur egun, alferkeria hori daukat, eta daukadan denbora libre hori –gure lanak denbora asko kentzen du–, ba, nahiago dut aprobetxatu beste gauza batzuetan.

El Rincón de Anatxu-n, seguru, psikologoarena egin behar izan duzula baten batekin, ezta?

Askotan; ezin duzu imajinatu. Egunero jasotzen nituen hamarnaka posta elektroniko. Nik hasieran esaten nuen ez zela hainbesterako, baina gero, ikusita zenbat kasu, zenbat posta elektroniko, zenbat eskutitz, egia esan, ez dakit nola lortzen zuen jendeak nire etxeko helbidea, beldurra eta dena ematen du! Jendeak eskerrak emanez idazten zidan, niri esker beste pertsona bat dela, urteak depresioan eman eta gero bat-batean bere bizitza aldatu dela, negarrez irakurtzen nituen. Oso negartia naiz. Ama batek idatzi zidan eskerrak emanez, psikologo batek esan ziola “ikusi neska honen bloga”, eta horri esker beste pertsona bat dela… hunkitu egiten naiz. Eta gaur egun ere bai. Instagram da gehien erabiltzen dudana, eta hortik asko dago. Eta inoiz joan izan naiz pertsona horiengana. Pentsatu izan dut: “Berarekin geldituko naiz oso gaizki dagoelako”. Eta geratu eta sorpresa eman.

Gauza hauengatik eta beste askorengatik estimatzen zaitugu, Ana!

Bueno, normala da, denok egiten ditugun gauzak dira, eskerrik asko.

Ze iritzi daukazu gaur egungo Instagrameko postureoaz?

Benetan esango dizut? Nago pixka bat haserre. Berriz ere hasi naiz apur bat lagun izaten, baina sare sozialekin nago pixka bat haserre. Egia da ni hasi nintzenean oso naturala zela dena, nahiz eta posturak jarri argazkiak egiteko, baina oso naturala zen. Ez genekien nora gindoazen. Ez genekien guk dirua irabaziko genuela Instagramen argazki bat igotzeagatik. Oso ondo ikusten dut jendeak argazkiak igotzeko kontu bat zabaltzea negozio horretan sartzeko asmoarekin. Baina zer gertatzen da? Jendea hasten da eta uste du hau egun batetik besterako kontua dela, bat-batean 30.000 jarraitzaile izango dituzula, markak etorriko zaizkizula eta denetarik eman, eta, gainera, ordaindu. Hori ez da horrela. Begira zenbat urte daramatzadan nik lanean, eta hori azken urtean galdu egin ditudala jarraitzaileak, baina ez zait ardura, ez diot lehen bezalako inportantziarik ematen. Kalitateari kantitateari baino inportantzia handiagoa ematen diot. Jendeak esaten dit: “Zure Instagramen publizitatea egingo didazu?”. Hori esaten didaten bakoitzeko zentimo bat emango balidate, honezkero aberatsa nintzateke. Ez, egin lana eta egin ondo, eta egin pasioarekin. Ez da berehala egiten den gauza bat.

Jendeak ez dauka pazientziarik.

Ez, ba! Eta, gainera, uste du, “jo, ze zorteduna hainbeste arroparekin”. Ba, ez, hainbeste arropa aspergarria ere bada, nire jantzi-gela toperaino daukat eta ezin dut gehiago sartu.

Orain esan duzunak amorrua ematen dit: “Ze zortea”. Zortea? Nik daukadana nire lanaren ondorioa, fruitua da.

Hori da. “Zu Anatxu zara”. Eta zergatik naiz ni Anatxu? Begira zenbat urte eman ditudan Anatxu bezala ere ezagun izateko. Gero, beste asko daude euren lana oso ondo egiten dutenak, eta esan behar da horiek benetan estimatzen ditudala, baina beste batzuek dena nahi dute berehala eta, gainera, zer pasatzen da gaur egun? Erosi egiten direla jarraitzaileak, erosten direla like-ak, dena erosten da. Dena, Sara. Alegia, zuk kontu bat zabaldu dezakezu orain, erosi ez dakit zenbat jarraitzaile, eta ni naiz hemen onena. Eta zer pasatzen da gero? Marka bat etortzen zaizu, esaten dizu, “hau nahi dut”, eta ez duzu saltzen ezer, jarraitzaileak ez direlako errealak. Eta esango dizut, instagramer ezagunek, askok erosi egin dituztela. Gero, agian, lortu dute laguntza handia markekin, edo komunikazio agentziek egindako lanagatik, edo eurek egindako lanagatik, baina askok erosi egiten dituzte. Lehen, askoz ere naturalagoa zen. Lehen, ez genekien ze bide hartuko zuen honek, hater batek zerbait esaten zuen eta zure jarraitzaile guztiak berehala jartzen ziren haren kontra… Bestalde, egia da mezu anonimoek ematen dizkizutela sekulako disgustuak, negarrak, eta gehiago zure familiarekin sartzen badira, baina hori da ehuneko bata. Ehuneko 99 oso ona da.

Eta, gainera, jende horrek ez zaitu ezagutzen eta ez daki nolakoa zaren.

Hemendik sartu eta hemendik irten. Min egin ahalko dizu, baina adinarekin horrek guztiak txirrist egiten du.

Badakizu zer, Ana?

Zer?

Agortu zaigula denbora.

Bai, zera! Benetan? Zer daramagu, ordu erdi? Ezin dut sinetsi!

Gutxi gorabehera.

Bueno, ba, niri motza egin zait.

Bigarren zati bat egin beharko dugu!

Egingo dugu! Gauza asko geratu zaizkit esateko.

Egingo dugu orduan.

Nigatik, plazer bat!

Eskerrik asko, Ana! Eta zorterik onena.

Eskerrik asko zuri, benetan.