Amets Arrieta: “Jarraitzaile asko izateak ate asko irekitzen dizkizu”
Pandemian, itxialdian, TikTokera umorezko bideoak igotzen hasi zen Amets Arrieta (Basauri, 1986). Gaur egun 167.000 jarraitzaile inguru ditu TikToken eta 85.000 Instagramen.
2020ko itxialdian bideoak sare sozialetara igotzen hasi zinen, eta gaur egun, arrakasta handia lortu ostean hor jarraitzen duzu…
Entretenimendu bezala hasi nintzen bideoak igotzen, nire lagun Tamarak TikTok deskargatzeko insistitu ostean. Niri tontakeriak egitea gustatu izan zait beti, eta horrela, grabatzen eta, aldi berean, etxean ondo pasatzen hasi nintzen. Lanean, ospitalean, egoera kezkagarria zen –koronabirusaren hasierako asteak ziren– eta hortik irteteko modu bat ere izan zen sare sozialena. Ez nuen espero horrenbeste jarraitzaile lortzea! Nahi gabe izan da guztia, kar-kar!
Horrenbeste jarraitzaile izateak ateak ireki dizkizu? Bizitzeko beste ematen du?
Ate asko irekitzen dizkizu, bai, baina oraindik ez dit bizitzeko beste ematen –nahiko nuke etorkizun baten–. Oraindik erizain lanetan jarraitzen dut.
Erizaina izan nahi zenuela argi izan duzu betidanik?
Ez… Lanbide asko probatu behar izan ditut erizaintzara heldu arte… Baina lortu dut gustuko dudan zerbaiten aritzea. Jendeari barrea sortzea, hori da gehien gustatzen zaidana, eta egiten ditudan bideoen bidez egitea zoragarria izango litzateke.
TikTokek kontua itxi zizun “muturreko umorea” erabili zenuelako bideoren baten. Hainbesterako izan zen?
Hala da. 13.000 jarraitzaile nituenean “muturreko umorea” erabili nuelako itxi zidaten. 13 urtetik gorakoentzat da sare sozial hau, agian, bideoren baten nagusiendako umorea erabili nuen. Horregatik jarri nuen bideoan 18 urtetik gorakoendako zela txistea. Onartzen dut.
Sareetarako edukia sortzerako orduan, nolakoa da zure sorkuntza prozesua?
Ideia batetik abiatzen naiz, eta ez dizkiot buruari buelta askorik ematen. Argiztatzeko uztaia jartzen dut, eta grabatzen hasten naiz. Nire itxura da gehien zaintzen dudana, eta arazo gehien ematen dizkidana, kar-kar.
Ama izan berri zara. Zer moduz daramatzazu lehen aste hauek?
Bai! Lehen asteetan, normala den bezala, bideo gutxi igo ditut sareetara. Oraindik apurka-apurka igotzen ari naiz edukia, umeak arreta handia eskatzen duelako. Baina nire bigarren haurra da, eta aurrekoarekin ere lana. Parkera joatea, jolastea, umorezko edukia sortzea… Dena uztartzeko gai izan naiz. Bideoetan esan izan didate hater batzuek “lanean hasteko ordua dela”. Nire bizitzarekin nik erabakitzen dut zer egin nahi dudan.
Kirolzalea zara, ezta?
Bai! Saskibaloia eta paddle surfa gustatzen zaizkit gehien. Oso emakume aktiboa naiz. Boloetara jokatzea ere asko gustatzen zait.
Nola deskonektatzen duzu sare sozialetatik? Eguna bukatzen denean eta umetxoak lo daudenean, telesail bat ikusten nire bikotekidearekin sofan. Pipak jaten ditugun bitartean, kar-kar…