Ana Galarraga: “Beste sistemak bazain arrazista eta matxista da zientzia”

Donostiako Keler gunean Elhuyarko zientzia-komunikatzaile Ana Galarraga zarauztarra elkarrizketatu du Maite Goñik. Zientzia eta teknologia berriak hizpide izateaz gain, emakumeek zientzian duten ikusgarritasunik ezaz ere hausnartu dute.

Ongi etorri, Ana! Izugarrizko gogoa nuen zurekin solasalditxo bat egiteko. Elkarrizketa prestatzen hasten naizenean, beti Twitterrera jotzen dut lehenik. Dibulgazioari ematen diozu tarte bertan, baina jakin nahiko nuke zer beste zu galtzen ditugun hor.

Kaixo! Bai, jartzen du Ni asko bizi gara nigan; hemen, zientzia-komunikatzailea arituko da gehienetan. Gehienbat horretan dagoeneko nabaritzen da tarteka beste gai batzuk azaltzen direla. Eta gai horien artean daude, batez ere, literaturari lotutako kontuak, eta musikari lotutakoak. Horiek dira nire zaletasun publikoak, eta gainerakoak niretzat gordetzen ditut. Nire gertukoek eta ezagutzen nautenek badakite zertan nabilen eta zer gehiago gustatzen zaidan. Baina ez dut uste horretan gizarteari egiten diodanik inolako ekarpenik. Gustatzen zaizkit niretzat gordetzea, nahiz eta ez naizen lotsatia!

Nabaritzen da, gainera, pasioz hitz egiten duzula gustuko dituzun gaien inguruan. Oso ondo bereizten duzu erabilera publikoa eta pribatutasuna. Sare sozialetan, gainera, ondo moldatzen zara. Ze aldaketa ekarri duten, adibidez, zientziaren dibulgaziorako…

Izugarria. Erabateko aldaketa ekarri du eta zientziaren ikuspegitik ez da erraza. Zientziak eskatzen duen patxada, oinarrira jotzea, pixkanaka azaltzea gauzak, ondo ulertaraztea…. Gaizki ulerturik izan ez dadin uztartzea sare sozialek ematen duten berehalakotasunarekin, labur idaztea, izenburuetara jotzea… Oso tentuz ibili behar da oreka topatzeko orduan, bestela erraza da-eta izenburuarekin bakarrik gelditzea, adibidez, ez direlako karaktere gehiago sartzen eta ez duelako aukerarik ematen sakontzeko. Adibidez, duela gutxi, zulo beltz baten lehen irudia ikusi genuen. Lerroburu askotan aipatzen zen horrekin frogatu zela Einsteinek arrazoia zuela. Ba, bai, baina lehen ere bai. Orain arte uste zena ez du ezeztatu irudi horrek, baina hor dauden xehetasunak galdu egiten dira. Edo zenbat aldiz entzun dugu minbizi jakin baten aurkako botika edo tratamendu arrakastatsua lortu dela. Gauza horiek arriskutsuak dira. Gero, sare sozialek ekartzen duten beste gauza bat iritziaren demokratizazioa izan da. Zoragarria da edonork iritzia emateko aukera izatea. Baina aldi berean nola bereizi alea eta lastoa? Horretan egiten dugu lan Elhuyartik eta nik neuk ere ahalegin handiena horretan egiten dut.

Sare sozialek, hala ere, iturrietara bideratzeko eta bertan sakontzeko aukera ematen dute, ezta?

Bai, eta baita usaintzeko sarean zer dabilen. Hori polita da. Nik ez dut interes berezirik kiroletan, baina horri esker topatzen banaiz lagun talde batekin ari dena pilota txapelketaren inguruan, ba, aldez aurrez zerbait jakin dezaket euren gainean.

Dibulgazioaren inguruan izugarrizko lana egiten ari zara horren inguruan. Elhuyarren nola duzue planteatuta zientzia eremu guztietara zabaltze hori?

Elhuyar Zientzia Unitateko lankideok bi publikori begira egiten dugu lan. Zientzia hezkuntzan dabiltza batzuk buru-belarri, eta beste batzuk gehiago aritzen gara gizarteratzean. Gizarteratze horretan, dibulgazioaz gain, aldizkaria, irratia, telebista, sare sozialak eta ez dakit asmatzeko beste zerbait dagoen; kar, kar, kar… eta bestelako ekintzak ere bultzatzen ditugu. Adibidez, klasiko bilakatu dira CAF-Elhuyar sariak; aurten, 25. urteurrena izango da, eta denborarekin aldatzen joan dira. Helburua da saritzea eta aitortzea zientziak gizarteratzeko edo plazaratzeko lanean dabiltzanen egiteko hori. Duela bost urtetik hona, gainera, beka bat ere ematen da, eta horren bitartez proiektu bat laguntzen da. Zientzia esparruaren eta gizartearen artean zubi-lana egingo duen proiektua izango da. Era guztietako proiektuak aurkezten dira, eta oso polita izaten da.

Jarri proiektu baten adibideren bat…

Adibidez, Xabier Erkiziak irabazi zuen urtean, bere ikerketa proiektua izan zen soinuak nola erregistratzen ziren, grabagailuak eta gaur egungo sistemak asmatu baino lehen. Hau da, nola egiten zen lehen. Irudietan, elizetan agertzen diren koadroetan, jendeak musika tresnak nola jotzen zituen eta beste batzuek nola entzuten zuten ikusten da, entzule horien jarrera, soinu hori jasotzeko modua… Edo legeetan ere ikusten da. Ze ordutatik aurrera ezin zitekeen zaratarik egin, zer jotzen zen zaratatzat eta zer ez. Kanpaikadak, eta horien esanahiak… Beraz, ikerketa hori egitea eta emaitza plazaratzea bultzatu zuen bekak. Edota txalaparta digitala. Enrike Hurtadoren proiektua izan da, eta batek txalaparta jotzen duenean digitalki erantzuna jasotzen da. Interaktuatzen du programa batek jo dezakeenarekin. Gaur egun, kontzertuetan ere erabiltzen dute. Proiektuek, beraz, alde zientifikoa dute, baina gizartearekin erabat uztartuta daude.

Gu biok hemen egonik, ezinbestekoa da zientziaren eta emakumeen inguruan hitz egitea. Zertan ari gara huts egiten eskoletan ez baldin badugu sustatzen emakumeok jarraitzea zientziaren alor horretan? Zertan eragin dezakegu?

Nire ustez, kontua ez dago bakarrik eskoletan. Eta nahiz eta eskoletan gero eta indar handiagoa jartzen den emakumeen rola eraldatzen edo gaurkotzen eta estereotipoak puskatzen eta aukerak irekitzen, ez da bakarrik eskolaren lana. Gizarte osoak eragiten du horretan eta dauden mugak gainditzea oso zaila da.

Zeintzuk dira muga horiek?

Duela gutxi argitaratu da ikerketa bat erakusten duena zenbat arlotan topatzen dituzten emakumeek oztopoak euren ibilbide zientifikoan aurrera egiteko. Baina ondorioetako bat da zeri deitzen zaion arrakasta. Orduan, ibilbide zientifikoan arrakasta izateko zuk izan behar duzu zure arloko buru eta argitaratu behar dituzu hainbat artikulu eta eduki behar dituzu proiektu bat edo jende bat zu zuzendari zarelarik. Horri deitzen zaio arrakasta. Horra iristeko, emakume batek dauzka eremu batean baino gehiagotan oztopoak. Oztopo pertsonalak, jaio garenetik barneratzen ditugunak, geure buruan ez sinestea beste batek bezala, gai garela edo usurpatzailearen sindromea ere deitzen zaiona. Norbaiti lekua kentzen ariko bazina bezala sentitzen zara. Hori hezkuntzatik eta sistema patriarkal honetatik datorkigu. Gero, oztopo familiarrak ere badaude. Azkenean, familia bat osatzeko oso harrapatuta gelditzen zara zuri dagokizun egitekoetan, horretara bultzatzen gaituztelako. Horrek beste alderdi batzuk garatzeko aukera kentzen dizu. Eta gero, lankideekikoak ere badaude… Orduan, sistemak berak, eta zientzia sistema beste sistemak bezain hierarkikoa, elitista, arrazista eta matxista da, eta emakumeek maila horietan guztietan aurrera egiteko trabak dituzte.

“Nahiko nuke beste giza espezie bat bizirik aurkitzea ezkutuko oihan batean”

Gatiburi buruz ari gara, baina  ze zoriontsu ginen gu Exkixu entzuten! Aurkitu zintudan irrifartsu… zenioten.

Eta politika eraginkorrik ez da egiten? Non eragin dezakegu gehiago? Nondik hasi gaitezke?

Agian, gakoa da arrakastaren definizioa aldatzea. Gaur egun zientzia egiten den modua ikusita, ez du zentzu handirik. Kontua da hor daudela interes ekonomiko izugarriak, eta, azkenean, industria ere bada. Horrela deitzen zaio, gainera, ekoizpen zientifikoa. Eta azken bolada honetan oso zalantzan ari dira jartzen argitalpen sistema. Badago eraikita sistema oso bat, eta hori guztia kolokan jartzea ezinbestekoa da arrakastaren definizio hori aldatzeko eta benetan aldatzeko eta aitortzeko zientzia talde-lanean oinarritzen dela, eta aurrera egiten baduzu da atzekoek aurrera egiten dutelako. Eta tartean dauden akatsek ere balio izugarria dute. Horri esker badakizu hori ez dela bidea, beste bat dela. Adibidez, bueltatuta zulo beltzaren albistera, 200 ikertzailek parte hartu dute, eta denek izan dute zer egina eta zer esana. Edo izugarria izan zen ere giza genoma deskodetzea. Lan horretan ere zenbat jendek hartu zuen parte… Gaur egun, bakarrak ez du egiten.

Gizonezkoek orain feminismoa aldarrikatzen dute, baina ez dakit moda den edo prest egongo liratekeen arrakastaren definizio hori aldatzen hasteko…

Gizarteko beste arlo guztietan bezala. Hemen denok gara ekologistak, ezkerrekoak, feministak…

Horregatik diotsut. Martxoaren 8an denok gara dena. Baina niri zalantza hortik etortzen zait. Nire kezka beti izan da, hezkuntzaren ikuspegitik, esaten digutela ez ote dizkiogun benetako aukerak erakusten emakumeei eta ezagutu balituzte hobeto, gehiago animatuko liratekeela. Nik, benetan, ez dut horretan sinesten, beti saiatu izan bainaiz aukera berak ematen gizonei eta emakumeei. Orain, STEMekin gabiltza gora eta behera. Zer da STEM?

Akronimo horren barnean, matematika, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta batzuek artea ere sartzen dute. Beraz, alderdi horiek garatzea bilatzen da berdintasunean oinarrituta, gizarte-arduran oinarrituta eta modu demokratikoan. Niretzat, badu baina bat STEMek; izan ere, berriro arloa zein den mugatzen du. Eta ni horrekiko pixka bat errebeldea naiz. Uste dut denak bat izan behar duela. Beste gauza bat da zure zaletasunengatik edo gaitasunengatik edo egin duzulako ahalegin gehiago, alderdi bat beste bat baino gehiago garatzea. Baina guztia lotuta dagoela argi dago.

Oraindik betiko Zientzia eta Letretara jotzen dugu, ezta?

Bai, hori da! Eta non dago Filosofia? Eta Etika? Etika ezinbestean lotu behar dugu horiekin. Adimen artifizialarena da adibide argia. Gainera, berdintasuna aipatu dugula, Adimen Artifizialaren alderdietako bat da nola egin oinarrian dagoen isuri hori gizonek alde nabarmenagoa izan dezaten. Esaterako, egiten dituztenean hizketarako eta interaktuatzeko gai diren robotak oinarritzen dira dagoeneko eginda dauden eztabaida eta elkarrizketetan. Elkarrizketa horiek barneratuta dutenez arrazismoa, matxismoa eta halakoak, bere egiten dituzte eta, erreproduzituz gain, areagotu egiten dituzte. Orduan, etika eta bestelako ikuspegi filosofikoak ezinbestekoak dira horretaz jabetzeko eta hori zuzentzeko.

Zientziaren inguruko ze albiste gustatuko litzaizuke ematea zuri? Zein izango litzateke, adibidez, aurrerapena?

Oso-oso galdera zaila da, eta okerrena da nik neuk egiten dudala. Aldizkarian badugu atal bat ibilbide luzea duten ikertzaileei egiten dieguna, eta bi galdera egiten ditugu bertan. Lehenengoa da: Zerk aldarazi zaitu edo eragin dizu zure ibilbidean aurrera beste modu batera egiteko? Eta bigarrena: Ibilbide hori bukatu aurretik zer gustatuko litzaizuke ikustea? Erantzuna ez da erraza, baina erantzunak oso politak dira. Gehienak denoi gustatuko litzaizkiguke. Minbiziarentzat behin betiko tratamenduak aurkitu direla, edo garuneko gaixotasunekin ere erantzun dute askok. Asko gaixotasunekin lotutakoak dira. Azken finean, gizarte onurarekin lotuta. Klima aldaketarekin, adibidez, ez du inork erantzun, baina hori ere izango litzateke polita. Baina orain, fribolo jarriko naiz, eta, hainbat urtetan zuzendari izandako Eider Carton gogora ekarriz, gustatuko litzaidake beste giza espezie garaikide bat, orain, bizirik aurkitzea ezkutuko oihan batean. Badirela beste gu batzuk. Gure egoarentzat kristoren zaplastekoa izango zela uste dut. Hori izugarri gustatuko litzaidake.

Ez da fribolitatea! Ondo dago! Beti bakarrak garen sentsazio horretan, ezta? Behin imajinatzen hasita, agian, ez dugu behar beste espezierik. Agian, gure espeziea, baina irribarretsuagoa, ezta? Kar, kar, kar…

Ai, Maite… ez dakit… zer den zoriontasuna… horrek askorako emango luke…

Gaia aldatuta… galdetzen badigute ezagun baten inguruan, Euskal Herrian, zientzian, Pedro Migel Etxenike etortzen zait beti burura. Eta galdetuko baligute emakume batengatik? Zein datorkigu burura? Ba al dugu erreferenterik?

Ez dut uste Etxenike bezain ezagunak direnik, ez dutelako Donostia International Physics Center bezalako erakunde bat zuzentzen eta ez dutelako jasotzen komunikabideen arreta. Baina zalantza barik ditugu emakume zientzialari ikaragarri interesgarriak, asko esateko dutenak. Adibidez, Mexikoko behatoki batean lan egiten duen Itziar Aretxaga astrofisikaria, eta bere lana benetan polita da. Galaxien sorrera, izarren jaiolekuak… ikertzen ditu. Unibertsoaren sorreraren bila dabil.

Laguna dudala esan behar dut eta gonbidatu dudala TTAPera ere; kar, kar, kar….

Mesedez, bai! Deitu!

Elkarrekin prestatuko dugu elkarrizketa!

Baditugu, gainera, zaletasun konpartituak. Ruper Ordorika gustatzen zaio, bertsozalea da; kar, kar, kar… Zientzialariekin jarraituz, Maria Jesus Esteban matematikaria ere oso ospetsua da. Parisen dabil lanean eta oso prestigiotsua da. Hainbat eta hainbat daude, eta gazteak ere badaude.

Badago uzta?

Bueno! Baina izugarria! Eta arlo guztietan, gainera!

Pozten naiz hori entzuteaz. Izan ere, Azpimarra saioan elkartzen ginenean, aho bete hortz gelditzen nintzen ekartzen zenituen gaiekin. Eta berdin jarraitzen duzula konprobatu ahal izan dut. Mila esker gurekin egotearren, Ana. Ea lortzen dugun emakumeak ere zientzia alorretan erreferente bihurtzea.

Asko eskertzen dizut gonbidatu izana, eta itxaropena dut eta horren froga ere bagara, esateko bagaudela hemen eta gure tokia ere badugula.